Tesla Ordua, 101 kapitulua

tesla-ordua ikurraKaixo euskaldun eta balkaniarrok, bozkatzaile zein abstentzionistok!

Oraingoan, noski, gure irratsaioa hauteskundeei eman diegu, batez ere Europako hauteskundeei. Balkanetako eta periferiako herrialdeen nondik-norakoak komentatu ditugu, eta ondorio nagusi bi atera ditugu: a) Balkanetako eta periferiako herrialde guztietan Europako Partidu Popularraren kide diren alderdiek irabazi dituztela hauteskundeak; eta b) eskuin muturra herrialde hauetan ez dela hain garrantzitsua izan.

Bestetik, Kosovoko krisi politiko-polizial berria izan dugu mintzagai. Aste honetan hainbat adierazpen izan dira Kosovoren inguruan (politikarienak, elizgizonenak…), baina asteartean izan zen operazio poliziala izan dugu batez ere mintzagai.

Beste berri batzuk ere izan ditugu: alde batetik Bosniako lehendakarien artean izan den azken dema (eta Bosniako Gobernua oraindik osatu gabe!): Željko Komšić lehendakari bosnokroaziarrak Milorad Dodik lehendakari serbobosniarraren kontra helegite kriminala jarri du azken honek antolatu duen desfile batean, bosniar soldaduen Republika Srpskako Armadaren uniformeak erabili dituela eta. Bestetik, Serbiak Huawei konpainiarekin kolaboratzen jarraituko duela esan du. Azkenik, Ipar Mazedonian, 2015ean Kumanovon tiroketa batean parte hartu zuten albanomazedoniar batzuen kontrako epaiketaz ere aritu gara.

Bukatzeko, kirolei buruzko bi berri komentatu ditugu: Serbiako Kopako finala Partizanek Izar Gorriri 1-0 irabazi izana, eta bestetik, Mostarko Velez berriz Lehen Mailan ikusiko dugula.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 100. programa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako ehuntzaileok!!

Oraingoan gure 100. irratsaioa egin dugu, beraz esan dezakegu hiru urte hauetan, Tesla Ordua fin-fin ibili dela, eta bere helburu bat (irautea) lortu duela. Ikusi beharko dugu gorengo helburu bat, hots, eragina izatea, lortu duen; baina hori gure entzuleek erabaki beharko dute.

Gaurkoan programa ordu betekoa baino luzeagoa atera zaigu. Ez da harritzekoa, izan ere europar hauteskundeak bertan ditugu eta hauei buruz hitz egin dugu. Balkanetako eta periferiako herriak kontutan izanik, zazpi herriren berri eman dugu: Bulgariaren, Errumaniaren, Esloveniaren, Hungariaren, Greziaren, Zipreren eta Kroaziaren menpe. Azken honen gainean zentratu gara gehien, bai Milorad Pupovac serbiar gutxiengoaren hautagaiak eraso berriak sufritu dituelako, eta bai europar figura politiko handiak (Angela Merkel eta Frans Timmermans, tartean) hara kanpaina egitera joan direlako. Merkelen mitinak gainera oso irudi itsusia utzi du Marko Perković Thompson abeslari faxistaren abestiak jarri baitituzte.

Beste berrien artean, Bulgariako lehendakari Rumen Radevek Bulgariako Gobernua eta Sofiako Udala kritikatu ditu bulgariar faxistekin onberegiak izatearren. Faxismoarekin edo hau zuritzearekin jarraituz, kroaziar bi ministrok, Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak egin bezala, Bleiburg bisitatu dute, non 1945an partisanoek “hildakoen omenezko soldaduen” (faxistak gehienak) monumentu bat dagoen.

Beste berrien artean, Kosovoko gatazkarekin jarraitzen dugu, aste honetan Kosovoko Parlamentuak 1998-99 “Serbiak egindako genozidioa” definitzen duen mozio bat onartu du, Kataluniako Generalitatak Bartzelona eta Sarajevoren artean 2030ko Neguko Joko Olinpikoak batera antolatzeko asmoa erakutsi du, eta Serbiako (gizonezkoen) futboleko Koparen inguruan, Izar Gorria eta Partizan elkartzen dituenaz, hitz egin dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 99 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako ibaitxook!

Gaurkoan berri askorekin etorri gara, eta ez soilik Tiranan eta Belgraden izan diren protestak, edota Kosovoren inguruko negoziazioak, hauei buruz ere aritu bagara ere (berri interesgarri bat izan dugu hemen, izan ere AEBk Kosovori esan dio “gerra kriminalak” ez dituela Kosovoko gobernuan onartuko; eta AEB eta Kosovoren arteko ika-mika hauek albiste berria dira). Berri gehiago ere baditugu.

Berri hauetako bat Montenegron gertatutakoa da. ESLAk Montenegro “demokraziarako aurrerapenean eredugarria” dela esan du. Berri nahiko bitxia, batez ere kontutan hartzen badugu aste honetan oposizioko bi lider, Andrija Mandić eta Milan Knežević bost urteko kartzela-zigorraz zigortu dituzte. Kuriosoa “demokrazia eredugarri” batean…

Bestetik, Patxi Aita Santuan Balkanetara egin duen bisitaldiari buruz ere aritu izan gara. Ipar Mazedonia eta Bulgaria bisitatu ditu (Ipar Mazedoniaren kasuan, lehen aldia da herrialdea independente denetik Aita Santuren batek bisitatzen duena). Bestetik, II Mundu Gudan zehar Zagrebeko kardinal izandako eta gero Jugoslavia Sozialistako epaitegiek zigortutako Alojzije Stepinac kardinala santu egitearen kontra agertu da. Kroaziar nazionalistek eta kroaziar Eliza Katolikoak Stepinac ikur bezala dute, baina kontutan hartu beharra dago erregimen faxistarekin kolaboratu zuela.

Memoria historikoa ere pixka bat landu dugu. Izan ere, maiatzaren 9an, Garaipenaren Egunean, Kroaziako lehendakari Kolinda Grabar-Kitarović, Bleiburgera joan zen, partisanoek hildako “Kroaziar iheslariak” (asko eta asko faxistak) omentzera. Bleiburg, kroaziar diaspora faxistan ikur bat izan zen, eta irakurketa desitxuratuak egiten zituzten, bai zenbakiak handituz, eta bai han “komunistek kroaziarrak hiltzen zituzten” bezalako irakurketak plazaratuz (han atxilotutakoak edota hildakoak faxista izatearren baino etniagatik hilko bazituzten moduan). Kroazia independente berriko agintarien, Bleiburg Jasenovacen pare ezarri nahi zian dute, bai “komunismoa eta faxismoa parekoak dira” ideologiari men eginez, eta bai ustashen krimenak erlatibizatuz. Hor kokatu dugu Grabar-Kitarovićen bisita, probokaziotzat jo duguna.

Azkenik, kirolen inguruko berriekin bukatu dugu. Hemen nagusiki, Joseba Vivanco kazetariak GARAn Belgradeko Partizani buruz ateratako artikulu batez hitz egin dugu, Partizan taldearen historia kontatzen duena. Bestalde, (gizonezkoen) Italiako Giroan, Primož Roglič esloveniarra sailkapen nagusiko lehen postuan dugula aipatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 98 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako hondartzatxook!

Aste honetan, batez ere Ipar Mazedoniako hauteskunde presidentzialez aritu izan gara. Mazedoniarrek hurrengo urteetarako lehendakaria aukeratu dute, Stevo Pendarovski, SDSM alderdikoa. Prespako Itunarekiko, orain arteko lehendakari Gjorgje Ivanovek baino jarrera malguagoa izango duela espero dute mazedoniarrek.

Bestetik, ia asteroko gaia kontatu dugu, hots, Kosovoren eta Serbiaren arteko negoziazioak. Azkenean Berlinen batu zian dira. Ez da emaitza handirik izan, EBren presioa izan bada ere. Hala ere, Kosovok (ematen duenez AEBren presioaren ostean), serbiar produktuen gaineko %100eko zerga kentzea erabaki du.

Bosniako Gobernuaren gainean ere hitz egin dugu, antza denez, hiru alderdi nazionalisten arteko elkarrizketek jarraitzen dute, baina NATOren kidetza auzian ez datoz bat, beraz negoziazioak zaildu egin dira. Bestetik, Serbian eta Kroazian gutxiengo nazionaleko kide batzuen kontra egindako eraso batzuk ere komentatu ditugu.

Azkenik, kirolei dagokienez, Izar Gorriak Serbiako Liga irabazi duela (taldeak irabazten duen 30. Liga) eta Luka Jovićek hurrengo urtean agian Real Madrilen joka dezakeela kontatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 97 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako basotxook!

Oraingoan hainbat berri izan ditugu, mota askotakoak gainera. Hasi, Ipar Mazedoniako presidentetzarako hauteskundeekin hasi gara. Lehia estua Pendarovski SDSMkoaren eta Siljanovska-Davkova VMROkoaren artean. Kanpoan geratutako Blerim Reka albaniar hautagaiak ez du bigarren itzulirako kontsignarik eman, baina bera babestu duen alderdietako batek “boto askatasuna” eman du. Bestetik, Pendarovskiren eta alemaniar kazetari baten arteko ika-mikak asko gaiztotu du egoera.

Aste Santu Ortodoxoaz ere aritu izan gara, joan den igandean erlijio kristau ortodoxoaren jarraitzaileek Bazko Eguna ospatu baitzuten.

Berri historiko batzuez ere aritu izan gara: tartean, Francesc Bayarri valentziar kazetariak Vjekoslav Luburić ustasharen inguruko liburu bat atera baitu. Bayarri aspaldi ibili izan da Luburićen eta hau hil zuen Ilija Stanićen urratsen atzetik, eta oraingoan datu berriak atera ditu, Luburićen artxiboa ere lortu baitu. Pixka bat hitz egin dugu Jasenovaceko esterminio-eremua zen infernu horretako zuzendariaz eta Valentzian eman zituen bere bizitzako azken urteez.

Beste gai errepikakor bat Kosovoren eta Serbiaren arteko negoziazioena (edo kasu honetan, negoziazioen faltarena) da. Hashim Thaci Kosovoko lehendakariak dio, Berlinen izango omen den aldebiko goi-bilkura esperatuan soilik “Serbiak Kosovoren independentzia aintzatestea espero duela”. Bestetik, Ipar Kosovon hauteskundeak deitu izan dituzte, Srpska Lista (Belgradeko Gobernuari lotuta dagoen alderdia) da faborito, nahiz eta esan duen karguak ez dituela hartuko (bi Gobernuen arteko negoziazio-klima hotzaren erakusgarri). Beste alderdi serbokosovar batek, bere aldetik, Belgradeko Gobernuaren Poliziak egin dion presioa salatu du.

Serbian bertan, protestak gelditu ez diren arren, Aleksandar Vučićen posizioren indartzeaz ere aritu izan gara: lehengo larunbatean 150.000 aldeko atera zituen kalera, eta Xi Jinping Txinako lehendakariarekin aldebiko topaketa izan zuen Txinak antolatutako foro ekonomiko batean parte hartzen zuelarik.

Azkenean, kirolei buruzko bi berri izan ditugu: Belgradeko Derbi Handian (160. aldiz jokatu da) Izar Gorriak Partizani 2-1 irabazi dio, eta kroaziar batek kotxe bat bultatzearen Guinness Errekorra gainditu du.

Entzun gure programa hemen: