Tesla Ordua, 104 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako tronpeta-joleok!

Gaurkoan krisi politiko ezberdinez hitz egin dugu. Lehenik eta behin, Viktor Orbánen Gobernuak Hungarian hezkuntza publikoaren lege berria atera du. Bere helburua hezkuntza publikoa indartzea da, baina horrek oposizioa (Jobbik ultraeskuindarrak, besteak beste) “komunista” deitzea ekarri dio.

Bestetik, zeinbait krisi politikoen inguruan ere hitz egin dugu, hala nola Albanian Ilir Meta lehendakariak –Auzitegi Konstituzionala jardunean ez dagoelako- tokiko hauteskundeak atzeratu ziana, eta Gobernuak hori “legez kanpokotzat” jo izana, eta Errumanian oposizioak Gobernua sozialdemokrataren kontrako zentsura mozioa ezarri izana. Bestetik, Europar Batasunak Albania eta Ipar Mazedoniaren sarrera-negoziazioak atzeratzea erabaki du.

Kosovoko krisira egin dugu salto gero. Bertan, Hashim Thaci lehendakariak esan du ez duela serbiar produktuen kontrako zerga berezia kentzeko asmorik. Baita ere esan du “Kosovo ez da Katalunia eta Espainia ez da Serbia”, mugimendu independentista katalanarekin distantziak markatuz. Kosovorekin jarraituz, han ijitoen komunitateak egin dituen diskriminazioaren kontrako salaketak ere aipatu ditugu.

Albaniarrekin jarraituz, kultura albaniarrari hurbilketa txiki bat egin diogu; Ramon Sanchez Lizarralde euskal herritarraren figura aipatuz. Sanchez Lizarralde, PCE-ML alderdiko kide izaki (alderdi horren argitaletxearen buru ere izan zen), Albaniara alderdi horrek eta Albaniako Alderdi Komunistak zuten harremana medio iritsi zen, eta han geratu zen bizitzen eta lanean. Hainbeste murgildu zen albaniar kultura, ezen albaniar filologia ikasi zuen Tiranako Unibertsitatean, eta albaniar idazle handienak (Ismail Kadaré tartean) gaztelaniaz jarri zituen, bere itzulpenengatik hainbat sari irabaziz.

Azkenik kirolen inguruan hitz egin dugu. Roland Garroseko emaitzak ez dira guk esperotakoak izan. Azkenik, futbola izan dugu mintzagai: Velež Mostar Bosnia-Herzegovinako Lehen Mailara itzuli da, eta bestetik, Vojvodinako Tavankut herrian gutxiengoei errespetuaren eta herrien arteko adiskidantzaren alde jokatutako partidaz ere hitz egin dugu.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 103 irratsaioa

Kaixo balkaniar kafezaleok!!

Gaurkoan hiru ardatz izan ditugu gure irratsaioan, baina lehenik eta behin, NATOren Serbiaren kontrako erasoaren bukaeraren 20. Urteurrena ospatzen zenaz hitz egin dugu. Bill Clinton eta Madeleine Albright izan dira Pristinan Hashim Thaci Kosovoko lehendakari eta orduko UÇKko komandantearekin, zeinak “Kosovo munduan dagoen herrialderik europarzaleena eta estatubatuarzaleena” dela esan du.

Kosovoko egungo krisiari dagokionez, berriz atzera egin dute negoziazioek. Alde batetik Thacik esan du Kosovo Albaniarekin batzeko erreferendum bate deitu duela, eta Vučićek “jada gehiegi itxaron dugu” esan du. Bestetik,  New Yorken NBEren Segurtasun Kontseiluaren aurreko bilkuran Ivica Dačić Serbiako kanpo ministroa eta Vlora Çitaku Kosovoko AEBren aurreko enbaxadore izan dira. Bien arteko elkarrizketak ez du fruitu onik izan. Kosovori buruz AEBko senatari Tim Burchettek esandakoak ere gogoraratu ditugu, serbiarrak “zabor-meta” deitu baititu.

Bigarren blokea, Balkanetako krisi politikoei buruzkoa izan da. Albanian, Gobernuan dagoen Alderdi Sozialistak Ilir Meta lehendakariaren aurkako zentsura-mozioa aurkeztuko duela iragarri du. Montenegron Milo Djukanovićek serbiar elizaren kontrako kanpaina hasi du, eta Montenegroko Parlamentuak, “Estatuko sinboloak erasotzea” zigortu du. Sinbolo hauen artean ereserkia dago, oso iragan iluna duena. Serbiari dagokionez, Miguel Fernandez Ibañez kazetariak GARAn atera dituen erreportai batzuk izan ditugu mintzagai.

Hirugarrena, errebisionismo historiakoari buruzkoa izan da. Hemen bi gai jorratu ditugu: alde batetik Zagrebeko enparantza nagusian Holokaustoaren biktimen omenezko monumentu handi baten proiektua. Bai oposizioak eta bai komunitate judutarrak monumentu hau salatu dute abstraktuan hitz egiten duelako eta Kroazian hildako judutarrak edo kroaziar kolaborazionisten papera aipatzen ez duelako. Bestetik, Bosnia-Herzegovinako ministro ohi batek, Reuf Bajrovićek, partisanoen borrokaren “bihotza, Kroazia eta Bosnia izan zirela; eta Serbiak ez zuela apenas paperik izan” esan baitu. Zulo asko zitu esaldi horren egiak, eta horri ere heldu egin diogu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 102 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako kafe-hartzaileok!

Gaurkoan, arazo nagusiak, batez ere Kosovo eta Kroaziaren inguruan izan ditugu. Pasa den asteko krisiaren ondoren, Ana Brnabić Serbiako lehen ministroak, Kosovoko agintariei buruz, UÇKren iragana gogoan, “Basoetatik atera den jendea” dela esan, du. Adierazpenok, zenbait lider kosovarrek albaniarren kontrako irain bezala hartu dituzten. Kosovoko Gobernuak Brnabići lurralde horretan sartzea debekatu dio, eta bestetik Hashim Thaci lehendakariak Serbiar Udalerrien Mankomunitatea martxan jarriko ez duela iragarri du, Bruselan Pristinak eta Belgradek adostu zutena puskatuz. Honek bi Gobernuaren arteko elkarrizketa inoiz baino toki okerragoan jarri du, nahiz eta Ivica Dačić Serbiako kanpo ministroak “elkarrizketa berpizten ari dela” esan asteazkenean.

Kroaziaren ingurukoa izan da bigarren berria. Zagrebeko Novosti aldizkariak Ruža Tomašić eurodiputatuaren iragan faxista argitara atera du, Tomašić 80. hamarkadan Kanadako kroaziar diasporaren parte zenekoa da iragan hori, baina egun eskuin muturreko alderdi baten eurodiputatua da. Tomašićek gertakari larri hauen inguruan ustasha mugimendua zuritzeko egin dituen adierazpenez, Tudjmanen garaitik populazioaren zati handi batean hedatu direnez hitz egin dugu; errebisionismo historikoa izpiritu kritikoz aztertu behar dela uste baitugu.

Beste berri batzuen artean, Bosnian Gobernua osatzeko aritmetikak darrai. Bestetik, esan beharra dago Freedom House AEBtako eragin-zentruak esan du Serbian prentsa-askatasunak behera egin duenean, hain zuzen ere NATO Montenegron (Budva hirian) biltzen ari zela. Paradoxa hori ere komentatu dugu, eta NATOz ari garela, lehen aldiz, Greziako hegazkinek Ipar Mazedoniako zeruan patruilatu izanaz ere aritu gara.

Aste honetan, zientziak Balkanen eta Euskal Herriaren arteko loturak estutzeko aukera ere ikusiko dugu, ostiralean, Gordana Siljanovska-Petreska zientzialari mazedoniarrak kimika arloko doktorego-tesia aurkeztuko baitu Donostian, EHUren aldetik.

Azkenik, kirolei egin diegu tartea; Primož Roglič esloveniarraren Giroko ibilbidea eta Novak Djokovićen Roland Garroseko jarduna izan ditugu beste berri batzuen artean.

Entzun gure programa hemen: 

Tesla Ordua, 100. programa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako ehuntzaileok!!

Oraingoan gure 100. irratsaioa egin dugu, beraz esan dezakegu hiru urte hauetan, Tesla Ordua fin-fin ibili dela, eta bere helburu bat (irautea) lortu duela. Ikusi beharko dugu gorengo helburu bat, hots, eragina izatea, lortu duen; baina hori gure entzuleek erabaki beharko dute.

Gaurkoan programa ordu betekoa baino luzeagoa atera zaigu. Ez da harritzekoa, izan ere europar hauteskundeak bertan ditugu eta hauei buruz hitz egin dugu. Balkanetako eta periferiako herriak kontutan izanik, zazpi herriren berri eman dugu: Bulgariaren, Errumaniaren, Esloveniaren, Hungariaren, Greziaren, Zipreren eta Kroaziaren menpe. Azken honen gainean zentratu gara gehien, bai Milorad Pupovac serbiar gutxiengoaren hautagaiak eraso berriak sufritu dituelako, eta bai europar figura politiko handiak (Angela Merkel eta Frans Timmermans, tartean) hara kanpaina egitera joan direlako. Merkelen mitinak gainera oso irudi itsusia utzi du Marko Perković Thompson abeslari faxistaren abestiak jarri baitituzte.

Beste berrien artean, Bulgariako lehendakari Rumen Radevek Bulgariako Gobernua eta Sofiako Udala kritikatu ditu bulgariar faxistekin onberegiak izatearren. Faxismoarekin edo hau zuritzearekin jarraituz, kroaziar bi ministrok, Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak egin bezala, Bleiburg bisitatu dute, non 1945an partisanoek “hildakoen omenezko soldaduen” (faxistak gehienak) monumentu bat dagoen.

Beste berrien artean, Kosovoko gatazkarekin jarraitzen dugu, aste honetan Kosovoko Parlamentuak 1998-99 “Serbiak egindako genozidioa” definitzen duen mozio bat onartu du, Kataluniako Generalitatak Bartzelona eta Sarajevoren artean 2030ko Neguko Joko Olinpikoak batera antolatzeko asmoa erakutsi du, eta Serbiako (gizonezkoen) futboleko Koparen inguruan, Izar Gorria eta Partizan elkartzen dituenaz, hitz egin dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 88 programa

Ipar MazedoniaKaixo, Balkanetako mendikateok!

Aste honetako programa berriz lepo ekarri dugu. Batez ere hiru berri izan dira garrantzitsuak gaurkoan. Lehena, Mazedoniako Gobernuak jada, ofizialki herriari Ipar Mazedoniako Errepublika deitzen hasiko duela iragarri zuela asteazkenean (eta baita ere NATOren bandera jarri Gobernuaren egoitzan, bi ekintzak Prespako Akordioaren baitira). Horrekin hasi dugu programa. Bigarrena, Europako Parlamentuko presidente Antonio Tajani  italiarrak adierazpen irredentista eta lotsagarri batzuk egin dituela, “Gora Istria italiarra!” eta “Gora Dalmazia italiarra!” oihukatuz, eta beraz, Esloveniari eta Kroaziari errespetu falta izugarria erakutsiz. Gainera, Titoren partisanoen inguruko errebisionismo historiko iraingarria egin du. Hirugarrenik, Spliten, faxista batzuek Belgradeko izar Gorriko waterpolo jokalari bazuei armez eraso egin dietela, hauek taldearen txandalarekin Spliten ikusteaz. Eskandalua sortu du horek Kroazian eta Serbian, eta eraso horri buruzko gogoeta egin dugu.

Hiru berri horiek hartu izan dute gure programaren parterik handiena, bata hasieran komentatu dugu,beste bat erdi aldera, eta hirugarrena programa ixteko. Baina horrez gain, beste berri batzuk ere izan ditugu. Adibidez, Ipar Mazedoniatik hasita, non izenaren aldaketaren eta herriaren polarizazioaren erdian, lehendakaritzarako hauteskundeak deitu dituzten, apirilaren 21ean. Serbian, Aleksandar Vučićen kontrako protestek jarraitu egiten dute, eta oposizioak jendearen gehiengo bat biltzea lortu ez badu ere, lider itxurako pertsona bat nabarmentzen hasi da, Jelena Anasonović, Zientzia politikoetako ikaslea. Albanian ere antzeko protestak ematen hasi dira, baita ere ikasleek zuzendutakoak, kasu honetan Hezkuntza Ministerioaren kontra.

Azken berriak, Kosovoko egoeraren ingurukoak izan dira. Izan ere, Ramush Haradnaj lehen ministroa, serbiar (eta bosniar) produktuan kontrako %100eko zerga-igoera kentzearen kontra agertu da, nahiz eta AEBko Gobernua kentzearen aldeko presioa egiten ari den. Beste alde batetik, joan den astean komentatu genuen mugen berregokitze-planaren zirriborroa ukatu egin du Haradinaj, bai zirriborro hori eta baita ere berregokitze negoziazioetan dagoen ere. Bestetik, Zagreben, herritar bat atxilotu eta zigortu egin dute, Franjo Tudjman Kroaziako lehendakari ohiaren omenezko estatua batetan igitaia eta mailuaren ikurra margotzearren. Ezkerrak babesa erakutsi dio ekintzaileari.

Entzun gure programa hemen: