Tesla Ordua, 120 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako bidezidorrok!

Gaurko programa Suleimani iraniar jeneralaren erailketarekin hasi dugu. Suleimani AEBk erail zuten, baina hemen gogoratu dugunez, garai batean –baita ere- AEBk babestutako Bosniako Gobernuaren tropekin borrokatu zuen. Geopolitikaren komeriak dira horiek… Bestetik, bere hilketak Esloveniak eta Kroaziak tropak Iraketik ateratzea ekarri du. Zoran Milanović, kanpainan zehar Afganistandik ere tropak erretiratzearen alde agertu zen, ikusiko dugu gertatzen ote den.

Kosovon bitartean Gobernua osatu gabe dago oraindik. Azken negoziazioetan Albin Kurtik eta Vetevendösje alderdiak ministerio gehiago eskioni dizkio LDKri (Vetevendösje berak baino gehiago, lehen ministroa Kurti izatearen truke) baina momentuz ez dute akordiorik ebatzi. Hala ere, Kosovon berri gehiago izan ditugu. Horietako bat Nazim Rrustemi herritarra, UÇKk albaniar disidenteen kontra egindako krimenen auzian aritu behar zuen lekukoa hala agertzea. Beste batetik, Oliver Ivanović buruzagi politiko serbokosovar ezagunaren erailketaren bi urte bete direla. Ivanovićen kontrako epaiketa hasi da, baina guztiak ez daude konforme hor ematen den ikuspuntuarekin (Kosovoko gobernuak Milan Radojičić enpresa-gizona du errudun nagusitzat). Kosovorekin bukatzeko, Albaniako lehen ministro Edi Ramak Kosovoko lehen ministro ohi Ramush Haradinaj salatu du, honek “Kosovoko mugen aldaketa adostearen truke dirua poltsikoratzea” leporatu baitio.

Serbia eta Montenegrora egin  dugu salto gero. Serbian, hauteskundeak izango dira apirilean, eta horren aurrean oposizioko hainbat talde biltzen dituen Serbiaren Aldeko Aliantzak boikota egitera deitu du. Montenegron Eliza ortodoxoaren inguruko arazoak okerrera egin du, eta Eguberri egunean polizia agertu behar zian zen bi talde erlijiosoak (Serbiar Eliza Ortodoxoaren aldekoak eta Gobernuak sortu nahi duen Montenegroko Eliza Ortodoxoaren aldekoak) bereizteko. Gainera, aurreko protesta batean Montenegroko poliziak Serbiar Eliza Ortodoxoko Metodije gotzaina jipoitu zuen, eta horrek giroa gehiago berotu du.

Politikarekin bukatzeko, pasaden astean komentatu genituen Kroaziako hauteskundeei errepaso txiki bat eman diegu, datu batzuk berriz aipatze aldera. Bestetik, HRT Kroaziako irrati-telebistak Hrvoje Klasić historiagilearen dokumental bat aireratzeko jarri dituen oztopoez ere aritu izan gara.

Kirolei tartea utzi diegu gero. Serbiak ATPko (gizonezkoen) tenis txapelketa finala irabazi dio Espainiari. Jokalariek ospakizunetan abestu duten abesti batek nolabaiteko polemika txiki bat piztu du Kosovon eta Bosnian.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 119 irratsaioa

imagesKaixo Balkanetako rakijazaleok!

Aste honetako programan, Kroaziako lehendakaritzarako hauteskundeez aritu gara batez ere. Sorpresa gertatu da eta Zoran Milanović sozialdemokratak irabazi ditu hauteskundeak, boto diferentzia nahiko handiarekin gainera (%5eko aldea atera dio Kolinda Grabar-Kitarović eskuindarrari). Hainbat analisi egin ditugu gertakariaren ondoan: bigarren txandan parte-hartzea handitzea, lehen txandan bazterrean geratu direnen botoak bereganatzeko gaitasun handiagoa izatea (zuen eskuindarrak ezkertiarrak baino gehiago ematen zuen arren), etorkizunean izango dituen erronkak (EBko presidente ere izango da, Kroaziari tokatzen baitzaio), gutxiengo etnikoen erreakzioak…

Gabon ortodoxoak ere izan dira, eta horiei buruz ere aritu izan gara. Montenegron, Gabonak direla eta Erlijioen gaineko Lege polemikoaren kontrako protestetan “suetena” deitu du Serbiar Elizak. Lege honen gainean pixka bat hitz egin dugu, eta baita ere Serbiako Kanpo Arazoetarako Ministro Ivica Dačićek esandakoei buruz. Bestetik Kosovoko eta Bosnia-Herzegovinako politikariek egun honekiko nola erreakzionatu duten ere ikusi dugu.

Bosnian jada, parlamentuak Gobernu osoa aukeratu du. Zoran Tegeltija lehen ministroa izango zela bagenekien, baina orain Gobernua osorik aukeratu dute. Kosovon ere Gobernua osatzear daude, Albin Kurtik esan du “hurrengo egunetan” lehen ministroaren izena ezagutuko dugula (hori da bi alderdi nagusien arteko akordiorako oztopo nagusia). Ipar Mazedonian ere Gobernu aldaketa egon da, apirilerako hauteskundeei begira, bi alderdi nagusiak “larrialdi legeak” onartzeko helburuarekin, kontzentrazio Gobernu bat osatu dute. Zoran Zaevek dimititu egin du, eta bere alderdikide Oliver Spasovskik (orain arte Barne ministroa) ordeztu du. Bestetik Austrian ere Gobernua erreformatu dute, Berdeak sartu direlarik. Gertakari hau ez zen gure interesekoa izango, baina Justizia ministro gisa Alma Zadić bosniarra ezarri dute, beraz komentatzekoa iruditu zaigu.

Bukatzeko, hainbat urtez Realeko aurrelari izan zen Darko Kovačević Atenasen tirokatua izan dela aipatu dugu. Heriotza saiakera horren ondorioz, zauri arinak izan ditu Kovačevićek eta hemendik laster osa dadin opa diogu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 118 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako tamburatxook!

Programa hau normala baina laburragoa izango dugu, arazo batzuk direla eta.

Batez ere bi gauza izan ditugu ahotan: Kroaziako hauteskundeak eta Montenegro, ziur aski hurrengo astean ere hitz egingo dugu horretaz. Kroaziako hauteskundeei dagokionez, lehen txanda jokatuta, bi hautagai izan ditugu bi itzulirako, Zoran Milanović zentro-ezkertiarra eta Kolinda Grabar-Kitarović jarduneko lehendakari eskuindarra. Milanović irabazi ditu lehen tandako hauteskundeak, baina guztira eskuineko botoak ezkerrekoak baino gehiago izan dira, beraz ikusiko beharko dugu ea bigarren txandan irabazten duen. Hala ere, lehengoan egon zen telebista bidezko debatean aise nagusitu zen, beraz aukeraren bat izan dezake.

Montenegrora egin dugu gero. Azkenean Montenegroko parlamentuak, Milo Djukanovićen aldeko gehiengoak babestuta, Erlijio-Askatasunaren inguruko Legea atera du, Serbiar Eliza Ortodoxoak asko protestatu duen lege bat. lege honek 1918 aurreko eraikin guztiak Gobernuaren esku geratze aurreikusten du, eta honen bitartez, Serbiar Eliza Ortodoxoak gobernuak honen aldeko eliza ortodoxo propioa sortu nahi duela uste dut. Protesta handiak izan dira, bai Eliza honen aldetik, bai posizioaren aldetik eta bai herritarren aldetik.

Beste bi berri txiki era komentatu ditugu: Kosovon 2018an gertatu zen Oliver Ivanović serbokosovarraren erailketa dela eta egin behar den epaiketa. Bestetik, Serbian Aleksandar Vučić lehendakaria  erretiratuko ote deneko zurrumurruak bolo-bolo dabiltza, eta beraz honen kargua nork beteko inguruan ere zurrumurruak hasi dira. Momentua Ana Brnabić lehen ministroa izan daiteke –orain arte independentea zena, baina Serbiar Alderdi Aurrerakoiaren azken kongresuan honen zuzendaritzaren parte izatera pasa zena, bere papera indartuz-, baina Nebojša Stefanović Barne ministroak ere aukerak baditu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 117 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako guslatxook:

2019ko abenduaren 19koa da programa hau, arazo batzuk direla eta programak egin izan baititugu jarri.

Kroaziako lehendakaritzarako hauteskundeen lehen itzulia hurbiltzen ari da, eta programaren parte gehiena honi eman diogu, inkestekin hasi dugu programa, hiru hautagairen arteko lehia iragartzen dutelarik (Grabar-Kitarović, Milanović, Škoro). Hrvoje Klasić historiagilearen iritzia era ekarri dugu honetara. Hauteskundeez hitz egin dugula, 90 hamarkadan Zagreben sortu zen emakumezko punk talde batez hitz egin dugu, Maxmett taldeaz; talde horretako kide bat, kitarrajolea, Katarina Peović Langile Frontearen hautagaia baita. Peovićen pentsamenduari buruz pixka bat ere hitz egin dugu, gaztetan izan zituen eraginez (Hakim Bey, Bob Black, Komite Ikusezina, Tiqqun).

Kosovora egin dugu gero, eta Gobernua sortzeko zailtasunez gain, Albin Kurtik egin dituen adierazpenak ere hizpide izan ditugu. Kurtik dio Serbiarekin negoziazioei berrekiteko prest dagoela, baina Thaci eta Vučić (hau da, lehendakariak) ez badaude. Honek esango luke berak, Kurtik, Ana Brnabićekin negoziatuko zukeela. Bestetik Edita Tahiri negoziatziale ohi albnokosovarraren adierazpenak ere komentatu ditugu, Tahirik esan du Serbiak Kosovoren independentzia aintzatesten ez badu, gerra egongo dela.

Gerora, historiara egin dugu salto. Bartzelona-Real Madrid partida eta bertan katalan independentistek egin beharreko ekintzak zirela eta (azkenean oso apalak zirenak), komunikabideen parte batek partida horren “Politizazioaren” arriskuez hitz egin dute eta 1990ko maiatzaren eta Zagrebko Dinamoren eta Belgradeko Izar Gorriaren arteko partidaren paralelismoa egin dute, 1990ko maiatzeko Dinamo-Izar Gorria “Jugoslaviako gudak hasi zituen partida” bezala izendatu dute. Ikuskera hori ihardetsi dugu: partida horrek ez zuen gudarik hasi, hauek 1991an hasi baitziren.

Serbiara bertara egin dugu gero. Serbiaren Aldeko Aliantzak (oposizioko alderdi gehienak biltzen dituenak) esan du hurrengo hauteskundeetan ez duela parterik hartuko Gobernuak neurri batzuk hartu ezean. Politikari buruzko azken berria “Balkanetako Schengen txikiari” buruzko berri bat izan da, Albaniak, Kosovok, Ipar Mazedoniak, Serbiak, Montenegrok eta Bosnia-Herzegovinak osatzen duten mugak lausotzeko talde baten ingurukoa.

Irratsaio honek Vlado Georgiev musikaria ezagutarazteko balio izan digu baita ere, bere abesti bat jarri dugu.

Bukatzeko, Emakumeen Eskubaloiko Munduko txapelketa nola amaitu den kontatuko dizugu. Montenegrok eta Serbiak nahiko txapelketa ona egin dute, nahiz eta agian gorago egon zitezkeen.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 116 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako menditxook:

2019ko abenduaren 12koa da programa hau, arazo batzuk direla eta programak egin izan baititugu jarri.

Oraingo honetan, hasi, Peter Handkerekin hasi dugu programa. Handkeri eman dioten Literatur Nobel Sariak errefusa handia eragin du bosnakiarren eta albaniarren artean. Zazpi herrialdek, Afganistanek, Turkiak, Ipar Mazedoniak, Kosovok, Albaniak, Bosniak eta Kroaziak, Handkeri saria emateko ekitaldia boikotatzea erabaki dute. Bestetik, Kosovoko Errepublikak eta Sarajevoko Kantoiko Gobernuak Peter Handke “Non grato” izendatu dute.

Kroaziako lehendakaritzarako hauteskundeekin jarraitu dugu, eta bertan hautagai ezberdinek Franjo Tudjman lehendakari ohiari eman dioten garrantzia (zentro-ezkerreko Milanovićek barne, zienak Jugoslavia “autoritario” bezala jo du) komentatu dugu, eta baita ere fenomeno hau aztertu. Bestetik Miroslav Škoro eskuin muturreko hautagaiari inkestek iragartzen dizkioten emaitzak ere komentatu ditugu.

Kosovoko Gobernuarekin jarraitu dugu gero. Hashuim Thaçi lehendakariak esan du Albin Kurti Vetevendösje alderdiko buruari (alderdirik bozkatuena) man dio lehen ministro izateko enkargua. Antza denez Kosovoko Liga Demokratikoarekin egingo du aliantza Kurtik. Bi alderdiok oposizioko alderdiak dira.

Montenegrora biratu dugu gerora, izan ere, han Gobernuak Erlijio-Askatasunaren inguruko Legea onartzear da, eta Serbiar Elizaren jabetzak jomugan jarri ditu legeak. Serbiar Eliza Ortodoxoaren eta Erromako Eliza Katolikoaren arteko aliantza ikusi dugu Lege berriaren aurka, eta aliantza arraro honen zergatiak azaldu ditugu, izan ere, askoren ustez honen atzean ez dago hainbeste laizismoa, nazionalismoa baino.

Beste alde batetik, laster Ipar Mazedonian hauteskundeak izango dira, eta honen gainean ere hitz egin dugu. GARAko Miguel Fernandez Ibañez kazetariak Ipar Mazedoniako politikari batu buruzko elkarrizketa ekarri dugu. Veljko Misajlovskik VMRO alderdiak hurrengo hauteskundeak aise irabaziko dituela esan du. Mazedoniaren aurka ere, Veneziako Komisioak Gobernuak bultzatu duen Hizkuntzen Legea kritikatu du.

Bukatzeko, Zoran Tegeltija serbobosniarra Bosnia-Herzegovinako lehen ministro izendatu dutela aipatu dugu, nahiz eta Gobernu berria osatu ez duen.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 115 programa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako hodeitxook:

2019ko abenduaren 5ekoa dugu programa hau, lanpetuta ibilita, berandu jarrid ugu hemen.

Hauteskundeekin hasi dugu programa hau, lehendakaritzarako hauteskundeekin. Lehenik, Errumaniakoak aipatu ditugu,Klaus Iohannis jarduneko lehendakariak (eskuina) irabazi ditu hauteskundeok. Gogoan izan behar dugu hilabete bat lehenago, legebiltzarrean zentro-eskuinak gehiengo berri bat osatu zuela zentro-ezkerreko gobernuaren aurkako zentsura mozioa ezarriz. Bigarrenik, Kroaziakoak aipatu ditugu, han lehen txandaren buruan hiru hautagai daude, eta bigarren txandarako bi soilik geratu daitezke. Bi lehendakarigai nagusien (Kolinda Grabar-Kitarović  eta Zoran Milanović) eta ezkerreko kandidatoen (Ivan Pernar eta Katarina Peović) profila errepasatu dugu. Beste alde batetik, eskuin muturreko hautagaia, Miroslav Škoro inkestek hirugarren postuan ezartzen dute.

Boliviara ere egin digu salto bat izan ere, han Jeanine Añez kolpistak Justizia ministro bezala (beraz errepresioaren arduradun eta baita errepresioaren zigorgabetasuna agindu duena) Karen Longarić kroaziar jatorrikoa jarri baitu.

Albanian gertatu den lurrikara ere kontuan izan dugu, hamarnaka pertsona hil baitira han; beste alde batetik herrialde ezberdinek elkartasuna adierazi diotelarik Albaniari. Lurrikara Kosovora zabaldu da. Eta Kosovon ari garenez, Kosovoko Gobernuaren osaketari buruz ere aritu izan gara, piska bat ataskatu egin da, bi alderdi nagusien buruen arteko akordioa falta da eta. Lehen ministro nor izango den da arazo nagusia. Bestetik Nauruk Kosovoko independentziaren aintzatespena erretiratu du, hamaseigarren Estatua da hori egin duena.

Bestetik Ipar Mazedoniak NATOn sartzerako bideari buruz ere hitz egin dugu. Frantziar Estatuak abalatu egin du Ipar Mazedonia NATOn sartzea eta Espainiar Estatua bakarrik falta da.

Bide onean Bosniako Gobernuaren eraketa doa. Urte eta piku ostean Gobernua osatze bidean dago, izan ere, zaila izan zaie hiru etnietako Gobernua izango duten baldintza beteko duen eta gainera parlamentuan gehiengoa duen Gobernu bat eratzea. Azkenean lortu dute, hiru alderdi nazionalista nagusiak ados jarri baitira, eta Zoran Tegeltija, Serbiar Sozialdemokraten Aliantzakoa izango da lehen ministro.

Serbian gertakari arraro bat gertatu da, istilu diplomatiko bat ekar dezakeena. Izan ere kazetari batek errusiar agente baten eta serbiar herritar baten arteko maletin aldaketa filmatu du. Honek adierazten du Serbian errusiar agenteak daudela. Gauza jakina mundu horretan, baina Errusia Serbiaren aliaturik handiena da, eta ikusi beharko da bi herrien arteko harremanari kalte egingo ote dion honek ala ez.

Lehiaketa “kultural” bat ere aipatu dugu, Eurovision. Hungarian abesti-lehiaketa honetara ez joatea erabaki du, eta Mendebaldeko komunikabide askok hau “erabaki homofobotzat” hartu dute. Hori izan al da benetako arrazoia.

Azkenik, kiroletako tartean, Munduko (emakumeen) Eskubaloi Txapelketari eman diogu tartea. Bost talde balkaniar daude, Errumania, Eslovenia, Hungaria, Montenegro eta Serbia.

Entzun gure programa hemen: