Tesla Ordua: 96 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako bidezidorrok!

Aste honetako programa hauteskundeekin hasi dugu; Ipar Mazedonian izen aldaketatik hona egin diren lehen hauteskundeekin. Hauteskunde presidentzialak izan dira, aurreko igandean lehen itzulia jokatu da. Gobernuaren aldeko Batasun Sozialdemokrataren Stevo Pendarovski hautagaiak botoen %42 lortu du, VMROko Gordana Siljanovska-Davkova hautagaiak %41 eta Blerim Reka hautagai albanomazedoniarrak %11; beraz Pendarovski eta Siljanovska-Davkova izango ditugu bigarren itzulian. Emaitza oso justua da, eta gainera Zoran Zaev lehen ministroak esan du Pendarovskik hauteskundeak irabazten ez baditu parlamenturako hauteskundeak ere deitu ahal dituela. Batek baino gehiagok Greziarekin sinatutako Prespako Itunaren sendotasuna ere jokoan ikusten dute hauteskunde hauetan. Hala ere, beste etsai garrantzitsu bat dute Pendarovskik eta Siljanovska-Davkovak: parte-hartze baxua. Lehen itzulian mazedoniarrek %41ek soilik bozkatu dute, bigarrenean %40ak baino gutxiago bozkatzen baditu, hauteskundeak baliorik gabe geratuko dira.

Bosnia-Hercegovinari buruz ere aritu gara oraingo honetan. Republika Srpskaren hiriburu Banja Lukan, Slaviša Krunić deitutako enpresari garrantzitsu bat tiroz hil dutenaren berria kontatu dugu lehenbizi. Gerora, Bosniako hiru lehendakaritzako kide serbobosniarra, Milorad Dodik, ostiralean Patxi Aita Santuarekin bilduko dela, Jasenovaceko genozidioaz eta Eliza Katolikoak izan zuen paperaz hitz egiteko. Hirugarrenik, hauteskundeak gertatu eta sei hilabetetara, azkenean, Bosniako Gobernua eratu ahal izango dela kontatu dugu, Ekintza Demokratikorako Alderdiaren (nazionalista musulmana), Aliantza Sozialdemokrata Independentea (nazionalista serbiarra) eta Batasun Demokratko Kroaziarraren (nazionalista kroaziarra) artean. Filtratutako zurrumurruen arabera, ministerio bakoitza zein alderdiren esku geratuko den ere adostu dute.

Serbiara egin dugu gerora salto. Han lehenik gudako berriekin hasi gara; aste honetan bete baita NATOk Serbiako Irrati-Telebistaren egoitza nagusia bonbatu eta 16 pertsona erail zituenetik. Gogorazi dugu, oraindik NATOko inork ez duela ez barkamenik eskatu ez epaile baten aurrean erantzun honegatik. Bestetik, Mirjana Markovići buruz hitz egin dugu. Berriki hil den politikaria, Serbian hilobiratu dute, bertan 90.eko hamarkadan garrantzitsuak izan diren politikari batzuk (poskomunistak zein nazionalistak) batuz. Marković Moskun erbesteratua zegoen, beste gauza batzuen artean, Slavko Ćuruvija kazetariaren heriotza agintzea leporatzen baitzioten. Eta justu aste honetan agertu da Ćuruvijaren erailketaren gaineko sententzia: zerbitzu sekretuetako lau gizon zigortu dituzte, baina sententziak “ezezagun batek” agindu zuela eta badio.

Serbiako egungo berriei dagokionez, Europar Batasunak asteburu honetan Belgrad eta Prištinaren arteko elkarrizketa bat antolatu du, negoziazio mahaira bueltatu daitezen; Federica Mogherinik esan du presio handia jarriko duela EBk bi aldeengan. Bestetik, Serbiako lehen ministro Ana Brnabićek esan du ez duela itunik espero Urria baino lehen. Bitartean protestek Belgradeko kaleetan jarraituko dutela esan du oposizioak hauteskundeak deitu arte. Oposizioko lider batek, Dragan Djilasek esan du hauteskunde askeak deituz gero oposizioak irabaziko zituzkeela. Azkenik, berri pozgarri bat azaldu dugu: Jelena Ivančić gazteak Europako Matematikarien Olinpiada irabazi baitu.

Beste berri batzuen artean, Bulgarian, Bulgariako Batasun Nazionala alderdi neonaziak asteburu honetarako Europa mailako topaketa faxista batzuk deitu dituela ere aipatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua: 95 irratsaioa

tesla-ordua ikurraEgun on, Aste Santu ortodoxoaren jarraitzaileok!

Gu ere ortodoxian murgildu garenez, aste honetako irratsaioa inoiz baino motzagoa izan da, eta hortaz ohartarazi behar zaituztegu: programa honek soilik 50 minutu irauten du.

Lehen gaia, Mirjana “Mira” Marković, Slobodan Milošević Serbiako presidente ohiaren alarguna, Moskun hil izana izan dugu. Askok, modu pixka bat matxistan, Marković Serbiako “Itzalpeko botere” moduan karikaturizatu izan dute, Serbian benetako botere maltzurra bera zelakoan. Guk hemen ordea, Markovićen pentsaera eta Moskun zergatik erbesteratu zen azalduko dugu, eta horrez bidez 90 hamarkadako Serbiara pixka bat hurbilduko gara.

Kosovoren gaineko negoziazioen inguruan ere aritu izan gara. Aste honetan, Serbiako lehendakari Aleksandar Vučićek Ipar Kosovko udalerrien gaineko “Burujabetza bikoitza” edo “Koburujabetza” albanoserbiarra proposatu edo onartu izana ukatu du. Bestetik, kanpo ministro Ivica Dačićek Vučić bera eta Ana Brnabić lehen ministroa Prištinako Gobernuarekin Berlinen batzeko “presionatuak” izan direla aipatu du, bilkura hori egingo denaren inguruan zalantzan utziz. Beste aldetik, Gobernu albanokosovarrak “Serbiak egindako krimenak ukatzea” legez zigortzea ahalbideratuko duen lege bat aterako duela iragarri du (gogoan izan behar dugu Kosovoko Gobernuaren arabera, NATOren bonbaketa “serbiar genozidioa” ekiditeko izan zela). 1999ko guda-krimenez ari garela, Neven Djenedija deitutakoserbiar herritar batek AEBko Defentsa Ministerioa hackatu eta krimenen argazki esklusiboak atera dituela ere esan dugu. Horietako krimen bat, aste honetan gertatu zenetik 20 urte betetzen dituena da: NATOk Djakovica herrian 75 errefuxiatu albanokosovar hil zituenekoa. Krimen hori ere gogoratu dugu.

Gudez ibili izan garela, Kosovoko guda beraz, Serbiak Rajko Kozlina serbiar soldadua 15 urteko zigorraz atxilotzea aipatu izan dugu, Kosovoko gudan zenbait albaniar zibil hiltzearren. Bestetik, Bosnia-Herzegovinako Estatu-epaitegi batek, Bosniako Armadako Atif Dudaković jenerala auziperatu du, 300 zibil serbobosniar hil zituela leporatuta.

Aipatu dugun beste gai bat Belgradeko Vučićen aurkako protestak dira. Hauek inoiz baino indar handiagoa hartu zuten azken larunbatean. Protestako alderdiak batzen dituen Serbiaren Aldeko Aliantzako lider guztiek hitz egin zuten, baina beste behin ere, Vučić kanporatzeaz haratago programa bateraturik ez dutela agerian utzi dute. Bestetik, Gobernuari, protestara gerturatzeko oztopoak jartzeko tanpatxoak erabili izana leporatu diote (adibidez autobus publikoak murriztea). Protesta hauen aurrean, SNS Gobernuko-alderdiko ordezkariek gau-beila egin dute, Gobernuaren arabera “Estatu-kolpe posible bat ekiditeko”.

Berri txikiagoen artean, Korrika dela eta, Korrikaren lekukoa eraman izan duten jugoslaviarrak, Bosnia-Herzegovinan hauteskundeak pasa eta 6 hilabete ostean Gobernua eratzear egon daitekeela, Ivica Dačić serbiar kanpo ministroak Errusiarekiko egin dituen adierazpen oso lagunkoiak eta Venezuelan Montenegroko mafiako kapo handietako bat kokaina Europara ekarri nahi izatean atxilotu izanaz aritu gara.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 94 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako zuhaiztxook!

Aste honetako programa, batez ere berriz ere amaitezinak diruditen Kosovoren inguruko Belgrad eta Pristinaren arteko negoziazioei eman diogu. Negoziazioak geratuta dauden arren, Belgrad eta Prištinaren arteko fitxen mugimenduak eta birkokatzeak etengabe ari dira ematen. Adibidez, azkenengo honetan, Ramush Haradinajk esan du bere burua “AEBren soldadutzat” duela.

Bestetik, Belgraden intentsitatea handitzen ari diren protestez ere hitz egin dugu. Hemen ere, ez dirudi bi aldeen arteko negoziaziorik dagoenik, Vučić eta oposizioa elkarrengandik oso urruti baitaude.

Bestetik, beste berri batzuen artean NATOren 1999ko bonbaketako zenbait pasarte ere gogoratu ditugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla ordua: 92. irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako erresistenteok!

Gaurko honetan, 1999an NATOk Jugoslaviaren kontra hasi zuen bonbardaketaren 20 urteurrenaren bueltan gabiltzanez, programa gehiena horri eman diogu. Hemen, bai NATOren estatutu aldaketa, ondorio politikoak, ondorio zibil eta humanitarioak, justifikazioak, prentsaren manipulazioa, eta beste hainbat gai jorratu ditugu. Hainbat xehetasun eman ditugu: belikoak, sozialak, ekonomikoak, humanitarioak eta abar. Ziur gaude programa interesgarri egingo zaizuela

Programaren gehiena honek okupatu digu, baina beste bi gauzetarako tartea ere izan dugu: alde batetik, Bosnia-Hercegovinan, eskandalu txiki bat egon da, mezkita batzuetan salafista batzuk armekin agertu dira eta; baina antza denez, muntaia bat izan da. Bestetik, Rijekako Filip Jakovacek, Jugoslaviar kultura amankomuna batera mantentzeko asmoa duen antolatu duen “Balkan Roads” lehiaketa bitxiaz aritu gara.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 81 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako zeruetako hodeitxok!

Asteko honetako programa ere oparo etorri zaigu berrietan. Hasteko, Europako (emakumezkoen) Eskubaloi Txapelketa aztertu dugu. Errumania izan da gure taldeen artean gehien iraun duena: finalerdietara iritsi da, baina Neagu kapitainaren lesioa latz nabari izan du, eta ezin izan du dominarik lortu,laugarren postuan geratuz. Bestetik, Hungarian Orbánen Gobernuak atera duen aparteko orduei buruzko “esklabotza legearen” kontrako mobilizazioei buruz aritu izan gara, eta lehen atal hau bukatzeko, berri pozgarri bat kontatu dugu: Podgorican Josip Broz Titoren estatua bat inauguratu dute.

Bukatzeko, aste honetan zabalen kontatu ditugun berriekin joan gara. Alde batetik Kosovoko Parlamentuak Kosovoko Armada sortzeko egin duen erabakiaren analisia egin dugu, baita ere honek serbokosovarren artean, Serbian eta nazioartean sortu duen erreakzioez: desadostasuna sortu du “Nazioarteko komunitatean”. Bestetik, “esloveniar bidea” dela eta, politikariek adierazpenak egiten dituzte, askotan ezjakintasunetik. Kasu honetan Carles Puigdemont eta Pedro Sanchez izan dira. Berriz honi buruz mintzatu gara.

Entzun gure programa hemen:

BALKANAK ETA ZORROZTASUNA (Ainara Arratibeli erantzunez)

Askotarako eman du Granit Xhaka eta Xherdan Shaqiri Suitzan jokatzen duten jokalariek golak ospatzeko egin duten ikur albaniarrak. Batez ere, Balkanetako gudari buruzko kontakizun zehatz bat zabaltzeko. Baita ere, BERRIAn, Ainara Arratibelek idatzitako artikulu baten eskutik (“Suitzaren Babelgo dorrea”, BERRIA 2018-6-27).

Izan ere, Arratibelen artikuluak bestelako egunkarietako ildoa jarraitzen du, jokalari albaniar-suitzarrek egindako keinu nazionalistak ez omen dira nazionalistak, justiziazkoak edota askatzaileak ziratekeen, pairatu zuten serbiar zanpaketaren ondorioz ondorio logikoa-edo eman nahiko bailitzan. Antza sufrimendua batzuek soilik pairatu zuten eta horiek ez dutenez ahaztu partida berezia zen. Bestalde, guden sufrimendua pairatu zuten serbiarrekiko keinu horiek zein eragin duten ez da aipatzen.

“Justiziaren” kontakizun hau jarraitzeko BERRIAko kazetariak (eta beste askok) eman dituzten datuak ez dira zuzenak: ez Xhaka ez Shaqiri ez dira gudako errefuxiatuak. Xhaka 1992an Suizan jaio zen, eta urte hartan emigratu zuen Shaqirik Suitzara; Kosovoko guda hasi baino zazpi urte lehenago. Granit Xhakaren aita “1986ean Slobodan Miloševićen Gobernuaren kontra protestatzearren” atxilotu zutela diosku Arratibelek, baina 1986an Milošević ez zen inongo Gobernuren, ez Serbiakoaren, ez Jugoslaviakoaren, buru.

Ez dira aurkitzen dugun akats bakarrak. Izan ere Suitzako taldean jokatzen duten “guda errefuxiatuen” artean, “bosniarrak” ere aipatzen dizkigu Arratibelek. Bosnakiar jatorriko bakarra Haris Seferović dugu, honen gurasoek ere, guda aurretik, 1984an, Suitzara emigratu zuten. Bestetik, serbiarren izaera ustez probokatzailea azpimarratzeko edo, ustez Aleksandar Mitrovićek esandakoak aipatu ditu. Baina larriagoa da, Arratibelek honen inguruan jarritako “kontestua”: Mitrović eta 2014ko Serbia-Albania partidako istiluak lotzen ditu. Partida hartan, Arratibelen arabera, “drone bat pasatu zen Kosovoko banderarekin, Mitrovićek hartu egin zuen eta albaniar jokalariek keinua salatu zuten”. Bandera hori ez zen Kosovokoa, Albania Handiarena baino, “gu gara bertakoak” leloarekin, hots, probokazio handia zena (serbiarrei euren etxean arrotz deitzea baitzen). Bestetik, bandera hartu zuena (partidak jarrai zezan, berak aitortu moduan), ez zen Aleksandar Mitrović izan, Stefan Mitrović baino (Aleksandar Mitrovićek partida hortan ez zuen jokatu). Eta azkenik, albaniar jokalariek ez zuten “keinua salatu”, Stefan Mitrović jipoitzera joan ziren (borroka hasi zuena Granit Xhakaren anaia Taulant izan zen). Akats gehiegi berrien zorroztasunaren onerako.

Kezkaz ikusten dugu guzti hau, bai kasu batzuetan adjektiboei ematen zaien kargagatik, eta beste batzuetan datu batzuk oker ematearren, eta beste datu batzuk ahaztearren. Baina atzetik, datuen erabilera hori, Balkanetako gudaren kontakizun jakin bat indartzeko erabili denaren susmoa dugu.

Tesla Ordua, 47 irratsaioa

tesla-orduaKaixo balkanzaleok!

Gaurkoan, bi berri nagusi ekartzen dizkizuegu. Lehenik eta behin, Kosovon, Gerra Krimenak epaitzeko Nazioarteko Epaitegiaren polemika dugu. Hau, EBren proposamena izan zen, eta orain AEBk lagundu du, Kosovon izan ziren krimenak epaitzeko asmoarekin sortu behar zen epaitegi bat dugu. Hasieran Kosovoko Gobernuak baiezkoa eman zion (bai leehndakaria zein lehen ministroa UÇKko kide ohiak dira), baina oposizioaren protestak direla eta, etzera egitear da. Gobernuan, gainera Srpska Lista, Belgradeko Gobernuaren hurbilekoa den alderdia dugu, eta oposizio nazionalistarentzat horrek gauzak larriago egiten ditu. Ikusiko beharko da arrazoiakzeintzuk diren, baina badirudi Kosovoko populazioaren sektorerik nazionalistena beldur dela ea Epaitegi hori eratzen bada, eta nazioarteko jurisdikzioaren pa badago, ondorioak egun indarrean den bertsio nazionalistaren aurkakoak ez ote diren izango.

Bestetik, beste berri abtzuen artean, kirol arloan NK Rudeš talde kroaziarraren ibilera komentatu dugu. Talde hori Alavesekin hitzartuta dago. Kroaziako lehen mailan dago, baina 20 partida jokatuta bi soilik irabazi dituenez, azken postuan dago (10 talde dira Kroaziako Ligan, eta bakoitzak lau aldiz jokatzen du aurkari baoitzaren kontra, 36 partida guztira). Orain arte, Iñaki Alonso bizkaitarra izan dute entrenatzaile, baina kargutik kendu egin dute, Alaveseko jokalari ohi Dinko Jelicic entrenatzaile berria izango delarik.

Bukatzeko, hzkuntzalaritzari buruz ibili gara, izan ere, Vienako bi hizkutnzaririk, Joachim Ratzinger eta Stefan Schumacher izenekoek albaniera ilirieratik ez datorrela frogatu baitute. Euren ikerketa egiteko XVII mendeko Pjeter Bogdaniren testuak erabili dituzte. Albanieraren eta ilirieraren arteko harremanaren aldeko tesia erabat nagusi da Albanian, bai Estatuaren aldetik zein bertako komunitate zeintifikoaren aldetik

Entzun gure programa hemen: