Tesla Ordua, 115 programa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako hodeitxook:

2019ko abenduaren 5ekoa dugu programa hau, lanpetuta ibilita, berandu jarrid ugu hemen.

Hauteskundeekin hasi dugu programa hau, lehendakaritzarako hauteskundeekin. Lehenik, Errumaniakoak aipatu ditugu,Klaus Iohannis jarduneko lehendakariak (eskuina) irabazi ditu hauteskundeok. Gogoan izan behar dugu hilabete bat lehenago, legebiltzarrean zentro-eskuinak gehiengo berri bat osatu zuela zentro-ezkerreko gobernuaren aurkako zentsura mozioa ezarriz. Bigarrenik, Kroaziakoak aipatu ditugu, han lehen txandaren buruan hiru hautagai daude, eta bigarren txandarako bi soilik geratu daitezke. Bi lehendakarigai nagusien (Kolinda Grabar-Kitarović  eta Zoran Milanović) eta ezkerreko kandidatoen (Ivan Pernar eta Katarina Peović) profila errepasatu dugu. Beste alde batetik, eskuin muturreko hautagaia, Miroslav Škoro inkestek hirugarren postuan ezartzen dute.

Boliviara ere egin digu salto bat izan ere, han Jeanine Añez kolpistak Justizia ministro bezala (beraz errepresioaren arduradun eta baita errepresioaren zigorgabetasuna agindu duena) Karen Longarić kroaziar jatorrikoa jarri baitu.

Albanian gertatu den lurrikara ere kontuan izan dugu, hamarnaka pertsona hil baitira han; beste alde batetik herrialde ezberdinek elkartasuna adierazi diotelarik Albaniari. Lurrikara Kosovora zabaldu da. Eta Kosovon ari garenez, Kosovoko Gobernuaren osaketari buruz ere aritu izan gara, piska bat ataskatu egin da, bi alderdi nagusien buruen arteko akordioa falta da eta. Lehen ministro nor izango den da arazo nagusia. Bestetik Nauruk Kosovoko independentziaren aintzatespena erretiratu du, hamaseigarren Estatua da hori egin duena.

Bestetik Ipar Mazedoniak NATOn sartzerako bideari buruz ere hitz egin dugu. Frantziar Estatuak abalatu egin du Ipar Mazedonia NATOn sartzea eta Espainiar Estatua bakarrik falta da.

Bide onean Bosniako Gobernuaren eraketa doa. Urte eta piku ostean Gobernua osatze bidean dago, izan ere, zaila izan zaie hiru etnietako Gobernua izango duten baldintza beteko duen eta gainera parlamentuan gehiengoa duen Gobernu bat eratzea. Azkenean lortu dute, hiru alderdi nazionalista nagusiak ados jarri baitira, eta Zoran Tegeltija, Serbiar Sozialdemokraten Aliantzakoa izango da lehen ministro.

Serbian gertakari arraro bat gertatu da, istilu diplomatiko bat ekar dezakeena. Izan ere kazetari batek errusiar agente baten eta serbiar herritar baten arteko maletin aldaketa filmatu du. Honek adierazten du Serbian errusiar agenteak daudela. Gauza jakina mundu horretan, baina Errusia Serbiaren aliaturik handiena da, eta ikusi beharko da bi herrien arteko harremanari kalte egingo ote dion honek ala ez.

Lehiaketa “kultural” bat ere aipatu dugu, Eurovision. Hungarian abesti-lehiaketa honetara ez joatea erabaki du, eta Mendebaldeko komunikabide askok hau “erabaki homofobotzat” hartu dute. Hori izan al da benetako arrazoia.

Azkenik, kiroletako tartean, Munduko (emakumeen) Eskubaloi Txapelketari eman diogu tartea. Bost talde balkaniar daude, Errumania, Eslovenia, Hungaria, Montenegro eta Serbia.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 112 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Lovčen gaineko harkaiztxook!

Gaurkoan gaiak pil-pilean izan ditugu. Lehenbizi, Katalunia eta Balkanak lotzen dituen berri bat izan dugu. Xavier Melero kataluniar preso politikoen abokatuak Kroaziari eta Jugoslaviari buruzko adierazpen batzuk egin ditu eta horiek komentatu ditugu.

Segituan Errumaniara joan gara. Han parlamentuak Gobernu sozialdemokrataren aurkako zentsura mozio bat aurkeztu du, eta beraz Gobernu berri bat, eskuinekoa, izango du Errumaniak. Ludovic Orban, Alderdi Nazional Liberalekoa, da lehen ministro berria.

Serbiaz ere hitz egin dugu, kasu honetan memoria historikoaz batez ere. Lehenik eta behin, esan behar dugu Belgraden Nikolai Kravtsov, Belgrade askatzen lagundu zuen sobietar soldaduaren izenean kale bat jarri dutela. Polemika handiagoa piztu du Kragujevac hirian Draža Mihailović txetnik buruaren izenean kale bat artearen erabakiak. Honen inguruan kexatu egin dira beterano partisanoak. Memoria historikoaz gain, Serbiako Bosnakiar Kontseilu Nazionalak Sandžak eskualdearentzat aurkeztu duen proposamen bat ere mintzagai izan dugu.

Gerora Kosovora egin dugu salto. Han bi berri izan ditugu, alde batetik Albin Kurti jada lehen ministrotzat jotzen dutela denek –oraindik ofizialki ez bada ere- eta egungo gaiei buruz (serbiar gutxiengoarekiko eta bosniar zein serbiar produktuen gaineko %100eko zergarekiko) alderdi ezberdinak posizioak hartzen ari direla. Bestetik, Kosovoko gizartea eskandalizatu duen bortxaketa kasu batez ere hitz egin dugu. Azkenik Belgrad eta Pristinaren arteko negoziazioez hitz egiteko tarte bat ere izan dugu: Ivica Dačić Serbiako Kanpo Ministroa AEBren Balkanetarako ordezkari Matthew Palmerrekin bildu da eta adierazi du bi aldeen arteko diplomaziari –orain etenda dagoenari- berriz ekiteko itxaropena duela.

Azkenik Kroaziara egin dugu salto. Han, irakasleak grebara joan dira, soldata handiagoa nahi dutela eta. Gaia ez da batere erosoa agintarientzat, jakinda laster lehendakaritzarako hauteskundeak direla. Honen inguruan ere hitz egin dugu, izan ere, Božidar Maljković entrenatzaile famatuak Katarina Peović Langileen Frontearen hautagaia babestu baitu, sozialismoaren eta Jugoslaviaren aldeko adierazpenak eginez.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 106 irratsaioa

Kaixo Balkanetako musikariok!

Gaurko programarekin, irailaren arterako oporrak hartuko ditugu, beraz, bi hilabete pasako duzue programa hau entzun gabe.

Esloveniarekin hasi gara. Esloveniak bere Estatu-eguna ospatu du azkeneko egun hauetan, baina bertako partidu nagusiak, Esloveniako Alderdi Demokratikoak (oposizioan egon arren) kartel oso polemiko batekin ospatzea erabaki du. Gerora Errumaniara egin dugu salto, eta Errumaniako Gobernuaren aurkako zentsura mozioaz hitz egin dugu.

Hurrengo herrialdea Albania izan da. Azkenean Udal hauteskundeak burutu egin dira, eta giroa lasaia izan da, oposizioak boikota egin badu ere. Beraz, Gobernuan dagoen Alderdi Sozialistak irabazi ditu hauteskundeak. Gertakizun hauen inguruan, Albaniako lehendakari Ilir Meta jaunak oso gogor hitz egin du Soros oligarkaren aurka. Albaniatik Serbiara egin dugu gero, eta hango argi-konpainia batzuen esternalizazio polemikoaz aritu gara, antza denez, Gobernuaren inguruko pertsonen esku utzi baitituzte konpainiok (edo hori salatu du oposizioak).

Montenegrora egin dugu salto. Aurreko programan komentatu genuena, erlijioen inguruko legea eta honen aurreko Serbiar Eliza Ortodoxoaren legearekiko beldurrak komentatu ditugu. Bestetik, Montenegroko Errepublika Sozialistako lehendakari ohia, Momir Bulatović hil egin da, eta berri hau Montenegroko azken hamarkadetako politikari buelta bat emateko baliatu dugu.

Azkenean Kosovoko krisiaren larriagotzea ekarri dugu. Azkenengo berria, Kosovok, Serbiako edozein funtzionari bertan sartzea debekatzeko erabakia izan da.

Eta orain bai, hondartzara goaz, bagoaz, bagoaaaaaaaaaz!

Entzun gure programa hemen:

tesla-ordua ikurra

Tesla Ordua, 104 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako tronpeta-joleok!

Gaurkoan krisi politiko ezberdinez hitz egin dugu. Lehenik eta behin, Viktor Orbánen Gobernuak Hungarian hezkuntza publikoaren lege berria atera du. Bere helburua hezkuntza publikoa indartzea da, baina horrek oposizioa (Jobbik ultraeskuindarrak, besteak beste) “komunista” deitzea ekarri dio.

Bestetik, zeinbait krisi politikoen inguruan ere hitz egin dugu, hala nola Albanian Ilir Meta lehendakariak –Auzitegi Konstituzionala jardunean ez dagoelako- tokiko hauteskundeak atzeratu ziana, eta Gobernuak hori “legez kanpokotzat” jo izana, eta Errumanian oposizioak Gobernua sozialdemokrataren kontrako zentsura mozioa ezarri izana. Bestetik, Europar Batasunak Albania eta Ipar Mazedoniaren sarrera-negoziazioak atzeratzea erabaki du.

Kosovoko krisira egin dugu salto gero. Bertan, Hashim Thaci lehendakariak esan du ez duela serbiar produktuen kontrako zerga berezia kentzeko asmorik. Baita ere esan du “Kosovo ez da Katalunia eta Espainia ez da Serbia”, mugimendu independentista katalanarekin distantziak markatuz. Kosovorekin jarraituz, han ijitoen komunitateak egin dituen diskriminazioaren kontrako salaketak ere aipatu ditugu.

Albaniarrekin jarraituz, kultura albaniarrari hurbilketa txiki bat egin diogu; Ramon Sanchez Lizarralde euskal herritarraren figura aipatuz. Sanchez Lizarralde, PCE-ML alderdiko kide izaki (alderdi horren argitaletxearen buru ere izan zen), Albaniara alderdi horrek eta Albaniako Alderdi Komunistak zuten harremana medio iritsi zen, eta han geratu zen bizitzen eta lanean. Hainbeste murgildu zen albaniar kultura, ezen albaniar filologia ikasi zuen Tiranako Unibertsitatean, eta albaniar idazle handienak (Ismail Kadaré tartean) gaztelaniaz jarri zituen, bere itzulpenengatik hainbat sari irabaziz.

Azkenik kirolen inguruan hitz egin dugu. Roland Garroseko emaitzak ez dira guk esperotakoak izan. Azkenik, futbola izan dugu mintzagai: Velež Mostar Bosnia-Herzegovinako Lehen Mailara itzuli da, eta bestetik, Vojvodinako Tavankut herrian gutxiengoei errespetuaren eta herrien arteko adiskidantzaren alde jokatutako partidaz ere hitz egin dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 101 kapitulua

tesla-ordua ikurraKaixo euskaldun eta balkaniarrok, bozkatzaile zein abstentzionistok!

Oraingoan, noski, gure irratsaioa hauteskundeei eman diegu, batez ere Europako hauteskundeei. Balkanetako eta periferiako herrialdeen nondik-norakoak komentatu ditugu, eta ondorio nagusi bi atera ditugu: a) Balkanetako eta periferiako herrialde guztietan Europako Partidu Popularraren kide diren alderdiek irabazi dituztela hauteskundeak; eta b) eskuin muturra herrialde hauetan ez dela hain garrantzitsua izan.

Bestetik, Kosovoko krisi politiko-polizial berria izan dugu mintzagai. Aste honetan hainbat adierazpen izan dira Kosovoren inguruan (politikarienak, elizgizonenak…), baina asteartean izan zen operazio poliziala izan dugu batez ere mintzagai.

Beste berri batzuk ere izan ditugu: alde batetik Bosniako lehendakarien artean izan den azken dema (eta Bosniako Gobernua oraindik osatu gabe!): Željko Komšić lehendakari bosnokroaziarrak Milorad Dodik lehendakari serbobosniarraren kontra helegite kriminala jarri du azken honek antolatu duen desfile batean, bosniar soldaduen Republika Srpskako Armadaren uniformeak erabili dituela eta. Bestetik, Serbiak Huawei konpainiarekin kolaboratzen jarraituko duela esan du. Azkenik, Ipar Mazedonian, 2015ean Kumanovon tiroketa batean parte hartu zuten albanomazedoniar batzuen kontrako epaiketaz ere aritu gara.

Bukatzeko, kirolei buruzko bi berri komentatu ditugu: Serbiako Kopako finala Partizanek Izar Gorriri 1-0 irabazi izana, eta bestetik, Mostarko Velez berriz Lehen Mailan ikusiko dugula.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 100. programa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako ehuntzaileok!!

Oraingoan gure 100. irratsaioa egin dugu, beraz esan dezakegu hiru urte hauetan, Tesla Ordua fin-fin ibili dela, eta bere helburu bat (irautea) lortu duela. Ikusi beharko dugu gorengo helburu bat, hots, eragina izatea, lortu duen; baina hori gure entzuleek erabaki beharko dute.

Gaurkoan programa ordu betekoa baino luzeagoa atera zaigu. Ez da harritzekoa, izan ere europar hauteskundeak bertan ditugu eta hauei buruz hitz egin dugu. Balkanetako eta periferiako herriak kontutan izanik, zazpi herriren berri eman dugu: Bulgariaren, Errumaniaren, Esloveniaren, Hungariaren, Greziaren, Zipreren eta Kroaziaren menpe. Azken honen gainean zentratu gara gehien, bai Milorad Pupovac serbiar gutxiengoaren hautagaiak eraso berriak sufritu dituelako, eta bai europar figura politiko handiak (Angela Merkel eta Frans Timmermans, tartean) hara kanpaina egitera joan direlako. Merkelen mitinak gainera oso irudi itsusia utzi du Marko Perković Thompson abeslari faxistaren abestiak jarri baitituzte.

Beste berrien artean, Bulgariako lehendakari Rumen Radevek Bulgariako Gobernua eta Sofiako Udala kritikatu ditu bulgariar faxistekin onberegiak izatearren. Faxismoarekin edo hau zuritzearekin jarraituz, kroaziar bi ministrok, Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak egin bezala, Bleiburg bisitatu dute, non 1945an partisanoek “hildakoen omenezko soldaduen” (faxistak gehienak) monumentu bat dagoen.

Beste berrien artean, Kosovoko gatazkarekin jarraitzen dugu, aste honetan Kosovoko Parlamentuak 1998-99 “Serbiak egindako genozidioa” definitzen duen mozio bat onartu du, Kataluniako Generalitatak Bartzelona eta Sarajevoren artean 2030ko Neguko Joko Olinpikoak batera antolatzeko asmoa erakutsi du, eta Serbiako (gizonezkoen) futboleko Koparen inguruan, Izar Gorria eta Partizan elkartzen dituenaz, hitz egin dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 81 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako zeruetako hodeitxok!

Asteko honetako programa ere oparo etorri zaigu berrietan. Hasteko, Europako (emakumezkoen) Eskubaloi Txapelketa aztertu dugu. Errumania izan da gure taldeen artean gehien iraun duena: finalerdietara iritsi da, baina Neagu kapitainaren lesioa latz nabari izan du, eta ezin izan du dominarik lortu,laugarren postuan geratuz. Bestetik, Hungarian Orbánen Gobernuak atera duen aparteko orduei buruzko “esklabotza legearen” kontrako mobilizazioei buruz aritu izan gara, eta lehen atal hau bukatzeko, berri pozgarri bat kontatu dugu: Podgorican Josip Broz Titoren estatua bat inauguratu dute.

Bukatzeko, aste honetan zabalen kontatu ditugun berriekin joan gara. Alde batetik Kosovoko Parlamentuak Kosovoko Armada sortzeko egin duen erabakiaren analisia egin dugu, baita ere honek serbokosovarren artean, Serbian eta nazioartean sortu duen erreakzioez: desadostasuna sortu du “Nazioarteko komunitatean”. Bestetik, “esloveniar bidea” dela eta, politikariek adierazpenak egiten dituzte, askotan ezjakintasunetik. Kasu honetan Carles Puigdemont eta Pedro Sanchez izan dira. Berriz honi buruz mintzatu gara.

Entzun gure programa hemen: