Tesla Ordua, 53. irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanzaleok!

Gaur, gure irratsaioan, Kosovoko Estatuak bere independentzia aldarrikatu zuenetik 10 urte pasatu diren honetan, honi buruz esan ditugu berririk gehienak. Adibidez, Oliver Ivanovićen hilketari buruz agertu diren adierazpenak, Aleksandar Vučić Serbiako presidentearen arabera, hilketa honek mafian izan du bere iturburua (Hashim Thacik esan du hilketak ez duela “etnia-arazoekin zerikusirik”).

Komentatu dugun beste berri bat, Pristinako Parlamentuan Edi Rama Albaniako lehen ministroak esandakoak izan dira. Ramaren arabera, “Albaniak eta Kosovok lehendakari bakarra eta defentsa sistema bakarra” izan beharko zuketen. Praktikoki asmo hori burutzea Albania Handia gauzatzea zatekeen, beraz, inguruan hautsak harrotu ditu horrek.

Bestetik, AEBtako enbaxadoreak esan duenez, Belgrad eta Pristinako Gobernuen arteko erabateko akordioa laster lortu behar da. Europar Batasunak Serbiaren hautagaitza formalizatzeko baldintza hori jarri ostean, Belgraden gaineko presioak handitu egin dira. Serbiako Gobernuak “asko jota” apiril hasierarako bere proposamena botako duela esan du. Agian “tarteko onartze” bat, aintzatestera iritsi gabe gerta daiteke? Euskal Autonomi Erkidegoan “Nafarroak, berak nahi badu, sartu daiteke” artikuluaren antzeko bat izan daiteke?

Azkenik, Serbian 8 pertsona atxilotu dituzte, egoitza militarrak ilegalki zelatatzen ibiltzearren. 8 pertsona horien artean espainiar herritar bi, estatubatuar bi, ukrainar bi, afganiar bat eta britainiar bat daude. Berri honek ia ez du harrabotsik sortu, eta alderantziz gertatuko bailitzan zer gertatuko zenaz hausnartu dugu.

Entzun gure irratsaioa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 51 irratsaioa

97 irratia ikurraKaixo, Balkanetako zeruetako hodeitxook!

Gaurkoan, berriz ere Greziaren eta Mazedoniaren negoziazioen inguruan aritu izan gara. Hain zuzen ere, kasu honetan, negoziazio horien aurka, edo negoziazio horietatik atera daitekeen balizko konponbidearen aurka (Mazedoniari “Mazedonia” izena erabiltzea baimena emango dion akordio baten aurka) greziar nazionalistek Atenasen egin duten manifestazio handiaren inguruan aritu izan gara. Manifestazioa batez ere eskuin nazionalistako alderdiek (Egunsenti Urrekara alderdi naziak barne) bultzatu dute, baina ezkerreko pertsonak ere egon dira: Zoi Konstantinopolou Parlamentuko lehendakari ohia edo Mikis Theodorakis musikagile komunista tartean. Arazo honek Grezian bertan ezkerra zein eskuina hunkitzen ditu, eta hain zuzen ere Syrizaren Gobernuari arrakasta (akordio zail bat lortu izana) garraztu ahal dio.

Hurrengo berria, Europar Batasunak Balkanetara egingo duen hedapena izan da, Serbia eta Montenegroren hautagaitzek helburua lortzeko epemuga 2025 urtean jarri du. Hau Serbia presionatzeko modu bat izan da, izan ere, Europar Batasunak behin baino gehiagotan esan baitio Belgradi “ala Errusia ala gu, biekin batera ez”. Serbiak aldi berean harreman onak ditu Errusiarekin, beraz, erabakia behartzeko modu bat izan daiteke. EBk, Albania eta Mazedonia ere hautagaitzat hartu ditu, ez ordea ez Bosnia ez Kosovo.

Hirugarren gaia Nataša Kandić izan dugu. Serbiako “Giza Eskubideen Mugimenduaren” pertsona hau AEBtako bi kongresistek, Eliot Engel eta Roger Wicker jaunek, Bakearen Nobel Saria jasotzeko hautagai bezala proposatu dute. Berri hau erbian ez da oso ondo hartu, izan ere Kandić atzerritik guda justifikatzeko “Serbiaren erruaren narratibaren” jarraitzailetzat baitute.

Bukatzeko bi berri txiki aipatu ditugu: alde batetik Britainia Handirako migrazio-bidea Frantziatik itxi ondoren, albaniar migratzaile asko Zierbenako portuan ferry bat hartzearen zain pilatzeak dakarren krisi humanitario txikia, eta bestetik, Bosnako hiruko lehendakaritzako kide bosnakiarrak, Bakir Izetbegović jaunak egindako adierazpen batzuk: Izetbegovićek ezinezko jotzen du bake bidez Bosnian kroaziar entitate politiko bat sortzea (bere ustez populazio bosnakiarra eta bosnokroaziarra oso elkartuta daudelako) eta horretarako balizko bide bakarra guda dela adierazi du.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 50 irratsaioa

97 irratia ikurraKaixo Dinareetako gailurtxook!

Aste honetan, bi puntu izan ditugu batez ere. Lehena Mazedoniaren eta Greziaren arteko akordio posibilitatearen ingurukoa da. Izan ere, 1995ean, Greziak auzo errepublikari “Mazedonia” izena ez onartzearen emaitza bezala, “Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohia” behin-behineko izena atera zuten. Greziak Mazedoniaren nazioarteko instituzioetarako sarrera blokatu egiten du behin-betiko konponbide bat topatu ezean, baina geroz eta herrialde gehiago dira errepublika hura “Mazedoniako Errepublika” izenaren pe onartzen dutenak, beraz horrek Grezia ere negoziazio mahaira hurbildu du. Antza denez, Skopjen VMRO alderdi nazionalistak boterea galtzeak ere akordioa erraztu du beste aldetik (keinu bezala, Skopje eta Tesalonika batzen dituen autobideari Alexander Handia izena Adiskidantza izenaz ordeztu du Skopjek). Greziar prentsak filtratu denaren arabera, “GornaMakedonija”, dena batera (hau da, GoiMazedonia edo MendiMazedonia) zatekeen izen hori, zeinak “Makedonija” barnebiltzen duen, baina aldi berea, hau izen bakar bezala agertuko ez zatekeen.

Mazedoniarekin jarraituz, albaniera Mazedonia osoan hizkuntza ofizial egiteko lege-proiektuaz ere aritu izan gara.

Azkenik, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko harremanaz ere aritu izan gara. Izan ere, Fermin Muguruzak atera duen B-Map diska berrian, Belgradi abesti bat dedikatu dio: Belgrad-Hiri Zuria. Abesti horren esanguraz aritu izan gara, eta baita ere, abesti horretarako erabili duen Listaj Goro Ne Zali Behara (“Orbelak ez dira damutzen”) serbiar abesti folklorikoaz. Eta hau aprobetxatuz, Kerobiak duela urte batzuk ateratako Belgrado abestia ere jarri dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 49 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Adriatikoko txalupatxook!

Gaurkoan, hainbat berrirekin gatoz. Batez ere Kosovora egin dugu begirada, izan ere, Kosovon Oliver Ivanović serbokosovar politikaria eraila izan baita. Ivanovićek egun ez zuen kargurik (Mitrovicarako Udal hauteskundeetan galtzailea atera zen), baina 1999 osteko urte gogorretan, Kosovon serbiar instituzioak eta komunitatearen parte handi bat desagertu zirenean, bera izan zen serbiarren liderra, beraz, lidergo sinboliko bat badu (bera hil eta hurrengo egunean, Belgraden, bere hiletak hori erakusten du, agintari politiko eta eliz ordezkari gorenak bertaratu baitziren, eta Belgradeko Serbiar Handiak lurperatuta dauden tokian lurperatu baitzuten).

Momentuz ez dituzten Ivanović hil zutenak atzeman, nahiz eta hainbat teoria daude: teoria bat serbiarrak Kosovoko instituzioetan integratzea oztopatzea zitekeen, hiltzaileak albaniar nazionalistak zein serbiar nazionalistak izan zitekeelarik. Bigarren teoria baten arabera, Kosovoko instituzioen ahuldadea azpimarratu interesatua dagoen norbaitek egin izana izan da. Guzti horretaz hitz egin dugu.

Bestetik, Mazedoniaren egoera ere izan dugu hizpide, han eslaviar-mazedoniarren eta albanomazedoniarren arteko oreka ere kolokan dago eta.

Entzun gure programa hemen: