Tesla Ordua, 123 irratsaioa: Montenegroren monografikoa

MontenegroKaixo Njegošen tribuko irakurleok!

Gaur, lehenik eta behin, arazo teknikoak direla medio, musikarik ezin izan dugu jarri, beraz barkamena eskatu beharrean gaude, musikarekin programa arinagoa baita.

Gaur programa osoa Montenegrori eskaini diogu. Montnegron egun Eliza Ortodoxoarekin dagoen gatazkak funts nazional bat duela uste dugu, eta horren erroak aurkitzeko historiara jo dugu: Montenegroren nortasunaren eta serbiartasunaren arteko harremana; Dukljako eta Zetako printzerriak, Erdi Aroan albaniarrekin izandako harremana, Montenegroko printzerriaren eta Eliza Ortodoxoaren arteko harremana, Petar Petrović-Njegoš eta literatura, 1918ko Serbiarekiko bateratzea eta honen inguruko polemikak, Bigarren Mundu Guda, Montenegroko Errepublika Sozialista, Jugoslaviaren desegitea, 1999ko bonbaketak eta abar aipatu ditugu. Ezin izan dugu XXI mendeko Montenegroz hitzik egin, luze joan zaigulako, izan ere oso gustora egon gara, eta espero dugu zuek ere gustora entzutea programa osoa!

(Euskal Herriaren eta Montenegroren arteko harremanari buruzko datu bitxi bat ere atera dugu: Matxin Mungiakoak 1539an Herceg Novi defendatu zuenekoa).

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 115 programa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako hodeitxook:

2019ko abenduaren 5ekoa dugu programa hau, lanpetuta ibilita, berandu jarrid ugu hemen.

Hauteskundeekin hasi dugu programa hau, lehendakaritzarako hauteskundeekin. Lehenik, Errumaniakoak aipatu ditugu,Klaus Iohannis jarduneko lehendakariak (eskuina) irabazi ditu hauteskundeok. Gogoan izan behar dugu hilabete bat lehenago, legebiltzarrean zentro-eskuinak gehiengo berri bat osatu zuela zentro-ezkerreko gobernuaren aurkako zentsura mozioa ezarriz. Bigarrenik, Kroaziakoak aipatu ditugu, han lehen txandaren buruan hiru hautagai daude, eta bigarren txandarako bi soilik geratu daitezke. Bi lehendakarigai nagusien (Kolinda Grabar-Kitarović  eta Zoran Milanović) eta ezkerreko kandidatoen (Ivan Pernar eta Katarina Peović) profila errepasatu dugu. Beste alde batetik, eskuin muturreko hautagaia, Miroslav Škoro inkestek hirugarren postuan ezartzen dute.

Boliviara ere egin digu salto bat izan ere, han Jeanine Añez kolpistak Justizia ministro bezala (beraz errepresioaren arduradun eta baita errepresioaren zigorgabetasuna agindu duena) Karen Longarić kroaziar jatorrikoa jarri baitu.

Albanian gertatu den lurrikara ere kontuan izan dugu, hamarnaka pertsona hil baitira han; beste alde batetik herrialde ezberdinek elkartasuna adierazi diotelarik Albaniari. Lurrikara Kosovora zabaldu da. Eta Kosovon ari garenez, Kosovoko Gobernuaren osaketari buruz ere aritu izan gara, piska bat ataskatu egin da, bi alderdi nagusien buruen arteko akordioa falta da eta. Lehen ministro nor izango den da arazo nagusia. Bestetik Nauruk Kosovoko independentziaren aintzatespena erretiratu du, hamaseigarren Estatua da hori egin duena.

Bestetik Ipar Mazedoniak NATOn sartzerako bideari buruz ere hitz egin dugu. Frantziar Estatuak abalatu egin du Ipar Mazedonia NATOn sartzea eta Espainiar Estatua bakarrik falta da.

Bide onean Bosniako Gobernuaren eraketa doa. Urte eta piku ostean Gobernua osatze bidean dago, izan ere, zaila izan zaie hiru etnietako Gobernua izango duten baldintza beteko duen eta gainera parlamentuan gehiengoa duen Gobernu bat eratzea. Azkenean lortu dute, hiru alderdi nazionalista nagusiak ados jarri baitira, eta Zoran Tegeltija, Serbiar Sozialdemokraten Aliantzakoa izango da lehen ministro.

Serbian gertakari arraro bat gertatu da, istilu diplomatiko bat ekar dezakeena. Izan ere kazetari batek errusiar agente baten eta serbiar herritar baten arteko maletin aldaketa filmatu du. Honek adierazten du Serbian errusiar agenteak daudela. Gauza jakina mundu horretan, baina Errusia Serbiaren aliaturik handiena da, eta ikusi beharko da bi herrien arteko harremanari kalte egingo ote dion honek ala ez.

Lehiaketa “kultural” bat ere aipatu dugu, Eurovision. Hungarian abesti-lehiaketa honetara ez joatea erabaki du, eta Mendebaldeko komunikabide askok hau “erabaki homofobotzat” hartu dute. Hori izan al da benetako arrazoia.

Azkenik, kiroletako tartean, Munduko (emakumeen) Eskubaloi Txapelketari eman diogu tartea. Bost talde balkaniar daude, Errumania, Eslovenia, Hungaria, Montenegro eta Serbia.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 84 irratsaioa

ortodoxiaKaixo, Balkanetako neguko ekaitzok!!

Kasu honetan berri “kultural” batekin hasi dugu irratsaioa. Balkanetan eragina izan arren, pixka bat urrutiratu gara. Bi jai ortodoxoen artean egonik (urtarrilaren 7an Eguberria eta urtarrilaren 14an Urte Berri Eguna), Ortodoxian izan den zismaz hitz egin dugu. Izan ere, Konstantinoplako Patriarkatu Ekumenikoak, Ukrainan eliza ortodoxo berri bat aintzatetsi du, Moskuko Patriarkatupeko Ukrainar Eliza Ortodoxoaren ordez (askok Poroxenkoren eskua ikusten dute bertan). Kokapen historikoa egin diogu auziari. Berez Balkanetako auzia ez da, baina Balkanekin zerikusia duenez, aipatu izan dugu.

Beste berri txikiago batzuk ere izan ditugu oraingoan. Tartean, Republika Srpskaren Egunaz, herrialde horren hiriburu Banja Lukan gertatzen ari diren protestez, Belgradeko protestez eta Ipar Mazedoniako izenaren prozesuaren azken txanpari buruz aritu gara.

Entzun gure programa hemen:

VIENAKO 1850EKO LITERATUR ITUNA

Vuk Karadzic

Vuk Karadžić

Lehengoan, blog honetan, 1954an Jugoslavia Sozialistaren garaietan, serbokroazieraren arau amankomunak ezartzeko saiakeraren berri eman genuen. Norbaitek pentsa lezake hori “Jugoslaviar Estatuaren Estatu-interesen araberako itun” bat izan zela, eta gainera, kontuan izanik Estatu sozialista bat zela, “diktadura peko arauak” izan zirela (denok baitakigu zeintzuk diren diskurtso nagusi antikomunistaren gakoak).

Hala ere, kroaziarrek eta serbiarrek aurretik beste Itun bat sinatu zuten, 1850an, Vienako Literatur Ituna deitutakoa. Itun hau Tito boterera heldu baino mende bat aurrerago, eta oraindik Jugoslavia existitu ez zenean sinatu zuten, eta batez ere kroaziar testuinguruan garatu ziren Itunaren ondorioak (Kroazia Austriar Inperioaren barne zegoen, Serbia ez). Zortzi izan ziren Itunaren sinatzaileak, bost kroaziar (Dimitrije Demeter, Ivan Kukuljević, Ivan Mažuranić, Vinko Pacel eta Stjepan Pejaković), bi serbiar (Djuro Daničić eta Vuk Karadžić) eta esloveniar bat (Franc Miklošič).

Mende bat geroago izan zen Novi Sadeko Itunarekin konparatuz, ikusiko dugun moduan, Vienako Itun hau are “arautzaileagoa”, edo preskriptibistagoa zen. Izan ere, Novi Sadeko Itunean arlo ezberdinetako bi tradizio ezberdin (bai ahoskerari –ekaviera eta ijekaviera-, zein aldaerari –Ekialdekoa eta Mendebaldekoa-, zein alfabetoari –zirilikoa eta latindarra- zegokienez) maila berean jartzeaz eta tradizio biak kontuan hartuko zituen hiztegi eta eskuliburu ortografiko bat egiteaz aritu ziren, eta hura adostu zuten; baina Vienako Itunean, ordea, aldaera jakin bat eta ahoskera mota jakin bat ezartzen da prestigiodun aldaera moduan: hau da, stokaviera, ijekavierazko ahoskeraz, eta honen barruak Ekialdeko herzegovinera –istočno herzegovački– aldaera, Dubrovniken zentru literarioa zuenak- lehenetsi zelarik (Itunean soilik “Hegoaldeko aldaera” aipatzen dute, “Mendebaldekoa” ikaviera eta “Ekialdekoa” ekaviera izango zirelarik). Gainera, azken puntuetan genitiboa nola deklinatu “h” letraren inguruko idazketari buruzko arauak, eta “r” letrak silaba bezala funtzionatzen zuenean hala mantentzea erabaki zuten, prst –“hatza”- hitza eredu jarriz (honek etnonimoei eragin zien baita; adibidez “kroaziarra” sustantibo gisa Hrvat (maskulinoan) edo Hrvatica (femeninoan) idatzi behar zen, eta izenondo gisa hrvatska (fem.) edo hrvatski (mask.); eta ez “Horvat”; “harvatska”, “horvatska” eta abar. Aldi berean, “serbiarra” izen moduan Srbin (mask.) edo Srpkinja (fem.) idatzi beharko zen, eta izenondo moduan srpska (fem.) edo srpski (mask.); eta ez orduan nagusi zen “Serbska” edo “Serbski” moduan). Hori dela eta, Itun honek idazkera fonologikoa lehenesten zuen, etimologikoaren gainetik (nahiz eta laugarren puntuaren bukaeran idazkera etimologikoari emakida bat egin).

Beste gauza bat interesgarri suertatzen zaigu: sinatzaileek “herri bakarraren partaide gisa, hizkuntza bakarra izateko beharra” aipatzen zuten. Hau XIX mendeko nazionalismo erromantikoaren oinarrizko ezaugarri gisa ikus zitekeen, baina kuriosoa da oso mende hartan kroaziarrek eta serbiarrek (intelektualek behintzat) euren buruan herri bakar baten partaide gisa ikustea, hain zuzen ere Estatu bakarraren partaide ez zirenean (Kroaziako serbiarrak eta Bosniako kroaziarrak kenduta); beraz, herri bakar bezala gisa sentitzeko “beharrik” edo “goitikako bultzadarik” ez zutenean ez zutenean. Kontuan izan behar dugu, orduan, Kroazian batez ere, hego-eslaviarren batasunaren aldeko mugimendu ideologiko-intelektual handi bat zegoela, “ilirismoa” (kroaziar nazionalista batzuek, egun, kroaziar mugimendu nazional gisa aurkezten dute). Edo kontrako norabidean egin al zuten bidea, hau da, lehenik hizkuntza bakarra zutenaren ebidentzia zela eta “beraz herri berekoak gara” ondoriora iritsi al ziren? Batean ala bestean izan, oso berri arraroa da egungo presentistentzat, edo “Jugoslavia herrien kartzela” dela uste dutenentzat. Haatik, beste egile batzuk kritikoagoak direnak, adibidez Vladimir Osolnik esloveniarra. Osolniken arabera, Itun honen bultzatzaile nagusia Vienako Gobernua izan zen, zeinak Inperio barneko terminologia bateratu nahi zuen.

Hala ere, ez zuten hizkuntzaren izenik aipatu. Batzuek “iliriera” edo “iliriar hizkuntza” izendatu nahi zuten hizkuntza, orduan Kroazian nagusiki bolo-bolo zebilen hego-eslaviar batasunerako mugimenduari erreferentzia eginez (Alojz Brlićek 1833an atera zuen jada “Gramatika iliriar” bat, herri hego-eslaviar guztientzat baliagarri zena). Bazeuden lan batzuk hizkuntza honi izen horrekin erreferentzia egiten ziotenak. Beste batzuk, Vuk Karadžić, adibidez, honen kontra agertu ziren, izen hau tradiziorik gabea zela esanez, eta serbiarrek euren hizkuntzaren izena aldatzea emakida handiegia zatekeelako. Hala ere, jada itzala hartzen zebiltzan “serbokroaziera” edo “kroaziera edo serbiera” bezalako formulazioa, eta halakoak nagusitu ziren bukaeran (serbiarren artean oraindik “serbiera” hitza ateratzen zen). Snježana Kordićek gogoratzen duen moduan Jacob Grimm alemaniarrak erabili zuen lehenik glotonimo hori 1824an, eta 1836an Jernej Kopitar filologo eta ilirista esloveniarrak erabili zuen. Itunaren aurretik, Ljudevit Gaj eta Ivan Franjo Jurić kroaziarrek ere erabiltzen zuen (Jurićek “kroato-serbiera” erabiltzen zuen). 1854ko eta 1859ko Zagreben agertu ziren gramatika-eskuliburuetan ere, halako formula erabili zen. Zagrebeko parlamentuak ere bat egin zuen, gero bukaeran adierazten dugun moduan, eta XIX mendeko bigarren erdian Europan zabaldu zen (beraz Kordićek gogorarazten digun moduan, “ez da egia kroaziar bereiztasunaren aldeko batzuek dioten moduan, denominazio hori XIX mendeko bigarren erdian hasi zela erabiltzen; denbora horretan atzerrian hasi zen orokortzen”). Garai horietako Zagrebeko parlamentuaren diputatuetako bat, Itun honen sinatzaile Ivan Kukuljević izan zen.

Itunaren bigarren puntuan azaltzen den moduan, Vuk Karadžić ezartzen dute Itunaren egikaritzaile nagusi moduan, bigarren puntuan ezartzen den moduan. Ez zen aukera txarra izan, Karadžić serbiar eta agian jugoslaviar filologorik handiena zelako. Karadžićek, nahiz eta bera ekaviar hiztuna izan, ijekavieraren aldeko apustua egin zuen; bai serbiar zein “hego-eslaviar” gehienek hala hitz egiten zutelako, eta baita ere serbiar poema epikoak hala idatzita zeudelako: esanguratsua da Karadžićek 1818an atera zuen “Serbiar Hiztegia” Srpski rječnik deitzea, “Srpski rečnik” deitu ordez. Baina Karadžić ez zen soilik horregatik ezagutua, baizik eta serbiarrei beste alfabeto berri bat eman zielako. Alfabeto ziriliko berri honek printzipio fonologikoak jarraitzen zituen; hau da, soinu bakoitzarentzat letra bat jartzea bilatzen zuen Vuk Karadžićek. Erreforma hauek, serbiarren artean etsai indartsu baten aurka borrokatu arazi zioten Karadžići; orduko elite intelektualaren eta Eliza Ortodoxoaren aurka. Izan ere, Karadžićek stokaviera idatzizko aldaera literario bihurtzeko ahaleginek (serbiarren artean gutxiengoarena zen baina bizirik zegoen aldaera torlakiarraz gain) orduan serbiarrek idazten zuten “eslavo-serbiera” edo “eliz-serbiera” alde batera uztea zekarten. Aldaera hau soilik literarioa eta liturgikoa zen, antzinako eliz-eslavieraren serbiar aldaera. Aldaera honen alfabetoa zen orduan idazteko serbiarrek erabiltzen zuten alfabeto bakarra, eta hizkuntza hau zen serbiarrek “Kultutzat” zeukatena, eguneko elkarrizketetan eta abestietan erabiltzen ez bazuten ere. Karadžićek herri-hizkeraren aldeko hautua egin zuen, eta aipatutako printzipio fonologikoak jarraituz, alfabeto zirilikoan letra berriak sartu zituen, beste letra batzuk, jada ahoskatzen ez zirenak eta funtzio etimologiko edo “historiko” soila zutenak deskartatu zituelarik. Hala, serbiera modernoaren aita genuen, eta Itun honekin, baita ere serbokroazieraren aita. Karadžićen indarra hainbesterainokoa zen, ezen bere stokavieraren aldeko borrokak kroaziarrengan ere indarra izan zuen, izan ere hauek kroaziar beste bi aldaerak, txakaviera eta kajkaviera, alde batera uztea gogo onez onartu zuten; honek aldaketa handia ekarri zuen, izan ere, txakaviera eta kajkaviera (azken hau Zagreben hitz egiten zena) ahoskera ekaviarrekoak ziren, eta kroaziar estokaviar asko ikaviar ahoskerakoak ziren.

Vienako Ituneko sinatzaileen artean hutsune nabarmen bat izan zen: Ljudevit Gaj kroaziarra, orduan “iliriar mugimenduaren” burua zena. Robert Greenbergen arabera, Gajk soilik stokaviera aintzar hartzea, eta kajkaviera eta txakaviera alde batera uztea ez zuen guztiz ondo ikusi, eta hauengantik elementu handiagoak sartu nahi izan zituen adostasun horretan. Gajk momentu horretan, Ituna eszeptizismo pixka batekin hartu zuen: “Denborak erakutsiko du proposamen hau praktikoa ote den eta benetako adostasun bat dakarren, edo distantzia eta ezinegona handitzea ote dakarren”. Hala ere, esan beharra dago, Itun hau urte batzuk pasatuta hobeto ikusi zuela, izan ere Greenbergen arabera, bere hizkuntza-ikuskerak Vuk Karadžićenaren antzekoak ziren eta gizon hau asko estimatzen zuen, hainbeste ezen bere latindar alfabetoaren erreforma Karadžićen erreformaren antzekoa izan zelarik. Horrela mintzatu zen urte batzuk pasata: “Harro egon gaitezen, eta esker dezagun gure Jainko Jauna kroaziarrok neba-arreba serbiarrekin lortutako Itun honegatik”. Vatroslav Jagić kroaziar filologo handiak (bera kajkaviera hiztuna zen, ez stokaviera-hiztuna) honela oniritzi zion Itunari: “Itun hau gure herriaren semerik onenek eginiko Itun bat da”. Hala ere, egon baziren Itun honen aurka agertu zirenak, adibidez Zadarreko hizkuntzalariak, zeintzuek ijekavieraren ordez orduan hiri horretan nagusi zen ikaviera lehenestearen alde egin zuten. Beste batzuek, Gajren hasierako ideiekin bat eginez, hiru aldaera nagusiak gehiago uztartu nahi zituzten. Beste batzuek, Ante Starčević nazionalistaren jarraitzaileek, “soilik kroaziar politika” egin nahi zuten serbiarrekin edozein akordio errefusatuz. Starčevićek serbiarren kontrako ikuskera klasista zuen, eta hura hizkuntzalaritzara eraman zuen Karadžićen hizkera herrikoiaren aldeko apustua kritikatuz, “baserritarren eta artzaien hizkera” deitu zuen. Kurioski, Starčević ekaviar ahoskeraren aldekoa zen, txakaviera eta kajkaviera hala zirenez, hura kroaziarragoa omen zelarik (kurioski, gerora, stokavieraren ahoskera ekaviarra Belgraden egin zen ofizial).

Hona bada, edukia:

————-

Guk geuk, azpian sinatzen dugunok, herri bakarrak literatura bakarra izan behar duenaz jabetuta, eta horretaz, gure literatura, ez soilik alfabetoen bidez, baizik eta baita ere ahoskeren bidez zatitua izaten ari denaz atsekabetuta, azken egunetan gurea dugun literatura ahalik eta gehien nola bateratzeko moduez eztabaidatzeko bildu gara. Eta horrenbestez, hau adostu dugu:

  1. Ahobatez aintzatetsi dugu herriaren artean ez dagoen aldaera berri bat ez dugula egon badauden aldaerak nahasiz sortuko; askoz hobe dela egon badauden tokiko aldaeretatik bat aukeratzea hizkuntza literarioa egiteko. Eta hau hurrengo arrazoiengatik: a) Bakoitzak bere aldaera propioan irakurtzeko moduan idaztea ezinezkoa delako; b) Halako aldaera berri bat, gizakiaren sorkuntza izango denez gero, Jainkoak sortutakoak diren edozein herri-hizkera baino okerragoa zatekeelako; eta d) Beste herriek, alemaniarrek eta italiarrek adibidez, ez dituztelako euren erregistro berriak euren aldaerak batuz sortu, hoietako bat aukeratu dutelako hartan liburuak idazteko.
  2. Ahobatez aintzatetsi dugu aldaera literario bezala hegoaldeko aldaera izendatzea dela, eta hau honegatik: a) Herriaren gehiengoak hala hitz egiten duelako; b) antzinako eslaviar hizkuntzarekiko, eta beraz beste eslaviar hizkuntzekiko hurbilekoena dela; d) herri-abesti ia guztiak aldaera honetan egin direlako; e) Dubrovnikeko literatura zahar guztia aldaera honetan egin delako; eta f) bai Ekialdeko zein Mendebaldeko fedeetako literatur figura ia guztiek honela idazten dutelako (denak arau guztiak jarraitzen ez badituzten arren). Beraz, adostu dugu aldaera honetan bi silaba dauden tokian ije idatzi beharko dela eta silaba bakarra dagoen tokian je, e edo i idatzi beharko dela, kasuak erabakitzen duen moduan; adibidez bijelo, bjelina, mreža, donio. Eta non silaba bi diren ala bakarra den zehazteko, eta beraz non je, non e eta non i idatzi behar den zehazteko oinarrizko arauak idazteko ardura Vuk Stefanović Karadžićek hartuko du, beste denok hala eskatuta.
    Aldaera honetan idatzi nahi ez duenik egon badago, gure ustez, herriaren zein batasun literarioaren onerako hobe du beste bi aldaera herrikoietako batean idaztea, ez dezaten herriarengan erroturik ez dagoen beste hizkuntza-nahasketa bat egin.
  3. Ondo eta beharrezko deritzogu Ekialdeko fedea duten gure figura literarioek etimologiaren arabera dagokion tokian х idaztea, eta hala-nola Mendebaldeko fedea dutenek han h idaztea, Hegoaldeko eskualdeetako bi fedeetako hiztun askok hala hitz egiten baitute.
  4. Ahobatez aintzatetsi dugu ez dela beharrezkoa izen arruntak genitibo pluralean deklinatzean direnean hitzaren bukaeran h idaztea, kasu honetan h hori ez baita ez etimologikoa, eta ez baita ez herri-hizkera hedatuan, ez eslaviera zaharrean, ez beste hizkuntza eslaviarretan aurkitzen. Konturatu gara idazle askok hain zuzen horregatik iritziko diotela beharrezko h hori idazteari, hala, beste hizkuntza batzuez bereizteko. Baina, alde batetik, kasu honetako forma asko berez (jada) bereiziak direlarik (adibidez zemalja, otaca, lakata, trgovaca eta abar), eta bestetik, antzeko formak ditugun beste kasu batzuetan idaztean bereizten ez ditugularik, eta kasu hauek beste herri batzuek ondo ezagutzen dituztelarik; aipatutako kasuetan hitzaren bukaeran h-rik edo bestelako sinbolorik ez idaztea ahobatez ondorioztatu dugu, hitza genitibo pluralean deklinatuta dagoela ulertzea posible ez den kasuen salbuespenarekin, kasu honetan azentuak markatuko ditugularik (anteko kasuetan ere egingo dugu).
  5. Ahobatez ondorioztatu dugu silaba bakar bezala funtzionatzen duen r letraren aurretik ez a ez e ez idaztea, eta r letrak bere arabera silaba osatzea, arrazoi hauengatik: a) herriak hala hitz egiten duelako; b) Ekialdeko fedeko idazle guztiek hala hitz egiten dutelako (batek edo bik ezik); d) txekiarrek hala idazten dutelako; e) alfabeto glagolitikoz idatzitako eslaviar liburu gehienak hala idatzita daudelako; eta f) ez dagoelako frogatuta eslaviera zaharrean r-ren zein l-ren aurretik bokal motzak idatzi behar zirenik, posizio hauetan letra biok bokalak ordezten zituztelako, sanskritoan bezalaxe.

Hau da guk osatu duguna. Jainkoak nahi badu eta hemen guk hausnartutakoa herriak onartzen badu, konbentzituta gaude gure literaturaren bidean dauden oztopoak bidetik kenduko ditugula eta benetako batasuna eskurago izango dugula. Beraz, euren herrien zoriontasuna eta jakituriaren aurrerapena desiratzen duten idazle guztiei eskatzen diegu hemen adierazi ditugun hausnarketekin bat egin dezaten eta arau hauen arabera idatz dezaten.

Vienan, 1850.eko martxoaren 28an

Ivan Kukuljević, Dimitrije Demeter doktorea, Ivan Mažuranić, Vuk Stefanović Karadžić, Vinko Pacel, Franc Miklošič, Stjepan Pejaković eta Djuro Daničić.

———

Oharrak eta ondorioak:

Djuro Danicic

Djuro Daničić

Itun hau sinatu eta berehala atera ziren gramatika ezberdinak Kroazian, Itunaren arauari jarraiki. Adibidez, 1852an Karadžićen Hiztegiaren bigarren edizioa atera zen. 1866an, Zagrebko Jugoslaviar Zientzien eta Arteen Akademiaren menpe, Djuro Daničićek zuzenduta, Kroaziar edo Serbiar Hizkuntzaren Hiztegia ateratzen hasi zen, hiztegi honek zenbait bolumen zituen eta proiektua 1975an bukatu zen. Ivan Brozek 1892an atera zuen Ortografia kroaziarra ere Itun honetan oinarritzen zen; eta baita 1899an Tomislav Maretićek argitaratu zuen Kroaziar edo serbiar hizkuntza literarioaren gramatika eta estilistika. 1901an Ivan Broz eta Franjo Ivekovićek Kroaziar hizkuntzaren hiztegia atera zuten bi bolumenetan. Herrialde eslaviarretatik at ere atera ziren gramatikak: 1867an Petar Budmanik Vienan Grammatica de la lingua serbo-croatica (illyrica) atera zuen.

Ican Kukuljevic

Ivan Kukuljević

Itun honek, gerora, “Iliriar” guztientzako arau bat ezartzen lagundu bazuen ere, kroaziar guztientzat ere hizkuntza amankomun bat ezartzen lagundu zuen, stokavieraren oinarrian (kroaziar filologo nazionalisten arabera, kroaziar estandarizazioa XVII eta XVIII mendeetan hasi zen, ikusiko dugunez ikuspegi honek arazo handiak ditu). Garai horretan, urte bi lehenago, 1848an, eman zen orduko “Kroaziaren” –Zagreben inguruko aldea, Hrvatsko Zagorje izenez ezagutua- eta Eslavoniaren arteko batuketa politikoa, beraz Itun honek nolabait, kroaziar nortasuna zabaltzen ere lagundu zuen (ordura arte, “Kroaziar” etnonimoa gutxi erabiltzen zen Hrvatsko Zagorjetik haratago; eta are gutxiago Dalmazian edo Dubrovniken, hiri honetako XIX mendeko eslaviar katolikoek –Medo Pucić, Ivo Ćipiko, Matija Ban- euren burua “serbiartzat” baitzuten). Snježana Kordićen arabera, Itun hau izan zen kroaziarrei hizkuntza-marko bakar bat eman ziena, hain zuzen ere Itun “jugoslaviar” bat; ordura arte ez baitzegoen “kroaziar” hiru aldaeran arteko hizkuntza-komunitaterik. Are gehiago, Kordićek dioenez, Itun honen bitartez hasi zen “kroaziera” glotonimoa aldaera stokavierarengan hedatzen orduan ez baitzen erabiltzen, ordura arte tokiko eskualde-glotonimoak, edo “iliriera” edo “serbiera” erabiltzen baitziren. Hain zuzen, kroaziera eta serbiera batu zituen Itun honen ostean, Zagrebeko parlamentuak 1861an “jugoslaviera” hizkuntza ofizial egitea erabaki zuen; eta Vienako Gobernuak glotonimo hori debekatu zuenean –inplikazio politikoak tartean egongo zirela uste dugu-, 1867an “kroaziera, serbiera ere deitua” glotonimoa aintzatetsi zuen, hauxe ofizialduz (Dalmaziako Parlamentuak 1877an “kroatoserbiera edo serbokroaziera” glotonimoz ofizialdu zuen). Hainbeste izan zen hizkuntza bera zirenaren ospea, zein Franjo Ivekovićek Ivan Borzekin 1901ean Kroaziar Hizkuntzaren Hiztegia atera zuenean, honela justifikatu zuen hitzaurrean: “Hiztegi hau serbiarrek aterako balute, “Serbiar Hizkuntzaren Hiztegia” zatekeen. Baina ez, kroaziarrek idatzi dute, beraz, Kroaziar Hizkuntzaren Hiztegia da (…) Ez dugu “serbiar” hitza gehitu haiek idatziko balute agian “kroaziera” ere ez zutekeelako gehituko. Ahaideei hortzak erakutsi behar zaizki (…) Hala ere, gure lanaren parte handi bat aurrez eginda dago, 1852ko Karadžićen Serbiar Hiztegian oinarritu baikara”. Halako argudio nazionalistak erabiltzen zituen kroaziar batek ere hizkuntza bera zirela onartu zuen!

Hala ere, erabateko batasuna ez zuen lortu Itunak. Serbian 1878an independentzia formala atxiki zuenean, nahiz eta orduan Karadžićen alfabeto zirilikoaren erreforma onartu; Ekialdeko herzegovineraren ordez, Vojvodina-Šumadijako hizkera (vojvodjanski-šumadjinski), Belgraden nagusi zena hartu zuten, ahoskera ekaviarra –eta ez ijekaviarra- lehenetsiz (hala ere, hautu hori ere, vuktar printzipioetan oinarritu zuten, Serbiako Estatu berriko lurralde-parterik handienaren “herri-hizkuntza” zelakoan). Beraz, momentu hartan Vuk Karadžići kasu handiagoa egin zitzaion Zagreben Belgraden baino. Snježana Kordićek ironiaz begiratzen dio honi, esanez, serbiarrek zein kroaziarrek euren ikur nazional nagusienetakoak direnei kasu egingo baliete, “egun Belgraden ijekavieraz hitz egingo zatekeen, eta Zagreben ekavieraz”. Honela, bi hizkuntza ez, baina hizkuntza bakoitzarentzako bi eredu agertu ziren, eta horrek gerora, hizkuntza zatitu nahi zutenei atea zabaldu zien. Adibidez, egun zenbait filologo ofizialista (nazionalista) kroaziarrek (adibidez, Dalibor Brozovićek eta Radoslav Katičićek) “estandarizaziorako bi zentru ezberdin egon zirenez, orduan bi hizkuntza ezberdin dira” esaten dute. Kordićen erantzuna ere borobila da: hizkuntza handi gehienek estandarizazio prozesu bi (edo gehiago) dituzte, eta horrek ez du esan nahi hizkuntza ezberdin bi direnik, baizik eta hizkuntza plurizentrikoak direla; alemanieraren, gazteleraren, ingelesaren… kasuetan gertatzen den moduan.

Gaur egun, Kroazian Itun hau ez da Serbian bezain baloratua. Kroazian egungo linguista gehienek, 1991 osteko ideologiarekin bat eginik, serbiarrekiko Ituna gutxiestearen aldeko hautua hartu dute; beraz, Itun hau gaitzesten edo traiziotzat jotzen, edo bestela, Itunaren ikuspegi kroatazentriko bat aurkezten dute, “kroaziar ikuspegi nazionaleko” ituna izango bailitzan. Lehen taldekoek, Itun honek kroaziar hizkuntza “serbiartzeko” bide egin zuela diote, adibidez, Eugenija Bašićek. Honen ustez “Itunak stokaviar esklusibismo bat ekarri zuen, kroaziarrak diren kajkavierazko eta txakavierazko hitzak baztertuz”; Bašićek ia traiziotzat jotzen du Itun hau. Stjepan Babićek nolabait iritzi moderatuago bat adierazten du, asmoak deitoratu gabe, baina bide beretik jotzen du: “Maretićen Hiztegia, hiztegi deskriptibo bat izan zen, aldaera batea, edo zehazkiago Vuken eta Daničićen hizkuntzan egina, eta sekula ez zen kroaziar hiztegi normatibo bat izan”. Babićen ustez, Jugoslavia Sozialistak egin zuen Maretićen hiztegia “arauzko hiztegia”, “serbokroaziar hizkuntza eta batasuna behartzeko asmoz”. Bigarrenen artean, itun hau ikuskera kroatozentriko batetik irakurtzen dutenen artean, Milan Moguš dugu. Mogušen ustez, Ituna, “kroaziar hizkuntza indartzeko” bitartekari bat izan zen, “aukera on bat”; eta kroaziarrek sekula ez zuten ikusi Itun hau lotesle gisa “Karadžićek eta Daničićek hala nahi bazuten ere”. Mogušen arabera, Itunean, “kroaziarrek, euren artean garatua zen stokaviera-ijekaviera, Karadžićek serbiarrentzat hizkuntza literarioa egiteko erabili zuena, ofizialdu zuten Itun honetan”. Dalibor Brozovićek ere anteko irudia du, “kroaziar (iliriar) mugimenduak, pixkanaka kajkaviera eta txakaviera laga zituen XIX mendean, eta bi eta hiru hamarkada ostean, stokavierazko ikaviera, stokavierazko ijekaviera kroaziar hizkuntza homogeneoaren oinarri bihurtu zelarik”. Radoslav Katičić, ordea, serbiarren aportazioa txikiagotzearen aldekoa da: “Onartezina da atzerrian “serbokroaziar ikasketak” egitea, eta hauen erdigunean Karadžić jartzea, eta kroaziar ikasketak honen barruan sartzea”. Bi ikuspegi hauek Snježana Kordićek kritikatu egiten ditu, presentismo nazionalistatik abiatzen direla jakinik. Kordićen arabera, Itun honen aurretik ez zegoen kroaziarren, edo proto-kroaziarren (eslaviar katolikoen) arteko inolako batasunik, izan ere, kajkaviarrak, txakaviarrak eta stokaviarrak nekez uler zitezkeen elkar; hain zuzen ere, Itun honek, serbiarrekin egindako Itun honek eman zien hizkuntza-batasuna. Beraz, ezin daiteke aurkeztu (lehen joerakoek edo “gaitzesleek” egiten duten moduan) “kroaziar hizkuntza kutsatu zuen serbiartze” moduan. Ezta ere, nazio moduan, izan ere, Itun honen aurretik –jada esan dugun moduan- “kroaziera” askotan ez zen stokaviera izendatzeko erabiltzen, kajkaviera eta batzuetan txakaviera izendatzeko baino (eta egun “kroaziartzat” jotzen ditugun artean ere, “kroaziar” identitatea ez zegoen zabaldua, ikusi dugun moduan). Bestetik, itun honi ikuskera kroatozentrikoa ematen dutenak ere kritikatzen ditu Kordićek. Kordićen arabera, Brozovićen ikuskera faltsua da, garai horietan “iliriarrek” hego-eslaviarren batasun osoa nahi baitzuten ez soilik kroaziarrena (Ana Peti-Stantićek ere kroaziar filologo eta historiagileek, orduan “iliriar” deitzen zena “kroaziar” berridazteko moda hori gaitzetsi du).

Beraz, Ituna, serbiarrekin bat egitearekin bat, guztiz koherentea zen ilirismoarekin. Kordićen arabera (beste mezu batean hitz egingo dugu luzeago honen ideiez), Itunaren “gorespen kroatozentriko” hauen oinarrian, kroaziar hizkuntza-batasunean serbiarrek paper erabakigarria izana ezin eramatea dago (horregatik kroaziar filologo nazionalistek, Brozovićek kasu, “kroazieraren estandarizazioaren hasiera” XVII eta XVIII mendeetan kokatzen dute, koherentea euren ikuspegiarekin, baina faltsua: izan ere mende horietan stokaviera-, txakaviera- eta kajkaviera-hiztunak ezin zuten elkar ulertu). Adibidez, hori ikusten da Mogušen iritzian, Mogušek Itunaren aurretik kroaziarrek stokaviera-ijekaviera jada sendotua zutela eta hau serbiarrei pertsona bakar batek, Karadžićek soilik, eman ziela gisa aurkezten du; kontuan izan gabe Karadžićek egin zituen aldaera honetako serbiar herri-kanta eta ipuinen antologiak, zein aldaera horretan 1818an idatzi zuen Hiztegia. Moguši kasu egingo bagenio, jada XIX mende erdian kroaziar nazio-batasun argi bat zegokeen, hizkuntza-batasunarekin bat, baina datuek erakusten zuten arabera, orduan hasi zen kontzientzia hori sortzen, parte handi batean Itun honi esker. Bestetik, Mogušen arabera, kroaziarrek “serbiarren presio lotesleei” aurre egin bazieten, nolatan izan zitekeen posible hurrengo gramatika kroaziar guztiak Itun honen arauekin ateratzea (eta Hiztegia gainera Daničić serbiarraren zuzendaritzapean), edo “serbokroaziar” edo “kroaziar edo serbiar” glotonimoak nagusitzea.

Itun hau Serbian Vuk Karadžić oso estimu handian dute; euren hizkuntzaren pertsonarik garrantzitsuena dela diote askok. Gainera, hizkuntza bera direla oraindik (nahiz eta gero eta irmotasun gutxiagoz defendatzen den iritzia den) iritzi nagusia da Serbian. Batzuek, kontuan izanik Itunaren oinarrizko puntuak Karadžićek ekarri zituela (stokaviera-ijekaviera lehenestea) eta idatzitako lehen gramatika-eskuliburua Djuro Daničićek egin zuela, “kroaziarren hizkuntza literarioa serbiarrek eraiki zuten”, edo “serbiar ezaugarrien pe egin zen kroaziar hizkuntza literarioa” esaten dute, Branislav Brborićek adibidez (lehen esan dugun argudioa, orduan “kroaziar” giroan txakaviera edo kajkaviera erabiltzen zirela, eta garaiko batzuek stokaviera serbiartzat zutela). Muturrekoenek, Lazo Kostić edo Vojislav Šešelj bezalakoak “kroaziarrek serbiar hizkuntza lapurtu zuten” esatera ere iristen dira, baina gutxieneko iritzia da hori.

Oxandabaratz

NOVI SADEKO ITUNAREN TESTUA (+ IRUZKINA)

SerbokroazieraEuskal Herrian hizkuntza dugu mintzagai, hainbeste, ezen gure hizkuntzak herriari izena eman dion, besteetan alderantziz gertatu ohi denean (hori gertatzen denean, egon baitaude hizkuntza propiorik gabeko herriak). Jugoslaviaren askotan entzuten dugu “hizkuntzak ez zuela izan hainbesteko garrantzia”, izan ere, bosnakiarrak, kroaziarrak eta serbiarrak “erlijioak”, edo asko jota, “zibilizazio-esferak” bereizten omen ditu. Baina honek ez du esan nahi hizkuntzak garrantzirik ez duenik: izan ere, Jugoslaviaren garaian ofizialki serbokroaziera zen hizkuntza bakarra, orain lau hizkuntza ditugu (montenegroera baita!). Hizkuntzak garrantzirik izango ez balu, ez genuke halako “eboluziorik” ikusiko. Eta nola uler daitezke adibidez, 1972ko “Kroaziar Udaberrian” aldarrikapen nagusietako bat “kroaziar hizkuntza literario berezia” izatea edo egun Bosnian hiru hizkuntza ofizial (hirurak elkar-ulergarriak) izatea? Norbaitek esan dezake Jugoslaviaren kasuan hizkuntzak ez duela bereizketarik eragin, baizik eta eragindako bereizketak justifikatzeko edo zilegiztatzeko erabili zela, eta kasu honetan arrazoia ematen diogu. Baina hain zuzen, horrek erakusten du hizkuntza, kontakizun nazional post-jugoslaviarretan elementu garrantzitsua bihurtu dela.

Hizkuntza bakarra zen edo lau ziren? Edo bi? (Glotonimo tradizionalak “serbiera” eta “kroaziera” ziren, eta baita ere XX mendean zeuden bi nazio bakarrak). Bakarra bazen, hori herriak erabakita izan zen, edo Gobernuaren saiakera artifizial bat? (Batzuek “Proiektu ideologiko komunistaz” hitz egiten dute). Hizkuntza bakarra izateak esan nahi du arau bakarra behar duela? Edo glotonimo bakarra ezarri behar dela? Edo esan nahi du tradizio literario bat lehenesten zuela beste tradizioen gainean, alde bateko zein besteko nazionalistek esan moduan? (Kontuan izan behar da “Jugoslavia” Estatu berria dela, XX mendekoa, eta XIX mendean jada zentru literario ezberdinak bazeudela). Alfabeto bat, zirilikoa edo latindarra, bestearen gainetik jartzeko saiakerarik izan al zen? Ahoskera motaren bat akaso? (kontuan izan behar dugu bi ahoskera mota nagusi zeudela, ekaviera eta ijekaviera, eta biek euren literatura zutela; eta hirugarren bat, ikaviera ere bazegoela). Baina hizkuntza ezberdinak badira, Errepublika batetatik at bizi diren konnazionalek (Kroaziako serbiarrek, edo Bosniako kroaziarrek), euren Errepublikako aldaeran, edo euren aberkideen aldaeraz hitzegiten al dute? Krajinako serbiar batek “kroazieraz” hitzegiten du auzokideen moduan, edo “Serbieraz” berarengandik milaka kilometrotara bizi diren aberkideen moduan? Eta Bosniako kroaziar batek bere auzokide musulmanen edo Zagrebeko herritarren moduan hitz egiten al du?

Jugoslaviak hizkuntza bakarraren politikaren abiapuntu izan duen Novi Sadeko Itunaren testua dakarkizuegu, euskaraz. Itun honek abiapuntu bat ezarri zuen, aurretik, serbokroaziera hizkuntza bat edo asko zirela oso garbi ez baitzegoen. Kontuan izan behar dugu Itun hau itun filologikoa edo hizkuntzalaritzakoa zela, ez zuela Estatu politika ofizial bat gidatu; izan ere, Jugoslaviako Estatuak, printzipio federalei jarraiki, ez zuen hizkuntza ofizialik, Errepublika eta probintzia autonomo bakoitzak zuen bere lurraldeko hizkuntza ofiziala izendatzeko gaitasuna. Serbokroaziera sei errepubliketatik lautan soilik hitz egiten zen; beraz, beste bi errepubliketan (Eslovenian eta Mazedonian), itun honek ez zuen ia eraginik. Itun honek batasunaren alde egiten zuen, eta aparteko bi hizkuntza sortzeko “nahi artifizialak” gaitzesten zituen, baina ikusiko dugun moduan, bi aldaerak maila berean jarriz. Bestetik, ikusiko dugun moduan glotonimorik ere ez du ezartzen, nahiz eta “erabilera ofizialean bi parte osagarriak izan behar ditu” esaten zuen eta hala izan zen: ofizialki, Serbian eta Montenegron (eta atzerrian, gehienen ahotan) hizkuntza “serbokroaziera” zen, baina Kroazian “kroatoserbiera” zen (Bosnian bi adierak erabiltzen ziren); nahiz eta beste gauza bat den herriak erabilitako glotonimoa hala bihurtuko zenik: Ljudevit Jonke kroaziar sinatzaile nagusiaren arabera, “Itunak izen ofizial bat ezarri nahi zuen, baina ez zuen herriari glotonimo konkretu bat inposatu nahi” (testuan zuzenean agerten ez bada ere, “serbokroaziera” edo “kroatoserbiera” gidoitxo gabe idaztea erabaki zuten). Ituna hasieran nahiko adostasun handikoa izan zen, bai harrerari dagokionez, eta bai sinatzaileei zegokienez. Ituna, Serbiako Matica Srpska kultur-erakunde nagusiak eta Kroaziako Matica Hrvatska kultur-erakunde nagusiak sinatu zuten; eta sinatu zuten pertsonen artean, Ivo Andrić Nobel Sariduna, Matica Hrvatskako lehendakari Ljudevit Jonke, Matica Srpskako lehendakari Mladen Leskovac, “lehen Jugoslavian” hizkuntzalari nagusi iznadako Aleksandar Belić, Desanka Maksimović edo Miroslav Krleža Titoren idazle gogokoena zena zeuden. Praktikan, bai serbiar zein kroaziar egile eta hizkuntzalari guztiek sinatu zuten Ituna.

Edukiari dagokionez, ikusten dugun moduan, aldaera zein alfabeto zein arau-tradizio biak, zirilikoa zein latindarra, ekaviera eta ijekaviera, serbiarra zein kroaziarra, aintzatetsi eta maila berean jartzen ditu. Egia esan, gora-behera politikoak alde batera utzita eta hizkuntzalaritzari hertsituz, lanik gehiena XIX mendean egina zegoen, izan ere, bai Zagreben zein Belgraden estokaviera aldaera hartu zuten, beste aldaerak (Kroaziako kajkaviera eta txakaviera eta Serbiako torlakiera, eta batez ere Serbiar Eliza Ortodoxoak erabiltzen zuen “eliz-serbiera”, herri-hizkuntzan ia erabiltzen ez zena) alde batera utziz. Beraz, serbokroaziera “hizkuntza polizentriko” bezala ezartzen du, edozein unitarismoz edo hierarkizazioz aparte. Beste alde batetik, esan beharra dugu orduko “berdintasuna”; serbieraren eta kroazieraren artean ezartzen zuela. Zergatik? Oso azalpen erraza du honek: ordura arte ez zegoelako ez “bosnierarik” ez “montenegroerarik”, eta hizkuntzaren zentru literarioak Zagreb eta Belgrad zirelako. Bestetik, sinatu zen unean, Jugoslaviako Konstituzioaren arabera, montenegroarrak herri ziren, baina ez bosnakiarrak (1968an onartu zen nazionalitate hau). Hala ere, zenbaitek Itunaren lehen puntua kritikatu dute, Mendebaldeko aldaeren blokea ijekaviar ahoskerarekin, beraz Zagrebekin identifikatzen duelako eta Ekialdeko aldaeren blokea ekaviar ahoskerarekin, beraz Belgraderekin (badaude lexikoki Ekialdeko aldaeraren blokean sartu daitezkeen ijekaviar aldaerak: Bosnia Hego-Ekialdean, Herzegovina Hego-Ekialdean eta Montenegron hitz egiten direnak adibidez). Laugarren puntuan, dentifikazio hori saihestu egiten dute, “bi ahoskera nagusian kontestu orotan zilegitasun berekoak” zirela esanez.

Bestetik, eskuliburu ezberdinak egitea, gramatikakoak, orotografiakoak, zein lexikokoak (terminologia zientifikoari arreta berezia eman ziotelarik) egiteko erabakia hartu zuten, lan han Matica Srpskak eta Matica Hrvatskak batera hartuko zutelarik. 1963ko Konstituzio Federalean “serbokroaziera” agertu zen, eta baita ere urte horretan, Serbiako Errepublika Sozialistako Konstituzioak, hizkuntza ofizial gisa, “serbieraren” ordez, “serbokroaziera” jarri zuen.

Itunak gerora izan zuen arrakasta ez zen hasieran ematen arrakasta izan, arrakasta partziala baino. Puntu nagusian arrakasta izan zuen: hizkuntza bakarra zela adostua izatea lortu zuten, eta hori ez zen zalantzan jarrio serioski Jugoslavia 1991an desagertzen hasi arte. Hala ere, hartu zituzten lan asko ez zuten betetzerik izan. Egia izan zen 1960.ean Ortografia Eskuliburua atera zutela bi aldaeretan, baina Hiztegia ez zuten bukatu, 1967.ean lehen liburukia atera bazen ere (Ljudevit Jonke kroaziarraren eta Mihailo Stevanović serbiarraren zuzendaritzapean). Izan ere urte horretan, kroaziar intelektual batzuek Matica Hrvatskaren babespean “Kroaziar hizkuntza literarioari buruzko adierazpena” atera zuten, kroaziar aldaera serbiar aldaerak bigarrengoratu zuela esanez, eta Matica Hrvatskak proiektua utzi zuen; hiztegia Matica Srpskak bukatu zuelarik. 1971.ean kroaziar hizkuntzalari batzuek “Kroaziar Ortografiaren Eskuliburua” atera zuten, oso babestua izan ez zena, baina honen debekuak urte horretako “Kroaziar Udaberria” deitutako mugimendu politikoa pizten lagundu zuen. Kroaziarren ustez, batasuna 1966an Miloš Moskovljević serbiar sinatzaileak atera zuen Hiztegiak apurtu zuen (Hiztegi hori ere debekatua izan zen lehen edizioaren ostean, baina denbora batez irakurgarri izan zen).

Hala ere, azken gertakari hauek, arrakasta erabatekoa izatea ekidin bazuten ere, ezin digute entsarazi arrakastarik izan ez zenik edo txikia izan zenik. Izan ere, “Kroaziar hizkuntza literarioari buruzko Adierazpenak” ere ez zuen esaten kroaziera eta serbiera bi hizkuntza ezberdin zirenik, soilik glotonimoa izendatzeko auzian zentratu zen, hau da “kroaziarrek beren hizkuntzari “kroaziera” deitzeko eskubidean”. Adibidez, Adierazpen horrek, momentu batean, “Novi Sadeko ituank kroaziera eta serbiera funtsean hizkuntz-oinarri bera zutela justifikatzen zuen” zioen; eta geroagoko “Adierazpenaren izpirituaren urraketak” kritikatezn zituen, serbiar aldaera literarioak zentrua hartu omen zuela eta kroaziar aldaera gibeleratua izan omen zela salatuz (alta, horren froga konkreturik ez zuten eman, bigarren edo hirugarren mailako garrantziko erakundea zen Jugoslaviako Konpositoreen Biltzar baten salbuespenarekin). Bestalde, eskoletan, prentsan eta erakunde ofizialetan “kroaziar hizkuntza literarioa” ager zedin eta “serbiar hizkuntza literarioaren pare” ezar zedin eskatzen zuen Adierazpenak, jada garai horretan gertatzen zena. Beraz, serbiar aldaera literarioaren eta kroaziar aldaera literarioaren “berdintasunean” insistitzen zuten, baina hauek hizkuntza bera zirela esplizituki ukatu gabe (eta berdintasun hori indarrean zegoenean).

Arlo politikoan, eztabaida horien ostean ere, 1974ko Konstituzio Federalak, hizkuntza bakarra zela ondorioztatu zuen; baina Errepublika bakoitzaren Konstituzioetan, batasuna ere onartzen zen arren, batasunaren eta berezkotasunaren aarteko oreka mantentzen saiatu ziren: hala, 1974ko Kroaziako Errepublika Sozialistaren Konstituzioak, hizkuntza ofizial “kroatoserbiera hizkunza literarioa, Kroaziako aldaera estandarrean” aldarrikatu zuen, Bosnia-Herzegovinako Errepublika Sozialistakoak “serbokroaziera hizkutnza literarioa, Bosnia-Herzegovinako aldaera estandarrean”, eta Montenegroko Errepublika Sozialistakoak “serbokroaziera hizkutnza literarioa, Montenegroko aldaera estandarrean” (salbuespena Serbiako Errepublika Sozialista izan zen, “serbokroaziera hizkuntza literarioa, Ekialdeko aldaeran” ezarri baitzuen).

Hona beraz edukia:

————

Testu honen azpian sinatzen dutenek, Letopis Matice Srpske aldizkariak serbo-kroaziar hizkuntzaren inguruko inkesta betetzeko deitutako bilerara agertu direlarik, eta Novi Saden 1954ko abenduaren 8an, 9an eta 10ean aldeaniztuneko eztabaida izan ondoren, ondorio hauetara iritsi dira:

  1. Serbiarren, kroaziarren eta montenegroarren hizkuntza herrikoia bera eta bakarra da. Beraz, hizkuntza literarioa, bere oinarria zentru bitan, Belgraden eta Zagreben, garatu duena ere hizkuntza bakarra da, bi ahoskera dituelarik: ekaviarra eta ijekaviarra.
  2. Hizkuntza izendatzerakoan, beharrezkoa da erabilera ofizialean bi parte osagarriak aipatzea.
  3. Bi alfabetoak, latindarra eta zirilikoa mila berean dira zilegi, eta beharrezkoa da bai serbiarrek zein kroaziarrek biak modu berean ikas ditzaten; hauxe eskola-irakaskuntzako helburu izan behar da.
  4. Bi ahoskerak ere, ekaviarra eta ijekaviarra, arlo guztietan ere zilegitasun maila berekoak dira.
  5. Gure hizkuntzaren aberastasun lexiko osoaz gozatzekoa eta hauxe erabat eta modu zuzenean garatu dadin, serbokroaziar hizkuntza literarioaren erreferentziazko hiztegi bat ateratzea beharrezkoa da. Beraz, Matica Srpskaren ekimena, Matica Hrvatskarekin batera lan honen ardura hartzekoa, erabat txalogarria da.
  6. Terminologia bateratua garatzearena ere, berehala konpondu beharreko arazoa da. Beharrezkoa da bizitza ekonomiko, zientifiko, eta zentzu zabalean esanez, kulturaleko arlo guztietarako terminologia garatzea.
  7. Hizkuntza amankomunak ere ortografia-eskuliburu bateratua behar du. Eskuliburu hau garatzea, egungo beharrizan sozial zein kultural premiazkoena da. Aditu serbiar zein kroaziarrek osatuko duten adostutako Komisio baten eskuliburu honen zirriborro bat egingo du. Erabateko onarpenaren aurretik, zirriborro hau idazleen, kazetarien, hezitzaileen eta bestelakoen elkarteen eskura jarriko da, eztabaidagai izan dadin.
  8. Hizkuntza kroatoserbiar literarioaren garapen natural eta normalari oztopo artifizialak jartzearen kontrako jarrera izatea beharrezkoa da. Testuak bidegabeki “itzultzearen” joera gelditzea eta idazleen jatorrizko testuak errespetatzea beharrezkoa da.
  9. Ortografia-eskulibururako eta terminologia-eskulibururako Komisioak gure hiru Unibertsitateek (Belgradekoak, Zagrebekoak eta Sarajevokoak), bi akademiek (Zagrebekoak eta Belgradekoak), Novi Sadeko Matica Srpskak eta Zagrebeko Matica Hrvatskak izendatuko dituzte. Terminologia garatzeko beharrezkoa da legezko eta estandarizazio ardurak dituzten instituzio federalekin eta bestelako adituen taldeekin elkarrizketak hastea.
  10. Matica Srpskak hartzen du ondorio hauek Kontseilu Exekutibo Federalari; Serbiako Herri Errepublikako, Kroaziako Herri Errepublikako, Bosnia eta Herzegovinako Herri Errepublikako eta Montenegroko Herri Errepublikako Kontseilu Exekutiboei; Belgradeko, Zagrebeko eta Sarajevoko Unibertsitateei; Zagrebeko eta Belgradeko akademiei eta Zagrebeko Matica Hrvatskari helarazteko ardura; eta baita egunkari zein aldizkarietan argitaratzeko ardura.

Novi Saden 1954ko abenduaren 10ean.

Ivo Andrić, Aleksandar Belić, Živojin Boškov, Mirko Božić, Miloš Djurić, Marin Franičević, Krešimir Georgijević, Miloš Hadžić, Josip Hamm, Mate Hraste, Ljudevit Jonke, Marijan Jurković, Jure Kaštelan, Radovan Lalić, Mladen Leskovac, Svetislav Marić, Marko Marković, Živan Milisavac, Miloš Moskovljević, Boško Petrović, Veljko Petrović, Djuza Radović, Mihailo Stevanović, Zdenko Škreb eta Jovan Vuković.

——-

Oharrak:

Ahoskera ezberdinak, batez ere “jat” letra (latinez ě eta zirilikoz ѣ bezala idazten zena) ahoskatzeko eboluzioaren forma ezberdinen arabera sortu ziren. Kontuan izanik Balkanetan migrazio asko eman direla, askotan ahoskera ezberdineko jendea batera bizi da, eta ez dago etnia-bereizketarik. Ahoskera ekaviarra aldaera estokaviera (bai Zagreben zein Belgraden garatutako aldaerek estokaviera zuten oinarri) hitz egiten den Serbiako alde gehientan eta Kroaziako Eslavoniako hegoaldean erabiltzen da. Horrez gain, bazterreko aldaerek, kroaziar kajkavierak eta txakavierak eta Serbiako torlakierak, ahoskera ekaviarra dute baita, baina hauek hizkuntza literario prozesuetatik at geratu ziren XIX mendean. Ahoskera ijekaviarra, aldaera estokaviera hitz egiten den Kroaziako, Bosnia-Herzegovinako eta Montenegroko parterik handienean eta baita Serbiako lurralde mugakide batean hitz egiten da. XIX mendean, Belgraderen inguruan garatu zen hizkuntza literarioak ekaviera aintzatetsi zuen, eta Zagreben inguruan garatu zenak, ijekaviera (halere, lehen aipatu dugun moduan, ekaviera batez ere Belgraderen inguruarekin, “Ekialdeko aldaeren blokearekin” identifikatzen bada, eta ijekaviera Zagreben inguruarekin, “Mendebaldeko aldaeren blokearekin”; korrelazio hau ez da perfektua; egon baitaude “Ekialdeko” aldaera ijekaviarrak). Badago hirugarren ahoskera bat estokavieraren barruan, ikaviera, baina ikaveirak ez zuen “hizkuntza estandarizaturik” garatu (Herzegovinan eta Dalmazian erabiltzen da batez ere), eta ikaviera hitz egiten zutenak (Mendebaldar blokeko aldakiak hitz egiten zituzten ikavieradunek) ijekavieraren menpe geratu ziren.

Ezberdintasunak ahoskerakoak dira: adibidez, “aurrera” napred esaten da ekavieraz, naprijed ijekavieraz eta naprid ikavieraz; “izarra” zvezda ekavieraz, zvijezda ijekavieraz eta zvizda ikavieraz.

Egungo “kroazierak” eta “bosnierak” ijekavieran dute oinarri, eta baita berriki Montenegroko Gobernuak ofizialdu duen “montenegroerak”. “Serbierak” Serbian ekaviera du oinarri, eta Republika Srpskan ijekaviera. XXI mendeko 10. hamarkadan Montenegrok “montenegroera” ofizialdu aurretik, “serbiera” zen hango hizkuntza ofiziala eta gaur egun montenegroar ezberdinek ere hala dute, Gobernuarentzat jada ez bada ere. Montenegroko serbiera ere ahoskera ijekaviarrekoa da.

Matica ezberdinak, eslaviar herrietan bertako kultura, baina bereziki hizkuntza eta literatura azkartzeko elkarte herrikoiak ziren; gurean EHE, Euskal Idazleen Elkartearen edo AEKren eta tokiko euskara elkrteen arteko zerbait izango ziratekeen. Matica Srpska 1826an sortu zen Budapesten (eta 1864an Novi Sadera eraman zuten egoitza), eta Matica Hrvatska 1842an Zagreben. Kontseilu Exekutibo ezberdinak Gobernu ezberdinak ziren, Kontseilu Exekutibo Federala Jugoslaviako Gobernua eta Herri Errepublika bakoitzak ere Kontseilu Exekutibo propioa zuen. “Zagrebeko eta Belgradeko Akademiak”, Serbiako eta Kroaziako Arte eta Zientzien Akademiak ziren; kultur arlo ezberdinak (ez soilik literatura) arautu eta ikertzen dituzten kultur-erakunde ofizialak. Gurean Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzaren arteko nahasketa bat izango lirateke. Serbiar Arte eta Zientzien Akademia (Српска академија наука и уметности/Srpska akademija nauka i umetnosti; SANU laburduraz) 1886an sortu zen, baina bere aurrekari izan zituen erakundeak 1841koak dira. Kroaziako Zientzien eta Arteen Akademia (Hrvatska akademija znanosti i umjetnosti; HAZU laburduraz) zaharragoa da, 1866an sortu zen Zagreben, Jugoslaviar Zientzien eta Arteen Akademia izenarekin (Jugoslavenska akademija znanosti i umjetnosti; JAZU laburduraz), 1941ean “Kroaziar” izena hartu zuen, JAZUtik HAZU izatera pasa zelarik.

Hasieran 25 sinatzaile baziren ere, gerora beste 63k sinatu zuten.

Oxandabaratz

Tesla Ordua, 67 irratsaioa

KordicKaixo Balkanetako mendikateok!

Oraingoan, berriz ere Ipar Mazedoniarekin etorri gara. Izan ere, bertako parlamentuak (sozialdemokraten eta albanomazedoniarren gehiengoarekin) bigarren aldiz onartu du izen aldaketa. Beraz, Errepublikako lehendakaria, Gjorgje Ivanov jauna (izen aldaketaren kontrako oposizioaren gertukoa berau), oraingoan legea sinatzera behartua dago. Izen aldaketak Konstituzio aldaketa ere badakarrenez, herriak izango du azken hitza. Zurrumurruen arabera, erreferenduma irailaren 16an edo 23an izanen da.

Ipar Mazedoniaz aritu aurretik, Bosniari, Kroaziari, Serbiari eta Kosovori egin diogu so, herri horietako hainbat berri kontatu ditugularik. Besteak beste, Hashim Thacik Serbiako albaniarrei buruz esan dituenak, Serbiako Memoria Historikorako Lege berria, Bosnian Republika Srpskak egin dituen ariketa militar berriak eta Kroazian kazetariak desagertzeaz mintzatu gara.

Bestetik, Munduko Kopa ere izan dugu mintzagai. Kroaziako taldeak arrakasta izaten jarraitzen du, eta Islandiaren kontra final-zortzirenetan izandako garaipenaz mintzatu gara. Hala ere, ezin dugu beste gauza bat ahantzi, izan ere, Kroaziako jokalari batzuek, Argentinaren aurka lortutako garaipena, aldagelan Thompson abeslari faxistaren abesti bat abestuz ospatu baitzuten. Gurean aipatu ez den gai bat izan da, eta kezkagarria deritzogu.

Azkenik, eta batez ere, tarte luze bat eman diogu Snježana Kordić filologo kroaziarraren “Jezik i nacionalizam” (“Hizkuntza eta nazionalismoa”) liburuari. Liburu horretan, Kordićek serbokroaziera hizkuntza bakarra dela dio eta argudiatzen du, bai filologia aldetik (beste hizkuntza supraestatal batzuek serbokroaziera baino heterogeneoagoak dira eta ez dute hizkuntza bakarra direla auzitan jartzen), bai dialekto aldetik (aldaera ezberdinak, serbokroazieraren kasuan, ez datoz bat ez muga politikoekin ez etniekin) eta bai historikoki (1990ko hamarkada arte, inork ere ez –agian ustashen salbuespenarekin- jartzen zuen zalantzan hizkuntza bera zirenik, ezta ere egun hizkuntza ezberdinak direla dioten filologoek ere). Kordićen arabera, hizkuntza ezberdinak direla diotenek, politika eta ideologia lehenesten dute hizkuntzaren aurretik.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 66 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Jugoslaviako txoritxook!

Oraingoan, noski, Munduko (gizonezkoen) Futbol Kopa nagusi izango dugula pentsatuko duzue. Baina egia esan, programa osoa ez dugu horretara eman, izan ere, programa ekainaren 28an, Vidovdan egunean izan baita, hau da Serbiaren Egun Nazionalean. Ospakizun honen esanahiaren, Kosovoko 1389ko batailarekin izan duen loturarekin eta kontakizun nazionalean izan duen garrantziarekin lotu dugu. Vidovdanekin batera, beste berri batzuk komentatu ditugu: adibidez, Albaniak eta Ipar Mazedoniak Europar Batasunarekin bat egiteko bidea itxita aurkitu izanaz, Frantziak, Danimarkak eta Holandak jarritako betoaren ondorioz (eta beto honek Ipar Mazedoniak eta Greziak egin zuten akordioan zein eragin izan dezakeenaz ere hausnartu dugu). Politikarekin bukatzeko, Belgradeko eta Pristinako Gobernuen arteko negoziazioen enegarren kapituluaz informatu dugu, eta baita ere, Tamara Opačićek Kroaziako gutxiengo etniko-nazionalen inguruan egin duen informeaz.

Gerora bai, futbolari eman diogu denbora. Bertan, noski, Munduko Kopa izan dugu mintzagai. Gure bi selekzioen, Kroaziaren (arrakasten) eta Serbiaren (porroten) berri emateaz  gain, Suitzako jatorri albaniarreko Xhaka eta Shaqiri jokalariek egindako ikurraz ere mintzatu gara. Baina ikur horiez haratago joan gara, eta ikur horiek, gurean (bai ezkerreko zein eskuineko, independentista zein espainolista den prentsak), Balkanetako guden inguruan errelato konkretu bat saltzeko baiatzeko aukeraz hausnartu dugu, eta diskurtso mota batez aritu gara. Bestetik Suitzako zein Australiako selekzioek duten balkaniarrez pixka bat mintzatu gara. Azkenik, Munduko Kopaz haratago, Deportivo Alavesek Rudeš Zagreb taldearekin duen partaidetza haustea eta Istria Pula taldea erostea aipatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 63 irratsaioa

97 irratia ikurraKaixo, Vojvodinako ekiloreok!!

Oraingo honetan Sebas Velasco burgostar jatorriko artista gipuzkoarra elkarrizketatu dugu. Sebas orain Sarajevon dago, proiektu artistiko bat egiten. Hala ere, ez da Balkanetan egon den lehen adia, eta bere Balkanetako bizipen guztiak liburu batean bilduko ditu. Bere proiektu artistikoez, bere ibilbideaz, bere bidaiez, eta bere Balkanetako inpresioez hitz egin digu oraingo honetan.

Arazo teknikoak egon direla eta, aldi batzutan arazoak izan ditugu, ea abestiekin bete behar izan dugu emanaldia. Elkarrizketa eta abesti baten artean, agian tartea luzeegia suerta daiteke. Barkatu eragozpenak.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 47 irratsaioa

tesla-orduaKaixo balkanzaleok!

Gaurkoan, bi berri nagusi ekartzen dizkizuegu. Lehenik eta behin, Kosovon, Gerra Krimenak epaitzeko Nazioarteko Epaitegiaren polemika dugu. Hau, EBren proposamena izan zen, eta orain AEBk lagundu du, Kosovon izan ziren krimenak epaitzeko asmoarekin sortu behar zen epaitegi bat dugu. Hasieran Kosovoko Gobernuak baiezkoa eman zion (bai leehndakaria zein lehen ministroa UÇKko kide ohiak dira), baina oposizioaren protestak direla eta, etzera egitear da. Gobernuan, gainera Srpska Lista, Belgradeko Gobernuaren hurbilekoa den alderdia dugu, eta oposizio nazionalistarentzat horrek gauzak larriago egiten ditu. Ikusiko beharko da arrazoiakzeintzuk diren, baina badirudi Kosovoko populazioaren sektorerik nazionalistena beldur dela ea Epaitegi hori eratzen bada, eta nazioarteko jurisdikzioaren pa badago, ondorioak egun indarrean den bertsio nazionalistaren aurkakoak ez ote diren izango.

Bestetik, beste berri abtzuen artean, kirol arloan NK Rudeš talde kroaziarraren ibilera komentatu dugu. Talde hori Alavesekin hitzartuta dago. Kroaziako lehen mailan dago, baina 20 partida jokatuta bi soilik irabazi dituenez, azken postuan dago (10 talde dira Kroaziako Ligan, eta bakoitzak lau aldiz jokatzen du aurkari baoitzaren kontra, 36 partida guztira). Orain arte, Iñaki Alonso bizkaitarra izan dute entrenatzaile, baina kargutik kendu egin dute, Alaveseko jokalari ohi Dinko Jelicic entrenatzaile berria izango delarik.

Bukatzeko, hzkuntzalaritzari buruz ibili gara, izan ere, Vienako bi hizkutnzaririk, Joachim Ratzinger eta Stefan Schumacher izenekoek albaniera ilirieratik ez datorrela frogatu baitute. Euren ikerketa egiteko XVII mendeko Pjeter Bogdaniren testuak erabili dituzte. Albanieraren eta ilirieraren arteko harremanaren aldeko tesia erabat nagusi da Albanian, bai Estatuaren aldetik zein bertako komunitate zeintifikoaren aldetik

Entzun gure programa hemen: 

 

Tesla ordua, 46. irratsaioa

Kaixo balkaniarzaleok!

IMG_19032016_171445Lehengo irratsaioan Montenegrori buruz ari ginela, irratsaioa luze egin zitzaigun, eta gure tartea gainditu genuen. Beraz, zintzilik geratutakoekin hasi dugu programa hau, batez ere Montenegroko 1919ko “gerra zibil txikia” eta Jugoslavia sozialistaren pean Montenegroren nazio-eraikuntza izan ditugu hizpide. Espero dugu gako batzuk ulertu-arazi izana.

San Tomas, Sveti Toma eguna denez gero, lan egiteko gogo handirik ez eta berri azkar batzuk esan ditugu. Horien artean, Italian Bulgariaren orain arteko historiarik zaharrena topatu izana: Aberriaren Zahartasunaz eta Bulgariaren gauzen,. Petar Bogdan Baksin bulgariar artzapezpiku katolikoak XXVII mendean latinez idatzitako liburu bat dugu.

Horrez gain, Moldaviak Errusian duen enbaxadorea erretiratzeaz aritu izan gara. Jokaldi hau 2018ko hauteskundeei begira egindako mugimendu bat izan dela uste dugu. Bestetik, Txinan Balkanetan duen eragin geroz eta handiagoaz ere aritu izan gara. Eta aipatu behar dugu baita ere agian harrigarria izango den gauza bat: Errumaniako fiskal militarrak 198ko matxdinada antikomunista “goitik eragindakoa, telebista lagun zuelarik” izan zela esana. Azken hori ere aztertu dugu.

Entzun irratsaioa hemen: