Kroazierazko Wikipedia: Eskuin muturraren propaganda tresna? (II)

Aurreko post honetan hitz egin genuen Kroaziako ideologi testuinguruaz eta eskuin muturra nola islatzen zen kroaziar gizartean.

Baina nola islatzen da eskuin muturraren ideologia kroaziar Wikipedian?

Wikipedia bitxi honetan, hainbat talde dituzte jomugan, adibidez, Kroaziako serbiar etniako hiritarrak, komunistak/partisanoak, jugoslaviarzaleak (askotan “jugokomunista” edo “Jugoboltxebike” bezalako hitzak erabiliz, hau da, kroaziar komunisten kroaziartasuna ukatuz) edota gay eta lesbianen komunitatea; guzti hauek gupidarik gabe erasotuak dira.

Titori omenaldia Kumrovec bere jaioterrian. Ospakizun antifaxistak edo partisanoak kroazierazko Wikipediaren jomugan daude. (Iturria: sweetandsoursocialism.wordpress.com)

Kroaziako serbiarrei buruzko artikuluan (“Srbi u Hrvatskoj”), “Kroaziara etorritako valakiar (errumaniar) eslaviartuak” direla esaten du, “turkiar Inperioak asmo kolonizatzailez sustatutako immigrazio prozesu baten ondorioz” etorritakoak adibidez. Kroaziako serbiarren “garbitasun etnikoa” edo “eslaviartasuna” zalantzan jartzea eta “kanpotar” bezala markatzea argia da, eta are gehiago, kroaziarrekiko etsaitasun historiko baten agente bezala markatzea (1). Valakiar (errumaniar) hauek XVIII mendean Eliza Ortodoxoaren eraginez eslaviartzen hasi zirela dio artikuluak, eta 1860ko hamarkada arte “serbiar” hitza ez zela euren artean zabaldua, zabalkunde hau “Serbiar Estatuak (urte horietan) Serbia Handiaren ideiaren helburu politikoa lortzeko kroaziarren artean nortasun hau zabaltzen ihardun zuen” arte (serbiarra arrazoi politikoengatik asmatutako nortasuna bailitzan). Artikuluak serbiarrak “kanpoko potentziek kroaziarren kontra instrumentalizatu zituzten” ere badio, adibidez “hungariar agintariek babestutako kasta” izendatzen ditu XIX-XX mende aldaketa garaiko Kroaziako serbiarrak. NDHren serbiarren aurkako izu etnikoa 1941-1942 urteetara mugatzen du artikuluak, urte horretan “serbiarren aurkako neurriak bertan behera utziko zituzten” (noski, biktimen zenbakien jaitsiera iradokitzen dute) eta “serbiarren estatusak hoberantz egin zuen”. Kroaziako Errepublika Sozialistan, “pribilegiatuak” zirela dio artikuluak, Estatu-instituzioetan “gain-ordezkatuak” (eta noski, kroaziartasunaren eta kultura kroaziarraren etsaiak, nahiz eta Jugoslavia Sozialistak osatzen zuten herri guztiek kultur nortasuna babestu). Guzti hori gudari buruz hitz egin gabe, gudako Oluja (Ekaitza) Operazioan gertatutako 250.000 serbiarren garbiketa etnikoa “serbiarrek antolatutako” ebakuaziotzat jotzen du. Continue reading

Advertisements

Kroazierazko Wikipedia: Eskuin muturraren propaganda tresna? (I)

Kroaziako Wikipediaren eskuin muturreko joera salatzen duen ekimen batek ateratako protesta-irudia: Wikipediaren ikurra eta ustaša mugimenduaren ikurra bat eginda. (Iturria: “Kroazierazko Wikipedia lotsagarria da” facebook ekimena).

Eskuin muturra presente dago XXI mendean Europako hainbat herrialdeetan, baita ere Balkanetan. Inork gutxi pentsatuko zukeena Wikipedia bezala informazio iturri esanguratsu batean ere presente egotea. Askotan leporatu izan zaio Wikipediari hainbat gertakarien inguruan “neutraltasun” adierazpenen babespean ikuspegi hegemonikoa bultzatzea (“gizarte baten ideiak, klase nagusiarenak dira” dio Marxen esaldi famatuak, eta ez zebilen guztiz oker). Baina eskuin muturraren ideietara hainbeste lerratzerik inork ez zukeen itxarongo… Kroazian izan ezik. Izan ere, kroazierazko Wikipedia-hr.wikipedia (1) eskuin muturreko talde batek “konkistatu” du antza, eta bere ideologia zabaltzeko erabiltzen omen dute Wikipediako administratzaile postutik. Snježana Koren Zagrebeko Unibertsitateko historiagilearen arabera, “kroazierazko Wikipedian eskuin muturreko edozein web-orrialdetan edota propagandan aurki ditzakezun materiala aurkituko duzu. Bazterreko mugimenduak edonon daude, baina Wikipedian tokia izatea ez da onargarria”.

Halako ideologiak Kroazian izan duen predikamendua ez da berria. Izan ere, aurreko post batetan hitz egin genuen kroaziar eliteek “Balkanak” edota “komunismoa” ukatzeko ahalegin bereziak egiten zituztela, Kroazia “herrialde europar” bezala bereizi (besteak “herri atzeratu” edo “ez europar” edota “komunismoaren nostalgiko” gisa aurkeztea eta bereizketa markatzea zen helburu). Hrvoje Klasić historialariak esan duen antzera, “1990an indarrean ezarri zen ideia, “abiapuntua hau da” esatea zen, hau da, “aurreko dena txarra da”. 1945ean egin zen akats bera izan zen, beste ideologia batetatik”. Logika horri jarraituz, batez ere Jugoslavia desegiten ari zen garaian eta guda garaian, halako ekintzak eman ziren. Horrela, jugoslaviartasunaren eta Jugoslavia Sozialistaren ukazioa erabatekoa izan zen. Klasićen arabera, adibide bat “Rijeka, Zadar, eta Istria 1943an Kroaziara pasa zirenaren 70 urtemuga ez ospatzea” da, izan ere, hiri horiek partisanoek askatu zituzten. Continue reading