NOVI SADEKO ITUNAREN TESTUA (+ IRUZKINA)

SerbokroazieraEuskal Herrian hizkuntza dugu mintzagai, hainbeste, ezen gure hizkuntzak herriari izena eman dion, besteetan alderantziz gertatu ohi denean (hori gertatzen denean, egon baitaude hizkuntza propiorik gabeko herriak). Jugoslaviaren askotan entzuten dugu “hizkuntzak ez zuela izan hainbesteko garrantzia”, izan ere, bosnakiarrak, kroaziarrak eta serbiarrak “erlijioak”, edo asko jota, “zibilizazio-esferak” bereizten omen ditu. Baina honek ez du esan nahi hizkuntzak garrantzirik ez duenik: izan ere, Jugoslaviaren garaian ofizialki serbokroaziera zen hizkuntza bakarra, orain lau hizkuntza ditugu (montenegroera baita!). Hizkuntzak garrantzirik izango ez balu, ez genuke halako “eboluziorik” ikusiko. Eta nola uler daitezke adibidez, 1972ko “Kroaziar Udaberrian” aldarrikapen nagusietako bat “kroaziar hizkuntza literario berezia” izatea edo egun Bosnian hiru hizkuntza ofizial (hirurak elkar-ulergarriak) izatea? Norbaitek esan dezake Jugoslaviaren kasuan hizkuntzak ez duela bereizketarik eragin, baizik eta eragindako bereizketak justifikatzeko edo zilegiztatzeko erabili zela, eta kasu honetan arrazoia ematen diogu. Baina hain zuzen, horrek erakusten du hizkuntza, kontakizun nazional post-jugoslaviarretan elementu garrantzitsua bihurtu dela.

Hizkuntza bakarra zen edo lau ziren? Edo bi? (Glotonimo tradizionalak “serbiera” eta “kroaziera” ziren, eta baita ere XX mendean zeuden bi nazio bakarrak). Bakarra bazen, hori herriak erabakita izan zen, edo Gobernuaren saiakera artifizial bat? (Batzuek “Proiektu ideologiko komunistaz” hitz egiten dute). Hizkuntza bakarra izateak esan nahi du arau bakarra behar duela? Edo glotonimo bakarra ezarri behar dela? Edo esan nahi du tradizio literario bat lehenesten zuela beste tradizioen gainean, alde bateko zein besteko nazionalistek esan moduan? (Kontuan izan behar da “Jugoslavia” Estatu berria dela, XX mendekoa, eta XIX mendean jada zentru literario ezberdinak bazeudela). Alfabeto bat, zirilikoa edo latindarra, bestearen gainetik jartzeko saiakerarik izan al zen? Ahoskera motaren bat akaso? (kontuan izan behar dugu bi ahoskera mota nagusi zeudela, ekaviera eta ijekaviera, eta biek euren literatura zutela; eta hirugarren bat, ikaviera ere bazegoela). Baina hizkuntza ezberdinak badira, Errepublika batetatik at bizi diren konnazionalek (Kroaziako serbiarrek, edo Bosniako kroaziarrek), euren Errepublikako aldaeran, edo euren aberkideen aldaeraz hitzegiten al dute? Krajinako serbiar batek “kroazieraz” hitzegiten du auzokideen moduan, edo “Serbieraz” berarengandik milaka kilometrotara bizi diren aberkideen moduan? Eta Bosniako kroaziar batek bere auzokide musulmanen edo Zagrebeko herritarren moduan hitz egiten al du?

Jugoslaviak hizkuntza bakarraren politikaren abiapuntu izan duen Novi Sadeko Itunaren testua dakarkizuegu, euskaraz. Itun honek abiapuntu bat ezarri zuen, aurretik, serbokroaziera hizkuntza bat edo asko zirela oso garbi ez baitzegoen. Kontuan izan behar dugu Itun hau itun filologikoa edo hizkuntzalaritzakoa zela, ez zuela Estatu politika ofizial bat gidatu; izan ere, Jugoslaviako Estatuak, printzipio federalei jarraiki, ez zuen hizkuntza ofizialik, Errepublika eta probintzia autonomo bakoitzak zuen bere lurraldeko hizkuntza ofiziala izendatzeko gaitasuna. Serbokroaziera sei errepubliketatik lautan soilik hitz egiten zen; beraz, beste bi errepubliketan (Eslovenian eta Mazedonian), itun honek ez zuen ia eraginik. Itun honek batasunaren alde egiten zuen, eta aparteko bi hizkuntza sortzeko “nahi artifizialak” gaitzesten zituen, baina ikusiko dugun moduan, bi aldaerak maila berean jarriz. Bestetik, ikusiko dugun moduan glotonimorik ere ez du ezartzen, nahiz eta “erabilera ofizialean bi parte osagarriak izan behar ditu” esaten zuen eta hala izan zen: ofizialki, Serbian eta Montenegron (eta atzerrian, gehienen ahotan) hizkuntza “serbokroaziera” zen, baina Kroazian “kroatoserbiera” zen (Bosnian bi adierak erabiltzen ziren); nahiz eta beste gauza bat den herriak erabilitako glotonimoa hala bihurtuko zenik: Ljudevit Jonke kroaziar sinatzaile nagusiaren arabera, “Itunak izen ofizial bat ezarri nahi zuen, baina ez zuen herriari glotonimo konkretu bat inposatu nahi” (testuan zuzenean agerten ez bada ere, “serbokroaziera” edo “kroatoserbiera” gidoitxo gabe idaztea erabaki zuten). Ituna hasieran nahiko adostasun handikoa izan zen, bai harrerari dagokionez, eta bai sinatzaileei zegokienez. Ituna, Serbiako Matica Srpska kultur-erakunde nagusiak eta Kroaziako Matica Hrvatska kultur-erakunde nagusiak sinatu zuten; eta sinatu zuten pertsonen artean, Ivo Andrić Nobel Sariduna, Matica Hrvatskako lehendakari Ljudevit Jonke, Matica Srpskako lehendakari Mladen Leskovac, “lehen Jugoslavian” hizkuntzalari nagusi iznadako Aleksandar Belić, Desanka Maksimović edo Miroslav Krleža Titoren idazle gogokoena zena zeuden. Praktikan, bai serbiar zein kroaziar egile eta hizkuntzalari guztiek sinatu zuten Ituna.

Edukiari dagokionez, ikusten dugun moduan, aldaera zein alfabeto zein arau-tradizio biak, zirilikoa zein latindarra, ekaviera eta ijekaviera, serbiarra zein kroaziarra, aintzatetsi eta maila berean jartzen ditu. Egia esan, gora-behera politikoak alde batera utzita eta hizkuntzalaritzari hertsituz, lanik gehiena XIX mendean egina zegoen, izan ere, bai Zagreben zein Belgraden estokaviera aldaera hartu zuten, beste aldaerak (Kroaziako kajkaviera eta txakaviera eta Serbiako torlakiera, eta batez ere Serbiar Eliza Ortodoxoak erabiltzen zuen “eliz-serbiera”, herri-hizkuntzan ia erabiltzen ez zena) alde batera utziz. Beraz, serbokroaziera “hizkuntza polizentriko” bezala ezartzen du, edozein unitarismoz edo hierarkizazioz aparte. Beste alde batetik, esan beharra dugu orduko “berdintasuna”; serbieraren eta kroazieraren artean ezartzen zuela. Zergatik? Oso azalpen erraza du honek: ordura arte ez zegoelako ez “bosnierarik” ez “montenegroerarik”, eta hizkuntzaren zentru literarioak Zagreb eta Belgrad zirelako. Bestetik, sinatu zen unean, Jugoslaviako Konstituzioaren arabera, montenegroarrak herri ziren, baina ez bosnakiarrak (1968an onartu zen nazionalitate hau). Hala ere, zenbaitek Itunaren lehen puntua kritikatu dute, Mendebaldeko aldaeren blokea ijekaviar ahoskerarekin, beraz Zagrebekin identifikatzen duelako eta Ekialdeko aldaeren blokea ekaviar ahoskerarekin, beraz Belgraderekin (badaude lexikoki Ekialdeko aldaeraren blokean sartu daitezkeen ijekaviar aldaerak: Bosnia Hego-Ekialdean, Herzegovina Hego-Ekialdean eta Montenegron hitz egiten direnak adibidez). Laugarren puntuan, dentifikazio hori saihestu egiten dute, “bi ahoskera nagusian kontestu orotan zilegitasun berekoak” zirela esanez.

Bestetik, eskuliburu ezberdinak egitea, gramatikakoak, orotografiakoak, zein lexikokoak (terminologia zientifikoari arreta berezia eman ziotelarik) egiteko erabakia hartu zuten, lan han Matica Srpskak eta Matica Hrvatskak batera hartuko zutelarik. 1963ko Konstituzio Federalean “serbokroaziera” agertu zen, eta baita ere urte horretan, Serbiako Errepublika Sozialistako Konstituzioak, hizkuntza ofizial gisa, “serbieraren” ordez, “serbokroaziera” jarri zuen.

Itunak gerora izan zuen arrakasta ez zen hasieran ematen arrakasta izan, arrakasta partziala baino. Puntu nagusian arrakasta izan zuen: hizkuntza bakarra zela adostua izatea lortu zuten, eta hori ez zen zalantzan jarrio serioski Jugoslavia 1991an desagertzen hasi arte. Hala ere, hartu zituzten lan asko ez zuten betetzerik izan. Egia izan zen 1960.ean Ortografia Eskuliburua atera zutela bi aldaeretan, baina Hiztegia ez zuten bukatu, 1967.ean lehen liburukia atera bazen ere (Ljudevit Jonke kroaziarraren eta Mihailo Stevanović serbiarraren zuzendaritzapean). Izan ere urte horretan, kroaziar intelektual batzuek Matica Hrvatskaren babespean “Kroaziar hizkuntza literarioari buruzko adierazpena” atera zuten, kroaziar aldaera serbiar aldaerak bigarrengoratu zuela esanez, eta Matica Hrvatskak proiektua utzi zuen; hiztegia Matica Srpskak bukatu zuelarik. 1971.ean kroaziar hizkuntzalari batzuek “Kroaziar Ortografiaren Eskuliburua” atera zuten, oso babestua izan ez zena, baina honen debekuak urte horretako “Kroaziar Udaberria” deitutako mugimendu politikoa pizten lagundu zuen. Kroaziarren ustez, batasuna 1966an Miloš Moskovljević serbiar sinatzaileak atera zuen Hiztegiak apurtu zuen (Hiztegi hori ere debekatua izan zen lehen edizioaren ostean, baina denbora batez irakurgarri izan zen).

Hala ere, azken gertakari hauek, arrakasta erabatekoa izatea ekidin bazuten ere, ezin digute entsarazi arrakastarik izan ez zenik edo txikia izan zenik. Izan ere, “Kroaziar hizkuntza literarioari buruzko Adierazpenak” ere ez zuen esaten kroaziera eta serbiera bi hizkuntza ezberdin zirenik, soilik glotonimoa izendatzeko auzian zentratu zen, hau da “kroaziarrek beren hizkuntzari “kroaziera” deitzeko eskubidean”. Adibidez, Adierazpen horrek, momentu batean, “Novi Sadeko ituank kroaziera eta serbiera funtsean hizkuntz-oinarri bera zutela justifikatzen zuen” zioen; eta geroagoko “Adierazpenaren izpirituaren urraketak” kritikatezn zituen, serbiar aldaera literarioak zentrua hartu omen zuela eta kroaziar aldaera gibeleratua izan omen zela salatuz (alta, horren froga konkreturik ez zuten eman, bigarren edo hirugarren mailako garrantziko erakundea zen Jugoslaviako Konpositoreen Biltzar baten salbuespenarekin). Bestalde, eskoletan, prentsan eta erakunde ofizialetan “kroaziar hizkuntza literarioa” ager zedin eta “serbiar hizkuntza literarioaren pare” ezar zedin eskatzen zuen Adierazpenak, jada garai horretan gertatzen zena. Beraz, serbiar aldaera literarioaren eta kroaziar aldaera literarioaren “berdintasunean” insistitzen zuten, baina hauek hizkuntza bera zirela esplizituki ukatu gabe (eta berdintasun hori indarrean zegoenean).

Arlo politikoan, eztabaida horien ostean ere, 1974ko Konstituzio Federalak, hizkuntza bakarra zela ondorioztatu zuen; baina Errepublika bakoitzaren Konstituzioetan, batasuna ere onartzen zen arren, batasunaren eta berezkotasunaren aarteko oreka mantentzen saiatu ziren: hala, 1974ko Kroaziako Errepublika Sozialistaren Konstituzioak, hizkuntza ofizial “kroatoserbiera hizkunza literarioa, Kroaziako aldaera estandarrean” aldarrikatu zuen, Bosnia-Herzegovinako Errepublika Sozialistakoak “serbokroaziera hizkutnza literarioa, Bosnia-Herzegovinako aldaera estandarrean”, eta Montenegroko Errepublika Sozialistakoak “serbokroaziera hizkutnza literarioa, Montenegroko aldaera estandarrean” (salbuespena Serbiako Errepublika Sozialista izan zen, “serbokroaziera hizkuntza literarioa, Ekialdeko aldaeran” ezarri baitzuen).

Hona beraz edukia:

————

Testu honen azpian sinatzen dutenek, Letopis Matice Srpske aldizkariak serbo-kroaziar hizkuntzaren inguruko inkesta betetzeko deitutako bilerara agertu direlarik, eta Novi Saden 1954ko abenduaren 8an, 9an eta 10ean aldeaniztuneko eztabaida izan ondoren, ondorio hauetara iritsi dira:

  1. Serbiarren, kroaziarren eta montenegroarren hizkuntza herrikoia bera eta bakarra da. Beraz, hizkuntza literarioa, bere oinarria zentru bitan, Belgraden eta Zagreben, garatu duena ere hizkuntza bakarra da, bi ahoskera dituelarik: ekaviarra eta ijekaviarra.
  2. Hizkuntza izendatzerakoan, beharrezkoa da erabilera ofizialean bi parte osagarriak aipatzea.
  3. Bi alfabetoak, latindarra eta zirilikoa mila berean dira zilegi, eta beharrezkoa da bai serbiarrek zein kroaziarrek biak modu berean ikas ditzaten; hauxe eskola-irakaskuntzako helburu izan behar da.
  4. Bi ahoskerak ere, ekaviarra eta ijekaviarra, arlo guztietan ere zilegitasun maila berekoak dira.
  5. Gure hizkuntzaren aberastasun lexiko osoaz gozatzekoa eta hauxe erabat eta modu zuzenean garatu dadin, serbokroaziar hizkuntza literarioaren erreferentziazko hiztegi bat ateratzea beharrezkoa da. Beraz, Matica Srpskaren ekimena, Matica Hrvatskarekin batera lan honen ardura hartzekoa, erabat txalogarria da.
  6. Terminologia bateratua garatzearena ere, berehala konpondu beharreko arazoa da. Beharrezkoa da bizitza ekonomiko, zientifiko, eta zentzu zabalean esanez, kulturaleko arlo guztietarako terminologia garatzea.
  7. Hizkuntza amankomunak ere ortografia-eskuliburu bateratua behar du. Eskuliburu hau garatzea, egungo beharrizan sozial zein kultural premiazkoena da. Aditu serbiar zein kroaziarrek osatuko duten adostutako Komisio baten eskuliburu honen zirriborro bat egingo du. Erabateko onarpenaren aurretik, zirriborro hau idazleen, kazetarien, hezitzaileen eta bestelakoen elkarteen eskura jarriko da, eztabaidagai izan dadin.
  8. Hizkuntza kroatoserbiar literarioaren garapen natural eta normalari oztopo artifizialak jartzearen kontrako jarrera izatea beharrezkoa da. Testuak bidegabeki “itzultzearen” joera gelditzea eta idazleen jatorrizko testuak errespetatzea beharrezkoa da.
  9. Ortografia-eskulibururako eta terminologia-eskulibururako Komisioak gure hiru Unibertsitateek (Belgradekoak, Zagrebekoak eta Sarajevokoak), bi akademiek (Zagrebekoak eta Belgradekoak), Novi Sadeko Matica Srpskak eta Zagrebeko Matica Hrvatskak izendatuko dituzte. Terminologia garatzeko beharrezkoa da legezko eta estandarizazio ardurak dituzten instituzio federalekin eta bestelako adituen taldeekin elkarrizketak hastea.
  10. Matica Srpskak hartzen du ondorio hauek Kontseilu Exekutibo Federalari; Serbiako Herri Errepublikako, Kroaziako Herri Errepublikako, Bosnia eta Herzegovinako Herri Errepublikako eta Montenegroko Herri Errepublikako Kontseilu Exekutiboei; Belgradeko, Zagrebeko eta Sarajevoko Unibertsitateei; Zagrebeko eta Belgradeko akademiei eta Zagrebeko Matica Hrvatskari helarazteko ardura; eta baita egunkari zein aldizkarietan argitaratzeko ardura.

Novi Saden 1954ko abenduaren 10ean.

Ivo Andrić, Aleksandar Belić, Živojin Boškov, Mirko Božić, Miloš Djurić, Marin Franičević, Krešimir Georgijević, Miloš Hadžić, Josip Hamm, Mate Hraste, Ljudevit Jonke, Marijan Jurković, Jure Kaštelan, Radovan Lalić, Mladen Leskovac, Svetislav Marić, Marko Marković, Živan Milisavac, Miloš Moskovljević, Boško Petrović, Veljko Petrović, Djuza Radović, Mihailo Stevanović, Zdenko Škreb eta Jovan Vuković.

——-

Oharrak:

Ahoskera ezberdinak, batez ere “jat” letra (latinez ě eta zirilikoz ѣ bezala idazten zena) ahoskatzeko eboluzioaren forma ezberdinen arabera sortu ziren. Kontuan izanik Balkanetan migrazio asko eman direla, askotan ahoskera ezberdineko jendea batera bizi da, eta ez dago etnia-bereizketarik. Ahoskera ekaviarra aldaera estokaviera (bai Zagreben zein Belgraden garatutako aldaerek estokaviera zuten oinarri) hitz egiten den Serbiako alde gehientan eta Kroaziako Eslavoniako hegoaldean erabiltzen da. Horrez gain, bazterreko aldaerek, kroaziar kajkavierak eta txakavierak eta Serbiako torlakierak, ahoskera ekaviarra dute baita, baina hauek hizkuntza literario prozesuetatik at geratu ziren XIX mendean. Ahoskera ijekaviarra, aldaera estokaviera hitz egiten den Kroaziako, Bosnia-Herzegovinako eta Montenegroko parterik handienean eta baita Serbiako lurralde mugakide batean hitz egiten da. XIX mendean, Belgraderen inguruan garatu zen hizkuntza literarioak ekaviera aintzatetsi zuen, eta Zagreben inguruan garatu zenak, ijekaviera (halere, lehen aipatu dugun moduan, ekaviera batez ere Belgraderen inguruarekin, “Ekialdeko aldaeren blokearekin” identifikatzen bada, eta ijekaviera Zagreben inguruarekin, “Mendebaldeko aldaeren blokearekin”; korrelazio hau ez da perfektua; egon baitaude “Ekialdeko” aldaera ijekaviarrak). Badago hirugarren ahoskera bat estokavieraren barruan, ikaviera, baina ikaveirak ez zuen “hizkuntza estandarizaturik” garatu (Herzegovinan eta Dalmazian erabiltzen da batez ere), eta ikaviera hitz egiten zutenak (Mendebaldar blokeko aldakiak hitz egiten zituzten ikavieradunek) ijekavieraren menpe geratu ziren.

Ezberdintasunak ahoskerakoak dira: adibidez, “aurrera” napred esaten da ekavieraz, naprijed ijekavieraz eta naprid ikavieraz; “izarra” zvezda ekavieraz, zvijezda ijekavieraz eta zvizda ikavieraz.

Egungo “kroazierak” eta “bosnierak” ijekavieran dute oinarri, eta baita berriki Montenegroko Gobernuak ofizialdu duen “montenegroerak”. “Serbierak” Serbian ekaviera du oinarri, eta Republika Srpskan ijekaviera. XXI mendeko 10. hamarkadan Montenegrok “montenegroera” ofizialdu aurretik, “serbiera” zen hango hizkuntza ofiziala eta gaur egun montenegroar ezberdinek ere hala dute, Gobernuarentzat jada ez bada ere. Montenegroko serbiera ere ahoskera ijekaviarrekoa da.

Matica ezberdinak, eslaviar herrietan bertako kultura, baina bereziki hizkuntza eta literatura azkartzeko elkarte herrikoiak ziren; gurean EHE, Euskal Idazleen Elkartearen edo AEKren eta tokiko euskara elkrteen arteko zerbait izango ziratekeen. Matica Srpska 1826an sortu zen Budapesten (eta 1864an Novi Sadera eraman zuten egoitza), eta Matica Hrvatska 1842an Zagreben. Kontseilu Exekutibo ezberdinak Gobernu ezberdinak ziren, Kontseilu Exekutibo Federala Jugoslaviako Gobernua eta Herri Errepublika bakoitzak ere Kontseilu Exekutibo propioa zuen. “Zagrebeko eta Belgradeko Akademiak”, Serbiako eta Kroaziako Arte eta Zientzien Akademiak ziren; kultur arlo ezberdinak (ez soilik literatura) arautu eta ikertzen dituzten kultur-erakunde ofizialak. Gurean Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzaren arteko nahasketa bat izango lirateke. Serbiar Arte eta Zientzien Akademia (Српска академија наука и уметности/Srpska akademija nauka i umetnosti; SANU laburduraz) 1886an sortu zen, baina bere aurrekari izan zituen erakundeak 1841koak dira. Kroaziako Zientzien eta Arteen Akademia (Hrvatska akademija znanosti i umjetnosti; HAZU laburduraz) zaharragoa da, 1866an sortu zen Zagreben, Jugoslaviar Zientzien eta Arteen Akademia izenarekin (Jugoslavenska akademija znanosti i umjetnosti; JAZU laburduraz), 1941ean “Kroaziar” izena hartu zuen, JAZUtik HAZU izatera pasa zelarik.

Hasieran 25 sinatzaile baziren ere, gerora beste 63k sinatu zuten.

Oxandabaratz

Advertisements

One thought on “NOVI SADEKO ITUNAREN TESTUA (+ IRUZKINA)

  1. Pingback: VIENAKO 1850EKO LITERATUR ITUNA | Drina Zubia Kultur Elkartea

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s