Tesla ordua, 61. irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako mendikateok!

Mazedoniari buruzko bi berrirekin hasi dugu irratsaioa; bata ustelkeriaren ingurukoa eta bestea Greziarekin izenaren inguruan duten negoziazioen ingurukoa. Nikola Gruevski eskumako soberanista eta Lehen Ministro ohia bi urtetako kartzela-zigorraz zigortu dute gobernu buru zenean enpresa baten partetik opari bat onartzeagatik. Bestalde, indarrean dagoen Lehen Ministro Zoran Zaev, zentro-ezkerrekoa, errugabetu egin dute 2015ean Strumica hiriko alkate zenean enpresari baten partetik eroskerian ibili zeneko akusazioaz. Ondoren, Errepublikaren izenaren inguruan, Zaev ere izan dugu protagonista: aurreko astean Sofian izan zen goi-bilkuran Tsiprasekin izenaren inguruko “akordio-zirriborro” bat lortu zuela esan zuen. Zaevek ez zuen xehetasunik eman, “ez Tsiprasek ez nik, pertsona gisa, gure izenean ezin dugulako instituzioen gainetik akordio osorik lortu”; baina Nikola Dimitrov Maozedoniako Kanpo Arazoetarako ministroak esan duenez, izena “Ilinden Mazedonia” izan daiteke, 1903ko matxinada antiotomandar bati erreferentzia (Ilinden hitzak Elias Deunaren Eguna esan nahi du, matxinada hura hasi zeneko eguna). Ikusiko dugu parte ezberdinek onartzen duten, eta historiari begira, ea Bulgariak (Ilinden matxinada, ekintza “Bulgariartzat” duenak) nola erreakzionatzen duen.

Serbiara bidaiatu dugu gero, han askotariko eta gai ezberdinei buruzko berriak izan baititugu. Hasteko, lehenik eta behin, oroimen historikoaz aritu izan gara. Bi kasu ari dira eztabaidatzen: alde batetik Nikola Kalabić txetnik buruzagiarena, eta bestetik Milan Nedić 1941 eta 1944 arteko lehen ministro kolaborazionista proalemaniarrarena, biei buruz aritu garelarik. Gaurkotasuneko kasuez ere aritu izan gara, adibidez Serbiak 1999ko NATOren erasoari buruzko komisioa bat sortu izanaz. Komisio horrek bere lehen bisita Kosovora egingo du; mugimendu hau ere nolabait oroimen historikoaren arloan sar genezake, baina beste alde batetik Kosovoren inguruan baita, Belgrad eta Pristinaren negoziazioak fase erabakigarrienera iristen ari direlarik. Aleksandar Vučićek beste berri kezkagarri bat ere utzi digu egunotan, Alexander Sorosekin (George Sorosen semea) bildu da, Serbiar Roma Institute (Herri Ijitoaren Institutua) erakunde sorostarra Serbian sar zedin. Kezkaz ikusi dugu berri hau. Azkenik, Serbiaren eta Kroaziaren arteko harremanek, Jasenovacen omenaldiaren inguruan (hau Šešeljek Serbiako parlamentuan sortutako istiluek berotu izan dute baita): Kroaziak Serbiako Defentsa ministro Aleksandar Vulin persona non grata izendatu du, eta kontrara, Serbiak, Kroaziako Defentsa ministro Damir Krstičević ere non grato izendatu du.

Bosniaz ere hitz egin dugu, izan ere, berriz ere eztabaida geopolitikoen erdian dugu Bosnia. Erdoganek “Europako turkiar diasporarekin” hauteskunde-ekitaldi handi bat egiteko Sarajevo aukeratu du. Bertan, Bosniako politikariek eta Bosniako hiru lehendakarietako musulmanak, Bakir Izetbegovićek, oso harrera ona egin diote, euren gaineko norbait izango balitz moduan. Halako adierazpenek, eta Izetbegovićen alderdiak Bosniaz eraiki duen imajinarioak, neokolonialismoaren mamua berpiztu dute. Bestetik, Republika Srpskak kontrara erantzun du, eta bere lehendakari Milorad Dodik Putinekin bildu da. Dodikek noizean behin Republika Srpskaren autodeterminazio erreferendumaren gaia atera ohi izan du. Bestetik, kalapita berri bat sortu da, Erdoganekin zerikusia duena baita ere. Izan ere, badago Istanbul-Belgrad-Sarajevo autobidea egiteko proiektu bat; baina Sarajevo eta Belgrad nola lotu da arazoa: Bosniako musulmanek Tuzlatik egin nahi dute ibilbidea, eta Bosniako serbiarrek Višegradetik.

Eta bukatzeko, Andrej Grubačić izan dugu hizpide. Grubačić AEBn bizi den jugoslaviar jatorri eta militantziako antropologo anarkista dugu. Aste honetan, Berria egnkarian elkarrizketa bat egin diote Grubačići, Euskal Herrian Kurdistani buruz hitzaldi bat eman zuela eta. Grubačićen arabera, Kurdistango konfederalismo demokratikoaren ideia, Estatu-nazioa gainditzen zuena, Jugoslavia Sozialistan izan zen. Grubačićek Jugoslavia Sozilaistaz gain (kanpotik suntsitua izan zela dio), Gavrilo Princip ere errebindikatzen du. Guk Grubačićen adierazpenak komentatu ditugu, izan ere, askotan gurean Kurdistango konfederalismoa goratzen dutenek, Jugoslavian Estatu-nazioa defendatzen zutelako, Jugoslavia “herrien kartzela” bailitzan.

Entzun gure irratsaioa hemen:

 

Advertisements

Tesla Ordua, 60. irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Adriatikoko olatutxook!

Lehenik eta behin gaurkoan barkamena eskatu behar dugu, arazo tekniko batzuk izan direla eta aurreko bi asteetan ezin baikenuen programarik egin.

Hurrengo aste honetan hainbat gai ekarri ditugu gurera. Alde batetik, lehenik eta behin, Sofian Europar Batasunaren eta “Balkanetako Seien” (hau da, EBn sartu nahi duten Balkanetako kideen artean: Albania, Bosnia, Kosovo, Mazedonia, Montenegro eta Serbia) goi-bilkura izan da. Bertan parte hartu dutenek “partaide” moduan hartu dute parte, ez Estatu moduan, hain zuzen ere, Kosovoren parte-hartzeagatik (denek ez dute Kosovo Estatu gisa aintzatesten). Espainiako lehen ministro Mariano Rajoy bertara “ez agertzeak” ere komentarioak piztu ditu. Rajoyren “ez agertzea” askok Kosovorekin (Espainiak ez du aintzatesten) lotu dute, Kosovorekin mahai berea eseriz ea aldebakarreko independentziaren zilegitasunari atea zabaltze bezala uler zitekeelakoak (Katalunia atzean). Hala ere, ñabartu behar dugu Rajoy bera, goi-bilkura horretan izan dela sesio batzuetan, nahiz eta bukaerako argazkian ez agertu. Bestetik, Kosoovoko lehen ministro Ramush Haradinajk Espainiaren batasunaren aldeko adierazpenak egin zitu, Kosovoren eta Kataluniaren kasuek “zerikusirik ez dutela” esanaz. Honen inguruan ere egin dugu gogoeta.

Kosovorekin jarraituz Vetevëndosje (Autodeterminazioa) oposizioko alderdiaren zatiketa eman izan da, eta alderdi horretako 12 diputatuk Alderdi Sozialdemokrata deitutako alderdi txiki ia aktibitaterik gabeko batekin bat egin dute. Pristinako alkatea izango da alderdi honen buru berria.

Montenegrora egin dugu salto gero. Montenegron, Vijesti egunkariko kazetari bat, Olivera Lakić, tiroz zauritua izan zen. Lakićek tabako mugausketari buruz zenbait erreportai egin izan ditu. Kontuan hartu behar dugu legez kanpoko tabako salmenta Montenegroko enpresa handi guztiekin eta baita ere Gobernuaren hurbileko jendearekin lotura duen iharduera bat dela, eta Lakićen erreportaietan halako jendea aipatzen zela, beraz hori izan daiteke erasoaren arrazoia. Lakić zaurituta baina onik dago. Montenegron jarraituz, aurten ospatzen da 1918an Montenegrok Serbiarekin bat egitea erabaki zueneko Podgorican burututako Montenegroko Serbiar Herriaren Asanblada Handia. Ospakizun historiko honek ere polemika txiki bat sortu du Budva hirian, oroimen historikoari buruzko interpretazio ezberdinak dituzten pertsonen artean.

Kroaziara egin dugu saltoa gero. Izan ere, Kroazian proposamen oso kezkagarri batekin egin dugu topo. Narod odlučuje (“Herriak Erabaki”) plataformak sinadura bilketa hasi du Kroaziako Konstituzioan erreforma berri baten inguruko herri galdeketa egin ahal izateko. Galdeketa horretan, 72.a artikulua gehitzea proposatzen dute. Proposatutako artikulu horren arabera, gutxiengo etnikoen (serbiarren, musulmanen, hungariarren, italiarren eta abarren) alderdien ordezkariek eskubidea izango dute Kroaziako Legebiltzarrerako aukeratuak izateko eta honen barruko “eskumen guztiei buruzko bozketetan parte hartzeko, Gobernuaren osaketari buruzko eta aurrekontuen legeari buruzko bozketetan izan ezik”; hau da, Legebiltzarraren funtzio garrantzitsuenetatik (konfidantza zein zentsura mozioetatik, aurrekontuen legea bozkatzetik…) kanpo geratuko dira baldin eta proposamen honek aurrera egiten badu. Horrez gain, diputatuen artean halako diskriminazio nazionala ezartzeak aurrekari oso garrantzitsu bat jarriko zukeen. Kroaziar Eskubideen Alderdiak, eskuin muturrekoak, eta honen lider Anto Djapićek galdeketari babesa eman diote. Honekin jarraituz, aurten, hirugarren urtez jarraian, Kroaziako serbiarren, judutarren eta partisano ohien elkarteak boikotatu egin du Gobernuak Jasenovaceko esterminio-esparruan hildakoen omenez egindako omenaldia, Kroaziako gobernuak oroimen historikoa behar den bezala lantzen ez duela eta zenbat adierazpide faxistari bide egiten diela argudiatuz.

Bukatzeko, Kataluniara egin dugu salto. Jakina da Kataluniaren independentzia edota autodeterminazio-eskubidearen inguruko  eztabaidan, aurkari politikoa “serbiarra” bezala izendatzeko joera (Katalunian edota Espainian bakarrik ematen ez dena) handitu egin dela, Hala ere, aurreko asteburuan CUP ezker antikapitalistako bi ordezkarik, Quim Arrufatek eta Manuel Delgadok egin zuten. Lehenak, Kataluniako independentzia eta herri balkanikoena konparatzeko joerari erantzunez “orduan Espainia Serbia al da? Genozidio bat egiteko prest al daude?” itaundu zuen, eta bigarrenak Ciudadanos alderdiaren “izaera serbiarra; hots, biolento, eta nazionalista fanatikoa” gaztigatu du. Ikaragarriak iruditzen zaizkigu ezkerreko alderdi batetako ordezkari bik nola izan dezaketen Balkanekiko kontakizun ofizialaren ikuspuntua edo nola lotu ditzazketen zenbait ezaugarri negatibo herri jakin baten “izaerarekin”. Honi buruz ere eztabaidatu dugu.

Entzun gure programa hemen: