Tesla Ordua: 90 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako zeruetako hodeitxook!

Aste honetako programan ere berri asko kontatu ditugu, horietako batzuetan bilintzi-balantza ibili garelarik- Lehenik eta behin. Belgradeko derbiaz hitz egin dugu, Serbiako Ligako 24. Jardunaldian Izar Gorriak eta Partizanek bana berdindu dute. Bi taldeek jokatzen duten 159. derbia da hau.

Segituan Kroaziara egin dugu salto. Gure programaren eta elkartearen asmoetako bat, dakizuen bezala, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko harremana sendotzea da; eta aste honetan halako berri bat ekarri dugu, ezen Hrvoje Klasić kroaziar historiagile ezagunak artikulu bat idatzi du Kroaziako hedabide batean Euskal Herriari buruz. Klasić egun batzuez egon da Euskal Herrian eta gure herritik sentsazio positiboak eraman ditu Zagrebera. Kroaziari buruzko beste berrien artean, Madrilen Ante Pavelić faxistaren hilobia antifaxistek erasoa izan denaz berri eman dugu. Espero dugu ekintza honek hilobi horren inguruko eztabaida piztea, batez ere kontutan harturik Espainiako Memoria Historikoaren Legearen arabera, ikur faxistak edo faxisten omenaldietarako balio duten tokiak ezin direla publikoki erakutsi.

Bestetik, Kosovoko mugen inguruko negoziazio amaigabeei ere tartea egin diegu. Negoziazioak, Kosovok serbiar inportazio-produktuei jarritako %100eko zergaren inguruan dagoen polemikarekin nahastu dira; gainera Kosovoko Estatuaren buruzagitza ez dator bat Serbiarekiko izan duen jarrerarekin. Bestalde, AEBk Kosovoko Errepublikari beren jarrerak moderatzeko ere eskatu dio.

Jarraitzeko, Albanian, Montenegron eta Serbian izaten ari diren protestez aritu izan gara. Albanian protestek intentsitate handiagoa izaten ari dira, baita ere Montenegron. Hala ere, Serbian protestak ez aurrera ez atzerako fase batean sartu dira, batez ere Vučićek hauteskundeak aurreratzeko keinua egin zuenetik. Montenegrori dagokionez AEBko Estatu departamenduak sari bat eman dio Olivera Lakić oposizioko kazetariari, Djukanovićen Gobernuaren ustelkeria-kasuak ikertu dituenari eta iaz, hori dela eta tirokatua izan zenari. Badirudi AEB, Montenegroko protesta giro honetan, Djukanovićez enpo dagoela. Erregimen aldaketa bat, edo erregimenaren barruan “fitxa” aldaketa bat bilatzen ari dira?

Bukatzeko, esan beharra dugu Bosnia-Hercegovinan Gobernu berria eratzeko elkarrizketak aurrera doazela. Urrian izan ziren hauteskundeak, eta bost hilabete ostean, azkenean Gobernua osatu ahal dela ematen du. Hiru alderdi nazionalistek, komunitate bakoitzetik batek, osa dezakete akordioa.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 86 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Danubio elikatzen duzuen errekastotxook!

Programa hau kirolekin hasi dugu. Lehenik, tenisari so egin diogu, batez ere Australiako Open txapelketarik, zeina Novak Djokovićek irabazi duen. Djokovićek irabazten duen 15. aari handia da hau. Beste alde batetik, sendi-jatorria Balkanetan, Bosnia-Herzegovinan duen Kenan Kodro fitxatu du Athleticek, eta honi buruz ere zerbait komentatu dugu. Aurten zurigorriek fitxatzen duten bigarren “balkaniarra” da, Ganearen ostean, eta guk gezurtatu egin behar dugu fitxaketa hauekin zerikusirik izan dugunik.

Gerora berri politikoak komentatu ditugu. Berririk garrantzitsuena Kroaziako Zadar herrian Jure Zubčić izeneko pertsona baten ekintza antifaxista eta honegatik jaso duen zigor sinestezina izan da. Zubčićek pintaketa batean agertzen zen mezu faxista bat, “Serbiarrak akatu!” edo “Ubi srbina!” aldatu egin zuen, bertan “Ljubi srbina!”, hau da, “Serbiarrak muxukatu!” jar dezan. Poliziak ikusi egin zuen eta “hormak zikintzearren” isuna jarri zion Zubčići. Kasu honetaz hitz egin dugu.

Beste berri batzuk ere komentatu ditugu, hauen artean, Ipar Mazedoniako Errepublikaren izen berriaren izaera definitiboa, Republika Sprskaren izenaren ingurukoak eta Serbian Vučićen kontrako manifestazioen jarraipena.

Después hemos entrevistado a Josemi, nuestro corresponsal en Hungría que nos ha puesto al corriente de la situación en Hungría en torno a durísima ley laboral que palanna el Gobierno de Viktor Orbán, las dificultades de la oposición para hacer un frente unido, así como de la postura de la sociedad húngara hacia el golpe de Estado en Venezuela.

Entzun gure programa hemen:

BALKANAK ETA ZORROZTASUNA (Ainara Arratibeli erantzunez)

Askotarako eman du Granit Xhaka eta Xherdan Shaqiri Suitzan jokatzen duten jokalariek golak ospatzeko egin duten ikur albaniarrak. Batez ere, Balkanetako gudari buruzko kontakizun zehatz bat zabaltzeko. Baita ere, BERRIAn, Ainara Arratibelek idatzitako artikulu baten eskutik (“Suitzaren Babelgo dorrea”, BERRIA 2018-6-27).

Izan ere, Arratibelen artikuluak bestelako egunkarietako ildoa jarraitzen du, jokalari albaniar-suitzarrek egindako keinu nazionalistak ez omen dira nazionalistak, justiziazkoak edota askatzaileak ziratekeen, pairatu zuten serbiar zanpaketaren ondorioz ondorio logikoa-edo eman nahiko bailitzan. Antza sufrimendua batzuek soilik pairatu zuten eta horiek ez dutenez ahaztu partida berezia zen. Bestalde, guden sufrimendua pairatu zuten serbiarrekiko keinu horiek zein eragin duten ez da aipatzen.

“Justiziaren” kontakizun hau jarraitzeko BERRIAko kazetariak (eta beste askok) eman dituzten datuak ez dira zuzenak: ez Xhaka ez Shaqiri ez dira gudako errefuxiatuak. Xhaka 1992an Suizan jaio zen, eta urte hartan emigratu zuen Shaqirik Suitzara; Kosovoko guda hasi baino zazpi urte lehenago. Granit Xhakaren aita “1986ean Slobodan Miloševićen Gobernuaren kontra protestatzearren” atxilotu zutela diosku Arratibelek, baina 1986an Milošević ez zen inongo Gobernuren, ez Serbiakoaren, ez Jugoslaviakoaren, buru.

Ez dira aurkitzen dugun akats bakarrak. Izan ere Suitzako taldean jokatzen duten “guda errefuxiatuen” artean, “bosniarrak” ere aipatzen dizkigu Arratibelek. Bosnakiar jatorriko bakarra Haris Seferović dugu, honen gurasoek ere, guda aurretik, 1984an, Suitzara emigratu zuten. Bestetik, serbiarren izaera ustez probokatzailea azpimarratzeko edo, ustez Aleksandar Mitrovićek esandakoak aipatu ditu. Baina larriagoa da, Arratibelek honen inguruan jarritako “kontestua”: Mitrović eta 2014ko Serbia-Albania partidako istiluak lotzen ditu. Partida hartan, Arratibelen arabera, “drone bat pasatu zen Kosovoko banderarekin, Mitrovićek hartu egin zuen eta albaniar jokalariek keinua salatu zuten”. Bandera hori ez zen Kosovokoa, Albania Handiarena baino, “gu gara bertakoak” leloarekin, hots, probokazio handia zena (serbiarrei euren etxean arrotz deitzea baitzen). Bestetik, bandera hartu zuena (partidak jarrai zezan, berak aitortu moduan), ez zen Aleksandar Mitrović izan, Stefan Mitrović baino (Aleksandar Mitrovićek partida hortan ez zuen jokatu). Eta azkenik, albaniar jokalariek ez zuten “keinua salatu”, Stefan Mitrović jipoitzera joan ziren (borroka hasi zuena Granit Xhakaren anaia Taulant izan zen). Akats gehiegi berrien zorroztasunaren onerako.

Kezkaz ikusten dugu guzti hau, bai kasu batzuetan adjektiboei ematen zaien kargagatik, eta beste batzuetan datu batzuk oker ematearren, eta beste datu batzuk ahaztearren. Baina atzetik, datuen erabilera hori, Balkanetako gudaren kontakizun jakin bat indartzeko erabili denaren susmoa dugu.

Tesla Ordua, 69 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo jarraitzaile balkandarrok!!

Hauxe, ikasturte honetako gure azken saioa izan da. Beraz, normalean baino luzeagoa izan da, ordu eta erdikoa (Internetez, irratian ordu betez soilik entzun ahal izan baduzue ere).

Gaurko saio luze-luze honetan, gure atentzio gehiena (gizonezkoen) Munduko Kopak hartu du. Kroaziak finalean 4-2 galdu zuen Frantziaren kontra, irudi bikaina eman ostean. Pena handia hartu genuen porrot horrekin. Baina bestetik futbolari lotutako politikaz aritu izan gara. Batez ere, Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak (HDZkoa da, nahiz eta ofizialki jada ez den, Kroaziako legeak lehendakariari alderdiko kidetza izatea debekatzen baitio) izan duen paperaz aritu izan gara. Izan ere, Grabar-Kitarovićek paper handia izan du beste politikariekin konparatuta, bere kamisetarekkin agintarien palkoan agertuz, jokalariak besarkatuz… Batzuen ustez “herritar” bezala agertu da hala, eta bere “gertutasuna” txalotu dute. Besteen arabera, bere irudia populismo hutsa izan da. Alde ala kontra egon, Grabar-Kitarovićek “aberriaren ama” bezala kokatu nahi izan du bere burua, bai palkoan taldearen kamiseta eramanaz (“ni ez noa agintariak bezala jantzita, ni aberkideen moduan janzten naiz”), zein sari-banaketan euripera agertuz kroaziar jokalariak besarkatzeko (“nik aberriaren ordezkariak besarkatzen ditut”). Grabar-Kitarovićen irudia eta Kroazia barruan dagoen errealitate politikoaren artean ere kontrastea egin dugu; jakinda kroaziar lehendakariaren kritiko askok “Kroazian zanpatzen duten gutxiengoez” hitz egiterakoan serbiarrak ahazten dituztela (eta baita ere errealitate hau kontuan izan gabe. Bestetik, Kroazian dagoen anbiguotasuna ere mintzagai izan dugu: faxistek herritar sentimendua aprobetxatu nahi dute eta irudi hori proiektatu nahi dute, baina bestetik errealitate kroaziarra ez da eurak nahi zuketen modukoa.

Munduko Kopa alde batera utzita, beste berri batzuk izan ditugu mingainari lana emateko aitzaki: Europar Batasuneko hedapenerako komisarioa Ipar Mazedonian egotea, eta beraz izen aldaketa aurreikusten duen itunaren inguruan “baiezkoa” bozkatzeko goxokia emana, eta bestetik Kosovo-Serbia negoziaketei berriz hasteko txanda berria.

Eta barkatu gehiago ez idaztea, baina guk ere oporretara joateko gogoa dugu, eta bagoaz, bagoaaaaazzzzz!!!

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 68 irratsaioa

97 irratia ikurraKaixo Balkanetako pljeskavica jaleok!

Aste honetan Nikola Teslaren jaiotzaren 156. urteurrena izan da, data benetan garrantzitsua guretzat.

Berriz ere, Ipar Mazedoniara egin dugu salto, izan ere, Jens Stoltenberg NATOko Idazkari Nagusiak, Estatu hau NATOrekin bat egitera gonbidatu du, oraindik egiteke dagoen erreferendum baten erabakiaren menpe dagoen itunari baiezkoa emanez gero. Grezia izan da horretan gehien lagundu duena, Atenasen eta Skopjeren arteko itunean Greziak Ipar Mazedoniari “izen horren pean, EBn eta NATOn sartzea lagunduko diola” esaten baita. Stoltenbergen arabera, Ipar Mazedoniak NATOrekin bat egin nahi badu, izen aldaketaren itunari baiezkoa esan ber diote mazedoniarrek “edo biak ala ezer ez, bata bestea gabe ez”. Erreferendumean oposizioaren jarrera leuntzeko adierazpenak izan daitezke hauek.

Gero Kosovora egin dugu salto. Kosovon hainbat berri zian ditugu; adibidez bertan izan den Balkanetako konferentzia. Honen atarian, polizia albanokosovarrak bost lagun serbiar atxilotu ditu. Beste alde batetik, Balkanetako Estatuentzat EBn sartzeko bidea itxita dagoela bermatu dute. Kosovoren inguruko beste berri bat, Ramush Haradinaj lehen ministroak eta Quim Torra Kataluniako lehendakariak, twitterrez –zeharka- izan duten polemika bati buruz aritu gara, polemika honetan Kosovoren eta Kataluniaren egoeren arteko antzekotasunak (Torrak) eta ezberdintasunak (Haradinajk) azpimarratu nahi dituzte. Bestetik, Oliver Ivanović eraildako politikari serbokosovarraren izena Mitrovicako kale bati jartzeko proposamenaz, Belgrade eta Pristinaren arteko negoziaketa berriez eta Kosovoko lehendakari Hashim Thaci Errusiako lehen ministro Dmitri Medvedevekin egon izanaz mintzatu gara.

Serbiara egin dugu salto gero. Han, 1999ko bonbaketen ostean “aurrekontu faltagatik” itxi zuten Serbiako Museo Nazionala (Belgradeko Errepublikaren Enparantzan dagoena) berriz ireki dute aste honetan, bi hamarkadaren ostean. Hain zuzen ere, museo bat, herriaren kultur ondarerik handiena hain epe luzez itxita mantendu izanak erakusten digu herrialde hartako aurrekontua zein doitua izan den. Bestetik, bonbaketa horiei dagokionez, serbiar kazetari batzuek NATOko buru bati erakunde honek Serbiari barkamena eskatzeaz egindako galdaketaz mintzatu gara.

Politikarenak bukatzeko azken berria dugu. Izan ere, aste honetan Peter Carrington hil da. Carrington Jugoslavia (ohian) ezaguna izan da izan ere, 1991ko abuztu-iraileko Londreseko konferentzian aurkeztu zuen bake-proposamenagatik. Garai hartan zegoen eztabaida nagusia, autodeterminazio-subjektua Errepublikak, edo “Nazio osagarriak” ote zirenaren aurrean, Carringtonek subjektu gisa Errepublikak jotzearen eta hauen barne-zatiketak baztertzearen alde egin zuen, Errepublika ezberdinak euren artean federatzeko gaitasuna ere onartuz. Carringtonen arabera, independizatu nahi zuten errepublikek bake bideak erabili behar zituzten eta barneko gutxiengo etnikoak errespetatu (kurioski, arau horiek errespetatu zituen bakarra, Mazedonia, nazioartean aintzatespena lortzen azkena izan zen). Carringtonen ideiak, gero Bosniako gudari amaiera emateko bake-plan ezberdinen oinarri izan dira.

Azkenik, noski, futbolaz hitz egin dugu, batez ere Kroazia lortzen ari den arrakastez. Kroaziak (gizonezkoen) Munduko Kopako finala jokatuko du Frantziaren aurka, joan den astean Errusia eta Ingalaterra gainditu ostean. Talde bikaina duela frogatu du. Hala ere, gauza batzuek kezkan utzi gaituzte, adibidez, zenbait jokalarik eskuin muturrarekiko duten hurbiltasunak (Domagoj Vida izan da azkena). Jokalari batzuen adierazpide faxistak ezin esan talde osoa ordezkatzen dutenik, baina egia da nolabaiteko “tolerantzia” badagoela, kroaziar gizartearen zenbait sektoretan dagoen moduan (Kolinda Grabar Kitarović lehendakaria adibide). Hala ere, esan beharra dago faxismoa sufritu duten jokalariak ere badituela Kroaziak, adibidez Danijel Subašić atezaina adibidez. Bestetik, Novak Djoković serbiar tenis izarrak Kroazia babesteko erabakiak sortu duen polemikatxoa ere ekarri dugu gurera. Eta ahaztu gabe utzi dugu Estaturik gabeko komunitateen Kopa. Txapeldunek, Ukrainako gutxiengo hungariarren ordezkariek arazo llarriak dituzte orain Ukrainan, batzuei “terrorismoa” ere leporatzen zaielarik.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 67 irratsaioa

KordicKaixo Balkanetako mendikateok!

Oraingoan, berriz ere Ipar Mazedoniarekin etorri gara. Izan ere, bertako parlamentuak (sozialdemokraten eta albanomazedoniarren gehiengoarekin) bigarren aldiz onartu du izen aldaketa. Beraz, Errepublikako lehendakaria, Gjorgje Ivanov jauna (izen aldaketaren kontrako oposizioaren gertukoa berau), oraingoan legea sinatzera behartua dago. Izen aldaketak Konstituzio aldaketa ere badakarrenez, herriak izango du azken hitza. Zurrumurruen arabera, erreferenduma irailaren 16an edo 23an izanen da.

Ipar Mazedoniaz aritu aurretik, Bosniari, Kroaziari, Serbiari eta Kosovori egin diogu so, herri horietako hainbat berri kontatu ditugularik. Besteak beste, Hashim Thacik Serbiako albaniarrei buruz esan dituenak, Serbiako Memoria Historikorako Lege berria, Bosnian Republika Srpskak egin dituen ariketa militar berriak eta Kroazian kazetariak desagertzeaz mintzatu gara.

Bestetik, Munduko Kopa ere izan dugu mintzagai. Kroaziako taldeak arrakasta izaten jarraitzen du, eta Islandiaren kontra final-zortzirenetan izandako garaipenaz mintzatu gara. Hala ere, ezin dugu beste gauza bat ahantzi, izan ere, Kroaziako jokalari batzuek, Argentinaren aurka lortutako garaipena, aldagelan Thompson abeslari faxistaren abesti bat abestuz ospatu baitzuten. Gurean aipatu ez den gai bat izan da, eta kezkagarria deritzogu.

Azkenik, eta batez ere, tarte luze bat eman diogu Snježana Kordić filologo kroaziarraren “Jezik i nacionalizam” (“Hizkuntza eta nazionalismoa”) liburuari. Liburu horretan, Kordićek serbokroaziera hizkuntza bakarra dela dio eta argudiatzen du, bai filologia aldetik (beste hizkuntza supraestatal batzuek serbokroaziera baino heterogeneoagoak dira eta ez dute hizkuntza bakarra direla auzitan jartzen), bai dialekto aldetik (aldaera ezberdinak, serbokroazieraren kasuan, ez datoz bat ez muga politikoekin ez etniekin) eta bai historikoki (1990ko hamarkada arte, inork ere ez –agian ustashen salbuespenarekin- jartzen zuen zalantzan hizkuntza bera zirenik, ezta ere egun hizkuntza ezberdinak direla dioten filologoek ere). Kordićen arabera, hizkuntza ezberdinak direla diotenek, politika eta ideologia lehenesten dute hizkuntzaren aurretik.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 66 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Jugoslaviako txoritxook!

Oraingoan, noski, Munduko (gizonezkoen) Futbol Kopa nagusi izango dugula pentsatuko duzue. Baina egia esan, programa osoa ez dugu horretara eman, izan ere, programa ekainaren 28an, Vidovdan egunean izan baita, hau da Serbiaren Egun Nazionalean. Ospakizun honen esanahiaren, Kosovoko 1389ko batailarekin izan duen loturarekin eta kontakizun nazionalean izan duen garrantziarekin lotu dugu. Vidovdanekin batera, beste berri batzuk komentatu ditugu: adibidez, Albaniak eta Ipar Mazedoniak Europar Batasunarekin bat egiteko bidea itxita aurkitu izanaz, Frantziak, Danimarkak eta Holandak jarritako betoaren ondorioz (eta beto honek Ipar Mazedoniak eta Greziak egin zuten akordioan zein eragin izan dezakeenaz ere hausnartu dugu). Politikarekin bukatzeko, Belgradeko eta Pristinako Gobernuen arteko negoziazioen enegarren kapituluaz informatu dugu, eta baita ere, Tamara Opačićek Kroaziako gutxiengo etniko-nazionalen inguruan egin duen informeaz.

Gerora bai, futbolari eman diogu denbora. Bertan, noski, Munduko Kopa izan dugu mintzagai. Gure bi selekzioen, Kroaziaren (arrakasten) eta Serbiaren (porroten) berri emateaz  gain, Suitzako jatorri albaniarreko Xhaka eta Shaqiri jokalariek egindako ikurraz ere mintzatu gara. Baina ikur horiez haratago joan gara, eta ikur horiek, gurean (bai ezkerreko zein eskuineko, independentista zein espainolista den prentsak), Balkanetako guden inguruan errelato konkretu bat saltzeko baiatzeko aukeraz hausnartu dugu, eta diskurtso mota batez aritu gara. Bestetik Suitzako zein Australiako selekzioek duten balkaniarrez pixka bat mintzatu gara. Azkenik, Munduko Kopaz haratago, Deportivo Alavesek Rudeš Zagreb taldearekin duen partaidetza haustea eta Istria Pula taldea erostea aipatu dugu.

Entzun gure programa hemen: