Tesla Ordua, 112 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Lovčen gaineko harkaiztxook!

Gaurkoan gaiak pil-pilean izan ditugu. Lehenbizi, Katalunia eta Balkanak lotzen dituen berri bat izan dugu. Xavier Melero kataluniar preso politikoen abokatuak Kroaziari eta Jugoslaviari buruzko adierazpen batzuk egin ditu eta horiek komentatu ditugu.

Segituan Errumaniara joan gara. Han parlamentuak Gobernu sozialdemokrataren aurkako zentsura mozio bat aurkeztu du, eta beraz Gobernu berri bat, eskuinekoa, izango du Errumaniak. Ludovic Orban, Alderdi Nazional Liberalekoa, da lehen ministro berria.

Serbiaz ere hitz egin dugu, kasu honetan memoria historikoaz batez ere. Lehenik eta behin, esan behar dugu Belgraden Nikolai Kravtsov, Belgrade askatzen lagundu zuen sobietar soldaduaren izenean kale bat jarri dutela. Polemika handiagoa piztu du Kragujevac hirian Draža Mihailović txetnik buruaren izenean kale bat artearen erabakiak. Honen inguruan kexatu egin dira beterano partisanoak. Memoria historikoaz gain, Serbiako Bosnakiar Kontseilu Nazionalak Sandžak eskualdearentzat aurkeztu duen proposamen bat ere mintzagai izan dugu.

Gerora Kosovora egin dugu salto. Han bi berri izan ditugu, alde batetik Albin Kurti jada lehen ministrotzat jotzen dutela denek –oraindik ofizialki ez bada ere- eta egungo gaiei buruz (serbiar gutxiengoarekiko eta bosniar zein serbiar produktuen gaineko %100eko zergarekiko) alderdi ezberdinak posizioak hartzen ari direla. Bestetik, Kosovoko gizartea eskandalizatu duen bortxaketa kasu batez ere hitz egin dugu. Azkenik Belgrad eta Pristinaren arteko negoziazioez hitz egiteko tarte bat ere izan dugu: Ivica Dačić Serbiako Kanpo Ministroa AEBren Balkanetarako ordezkari Matthew Palmerrekin bildu da eta adierazi du bi aldeen arteko diplomaziari –orain etenda dagoenari- berriz ekiteko itxaropena duela.

Azkenik Kroaziara egin dugu salto. Han, irakasleak grebara joan dira, soldata handiagoa nahi dutela eta. Gaia ez da batere erosoa agintarientzat, jakinda laster lehendakaritzarako hauteskundeak direla. Honen inguruan ere hitz egin dugu, izan ere, Božidar Maljković entrenatzaile famatuak Katarina Peović Langileen Frontearen hautagaia babestu baitu, sozialismoaren eta Jugoslaviaren aldeko adierazpenak eginez.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 111 irratsaioa

tesla-ordua ikurraEgunon Balkanetako hodeitxook!

Gaurkoan berri pila batekin gatoz, batez ere Euskal Herriaren eta Balkanen arteko lotura duten berriekin. Hauekin hasi eta bukatu dugu eguna.  Lehenik eta behin, Hamaika Telebistan astelehen gauetan Beñat Zarrabeitiak gidatuko kirol-saioaz aritu gara, “Marakana Txikia” deitu baitio, Izar Gorriaren estadioaren moduan, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko lotura eginez. Guk hau aprobetxatu dugu estadio honi buruzko historia kontatzeko. Bestetik, Imanol Galdos idazlearen “Other Worlds of Literature” proiektuaz hitz egin dugu, bertan esloveniera eta mazedoniera mintzagai baititu. eta azkenik, Belako musika taldearen telebista elkarrizketa batez aritu izan gara, non euren musikarik gogokoetan Goran Bregović den komentatu duten.

Segituan politikaz aritu izan gara. Hemen, alde batetik mugak izan ditugu mintzagai. Izan ere, joan den astean EBk Ipar Mazedoniaren eta Albaniaren hautagaitzari ezetz esan bazien, oraingoan kide duen Kroazia Schengen sisteman sartzea ahalbideratzea baimendu du Europako Batasunak. Beste alde batetik, Bosnia-Herzegovinak esan du “Balkanetako Schengen txikian” sartzekoa dela (momentua Albaniak, Ipar Mazedoniak eta Serbiak osatzen dute elkarte hori). Azkenik, Errusiak Ipar Mazedoniari eta Albaniari Eurasiar Batasun Ekonomikoan sartzeko gonbita egin die. Ea nola erantzuten duten bi Estatuok…

Kroaziari buruz bestelako berri batzuk ere izan ditugu. Abenduaren eta urtarrilaren artean burutuko diren Kroaziako lehendakaritzarako hauteskundeez aritu izan gara, hautagai posibleez eta abar. Gerora, Kroazian, nerabe bat Zadar hirian talde batek bortxatzearen aurka zian diren protesta feministak ere mintzagai izan ditugu. Azkenik, Split hirian, Udal Gobernuak (HDZ) Jugoplastika saskibaloi taldearen omenezko mural oso ezagun bat ezabatzea agindu du, hiriko jende asko haserraraziz. Zer dago halako agindu baten atzean?

Gerora Serbiara egin dugu salto. Izan ere, EB Balkanetan mugitzen den moduan, Errusia ere mugitzen da, eta Serbiarekin batera ariketa militarrak egin izan ditu. Horietan, Errusiaren misilik berrienak, S-400 aritu zian dira, eta antza denez, Vučići inpresio ona sortu die, agian Serbak erosiko dituela esanez, NATOren kide den herrialdeez ingurtuta dago Serbia, beraz…

Euskal Herriarekin hasi gara eta Euskal Herriarekin bukatu dugu. Izan, ere Sortu alderdiak buletin politiko bat atera du hildako diktadoreen inguruan (beno, 2018ko azaroan atera zuen, baian orain berriz ere hizpide izan da plazan) eta bertan Ante Pavelić eta Vjekoslav Luburić ustashei buruz hitz egiten du. Memoria historikoaren inguruko ariketa hau ere aipatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 88 programa

Ipar MazedoniaKaixo, Balkanetako mendikateok!

Aste honetako programa berriz lepo ekarri dugu. Batez ere hiru berri izan dira garrantzitsuak gaurkoan. Lehena, Mazedoniako Gobernuak jada, ofizialki herriari Ipar Mazedoniako Errepublika deitzen hasiko duela iragarri zuela asteazkenean (eta baita ere NATOren bandera jarri Gobernuaren egoitzan, bi ekintzak Prespako Akordioaren baitira). Horrekin hasi dugu programa. Bigarrena, Europako Parlamentuko presidente Antonio Tajani  italiarrak adierazpen irredentista eta lotsagarri batzuk egin dituela, “Gora Istria italiarra!” eta “Gora Dalmazia italiarra!” oihukatuz, eta beraz, Esloveniari eta Kroaziari errespetu falta izugarria erakutsiz. Gainera, Titoren partisanoen inguruko errebisionismo historiko iraingarria egin du. Hirugarrenik, Spliten, faxista batzuek Belgradeko izar Gorriko waterpolo jokalari bazuei armez eraso egin dietela, hauek taldearen txandalarekin Spliten ikusteaz. Eskandalua sortu du horek Kroazian eta Serbian, eta eraso horri buruzko gogoeta egin dugu.

Hiru berri horiek hartu izan dute gure programaren parterik handiena, bata hasieran komentatu dugu,beste bat erdi aldera, eta hirugarrena programa ixteko. Baina horrez gain, beste berri batzuk ere izan ditugu. Adibidez, Ipar Mazedoniatik hasita, non izenaren aldaketaren eta herriaren polarizazioaren erdian, lehendakaritzarako hauteskundeak deitu dituzten, apirilaren 21ean. Serbian, Aleksandar Vučićen kontrako protestek jarraitu egiten dute, eta oposizioak jendearen gehiengo bat biltzea lortu ez badu ere, lider itxurako pertsona bat nabarmentzen hasi da, Jelena Anasonović, Zientzia politikoetako ikaslea. Albanian ere antzeko protestak ematen hasi dira, baita ere ikasleek zuzendutakoak, kasu honetan Hezkuntza Ministerioaren kontra.

Azken berriak, Kosovoko egoeraren ingurukoak izan dira. Izan ere, Ramush Haradnaj lehen ministroa, serbiar (eta bosniar) produktuan kontrako %100eko zerga-igoera kentzearen kontra agertu da, nahiz eta AEBko Gobernua kentzearen aldeko presioa egiten ari den. Beste alde batetik, joan den astean komentatu genuen mugen berregokitze-planaren zirriborroa ukatu egin du Haradinaj, bai zirriborro hori eta baita ere berregokitze negoziazioetan dagoen ere. Bestetik, Zagreben, herritar bat atxilotu eta zigortu egin dute, Franjo Tudjman Kroaziako lehendakari ohiaren omenezko estatua batetan igitaia eta mailuaren ikurra margotzearren. Ezkerrak babesa erakutsi dio ekintzaileari.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 78 irratsaioa

tesla-ordua ikurra

Kaixo, partisanook!!

Aste honetan, berriz ahots bakarrean egin dugu programa. Oraingoan, historiaren inguruko gauzek programaren erdia jan digute, beraz oso toki gutxi utzi diegu berriei. Lehenik eta behin, Errepublikaren Egunari buruz aritu izan gara. Izan ere, programa hau azaroaren 29an egin dugunez, kontuan izanik 1943ko azaroaren 29an Jugoslavia Sozialista sortu zenez, eta egun hau Jugoslaviaren garaietan jaiegun ofiziala izan zen. Beraz, lehenik eta behin egun honetaz, eta 1943an partisanoek Jugoslavia Sozialista aldarrikatzeaz aritu izan gara, urte horretan, partisanoek, Jugoslavia okupatuta zegoela aldarrikatu baitzuten. Hola, euren menpe zeuden lurraldeetan Estatu potentzial bat eraiki zuten, aurreko egoera aldarrikatu baino gehiago (txetniken proposamena azken  hau zen). Gako hauek azaldu ditugu.

Jarraitzeko, asteko hiru berri nagusiak aipatu ditugu. Lehenik eta behin, Kosovok Interpolen sartzeko saiakeraren porrotari emandako erantzunaz; Serbiatik eta Bosnia-Herzegovinatik datozen gaien gaineko %100eko zerga jarri baitu, bai Serbiarekiko negoziazioak zein barnean serbokosovarrekiko harremanak kaltetuak izan direlarik. Bestetik, Bosniako Estatutasunaren Egunaz, zein Vojvodinak Serbiarekin bat egitearen mendeurren-ospakizunez aritu izan gara. Eta bukatzeko, Montenegroko Estatuak, zenbait serbiar intelektuali (Čedomir Antić, Aleksandar Raković, Matija Bečković), Montenegron sartzea debekatu die, Montenegrok Serbiarekin bat egitearen mendeurrena ospatzen zuten ekitaldi batean parte hartu nahi zutela eta. Adierazpen askatasunaren kontrako eraso bat dugu hau, guren oihartzunik izan ez badu ere (zer gertatuko zatekeen hau Errusian gertatuko balitz?).

Bukatzeko Kosovoko Armadaren sorreraz hitz egin dugu, abendu honetarako sortzeko asmoa baitu Kosovoko Gobernuak. Bestetik eta azkenik, Ipar Mitrovican Kosovokopoliziak egin izan dituen atxiloketa batzuen inguruan hitz egin dugu. Albaniar prentsaren arabera, atxilotuek Oliver Ivanović erailtzearekin zerikusia izan zuten. Serbiar prentsaren arabera, atxiloketak, zergen igoeren kontrako protestekin izan dute zerikusia.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 68 irratsaioa

97 irratia ikurraKaixo Balkanetako pljeskavica jaleok!

Aste honetan Nikola Teslaren jaiotzaren 156. urteurrena izan da, data benetan garrantzitsua guretzat.

Berriz ere, Ipar Mazedoniara egin dugu salto, izan ere, Jens Stoltenberg NATOko Idazkari Nagusiak, Estatu hau NATOrekin bat egitera gonbidatu du, oraindik egiteke dagoen erreferendum baten erabakiaren menpe dagoen itunari baiezkoa emanez gero. Grezia izan da horretan gehien lagundu duena, Atenasen eta Skopjeren arteko itunean Greziak Ipar Mazedoniari “izen horren pean, EBn eta NATOn sartzea lagunduko diola” esaten baita. Stoltenbergen arabera, Ipar Mazedoniak NATOrekin bat egin nahi badu, izen aldaketaren itunari baiezkoa esan ber diote mazedoniarrek “edo biak ala ezer ez, bata bestea gabe ez”. Erreferendumean oposizioaren jarrera leuntzeko adierazpenak izan daitezke hauek.

Gero Kosovora egin dugu salto. Kosovon hainbat berri zian ditugu; adibidez bertan izan den Balkanetako konferentzia. Honen atarian, polizia albanokosovarrak bost lagun serbiar atxilotu ditu. Beste alde batetik, Balkanetako Estatuentzat EBn sartzeko bidea itxita dagoela bermatu dute. Kosovoren inguruko beste berri bat, Ramush Haradinaj lehen ministroak eta Quim Torra Kataluniako lehendakariak, twitterrez –zeharka- izan duten polemika bati buruz aritu gara, polemika honetan Kosovoren eta Kataluniaren egoeren arteko antzekotasunak (Torrak) eta ezberdintasunak (Haradinajk) azpimarratu nahi dituzte. Bestetik, Oliver Ivanović eraildako politikari serbokosovarraren izena Mitrovicako kale bati jartzeko proposamenaz, Belgrade eta Pristinaren arteko negoziaketa berriez eta Kosovoko lehendakari Hashim Thaci Errusiako lehen ministro Dmitri Medvedevekin egon izanaz mintzatu gara.

Serbiara egin dugu salto gero. Han, 1999ko bonbaketen ostean “aurrekontu faltagatik” itxi zuten Serbiako Museo Nazionala (Belgradeko Errepublikaren Enparantzan dagoena) berriz ireki dute aste honetan, bi hamarkadaren ostean. Hain zuzen ere, museo bat, herriaren kultur ondarerik handiena hain epe luzez itxita mantendu izanak erakusten digu herrialde hartako aurrekontua zein doitua izan den. Bestetik, bonbaketa horiei dagokionez, serbiar kazetari batzuek NATOko buru bati erakunde honek Serbiari barkamena eskatzeaz egindako galdaketaz mintzatu gara.

Politikarenak bukatzeko azken berria dugu. Izan ere, aste honetan Peter Carrington hil da. Carrington Jugoslavia (ohian) ezaguna izan da izan ere, 1991ko abuztu-iraileko Londreseko konferentzian aurkeztu zuen bake-proposamenagatik. Garai hartan zegoen eztabaida nagusia, autodeterminazio-subjektua Errepublikak, edo “Nazio osagarriak” ote zirenaren aurrean, Carringtonek subjektu gisa Errepublikak jotzearen eta hauen barne-zatiketak baztertzearen alde egin zuen, Errepublika ezberdinak euren artean federatzeko gaitasuna ere onartuz. Carringtonen arabera, independizatu nahi zuten errepublikek bake bideak erabili behar zituzten eta barneko gutxiengo etnikoak errespetatu (kurioski, arau horiek errespetatu zituen bakarra, Mazedonia, nazioartean aintzatespena lortzen azkena izan zen). Carringtonen ideiak, gero Bosniako gudari amaiera emateko bake-plan ezberdinen oinarri izan dira.

Azkenik, noski, futbolaz hitz egin dugu, batez ere Kroazia lortzen ari den arrakastez. Kroaziak (gizonezkoen) Munduko Kopako finala jokatuko du Frantziaren aurka, joan den astean Errusia eta Ingalaterra gainditu ostean. Talde bikaina duela frogatu du. Hala ere, gauza batzuek kezkan utzi gaituzte, adibidez, zenbait jokalarik eskuin muturrarekiko duten hurbiltasunak (Domagoj Vida izan da azkena). Jokalari batzuen adierazpide faxistak ezin esan talde osoa ordezkatzen dutenik, baina egia da nolabaiteko “tolerantzia” badagoela, kroaziar gizartearen zenbait sektoretan dagoen moduan (Kolinda Grabar Kitarović lehendakaria adibide). Hala ere, esan beharra dago faxismoa sufritu duten jokalariak ere badituela Kroaziak, adibidez Danijel Subašić atezaina adibidez. Bestetik, Novak Djoković serbiar tenis izarrak Kroazia babesteko erabakiak sortu duen polemikatxoa ere ekarri dugu gurera. Eta ahaztu gabe utzi dugu Estaturik gabeko komunitateen Kopa. Txapeldunek, Ukrainako gutxiengo hungariarren ordezkariek arazo llarriak dituzte orain Ukrainan, batzuei “terrorismoa” ere leporatzen zaielarik.

Entzun gure programa hemen: