Tesla Ordua, 100. programa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako ehuntzaileok!!

Oraingoan gure 100. irratsaioa egin dugu, beraz esan dezakegu hiru urte hauetan, Tesla Ordua fin-fin ibili dela, eta bere helburu bat (irautea) lortu duela. Ikusi beharko dugu gorengo helburu bat, hots, eragina izatea, lortu duen; baina hori gure entzuleek erabaki beharko dute.

Gaurkoan programa ordu betekoa baino luzeagoa atera zaigu. Ez da harritzekoa, izan ere europar hauteskundeak bertan ditugu eta hauei buruz hitz egin dugu. Balkanetako eta periferiako herriak kontutan izanik, zazpi herriren berri eman dugu: Bulgariaren, Errumaniaren, Esloveniaren, Hungariaren, Greziaren, Zipreren eta Kroaziaren menpe. Azken honen gainean zentratu gara gehien, bai Milorad Pupovac serbiar gutxiengoaren hautagaiak eraso berriak sufritu dituelako, eta bai europar figura politiko handiak (Angela Merkel eta Frans Timmermans, tartean) hara kanpaina egitera joan direlako. Merkelen mitinak gainera oso irudi itsusia utzi du Marko Perković Thompson abeslari faxistaren abestiak jarri baitituzte.

Beste berrien artean, Bulgariako lehendakari Rumen Radevek Bulgariako Gobernua eta Sofiako Udala kritikatu ditu bulgariar faxistekin onberegiak izatearren. Faxismoarekin edo hau zuritzearekin jarraituz, kroaziar bi ministrok, Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak egin bezala, Bleiburg bisitatu dute, non 1945an partisanoek “hildakoen omenezko soldaduen” (faxistak gehienak) monumentu bat dagoen.

Beste berrien artean, Kosovoko gatazkarekin jarraitzen dugu, aste honetan Kosovoko Parlamentuak 1998-99 “Serbiak egindako genozidioa” definitzen duen mozio bat onartu du, Kataluniako Generalitatak Bartzelona eta Sarajevoren artean 2030ko Neguko Joko Olinpikoak batera antolatzeko asmoa erakutsi du, eta Serbiako (gizonezkoen) futboleko Koparen inguruan, Izar Gorria eta Partizan elkartzen dituenaz, hitz egin dugu.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua: 93 irratsaioa

Ekatarina_Velika_bendKaixo Balkanetako mendikatetxook:

Gaurko programan, musika talde batez hitz egin dugu, Belgraden 1982an sortu zen Ekaterina Velika taldearen inguruan. Talde honek punka eta rock psikodelikoa nahasten zituen, eta zazpi diska atera zituen. Milan Mladenović eta Margita Stefanović izan ziren Kattalin Handia Errusiako tsarinaren omenez izena zeraman talde honen bizkarrezurra: Esan beharra dago taldea sortu eta berehala desegitear izan zela, Dragomir Mihajlović sortzaileak eskubideak beretzat eskatu baitzituen 1984an (eta taldearen izena hasierako “Katarina II”-tik “Ekaterina Velika”-ra aldatzea ekarri zuen kalapita horrek). Beren unerik oparoenak 1987 eta 1991 artekoak izan ziren. Taldeak 1992an gerraren kontrako diska batean parte hartu zuen, eta 1994an Mladenović hiltzerakoan desegin zen. Nirvanarekin konparatu izan ohi dute beren estiloagatik, baina baita ere euren bukaera tragikoarengatik, taldearen kide gehienak oso gazte hil baitziren.

Bestetik, politika ere izan dugu gure irratsaioan. Hemen Serbiaren eta Kosovoren arteko negoziazioak izan ditugu mintzagai, batez ere Johannes Hahn Europar Batasunerako Hedapenerako arduraduna Belgraden egon delarik. Han Vučićekin eta baita ere oposizioarekin bildu da Hahn. Kosovok mugimendu honi hamaika serbiar, tartean hiru jeneral erretiratu auziperatuz erantzun du. Bestetik, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa Skopjen izan da. Bisita historikoa izan da hori, lehen aldiz greziar lehen ministro batek Ipar Mazedonia bisitatu baitu. Azkenik, Novi Saden Donbasseko matxinoen aldeko filme bat estrenatu dela; eta lehen aldiz Bosnia-Herzegovinan LGTB Harrotasunaren Eguna ospatuko dela ere kontatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 88 programa

Ipar MazedoniaKaixo, Balkanetako mendikateok!

Aste honetako programa berriz lepo ekarri dugu. Batez ere hiru berri izan dira garrantzitsuak gaurkoan. Lehena, Mazedoniako Gobernuak jada, ofizialki herriari Ipar Mazedoniako Errepublika deitzen hasiko duela iragarri zuela asteazkenean (eta baita ere NATOren bandera jarri Gobernuaren egoitzan, bi ekintzak Prespako Akordioaren baitira). Horrekin hasi dugu programa. Bigarrena, Europako Parlamentuko presidente Antonio Tajani  italiarrak adierazpen irredentista eta lotsagarri batzuk egin dituela, “Gora Istria italiarra!” eta “Gora Dalmazia italiarra!” oihukatuz, eta beraz, Esloveniari eta Kroaziari errespetu falta izugarria erakutsiz. Gainera, Titoren partisanoen inguruko errebisionismo historiko iraingarria egin du. Hirugarrenik, Spliten, faxista batzuek Belgradeko izar Gorriko waterpolo jokalari bazuei armez eraso egin dietela, hauek taldearen txandalarekin Spliten ikusteaz. Eskandalua sortu du horek Kroazian eta Serbian, eta eraso horri buruzko gogoeta egin dugu.

Hiru berri horiek hartu izan dute gure programaren parterik handiena, bata hasieran komentatu dugu,beste bat erdi aldera, eta hirugarrena programa ixteko. Baina horrez gain, beste berri batzuk ere izan ditugu. Adibidez, Ipar Mazedoniatik hasita, non izenaren aldaketaren eta herriaren polarizazioaren erdian, lehendakaritzarako hauteskundeak deitu dituzten, apirilaren 21ean. Serbian, Aleksandar Vučićen kontrako protestek jarraitu egiten dute, eta oposizioak jendearen gehiengo bat biltzea lortu ez badu ere, lider itxurako pertsona bat nabarmentzen hasi da, Jelena Anasonović, Zientzia politikoetako ikaslea. Albanian ere antzeko protestak ematen hasi dira, baita ere ikasleek zuzendutakoak, kasu honetan Hezkuntza Ministerioaren kontra.

Azken berriak, Kosovoko egoeraren ingurukoak izan dira. Izan ere, Ramush Haradnaj lehen ministroa, serbiar (eta bosniar) produktuan kontrako %100eko zerga-igoera kentzearen kontra agertu da, nahiz eta AEBko Gobernua kentzearen aldeko presioa egiten ari den. Beste alde batetik, joan den astean komentatu genuen mugen berregokitze-planaren zirriborroa ukatu egin du Haradinaj, bai zirriborro hori eta baita ere berregokitze negoziazioetan dagoen ere. Bestetik, Zagreben, herritar bat atxilotu eta zigortu egin dute, Franjo Tudjman Kroaziako lehendakari ohiaren omenezko estatua batetan igitaia eta mailuaren ikurra margotzearren. Ezkerrak babesa erakutsi dio ekintzaileari.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua 74 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Adriatikoko marinelok!

Gaurkoan programa ele biz egin dugu. El programa de hoy ha sido bilingüe. Hemos comenzado en castellano a hablar sobre el fallido referéndum sobre el cambio de nombre del Estado e integración en la UE y OTAN en Macedonia; y el posterior cambio en la Constitución aprobado por el Parlamento, en espíritu de lo preguntado en el referéndum. En nuestro análisis hemos analizado la actitud de los votantes, así como de diferentes partidos e instancias del Estado macedonio, como la reacción de la llamada “comunidad internacional”.

Gero euskaraz jarraitu dugu asteko berriak kontatuz. Berri horien artean, Bosnia-Herzegovina sufritzen ari den jendearen emigrazioaz hitz egin dugu, batez ere, kanpoan bizi diren gero eta bosniar herritar gehiago bosniar herritartasunari uko egiten ari baitzaio (beraz, emigratzeaz gain, inoiz Bosnia-Herzegovinara itzultzeko asmo falta erakusten du honek). Bestetik Kosovoko berriez ere aritu izan gara, bai Kosovoko Armada sortzeko proiektuaz, zein Hashim Thaci lehendakariak Ipar Kosovo Preševorengatik trukatzeko egin duen iradokizun polemikoaz (eta oposizioak gaitzetsiaz). Berriekin jarraituz, Eliza Ortodoxoaren barruan Moskuren eta Konstantinoplaren arteko zatiketak Balkanetako ortodoxoen artean izan dezakeen ondorioez hitz egin dugu. Bestetik, udako berri bat izan dugu, izan ere, Busturialdea eskualdeko gazte batzuk, Gernika Gogoratuz elkarte bakezalearen babespean abuztuan Kroaziara joan baitziren memoria historikoa lantzera. Bidai hau ere bertan landu dugu:

Entzun gure programa hemen:

TESLA ORDUA, 70 IRRATSAIOA

Macedonians early parliamentary electionsKaixo, kaixo balkanzaleok!

Uda gogor baten ostean, hemen dago berriz Tesla Ordua! Aurten erronka edo herrenka gogorragoa izango dugu, izan ere, gure agendak asko estutu baitira, eta gure irisgarritasuna mugatu. Lehen adibidea, programa hau dugu, diferituta eskaintzen ari baitizuegu. Izan ere, igandean grabatu behar izan dugu antenara ostegunean iritsi den programa, hain zuzen guk programan oraindik zabalik utzi izan ditugun gauza batzuk, jada zuek entzun orduko itxita egongo direnak. Hona arte, herrenak.

Erronkak, 97irratian estudio berria izatean datza. Estudio berriarekin, grabaketen kalitatea hobea izatea espero dugu. Hala, Tesla Ordua beste jende gehiagorengana iristea espero dugu, hori ere badugu gure erronka.

Gaurkoan (edo herenegunekoan) gurean nagusi Mazedoniako erreferenduma izan da. Bertan apirilean Zoran Zaev lehen ministroak Greziarekin lortutako izen-aldaketaren inguruko akordioa bozkatzen zen, baina “tranpatxo” batekin: adi berean EBko eta NATOko kide izatea galdetzen baitzen: “Nahi al duzu Mazedonia EBren eta NATOren kide izatea Greziarekin sinatu zuen akordioa onartuz?”. Esan bezala, programa igandean grabatu genuenez, emaitza definitiboak ez ziren gure esku oraindik, baina aurreneko datu batzuk ematekoak ginen, eta jada igande arratsaldean bertan argi zegoen gertatuko zena: partehartzea ez zela gutxieneko %50ra iritsiko, beraz galdeketa baliorik gabe geratuko zela. Mazedoniako alderdi gehienek (tartean Gobernuko Alderdi Sozialdemokrata, zein alderdi albanomazedoniarrek) baiezkoa eskatu zuten, oposizioko VMROk jarraitzaileei “boto askatasuna” eman zien artean. Hain zuzen ere, herriaren portzentaje han txikiak botoa eman izanak, Gobernuaren eta herriaren arteko konfiantza falta nabarmena erakusten du.

Segituan hurrengo astean (urriaren 7an) burutuko diren Bosniako hauteskundeen inguruan aritu izan gara. Bost erakunderen konposaketa erabakiko dute Bosnia-Herzegovinan; hiru Bosnia-Herzegovinako Federazioan (musulmanen eta bosnokroaziarren aldean) eta lau Republika Srpskan (serbobosniarren aldean): Bosnia-Herzegovinako hiru lehendakariak (bietan), Bosnia-Herzegovinako Parlamentua (bietan), Federazioko Parlamentua (Federazioan soilik), Republika Srpskako lehendakaria eta Republika Srpskako Parlamentua (azken biak Republika Srpskan soilik). Hauteskunde sistema konplexuegia da eta, honi eman diogun tartea sistema azaltzen eman dugu, besterik ezean. Hurrengoan, hauteskundeak pasata sartuko gara alderdiak, hautagaiak eta emaitzak azaltzearekin.

Bestetik, azken asteotan izandako azken berriarekin, Kosovora joan gara. Ostiralean, hau da, guk programa egin baino egun batzuk lehenago (baina zuek entzun baino aste bat lehenago) manifestazio handi bat izan zen Prištinan Vetëvendosje alderdiaren manifestazio handi bat izan zen, Gobernuaren “traizioa” salatuz eta UÇKren aldeko oihuekin, Serbiarekiko negoziazioak deitoratuz. Zurrumurru handiak daude bertan mugen aldaketa negoziatzen ari direnaren inguruan, eta hain zuzen, hura salatzeko zen manifestazio hura (serbokosovarrak nagusi diren tokietan ez dute Prištinako Gobernuaren agintea onartzen, eta trukean, honek mugakide diren albaniar gehiengodun herriak eskatu ahal ditu). Bestetik, Hashim Thaçi Kosovoko lehendakariak, halako zurrumurruak isiltzeko edo, gehiengo serbokosovarra dagoen Zubin Potok herrira bidaia egin du, eskolta armatu handia eramanaz. Serbokosovarrek halako keinua probokazio bezala ikusi dute. (Ipar Kosovon, Kosovoren Gobernuaren instituzioaren ez daude presente).

Aurtengoa uda-bueltako lehen programa izan da, beraz, “atzeratutako lan” pixka bat hona ekarri dugu. Horien artean, adibidez, Kroaziako futbol taldeak (gizonezkoen) Munduko Txapelketan lortutako zilarrezko dominari buruz. Udako oporretara joan aurretik ere hitz egin genuen Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak egin zuen irudi publikoko kanpainaz. Hala ere, txapelketa pasa eta berehala, Zlatko Dalić hautatzaileak politikariak kritikatzen zituen gutun bat atera baitzuen. Bestetik, gurena oso kritikatua izan da Grabar-Kitarović errefuxiatuen edo LGBT gutxiengoen kontrako politikagatik. Hala ere, kontuan izan beharra dugu, gutxiengo etnikoen (serbiarren) egoera ere inoiz baino okerragoa dela, gurean aipatzen ez den arren. Tamara Opačićek egindako txosten batean hura aipatzen da. Txosten horretaz eta ondorioez ere aritu izan gara: txosten hori idatzi ondoren, eskuin zein eskuin muturreko zenbait pertsona ezagunek (tartean Marko Perković “Thompson” abeslari faxistak) Opačićen kontrako salaketa jarri baitute, txostenean “difamazioa” zela argudiatuz. Oso ekzkagarria da hau, eta kezkagarria hain justu hau izatea Grabar-Kitarovićen Kroazian gaizki pasatzen ari diren pertsonen inguruan kritikatzen ez den diskriminazio bakarra.

Bestetik, baita aipatu dugu Montenegron, Podgorica udalerritik, albaniar gehiengoa zuen Tuzi herria banandu egin dela eta udalerri berria osatu duela. Hau alde batetik emakida politiko bezala uler daiteke, baina baita ere kontuan izan behar dugu Tuzi herria albaniarrentzat garrantzitsua zela, izan ere, 1911an albaniarren eta Turkiar Inperioaren arteko borrokaldi handi bat eman zen bertan (1911an Montenegro independentea zen, baina ez egungo mugekin).

Bestalde, kirolekin bukatu dugu. Alde batetik, Belgradeko derbia aipatu dugu: JNA estadioan Partizanek eta Izar Gorriak bana berdindu zuten: Ricardo Gomesek zuribeltzak aurreratu zituen, eta auzokoentzat Richmond Boakyek berdindu zuen, polemikaz betetako gol batean; buruz errematatu zuen, baina ez dago argi baloiak marra osorik gainditu bazuen Vladimir Stojkovićek gelditu aurretik. Batzuek baietz, besteek ezetz… betiko polemika. Izar Gorriak lidergoan jarraitzen du bost puntuko abantailarekin, nahiz eta polemikak soka luzea izango duen: Stojkovićek adibidez “sistema osoa Izar Gorriaren mesedetan dago, lotsa ematen dit Estatu honen parte izatea, pasaportea itzuliko dut” esan zuen. Bestalde, Novak Djokovićen berri eman dugu: Wimbledon eta US Open txapelketa handiak irabazita, usteari bukaera bikaina eman dio, eta guztira 14 Grand Slam txapelketa pilatu ditu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 69 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo jarraitzaile balkandarrok!!

Hauxe, ikasturte honetako gure azken saioa izan da. Beraz, normalean baino luzeagoa izan da, ordu eta erdikoa (Internetez, irratian ordu betez soilik entzun ahal izan baduzue ere).

Gaurko saio luze-luze honetan, gure atentzio gehiena (gizonezkoen) Munduko Kopak hartu du. Kroaziak finalean 4-2 galdu zuen Frantziaren kontra, irudi bikaina eman ostean. Pena handia hartu genuen porrot horrekin. Baina bestetik futbolari lotutako politikaz aritu izan gara. Batez ere, Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak (HDZkoa da, nahiz eta ofizialki jada ez den, Kroaziako legeak lehendakariari alderdiko kidetza izatea debekatzen baitio) izan duen paperaz aritu izan gara. Izan ere, Grabar-Kitarovićek paper handia izan du beste politikariekin konparatuta, bere kamisetarekkin agintarien palkoan agertuz, jokalariak besarkatuz… Batzuen ustez “herritar” bezala agertu da hala, eta bere “gertutasuna” txalotu dute. Besteen arabera, bere irudia populismo hutsa izan da. Alde ala kontra egon, Grabar-Kitarovićek “aberriaren ama” bezala kokatu nahi izan du bere burua, bai palkoan taldearen kamiseta eramanaz (“ni ez noa agintariak bezala jantzita, ni aberkideen moduan janzten naiz”), zein sari-banaketan euripera agertuz kroaziar jokalariak besarkatzeko (“nik aberriaren ordezkariak besarkatzen ditut”). Grabar-Kitarovićen irudia eta Kroazia barruan dagoen errealitate politikoaren artean ere kontrastea egin dugu; jakinda kroaziar lehendakariaren kritiko askok “Kroazian zanpatzen duten gutxiengoez” hitz egiterakoan serbiarrak ahazten dituztela (eta baita ere errealitate hau kontuan izan gabe. Bestetik, Kroazian dagoen anbiguotasuna ere mintzagai izan dugu: faxistek herritar sentimendua aprobetxatu nahi dute eta irudi hori proiektatu nahi dute, baina bestetik errealitate kroaziarra ez da eurak nahi zuketen modukoa.

Munduko Kopa alde batera utzita, beste berri batzuk izan ditugu mingainari lana emateko aitzaki: Europar Batasuneko hedapenerako komisarioa Ipar Mazedonian egotea, eta beraz izen aldaketa aurreikusten duen itunaren inguruan “baiezkoa” bozkatzeko goxokia emana, eta bestetik Kosovo-Serbia negoziaketei berriz hasteko txanda berria.

Eta barkatu gehiago ez idaztea, baina guk ere oporretara joateko gogoa dugu, eta bagoaz, bagoaaaaazzzzz!!!

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 66 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Jugoslaviako txoritxook!

Oraingoan, noski, Munduko (gizonezkoen) Futbol Kopa nagusi izango dugula pentsatuko duzue. Baina egia esan, programa osoa ez dugu horretara eman, izan ere, programa ekainaren 28an, Vidovdan egunean izan baita, hau da Serbiaren Egun Nazionalean. Ospakizun honen esanahiaren, Kosovoko 1389ko batailarekin izan duen loturarekin eta kontakizun nazionalean izan duen garrantziarekin lotu dugu. Vidovdanekin batera, beste berri batzuk komentatu ditugu: adibidez, Albaniak eta Ipar Mazedoniak Europar Batasunarekin bat egiteko bidea itxita aurkitu izanaz, Frantziak, Danimarkak eta Holandak jarritako betoaren ondorioz (eta beto honek Ipar Mazedoniak eta Greziak egin zuten akordioan zein eragin izan dezakeenaz ere hausnartu dugu). Politikarekin bukatzeko, Belgradeko eta Pristinako Gobernuen arteko negoziazioen enegarren kapituluaz informatu dugu, eta baita ere, Tamara Opačićek Kroaziako gutxiengo etniko-nazionalen inguruan egin duen informeaz.

Gerora bai, futbolari eman diogu denbora. Bertan, noski, Munduko Kopa izan dugu mintzagai. Gure bi selekzioen, Kroaziaren (arrakasten) eta Serbiaren (porroten) berri emateaz  gain, Suitzako jatorri albaniarreko Xhaka eta Shaqiri jokalariek egindako ikurraz ere mintzatu gara. Baina ikur horiez haratago joan gara, eta ikur horiek, gurean (bai ezkerreko zein eskuineko, independentista zein espainolista den prentsak), Balkanetako guden inguruan errelato konkretu bat saltzeko baiatzeko aukeraz hausnartu dugu, eta diskurtso mota batez aritu gara. Bestetik Suitzako zein Australiako selekzioek duten balkaniarrez pixka bat mintzatu gara. Azkenik, Munduko Kopaz haratago, Deportivo Alavesek Rudeš Zagreb taldearekin duen partaidetza haustea eta Istria Pula taldea erostea aipatu dugu.

Entzun gure programa hemen: