Tesla Ordua, 114 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako kafanotxook!

Aurtengo berririk handiena, Bosniako Gobernua osatzeari buruzkoa da, Hauteskundeak geratu eta urte eta hilabetera, badirudi bosnakiar, bosnokroaziar eta serbobosniar alderdiek bai gehiengo parlamentarioa  lortuko duen zein hiru etnien arteko kontsoziazioa  errespetatuko duen gobernu bat osatuko dutela. Orain arte oso zaila izan da batez ere bi alderdi nagusien partetik, Ekintza Demokratikorako Alderi nazionalista bosnakiarraren eta Aliantza Sozialdemokrata nazionalista serbobosniarraren agenda oso ezberdinak izan direlako, batez ere NATOren inguruan. Azkenik akordioa lortu dute, eta badirudi Aliantza Sozialdemokratako Zoran Tegeltija izango dela. Hala ere, serbobosniar ordezkariei arazoa etxean, Republika Srpskan sortu zaie, oposizioa mesfidati baita Gobernua osatzeko NATOri emakida bat egin ote diotenaren inguruan, bai Tegeltijak zein Dodikek hori ukatzen badute ere.

Gobernu osatzeke duen herrialde bat Kosovo da. Badirudi Vetevendosje eta LDK alderdien arteko negoziazioak ez doazela onera. Bestetik, orain arte indarrean izan den Ramush Haradinajk Gobernu berriari eskatu dio serbiar ondasunen gaineko zergarik ez kentzeko. Kosovorekin jarraituz, Kosovo eta Ingalaterraren aurkako partidan serbiarren kontrako oihu arrazista bat entzun dira, bai albaniarren zein ingelesen partetik.

Serbiara eta Ipar Mazedoniara egin dugu salto ondoren. Serbian, Boris Tadićek Vučić kritikatu du. Bestalde Europar Batasunaren “Inplikazio gehiago” eskatu du, “bestela Errusia edo Txina sartuko direlako”. Datu interesgarri bat eman du, egun Serbian gehien inbertitzen deuna Txina da. Mazedoniaren inguruan, Zoran Zaev jardunean dagoen lehen ministroak herrialdeari izena aldatzerako prozesuan berak pertsonalki jasan izan duen desgaste pertsonala aipatu du.

Balkanak eta Katalunia lotu ditugu baita. Izan ere, Alfred Bosch ERCko politikariak bidai bat egin du Balkanetan, eta lortu dituen atxikimenduen artean Kroaziako lehendakari ohi Stjepan Mesićena izan da. Mesićen ibilera historikoari gainbegiratu bat egiteko aprobetxatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 113. irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako euri-tantatxook!

Oraingoan, berriez hitz egin dugu batez ere. Lehenik eta behin mugei eta hauen lausotzeari buruz hitz egin dugu. Izan ere, aurrera doa Albaniak, Ipar Mazedoniak eta Serbiak proiektatutako “Balkanetako mini-Schengen” proiektua, eta horri buruzko bigarren bilkura egin dute. Hala ere, beste alde batetik, Montenegrok proiektu horretan sartuko ez dela esan du. Mugez ari garela, Ipar Mazedoniako lehendakari Stevo Pendarovskik, Estatu hau EBra hurbiltzearen aurka oztopo gehien jarri dituen frantziako lehendakari Macronekin bilduko da laster.

Gerora Moldaviara egin dugu salto. Errumaniaren ostean, harekin  hizkuntza partekatzen duen Moldaviak ere Gobernua aldatuko du, Parlamentuan Gobernu liberalen aurkako zentsura mozioa onartu ostean. Alderdi Sozialistak aurkeztu du mozio hori. Beste bi berri ere aipatu ditugu azkar: alde batetik Republika Srpskako parlamentuak autodeterminazioaren aldeko ebazpen bat onartu du, eta beste batetik Literatur Nobel Saridun Peter Handkek esan du 1999an jugoslaviar herritartasuna lortu zuela.

Segituan Kroaziara egin dugu, batez ere eraso ezberdinak izan ditugu mintzagai. Alde batetik, Spliteko zinegotzi ezkertiar Jure Zubčić epaitua izango da “Serbiarrak akatu!” jartzen zituzten margoketak, “Serbiarrak muxukatu!” leloaz aldatzearren. Bere aurkako salaketa bat egon da “jabetza kaltetzearren”; ez ordea margoketa arrazista egin dutenen kontra. Beste alde batetik, eraso hauek kritikatzearren Milorad Pupovac lider politiko serbokroaziarra ere salatua izan da eta Legebiltzarraren aurreko agerraldia egin dezan eskatu du eskuineko erakunde batek.

Programa honetan Kosovoko hauteskundeak azkeneko asteetan oso aipatu dugun gai bat, eta oraingoan ere aipatu dugu. Kasu honetan, Serbiatik bidalitako 3.700 botoak baliozkotzat edo ez eztabaidatzen ari dira. Garrantzitsua da erabaki hori, alderdi bat gutxieneko %5aren langaren ertzean dago eta. Honi buruz hitz eginez, Ghanak Kosovori aintzatespena kendu dio, hamaseigarren Estatua da halako erabaki bat hartzen duena.

Segituan, Balkanetatik urrundu gara, Boliviara joateko. Han, jakin badakizuenez, Evo Moralesen kontrako Estatu-kolpe bat eman dute eskuindarrek. Hau aprobetxatu dugu Boliviako eta Santa Cruz hiriko eskuineko lider Branko Marinkovićez hitz egiteko. Marinković 2009an Estatu-kolpe bat ematen saiatu zen.

Azkenik, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko harremanen garatzeari egin diogu kasu. Oraingoan Pikara Magazine aldizkariak, Sarajevoko Aida Spahić feminista elkarrizketatu du, zeinek Bosniako feministen egoeraz hitz egin digu, eta elkarrizketa hori komentatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 112 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Lovčen gaineko harkaiztxook!

Gaurkoan gaiak pil-pilean izan ditugu. Lehenbizi, Katalunia eta Balkanak lotzen dituen berri bat izan dugu. Xavier Melero kataluniar preso politikoen abokatuak Kroaziari eta Jugoslaviari buruzko adierazpen batzuk egin ditu eta horiek komentatu ditugu.

Segituan Errumaniara joan gara. Han parlamentuak Gobernu sozialdemokrataren aurkako zentsura mozio bat aurkeztu du, eta beraz Gobernu berri bat, eskuinekoa, izango du Errumaniak. Ludovic Orban, Alderdi Nazional Liberalekoa, da lehen ministro berria.

Serbiaz ere hitz egin dugu, kasu honetan memoria historikoaz batez ere. Lehenik eta behin, esan behar dugu Belgraden Nikolai Kravtsov, Belgrade askatzen lagundu zuen sobietar soldaduaren izenean kale bat jarri dutela. Polemika handiagoa piztu du Kragujevac hirian Draža Mihailović txetnik buruaren izenean kale bat artearen erabakiak. Honen inguruan kexatu egin dira beterano partisanoak. Memoria historikoaz gain, Serbiako Bosnakiar Kontseilu Nazionalak Sandžak eskualdearentzat aurkeztu duen proposamen bat ere mintzagai izan dugu.

Gerora Kosovora egin dugu salto. Han bi berri izan ditugu, alde batetik Albin Kurti jada lehen ministrotzat jotzen dutela denek –oraindik ofizialki ez bada ere- eta egungo gaiei buruz (serbiar gutxiengoarekiko eta bosniar zein serbiar produktuen gaineko %100eko zergarekiko) alderdi ezberdinak posizioak hartzen ari direla. Bestetik, Kosovoko gizartea eskandalizatu duen bortxaketa kasu batez ere hitz egin dugu. Azkenik Belgrad eta Pristinaren arteko negoziazioez hitz egiteko tarte bat ere izan dugu: Ivica Dačić Serbiako Kanpo Ministroa AEBren Balkanetarako ordezkari Matthew Palmerrekin bildu da eta adierazi du bi aldeen arteko diplomaziari –orain etenda dagoenari- berriz ekiteko itxaropena duela.

Azkenik Kroaziara egin dugu salto. Han, irakasleak grebara joan dira, soldata handiagoa nahi dutela eta. Gaia ez da batere erosoa agintarientzat, jakinda laster lehendakaritzarako hauteskundeak direla. Honen inguruan ere hitz egin dugu, izan ere, Božidar Maljković entrenatzaile famatuak Katarina Peović Langileen Frontearen hautagaia babestu baitu, sozialismoaren eta Jugoslaviaren aldeko adierazpenak eginez.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 111 irratsaioa

tesla-ordua ikurraEgunon Balkanetako hodeitxook!

Gaurkoan berri pila batekin gatoz, batez ere Euskal Herriaren eta Balkanen arteko lotura duten berriekin. Hauekin hasi eta bukatu dugu eguna.  Lehenik eta behin, Hamaika Telebistan astelehen gauetan Beñat Zarrabeitiak gidatuko kirol-saioaz aritu gara, “Marakana Txikia” deitu baitio, Izar Gorriaren estadioaren moduan, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko lotura eginez. Guk hau aprobetxatu dugu estadio honi buruzko historia kontatzeko. Bestetik, Imanol Galdos idazlearen “Other Worlds of Literature” proiektuaz hitz egin dugu, bertan esloveniera eta mazedoniera mintzagai baititu. eta azkenik, Belako musika taldearen telebista elkarrizketa batez aritu izan gara, non euren musikarik gogokoetan Goran Bregović den komentatu duten.

Segituan politikaz aritu izan gara. Hemen, alde batetik mugak izan ditugu mintzagai. Izan ere, joan den astean EBk Ipar Mazedoniaren eta Albaniaren hautagaitzari ezetz esan bazien, oraingoan kide duen Kroazia Schengen sisteman sartzea ahalbideratzea baimendu du Europako Batasunak. Beste alde batetik, Bosnia-Herzegovinak esan du “Balkanetako Schengen txikian” sartzekoa dela (momentua Albaniak, Ipar Mazedoniak eta Serbiak osatzen dute elkarte hori). Azkenik, Errusiak Ipar Mazedoniari eta Albaniari Eurasiar Batasun Ekonomikoan sartzeko gonbita egin die. Ea nola erantzuten duten bi Estatuok…

Kroaziari buruz bestelako berri batzuk ere izan ditugu. Abenduaren eta urtarrilaren artean burutuko diren Kroaziako lehendakaritzarako hauteskundeez aritu izan gara, hautagai posibleez eta abar. Gerora, Kroazian, nerabe bat Zadar hirian talde batek bortxatzearen aurka zian diren protesta feministak ere mintzagai izan ditugu. Azkenik, Split hirian, Udal Gobernuak (HDZ) Jugoplastika saskibaloi taldearen omenezko mural oso ezagun bat ezabatzea agindu du, hiriko jende asko haserraraziz. Zer dago halako agindu baten atzean?

Gerora Serbiara egin dugu salto. Izan ere, EB Balkanetan mugitzen den moduan, Errusia ere mugitzen da, eta Serbiarekin batera ariketa militarrak egin izan ditu. Horietan, Errusiaren misilik berrienak, S-400 aritu zian dira, eta antza denez, Vučići inpresio ona sortu die, agian Serbak erosiko dituela esanez, NATOren kide den herrialdeez ingurtuta dago Serbia, beraz…

Euskal Herriarekin hasi gara eta Euskal Herriarekin bukatu dugu. Izan, ere Sortu alderdiak buletin politiko bat atera du hildako diktadoreen inguruan (beno, 2018ko azaroan atera zuen, baian orain berriz ere hizpide izan da plazan) eta bertan Ante Pavelić eta Vjekoslav Luburić ustashei buruz hitz egiten du. Memoria historikoaren inguruko ariketa hau ere aipatu dugu.

Entzun gure programa hemen: