Aurkezpena (euskara)

Drina Zubia Kultur Elkartearen izaera: hego-eslaviar herriei buruzko euskal elkarte bat da. Bere jarduna Euskal Herrian kokatua dago, beraz Euskal Herriko lau hizkuntzetan (euskara, gaztelania, frantsesa eta okzitaniera) egin ahal izango ditu bere jarduerak, halere, euskara lehenestea da bere asmoetako bat. Drina Zubia Kultur Elkarteak Jugoslavia ohiko eta Balkanetako herri guztien ezagutza bultzatu nahi du errespetu eta elkartasuneko ikuspegia garatuz. Halere, bere lanean Jugoslavia ohiko estatu, nazio eta herriak lehenetsiko ditu, bigarren maila batean geratuz gainontzeko Balkanak. Ildo horretan, elkarte kultural bat izango da bere zentzurik zabalenean ulertuta: gizartea, musika, artea, literatura, bidaiak, antropologia, hizkuntzak, historia, politika, ekonomia eta kirolak landu ditzake. Garrantzitsua da azpimarratzea ez duela bere egitasmo nagusien artean lan politikoa egitea.

Elkartearen helburuak: Jugoslaviako ohiko (lehenetsia) eta Balkanetako herrien kultura aspektu ezberdinetan ezagutaraztea Euskal Herrian. Aldi berean, herri hego-eslaviarren anaitasun tradizioa defendatzea (adibiderik hoberena bere argi-ilunekin Jugoslaviar Errepublika Federal Sozialista izan zen) eta beraz, herri jugoslaviarren arteko distentsioa, bai politika arloan zein kultura arloan defendatuko du. Adibidez, herri desberdinen artean dituzten elementu komunak azpimarratuz. Ildo horretan, “jatorri ezberdinaren” edota “hizkuntza ezberdinen” teoria, hau da, serbokroaziera bezala ezagutu zena, hizkuntza bakarra izan ordez lau direla defendatzen dituztenen interes politiko zatitzaileak salatuko ditu. Bide beretik, Drina Zubia Kultur Elkarteak herri jugoslaviarrei buruz egiten diren manipulazio historikoak zein gaur egunekoak borrokatuko ditu. Garatuko duen lanaren testuinguruari erreparatuta, zenbait tendentzia ideologiko arriskutsuren aurrean bestelako ikuskera, errealitatea eta kontakizun antiinperialista eman nahi ditu. Gurean kezkaz ikusten dugu sistemaren prentsak “ofizialdutako” serbofobiarekin bat egiten duten jarreren ugalketa, hala nola herri balkaniarrekiko gutxiespena edota mespretxua. Beste maila batean, harremanak eraiki nahiko ditu gai hauetan seriotasunez lan egiten duten eragileekin eta diasporako Jugoslavia ohiko estatu, nazio eta herrien elkarteekin.

Elkartearen izena azalduz: Drina Zubia izenaren bitartez bi kontzepturi egingo diogu erreferentzia. Alde batetik, egun Bosnia-Herzegovinako Errepublikaren eta Serbiako Errepublikaren arteko muga den Drina ibaiari. Ibai hori askotan izan da Estatu eta Inperioen arteko muga, herri jugoslaviar ezberdinak bai elkarrengandik bananduz edo euren osotasuna erdibituz. Guk Drina muga baino zubia izatea nahi dugu. Bestetik Ivo Andrić idazlearen lanik ezagunena den “Zubi bat Drinaren gainean” eleberriari. Ivo Andrić familia bosniar-kroaziar batetan jaio zen Bosnia-Herzegovinan. Eskualde menditsu eta nazionalki anitz honetan hazi eta gaztaroa pasatu zuen. Ondoren, Serbian idatzi zituen bere literatur lanak. Kroaziarra nazionalitatez, bosniarra izatez eta serbiar herritarra heldu aroan; horregatik, hiru nortasun hauen arteko parte komun gisa bihotzeko sentimendu jugoslaviarra garatu eta adierazi zuen. Gaur egun, Jugoslavia politikoki ezegoki eta fisikoki desagertua den aro honetan, kroaziar, bosniar zein serbiar literaturaren barne hartzen da bere lana. Andrić, Nikola Tesla asmagilea, Tito iraultzailea eta agian Emir Kusturica musikari eta film-egilearekin batera, jugoslaviar kulturako pertsonarik ezagunena dugu. Horien gisara, jugoslaviartasuna nazioartean zabaltzeaz gain, barrura begira ere jugoslaviartasuna landu zuen. Hori dela eta, gure elkarteari bere lanaren izena jarri diogu, izan ere, jugoslaviar izpiritu eta adierazpen onenetarikoa da Ivo Andrićen bizitza eta lana.

Lan plangintza: pausu asko ditugu emateke eta agenda poliki-poliki hasi gara osatzen, bidaia hasi baino ez dugu egin. Hona hemen gauzatu edo gauzatzeke ditugun ideia batzuk:

  • Web orrialde bat egitea arestian aipatutako gai zerrendaren gaineko artikuluak jasoko dituena (kontribuzioa eta artikuluaren ardura indibiduala izango da).
  • Sare sozialetan egotea: Facebook eta Twitter.
  • Hilean behin newsletter bat egitea.
  • Urteko ekitaldi nagusia: Errepublikaren Eguna (Azaroaren 29) ospatzea bi edo hiru eguneko jardunaldi batzuekin: hitzaldiak/eztabaida, pelikula paseak eta bazkari/afari jaia. Oro har, Jugoslavia ohia eta Balkanei eskainitako astea bezala izendatuko dugu.
  • Urteko bigarren ekitaldi nagusia: ekainaren 28ko Vidovdan Egunaren inguruan, non ekitaldi kultural bat eta bazkari/afari edo jai bat egitea aurreikusten da.
  • Irratsaio bat egitea.
  • Bideoak egin.
  • Euskarazko Wikipedian ekarpenak egitea Jugoslavia ohia eta Balkanen inguruan.
  • Harremanak garatzea Jugoslavia ohiko eta Balkanetako antzeko elkarteekin.
  • Etab.

Gurekin lotu nahi baduzu ez eduki dudarik eta idatzi email bat: drinazubia@gmail.com

Drugovi, ongi etorriak gure itsasontzira!

5 thoughts on “Aurkezpena (euskara)

  1. Pingback: Zdravo drugovi! | Ivo Andrić Elkartea

  2. Pingback: Euskal Herriko I. Jugoslaviar Eguna - zuzeu.eus

  3. Pingback: Drina Zubia Elkarteko bazkide egiteko kanpaina | Drina Zubia Kultur Elkartea

  4. Pingback: Drina Zubia I. Literatura Leihaketa (2016)

Leave a comment