TESLA ORDUA, 70 IRRATSAIOA

Macedonians early parliamentary electionsKaixo, kaixo balkanzaleok!

Uda gogor baten ostean, hemen dago berriz Tesla Ordua! Aurten erronka edo herrenka gogorragoa izango dugu, izan ere, gure agendak asko estutu baitira, eta gure irisgarritasuna mugatu. Lehen adibidea, programa hau dugu, diferituta eskaintzen ari baitizuegu. Izan ere, igandean grabatu behar izan dugu antenara ostegunean iritsi den programa, hain zuzen guk programan oraindik zabalik utzi izan ditugun gauza batzuk, jada zuek entzun orduko itxita egongo direnak. Hona arte, herrenak.

Erronkak, 97irratian estudio berria izatean datza. Estudio berriarekin, grabaketen kalitatea hobea izatea espero dugu. Hala, Tesla Ordua beste jende gehiagorengana iristea espero dugu, hori ere badugu gure erronka.

Gaurkoan (edo herenegunekoan) gurean nagusi Mazedoniako erreferenduma izan da. Bertan apirilean Zoran Zaev lehen ministroak Greziarekin lortutako izen-aldaketaren inguruko akordioa bozkatzen zen, baina “tranpatxo” batekin: adi berean EBko eta NATOko kide izatea galdetzen baitzen: “Nahi al duzu Mazedonia EBren eta NATOren kide izatea Greziarekin sinatu zuen akordioa onartuz?”. Esan bezala, programa igandean grabatu genuenez, emaitza definitiboak ez ziren gure esku oraindik, baina aurreneko datu batzuk ematekoak ginen, eta jada igande arratsaldean bertan argi zegoen gertatuko zena: partehartzea ez zela gutxieneko %50ra iritsiko, beraz galdeketa baliorik gabe geratuko zela. Mazedoniako alderdi gehienek (tartean Gobernuko Alderdi Sozialdemokrata, zein alderdi albanomazedoniarrek) baiezkoa eskatu zuten, oposizioko VMROk jarraitzaileei “boto askatasuna” eman zien artean. Hain zuzen ere, herriaren portzentaje han txikiak botoa eman izanak, Gobernuaren eta herriaren arteko konfiantza falta nabarmena erakusten du.

Segituan hurrengo astean (urriaren 7an) burutuko diren Bosniako hauteskundeen inguruan aritu izan gara. Bost erakunderen konposaketa erabakiko dute Bosnia-Herzegovinan; hiru Bosnia-Herzegovinako Federazioan (musulmanen eta bosnokroaziarren aldean) eta lau Republika Srpskan (serbobosniarren aldean): Bosnia-Herzegovinako hiru lehendakariak (bietan), Bosnia-Herzegovinako Parlamentua (bietan), Federazioko Parlamentua (Federazioan soilik), Republika Srpskako lehendakaria eta Republika Srpskako Parlamentua (azken biak Republika Srpskan soilik). Hauteskunde sistema konplexuegia da eta, honi eman diogun tartea sistema azaltzen eman dugu, besterik ezean. Hurrengoan, hauteskundeak pasata sartuko gara alderdiak, hautagaiak eta emaitzak azaltzearekin.

Bestetik, azken asteotan izandako azken berriarekin, Kosovora joan gara. Ostiralean, hau da, guk programa egin baino egun batzuk lehenago (baina zuek entzun baino aste bat lehenago) manifestazio handi bat izan zen Prištinan Vetëvendosje alderdiaren manifestazio handi bat izan zen, Gobernuaren “traizioa” salatuz eta UÇKren aldeko oihuekin, Serbiarekiko negoziazioak deitoratuz. Zurrumurru handiak daude bertan mugen aldaketa negoziatzen ari direnaren inguruan, eta hain zuzen, hura salatzeko zen manifestazio hura (serbokosovarrak nagusi diren tokietan ez dute Prištinako Gobernuaren agintea onartzen, eta trukean, honek mugakide diren albaniar gehiengodun herriak eskatu ahal ditu). Bestetik, Hashim Thaçi Kosovoko lehendakariak, halako zurrumurruak isiltzeko edo, gehiengo serbokosovarra dagoen Zubin Potok herrira bidaia egin du, eskolta armatu handia eramanaz. Serbokosovarrek halako keinua probokazio bezala ikusi dute. (Ipar Kosovon, Kosovoren Gobernuaren instituzioaren ez daude presente).

Aurtengoa uda-bueltako lehen programa izan da, beraz, “atzeratutako lan” pixka bat hona ekarri dugu. Horien artean, adibidez, Kroaziako futbol taldeak (gizonezkoen) Munduko Txapelketan lortutako zilarrezko dominari buruz. Udako oporretara joan aurretik ere hitz egin genuen Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak egin zuen irudi publikoko kanpainaz. Hala ere, txapelketa pasa eta berehala, Zlatko Dalić hautatzaileak politikariak kritikatzen zituen gutun bat atera baitzuen. Bestetik, gurena oso kritikatua izan da Grabar-Kitarović errefuxiatuen edo LGBT gutxiengoen kontrako politikagatik. Hala ere, kontuan izan beharra dugu, gutxiengo etnikoen (serbiarren) egoera ere inoiz baino okerragoa dela, gurean aipatzen ez den arren. Tamara Opačićek egindako txosten batean hura aipatzen da. Txosten horretaz eta ondorioez ere aritu izan gara: txosten hori idatzi ondoren, eskuin zein eskuin muturreko zenbait pertsona ezagunek (tartean Marko Perković “Thompson” abeslari faxistak) Opačićen kontrako salaketa jarri baitute, txostenean “difamazioa” zela argudiatuz. Oso ekzkagarria da hau, eta kezkagarria hain justu hau izatea Grabar-Kitarovićen Kroazian gaizki pasatzen ari diren pertsonen inguruan kritikatzen ez den diskriminazio bakarra.

Bestetik, baita aipatu dugu Montenegron, Podgorica udalerritik, albaniar gehiengoa zuen Tuzi herria banandu egin dela eta udalerri berria osatu duela. Hau alde batetik emakida politiko bezala uler daiteke, baina baita ere kontuan izan behar dugu Tuzi herria albaniarrentzat garrantzitsua zela, izan ere, 1911an albaniarren eta Turkiar Inperioaren arteko borrokaldi handi bat eman zen bertan (1911an Montenegro independentea zen, baina ez egungo mugekin).

Bestalde, kirolekin bukatu dugu. Alde batetik, Belgradeko derbia aipatu dugu: JNA estadioan Partizanek eta Izar Gorriak bana berdindu zuten: Ricardo Gomesek zuribeltzak aurreratu zituen, eta auzokoentzat Richmond Boakyek berdindu zuen, polemikaz betetako gol batean; buruz errematatu zuen, baina ez dago argi baloiak marra osorik gainditu bazuen Vladimir Stojkovićek gelditu aurretik. Batzuek baietz, besteek ezetz… betiko polemika. Izar Gorriak lidergoan jarraitzen du bost puntuko abantailarekin, nahiz eta polemikak soka luzea izango duen: Stojkovićek adibidez “sistema osoa Izar Gorriaren mesedetan dago, lotsa ematen dit Estatu honen parte izatea, pasaportea itzuliko dut” esan zuen. Bestalde, Novak Djokovićen berri eman dugu: Wimbledon eta US Open txapelketa handiak irabazita, usteari bukaera bikaina eman dio, eta guztira 14 Grand Slam txapelketa pilatu ditu.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 64 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, kolo-dantzariok!

Aste honetan hainbat gai ekarri ditugu gurera. Lehengoa, noski, Greziako lehen ministro Tsiprasen eta Mazedoniako lehen ministro Zaeven arteko akordioa izan da. “Ipar Mazedonia” deituko da Mazedonia hemendik aurrera. Guk hemen hori zergatik izan denetan zein erreakzio piztu dituen azaldu dugu.

Honekin jarraituz, joan den astean Serbiako lehendakari Aleksandar Vučićek esandako adierazpen batzuei buruz Euskal herrian eta Katalunian egin den irakurketari buruz aritu gara. Vučićek Konstituzio aldaketari buruz hitz egin du, “Kosovorekin harremanak normalizatzeko” eta galdeketa baten aukera aipatu du. Askok, “Serbiak Kosovoren independentziaz galdetuko du” gisan interpretatu du mezu hori. Eta Serbiaz ari garela, Kosovon eraildako Oliver Ivanović politikariaren hileta ikertzen ari zen Stefan Cvetković kazetaria desagertu egin da. Polizia bere bila dabil. Guk hemendik onik egotea espero izatea besterik ezin dugu egin.

Iparralderago egin dugu salto hurrengoan. Hiru berri kontatu ditugu. Lehena, Esloveniako hauteskundeak, Esloveniako Alderdi Demokratikoak irabazi dituela, Janež Janša buru. Berau, gaztetan “ezker pazifistako disidentea” zian zen, gerora, Esloveniako independentzia gidatu zuenetako bat, eta egun, eskuin kontserbakorrean kokatzen den pertsona bat dugu. Bigaren berria, Bosnia-Herzegovinan, gudan Bosniako armadaburu izan zen Naser Orić epaitzeari buruzkoa izan da. Orić zibil serbobosniarren kontrako krimenak direla eta errugabe deklaratu zuen Bosniako epaitegiak azaroan, baian orain bere kontrako auzia berriz ireki da. Eta azkenik Kroaziaz hitz egin dugu, han eskuin muturreko “Herriak erabaki” plataformak, asteazkenean, Parlamentuan Konstituzioa aldatzeko herri-ekimen legegile baten sinadurak aurkeztu baititu. Ekimen horretan, gutxiengo etnikoen ordezkari deiren alderdietako legebiltzarkideek Gobernuaren osaketari buruzko bozkaketetan (inbestiduran, konfidantza-mozioetan eta zentsura-mozioetan) eta aurrekontuen legea bozkatzerakoan, ezin bozkatzea proposatzen da, “Kroaziarentzat erabakigarriak diren legeak soilik nazio kroaziarraren ordezkariak bozkatu ahal izatea” argudioarekin. Herritarren arteko ezberdintasun hau proposatzea guk oso arriskutsu jotzen dugu. Orain auzitegiek erabaki behar dute legezkoa edo konstituzionala ote den halako proposamen bat egitea, eta baietz ebazten badute erreferendum bat deituko dute.

Azkenik, (gizonezkoen) Munduko Txapelketaz hitz egin dugu. Bi selekzio ditugu, Kroazia eta Serbia. Lehenak, Nigeria, Argentina eta Islandia izango ditu aurkari; eta bigarrenak, Brasil, Suitza eta Costa Rica. Kroaziak larunbatean, arratsaldeko 9etan debutatuko du Argentinaren kontra, eta Serbiak igandean, eguerdiko ordubietan, Costa Ricaren aurka. Eta futbol txapelketez ari garela, Aintzatetsi Gabeko Taldeen (gizonezkoen) Munduko Txapelketaz hitz egin dugu. Garaileak, Ukrainako gutxiengo hungariarraren taldekoak izan dira, eta berri hori ere aipatu egin dugu.

Entzun gure programa hemen: 

Tesla Ordua, 60. irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Adriatikoko olatutxook!

Lehenik eta behin gaurkoan barkamena eskatu behar dugu, arazo tekniko batzuk izan direla eta aurreko bi asteetan ezin baikenuen programarik egin.

Hurrengo aste honetan hainbat gai ekarri ditugu gurera. Alde batetik, lehenik eta behin, Sofian Europar Batasunaren eta “Balkanetako Seien” (hau da, EBn sartu nahi duten Balkanetako kideen artean: Albania, Bosnia, Kosovo, Mazedonia, Montenegro eta Serbia) goi-bilkura izan da. Bertan parte hartu dutenek “partaide” moduan hartu dute parte, ez Estatu moduan, hain zuzen ere, Kosovoren parte-hartzeagatik (denek ez dute Kosovo Estatu gisa aintzatesten). Espainiako lehen ministro Mariano Rajoy bertara “ez agertzeak” ere komentarioak piztu ditu. Rajoyren “ez agertzea” askok Kosovorekin (Espainiak ez du aintzatesten) lotu dute, Kosovorekin mahai berea eseriz ea aldebakarreko independentziaren zilegitasunari atea zabaltze bezala uler zitekeelakoak (Katalunia atzean). Hala ere, ñabartu behar dugu Rajoy bera, goi-bilkura horretan izan dela sesio batzuetan, nahiz eta bukaerako argazkian ez agertu. Bestetik, Kosoovoko lehen ministro Ramush Haradinajk Espainiaren batasunaren aldeko adierazpenak egin zitu, Kosovoren eta Kataluniaren kasuek “zerikusirik ez dutela” esanaz. Honen inguruan ere egin dugu gogoeta.

Kosovorekin jarraituz Vetevëndosje (Autodeterminazioa) oposizioko alderdiaren zatiketa eman izan da, eta alderdi horretako 12 diputatuk Alderdi Sozialdemokrata deitutako alderdi txiki ia aktibitaterik gabeko batekin bat egin dute. Pristinako alkatea izango da alderdi honen buru berria.

Montenegrora egin dugu salto gero. Montenegron, Vijesti egunkariko kazetari bat, Olivera Lakić, tiroz zauritua izan zen. Lakićek tabako mugausketari buruz zenbait erreportai egin izan ditu. Kontuan hartu behar dugu legez kanpoko tabako salmenta Montenegroko enpresa handi guztiekin eta baita ere Gobernuaren hurbileko jendearekin lotura duen iharduera bat dela, eta Lakićen erreportaietan halako jendea aipatzen zela, beraz hori izan daiteke erasoaren arrazoia. Lakić zaurituta baina onik dago. Montenegron jarraituz, aurten ospatzen da 1918an Montenegrok Serbiarekin bat egitea erabaki zueneko Podgorican burututako Montenegroko Serbiar Herriaren Asanblada Handia. Ospakizun historiko honek ere polemika txiki bat sortu du Budva hirian, oroimen historikoari buruzko interpretazio ezberdinak dituzten pertsonen artean.

Kroaziara egin dugu saltoa gero. Izan ere, Kroazian proposamen oso kezkagarri batekin egin dugu topo. Narod odlučuje (“Herriak Erabaki”) plataformak sinadura bilketa hasi du Kroaziako Konstituzioan erreforma berri baten inguruko herri galdeketa egin ahal izateko. Galdeketa horretan, 72.a artikulua gehitzea proposatzen dute. Proposatutako artikulu horren arabera, gutxiengo etnikoen (serbiarren, musulmanen, hungariarren, italiarren eta abarren) alderdien ordezkariek eskubidea izango dute Kroaziako Legebiltzarrerako aukeratuak izateko eta honen barruko “eskumen guztiei buruzko bozketetan parte hartzeko, Gobernuaren osaketari buruzko eta aurrekontuen legeari buruzko bozketetan izan ezik”; hau da, Legebiltzarraren funtzio garrantzitsuenetatik (konfidantza zein zentsura mozioetatik, aurrekontuen legea bozkatzetik…) kanpo geratuko dira baldin eta proposamen honek aurrera egiten badu. Horrez gain, diputatuen artean halako diskriminazio nazionala ezartzeak aurrekari oso garrantzitsu bat jarriko zukeen. Kroaziar Eskubideen Alderdiak, eskuin muturrekoak, eta honen lider Anto Djapićek galdeketari babesa eman diote. Honekin jarraituz, aurten, hirugarren urtez jarraian, Kroaziako serbiarren, judutarren eta partisano ohien elkarteak boikotatu egin du Gobernuak Jasenovaceko esterminio-esparruan hildakoen omenez egindako omenaldia, Kroaziako gobernuak oroimen historikoa behar den bezala lantzen ez duela eta zenbat adierazpide faxistari bide egiten diela argudiatuz.

Bukatzeko, Kataluniara egin dugu salto. Jakina da Kataluniaren independentzia edota autodeterminazio-eskubidearen inguruko  eztabaidan, aurkari politikoa “serbiarra” bezala izendatzeko joera (Katalunian edota Espainian bakarrik ematen ez dena) handitu egin dela, Hala ere, aurreko asteburuan CUP ezker antikapitalistako bi ordezkarik, Quim Arrufatek eta Manuel Delgadok egin zuten. Lehenak, Kataluniako independentzia eta herri balkanikoena konparatzeko joerari erantzunez “orduan Espainia Serbia al da? Genozidio bat egiteko prest al daude?” itaundu zuen, eta bigarrenak Ciudadanos alderdiaren “izaera serbiarra; hots, biolento, eta nazionalista fanatikoa” gaztigatu du. Ikaragarriak iruditzen zaizkigu ezkerreko alderdi batetako ordezkari bik nola izan dezaketen Balkanekiko kontakizun ofizialaren ikuspuntua edo nola lotu ditzazketen zenbait ezaugarri negatibo herri jakin baten “izaerarekin”. Honi buruz ere eztabaidatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 51 irratsaioa

97 irratia ikurraKaixo, Balkanetako zeruetako hodeitxook!

Gaurkoan, berriz ere Greziaren eta Mazedoniaren negoziazioen inguruan aritu izan gara. Hain zuzen ere, kasu honetan, negoziazio horien aurka, edo negoziazio horietatik atera daitekeen balizko konponbidearen aurka (Mazedoniari “Mazedonia” izena erabiltzea baimena emango dion akordio baten aurka) greziar nazionalistek Atenasen egin duten manifestazio handiaren inguruan aritu izan gara. Manifestazioa batez ere eskuin nazionalistako alderdiek (Egunsenti Urrekara alderdi naziak barne) bultzatu dute, baina ezkerreko pertsonak ere egon dira: Zoi Konstantinopolou Parlamentuko lehendakari ohia edo Mikis Theodorakis musikagile komunista tartean. Arazo honek Grezian bertan ezkerra zein eskuina hunkitzen ditu, eta hain zuzen ere Syrizaren Gobernuari arrakasta (akordio zail bat lortu izana) garraztu ahal dio.

Hurrengo berria, Europar Batasunak Balkanetara egingo duen hedapena izan da, Serbia eta Montenegroren hautagaitzek helburua lortzeko epemuga 2025 urtean jarri du. Hau Serbia presionatzeko modu bat izan da, izan ere, Europar Batasunak behin baino gehiagotan esan baitio Belgradi “ala Errusia ala gu, biekin batera ez”. Serbiak aldi berean harreman onak ditu Errusiarekin, beraz, erabakia behartzeko modu bat izan daiteke. EBk, Albania eta Mazedonia ere hautagaitzat hartu ditu, ez ordea ez Bosnia ez Kosovo.

Hirugarren gaia Nataša Kandić izan dugu. Serbiako “Giza Eskubideen Mugimenduaren” pertsona hau AEBtako bi kongresistek, Eliot Engel eta Roger Wicker jaunek, Bakearen Nobel Saria jasotzeko hautagai bezala proposatu dute. Berri hau erbian ez da oso ondo hartu, izan ere Kandić atzerritik guda justifikatzeko “Serbiaren erruaren narratibaren” jarraitzailetzat baitute.

Bukatzeko bi berri txiki aipatu ditugu: alde batetik Britainia Handirako migrazio-bidea Frantziatik itxi ondoren, albaniar migratzaile asko Zierbenako portuan ferry bat hartzearen zain pilatzeak dakarren krisi humanitario txikia, eta bestetik, Bosnako hiruko lehendakaritzako kide bosnakiarrak, Bakir Izetbegović jaunak egindako adierazpen batzuk: Izetbegovićek ezinezko jotzen du bake bidez Bosnian kroaziar entitate politiko bat sortzea (bere ustez populazio bosnakiarra eta bosnokroaziarra oso elkartuta daudelako) eta horretarako balizko bide bakarra guda dela adierazi du.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 47 irratsaioa

tesla-orduaKaixo balkanzaleok!

Gaurkoan, bi berri nagusi ekartzen dizkizuegu. Lehenik eta behin, Kosovon, Gerra Krimenak epaitzeko Nazioarteko Epaitegiaren polemika dugu. Hau, EBren proposamena izan zen, eta orain AEBk lagundu du, Kosovon izan ziren krimenak epaitzeko asmoarekin sortu behar zen epaitegi bat dugu. Hasieran Kosovoko Gobernuak baiezkoa eman zion (bai leehndakaria zein lehen ministroa UÇKko kide ohiak dira), baina oposizioaren protestak direla eta, etzera egitear da. Gobernuan, gainera Srpska Lista, Belgradeko Gobernuaren hurbilekoa den alderdia dugu, eta oposizio nazionalistarentzat horrek gauzak larriago egiten ditu. Ikusiko beharko da arrazoiakzeintzuk diren, baina badirudi Kosovoko populazioaren sektorerik nazionalistena beldur dela ea Epaitegi hori eratzen bada, eta nazioarteko jurisdikzioaren pa badago, ondorioak egun indarrean den bertsio nazionalistaren aurkakoak ez ote diren izango.

Bestetik, beste berri abtzuen artean, kirol arloan NK Rudeš talde kroaziarraren ibilera komentatu dugu. Talde hori Alavesekin hitzartuta dago. Kroaziako lehen mailan dago, baina 20 partida jokatuta bi soilik irabazi dituenez, azken postuan dago (10 talde dira Kroaziako Ligan, eta bakoitzak lau aldiz jokatzen du aurkari baoitzaren kontra, 36 partida guztira). Orain arte, Iñaki Alonso bizkaitarra izan dute entrenatzaile, baina kargutik kendu egin dute, Alaveseko jokalari ohi Dinko Jelicic entrenatzaile berria izango delarik.

Bukatzeko, hzkuntzalaritzari buruz ibili gara, izan ere, Vienako bi hizkutnzaririk, Joachim Ratzinger eta Stefan Schumacher izenekoek albaniera ilirieratik ez datorrela frogatu baitute. Euren ikerketa egiteko XVII mendeko Pjeter Bogdaniren testuak erabili dituzte. Albanieraren eta ilirieraren arteko harremanaren aldeko tesia erabat nagusi da Albanian, bai Estatuaren aldetik zein bertako komunitate zeintifikoaren aldetik

Entzun gure programa hemen: 

 

Tesla ordua, 42 irratsaioa

MladicEgunon Balkanetako basotxook!!

Gaur, Ratko Mladići buruz hitz egin dugu. Jakin duzuen moduan, asteazken honetan Mladići bizi osorako zigorra jarri dio Hagako Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor-Epaitegiak, “genozidioa” eta “garbiketa etnikoa” egotzita, batez ere Srebrenicako hilketak agintzea leporatzen diote.

Sententzia honen zergatiak eta kausak aztertzen saiatu gara, baita ere Srebrenicaz eman izan ohi diren zenbakiak, eta Hagako sententziaren eta sententziaz egiten diren prentsa-komentarioen atzean dagoen ideologia. Bosniako Gudaren arrazoiak eta eboluzioa ere aztertu dugu.

Bukaerako minutuan, Balkanetako egunekoari errepasoa eman diogu, Esloveniako lehendakaritzarako hauteskundeei batez ere. Bestetik Mazedonian Eliza Ortodoxoak eman duen azken pausua ere komentatu dugu.

Hona irratsaioaren podcasta:

 

Tesla ordua, 37. irratsaioa

IMG_19032016_171445Kaixo!

Gure azken irratsaioan berri nahiko txundigarri batekin etorri gara. Izan ere, Bosniako Auzitegi Gorenak, 1992-1995 urte arteko gudan Bosnia-Herzegovinako Errepublikako Armadaren buru izan zen Naser Orić errugabetzea eta aske uztea erabaki du, biktima serbobosniarrek Orić hainbat eta hainbat jenderen heriotzaren erruduntzat jotzen badute ere. Orić Srebrenicako hiri “babestuaren” (NBEren babespea) arduradun militarra da, eta bere kontrakoen 1992 eta 1993ko Gabonetan (batez ere) inguruko herri serbobosniarretako jendea milaka hiltzeaz leporatzen dute. Orić errugabetzeak Bosnia-Herzegovinan hainbat erreakzio ezberdin piztu ditu. Horiez mintzatu gara eta baita ere Srebrenican gudan zehar gertatutakoaz eta horri buruz dauden hainbat bertsioez.

Beste alde batetik, epaiketatik epaiketara egin dugu salto. Montenegron, ustezko Estatu-kolpea dela eta, oposizioko buru bat, Milan Knezević epaitzen ari dira. Knezevićek dio beraren kontrako epaiketa “politikoa” eta “serbiarren kontrako jazarpena” dela. Epaiketa hau Montenegro NATOn sartzeak sortu duen herri haserrearen testuinguruan kokatu behar dela deritzogu.

Bukatzeko, kirolei egin diegu tartea, eta bertan Europako (gizonezkoen) Futbol Txapelketarako sailkapen faseaz hitz egin dugu. Kostata, baina gure ordezkari batek, datorren urtean Errusian egoteko txartela lortu du, Serbiak, Georgiari irabazi beharreko partida 1-0 irabazi ostea. Beste jugoslaviar talde ohi batek, Kroaziak, bigarren aukera jokatuko du. Balkanetako hirugarren talde batek, jugoslaviarra ez izan arren ere hirugarren aukera hori izango du: Greziak.