Tesla Ordua: 90 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako zeruetako hodeitxook!

Aste honetako programan ere berri asko kontatu ditugu, horietako batzuetan bilintzi-balantza ibili garelarik- Lehenik eta behin. Belgradeko derbiaz hitz egin dugu, Serbiako Ligako 24. Jardunaldian Izar Gorriak eta Partizanek bana berdindu dute. Bi taldeek jokatzen duten 159. derbia da hau.

Segituan Kroaziara egin dugu salto. Gure programaren eta elkartearen asmoetako bat, dakizuen bezala, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko harremana sendotzea da; eta aste honetan halako berri bat ekarri dugu, ezen Hrvoje Klasić kroaziar historiagile ezagunak artikulu bat idatzi du Kroaziako hedabide batean Euskal Herriari buruz. Klasić egun batzuez egon da Euskal Herrian eta gure herritik sentsazio positiboak eraman ditu Zagrebera. Kroaziari buruzko beste berrien artean, Madrilen Ante Pavelić faxistaren hilobia antifaxistek erasoa izan denaz berri eman dugu. Espero dugu ekintza honek hilobi horren inguruko eztabaida piztea, batez ere kontutan harturik Espainiako Memoria Historikoaren Legearen arabera, ikur faxistak edo faxisten omenaldietarako balio duten tokiak ezin direla publikoki erakutsi.

Bestetik, Kosovoko mugen inguruko negoziazio amaigabeei ere tartea egin diegu. Negoziazioak, Kosovok serbiar inportazio-produktuei jarritako %100eko zergaren inguruan dagoen polemikarekin nahastu dira; gainera Kosovoko Estatuaren buruzagitza ez dator bat Serbiarekiko izan duen jarrerarekin. Bestalde, AEBk Kosovoko Errepublikari beren jarrerak moderatzeko ere eskatu dio.

Jarraitzeko, Albanian, Montenegron eta Serbian izaten ari diren protestez aritu izan gara. Albanian protestek intentsitate handiagoa izaten ari dira, baita ere Montenegron. Hala ere, Serbian protestak ez aurrera ez atzerako fase batean sartu dira, batez ere Vučićek hauteskundeak aurreratzeko keinua egin zuenetik. Montenegrori dagokionez AEBko Estatu departamenduak sari bat eman dio Olivera Lakić oposizioko kazetariari, Djukanovićen Gobernuaren ustelkeria-kasuak ikertu dituenari eta iaz, hori dela eta tirokatua izan zenari. Badirudi AEB, Montenegroko protesta giro honetan, Djukanovićez enpo dagoela. Erregimen aldaketa bat, edo erregimenaren barruan “fitxa” aldaketa bat bilatzen ari dira?

Bukatzeko, esan beharra dugu Bosnia-Hercegovinan Gobernu berria eratzeko elkarrizketak aurrera doazela. Urrian izan ziren hauteskundeak, eta bost hilabete ostean, azkenean Gobernua osatu ahal dela ematen du. Hiru alderdi nazionalistek, komunitate bakoitzetik batek, osa dezakete akordioa.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 89 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Adriatikoko olatutxook!

Aste honetako programa oso oparoa izan dugu. Lau berri garrantzitsu izan ditugu:

(1) Zenbait kirolariren adierazpen jugoslaviarzaleak (Kenan Kodro, Svetislav Pešić eta Božidar Maljković).

(2) Kosovo eta Serbiaren arteko mugen aldaketen inguruko zurrumurruak.

(3) Euskal Herriarekin lotura izan duen berri bati ere ekin diogu gero. Nazioartean oso goratua izan da Greziaren eta Ipar Mazedoniaren arteko Prespako Akordioa –azken honen izenaren afera konpontze-bidean jarri duena- baina euskal politikari bat, Lorena Lopez de Lacalle Eusko Alkartasunako eta Euskal Herria Bilduko kidea mesfidati agertu da.

(4) Hizpide izan ditugu Albaniako, Montenegroko eta Serbiako protestak. Hauez gain, Bulgariako eskuin muturreko martxa aipatu dugu. Bestalde, Kroaziako lehendakaria Kolinda Grabar-Kitarovićek barkamena eskatu du iraganean oihu ustasha bat “kroaziar oihu tradizional” bezala justifikatu zuela eta, justifikazio hura “hanka-sartzea” izan zelako.

Beste berri txikiago batzuk ere komentatu ditugu, astea oso oparoa izan baita, baina hobe duzue programa entzutea, dena hemen kontatu baino lehen.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 88 programa

Ipar MazedoniaKaixo, Balkanetako mendikateok!

Aste honetako programa berriz lepo ekarri dugu. Batez ere hiru berri izan dira garrantzitsuak gaurkoan. Lehena, Mazedoniako Gobernuak jada, ofizialki herriari Ipar Mazedoniako Errepublika deitzen hasiko duela iragarri zuela asteazkenean (eta baita ere NATOren bandera jarri Gobernuaren egoitzan, bi ekintzak Prespako Akordioaren baitira). Horrekin hasi dugu programa. Bigarrena, Europako Parlamentuko presidente Antonio Tajani  italiarrak adierazpen irredentista eta lotsagarri batzuk egin dituela, “Gora Istria italiarra!” eta “Gora Dalmazia italiarra!” oihukatuz, eta beraz, Esloveniari eta Kroaziari errespetu falta izugarria erakutsiz. Gainera, Titoren partisanoen inguruko errebisionismo historiko iraingarria egin du. Hirugarrenik, Spliten, faxista batzuek Belgradeko izar Gorriko waterpolo jokalari bazuei armez eraso egin dietela, hauek taldearen txandalarekin Spliten ikusteaz. Eskandalua sortu du horek Kroazian eta Serbian, eta eraso horri buruzko gogoeta egin dugu.

Hiru berri horiek hartu izan dute gure programaren parterik handiena, bata hasieran komentatu dugu,beste bat erdi aldera, eta hirugarrena programa ixteko. Baina horrez gain, beste berri batzuk ere izan ditugu. Adibidez, Ipar Mazedoniatik hasita, non izenaren aldaketaren eta herriaren polarizazioaren erdian, lehendakaritzarako hauteskundeak deitu dituzten, apirilaren 21ean. Serbian, Aleksandar Vučićen kontrako protestek jarraitu egiten dute, eta oposizioak jendearen gehiengo bat biltzea lortu ez badu ere, lider itxurako pertsona bat nabarmentzen hasi da, Jelena Anasonović, Zientzia politikoetako ikaslea. Albanian ere antzeko protestak ematen hasi dira, baita ere ikasleek zuzendutakoak, kasu honetan Hezkuntza Ministerioaren kontra.

Azken berriak, Kosovoko egoeraren ingurukoak izan dira. Izan ere, Ramush Haradnaj lehen ministroa, serbiar (eta bosniar) produktuan kontrako %100eko zerga-igoera kentzearen kontra agertu da, nahiz eta AEBko Gobernua kentzearen aldeko presioa egiten ari den. Beste alde batetik, joan den astean komentatu genuen mugen berregokitze-planaren zirriborroa ukatu egin du Haradinaj, bai zirriborro hori eta baita ere berregokitze negoziazioetan dagoen ere. Bestetik, Zagreben, herritar bat atxilotu eta zigortu egin dute, Franjo Tudjman Kroaziako lehendakari ohiaren omenezko estatua batetan igitaia eta mailuaren ikurra margotzearren. Ezkerrak babesa erakutsi dio ekintzaileari.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 87 irratsaioa

Ugresic.jpegKaixo rakijazaleok!

Aste honetako programan, politikaz, kirolez eta kulturaz aritu izan gara. Lehenbizi politikaz aritu gara, non Kroaziak eta Ipar Mazedoniak Venezuelan Juan Guaido onartu dutela aipatu dugu. Gerora, Freedom House deitutako think tank estatubatuar batek Balkanetako herrialdeak “herri aske” eta “herri partzialki askeetan” sailkatu dituela eta, sailkapen honetaz aritu gara.

Gauza konkretuagoez hitz eginez, Kosovoz eta Serbiaz aritu izan gara. Kosovori dagokionez, Kosovoko Gobernuak sortu nahi duen armadarako UÇKko guda-kriminal bat izendatzeaz, eta Kosovoren eta Serbiaren arteko mugen berregokitzeari buruzko zurrumurruez aritu izan gara. Serbiari dagokionez Vučić lehendakariaren protesten jarraipena egin dugu. Azken kasu honetan, oposizioak esan du hauteskundeak aurreratuz gero “bermerik ezean” ez direla aurkeztuko.

Kiroletan berri txiki bat izan dugu: Dinamo Zagreben Komnen Andrić fitxatu du, gerra ostean fitxatzen duen lehen jokalari serbiarra.

Azkenik, litaraturara egin dugu salto, Dubravka Ugrešić kroaziar idazlearen “El Ministerio del Dolor” liburua komentatu dugu. Eleberri hau gudaren garaietan Jugoslaviatik Europara joan zen emigrazioari buruzkoa da, emigratutakoen eta euren hizkuntzaren nortasunari buruzkoa. Baina ez dizuegu gehiago kontatuko, horretarako hobe baituzeua liburua irakurri.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 83 irratsaioa

greenbergKaixo, Adriatikoko olatutxook!

Urte berriarekin batera, urte zaharrean utzi genituen berri batzuk errepasatu ditugu, eta gerora, liburu baten kritika egin dugu.

Berri zaharren jarraipenaren artean, Montenegroko egoera (Nebojša Medojević oposizioko liderra aske utzi dute), Banja Lukako David Dragičevićen memoriaren aldeko protesten jarraipena (Davor Dragičević aita auziperatu egin dute, eta hau ihesean joan da), Kosovoren inguruko berriak (Albaniarekin muga irekitzea ofizial egin dute), PPko Alejandro Fernandezen Torra eta Esloveniar Bidearekin egin dituen konparazioak (Torra Karadžićekin erkatu du) eta Belgraden Vučićen kontrako protestak (oraingoan, euren konposizioa oso heterogeneoa dela atzeman dugu, eta baita eskaera konkretu bat plazaratu dutela: Nebojša Stefanović Barne-ministroa botatzea).

Albiste berrien artean, Albaniak apustu-etxeak debekatu izana, eta Aleksandar Vučićek “agian” 2019an hauteskunde parlamentarioak aurreratu nahi izana adieraztea izan dugu. Vučićek esan du hauteskunde horiek deituz gero, bera ez dela aurkeztuko, lehendakari izan ostean ez duela beste kargurik hartuko. Honek serbiar alderdien artean fitxak mugitzea ekarri du…

Bestetik, liburu baten kritika ere egin dugu gure programaren azken hogei minutuetan zehar. Hau Robert Greenbergen Language and Identities in the Balkans liburua da. Liburu honetan, serbokroazieraren eta osteko lau “hizkuntza” ofizialen inguruko politikak zerrendatzen eta aztertzen du egileak, eta baita ere, hizkuntzak identitate-eraketan izan duten papera (askotan Balkanetan gutxietsia izan dena). Liburuaren indarguneak eta ahulguneak aztertu ditugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 79 irratsaioa

97 irratia ikurraKaixo, Balkanetako bidezidorretako ibiltariok!!

Aste honetako irratsaio osoa elkarrizketa bati eskaini diogu. 97 Irratiko estudioetan, Adrian Fuentes izan dugu, bai irailean zein azaroan Balkanetan egon den bilbotarra. Fuentes batez ere politikak eraman du Balkanetara: Gure gonbidatua Eusko Alkartasunako eta Euskal Herria Bilduko militantea da, eta horrez gain, Gazte Abertzaleak erakundeko zuzendaritzaren parte, eta azken honen haritik, Europako Aliantza Askeko Gazteriaren exekutibako kide. Beraz, erakunde horien eta Balkanetako erakunde batzuen arteko loturak estutzea izan da gure gonbidatuaren xedea.

Fuentes irailean Kroazian eta Bosnian egon zen; kasu honetan Rijekan Lista za Rijeku (Rijekaren Aldeko Zerrenda) alderdi kroaziarrarekin bildu zen, baina bide batez, Split, Mostar, Sarajevo eta Jajce bisitatu zituen. Azaroan, ordea Novi Sadera joan zen, Europako Gazteriaren foroan parte hartzera (Europako Aliantza Askeko Gazteriaren ordezkari gisa), eta bide batez, Liga Socijaldemokrata Vojvodine (Vojvodinako Sozialdemokraten Liga) alderdi federalistarekin eta hauen gazteriarekin harremanak estutu zituen.

Elkarrizketa honetan, Fuentesen iruzkinek Balkanetako panorama politikoa ezagutzen lagundu digute. Baina horrez gain, Fuentesek bisitatu dituen hiriak, paisaiak eta abarrak ezagutarazi ditu, eta horrez gain, historiari ere errepaso bat eman diogu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 78 irratsaioa

tesla-ordua ikurra

Kaixo, partisanook!!

Aste honetan, berriz ahots bakarrean egin dugu programa. Oraingoan, historiaren inguruko gauzek programaren erdia jan digute, beraz oso toki gutxi utzi diegu berriei. Lehenik eta behin, Errepublikaren Egunari buruz aritu izan gara. Izan ere, programa hau azaroaren 29an egin dugunez, kontuan izanik 1943ko azaroaren 29an Jugoslavia Sozialista sortu zenez, eta egun hau Jugoslaviaren garaietan jaiegun ofiziala izan zen. Beraz, lehenik eta behin egun honetaz, eta 1943an partisanoek Jugoslavia Sozialista aldarrikatzeaz aritu izan gara, urte horretan, partisanoek, Jugoslavia okupatuta zegoela aldarrikatu baitzuten. Hola, euren menpe zeuden lurraldeetan Estatu potentzial bat eraiki zuten, aurreko egoera aldarrikatu baino gehiago (txetniken proposamena azken  hau zen). Gako hauek azaldu ditugu.

Jarraitzeko, asteko hiru berri nagusiak aipatu ditugu. Lehenik eta behin, Kosovok Interpolen sartzeko saiakeraren porrotari emandako erantzunaz; Serbiatik eta Bosnia-Herzegovinatik datozen gaien gaineko %100eko zerga jarri baitu, bai Serbiarekiko negoziazioak zein barnean serbokosovarrekiko harremanak kaltetuak izan direlarik. Bestetik, Bosniako Estatutasunaren Egunaz, zein Vojvodinak Serbiarekin bat egitearen mendeurren-ospakizunez aritu izan gara. Eta bukatzeko, Montenegroko Estatuak, zenbait serbiar intelektuali (Čedomir Antić, Aleksandar Raković, Matija Bečković), Montenegron sartzea debekatu die, Montenegrok Serbiarekin bat egitearen mendeurrena ospatzen zuten ekitaldi batean parte hartu nahi zutela eta. Adierazpen askatasunaren kontrako eraso bat dugu hau, guren oihartzunik izan ez badu ere (zer gertatuko zatekeen hau Errusian gertatuko balitz?).

Bukatzeko Kosovoko Armadaren sorreraz hitz egin dugu, abendu honetarako sortzeko asmoa baitu Kosovoko Gobernuak. Bestetik eta azkenik, Ipar Mitrovican Kosovokopoliziak egin izan dituen atxiloketa batzuen inguruan hitz egin dugu. Albaniar prentsaren arabera, atxilotuek Oliver Ivanović erailtzearekin zerikusia izan zuten. Serbiar prentsaren arabera, atxiloketak, zergen igoeren kontrako protestekin izan dute zerikusia.

Entzun gure programa hemen: