Tesla Ordua, 65. irratsaioa

ugresicKaixo Balkanetako zelaitxook!

Futboleko (gizonezkoen) Munduko Kopa hasi delarik, gure denbora zati bat honek hartu du. Baina futbolaz aritu aurretik beste gai batzuk izan ditugu mahai gainean. Hasi, Ipar Mazedoniatik hasi gara: Greziarekin sinatutako akordioa (eta honen baldintzak) berriz gogorarazi eta freskatu dugu, eta horrez gain, Zoran Zaeven Gobernuak Antzinaroko estatuei buruz hartu duen erabakiaren berri eman dugu: estatuak berrizendatu egingo dituzte, “benetako” izena emango diete (adibidez, “gudaria zaldian” “Alexandro Handia” izango da, “gudaria” Filipo Mazedoniakoa” eta abar), baina plaka bat jarriko dute horien jatorri heleniarra aipatuz. Beste berri batzuez ere aritu izan gara, adibidez, Kosovoko Liga Demokratikoak (oposizioko alderdiak) hauteskundeak aurreratzea eskatu du. Bestalde, Serbiako NATOren krimenak aztertzeko komisioak, Ivica Dačić Kanpo Arazoetarako Ministroak martxan jarri duenak, 1999ko bonbaketari buruzko frogak biltzen hasi da, Kosovon hain zuzen; eta azkenik,  Oliver Ivanović  politikari serbokosovarraren hilketa ikertzen egon zen Stefan Cvetković kazetari serbiarra, desagertua zegoena, bizirik eta onik agertu da. Berrien atala, Bosniarekin bukatu dugu, han errefuxiatuak jasotzeko arazoa baitago.

Gerora, futbolera egin dugu salto. Gure bi taldeek Munduko (gizonezkoen) Txapelketa garaipenarekin hasi dute: Kroaziak 2-0 irabazi zion Nigeriari eta Serbiak 0-1 irabazi zion Costa Ricari (Irakurlea hau irakurtzen denean, Kroaziak jada Argentinaren kontra jokatu du, programa bukatu eta berehalakoan jokatu baitute). Emaitza oso onak, eta hurrengo fasera sailkatzeko itxaropena ematen dutenak dira hauek. Hala ere, berri txar bat izan du Kroaziako taldeak, Nikola Kalinić jokalaria, diziplinaren kontrako falta bategatik taldetik kanporatua izan baita. Futbolari emandako atala, Jugoslaviako selekziori buruzko bi bitxikeriarekin bukatu dugu.

Literaturarekin bukatuko dugu. Gaurkoan Dubravka Ugrešić kroaziarraren eta Harkaitz Cano donostiarraren artean izandako korrespondentziaz aritu izan gara, hiru hizkuntzetan, euskaraz, gazteleraz eta serbokroazieraz atera den Korrespondentziak (KorespondencijeCorrespondencias) liburuaz. Liburu hau Ugrešićek eta Canok elkartrukatutako gutunez osatua dago eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua proiektuaren barruan kokatzen da. Liburu honek, Cano, agian, ez gaude oso modu borobilean esateko moduan baina agian, serbokroazierara itzulitako idazle bakarra egin du. Liburu honetan, hainbat gauzez aritzen dira, batez ere nortasunen sendotasunaz edo ahuldadeaz, solidotasunaz eta fluxuaz, nortasunaren eta literaturaren inguruko harremanaz, egungo gizarte migratzailean nortasunak duen paperaz eta berau ulertzeko modu aldakorrez, idazle izatea nola erabaki zuten… Bospasei gutun idazten dizkiote elkarri, beraz liburua nahiko laburra da. Guri, momentu batzuetan, Ugrešićek azaldutako ideia batzuk berak idatzi zuen El Museo de la Rendición Incondicional (Alfaguarak erdaraz atera zuen) liburua gogorarazi digu, nortasunen behin-behinekotasunagaatik eta momenturen batean egiten duen jugoslaviartasunaren defentsagatik.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 64 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, kolo-dantzariok!

Aste honetan hainbat gai ekarri ditugu gurera. Lehengoa, noski, Greziako lehen ministro Tsiprasen eta Mazedoniako lehen ministro Zaeven arteko akordioa izan da. “Ipar Mazedonia” deituko da Mazedonia hemendik aurrera. Guk hemen hori zergatik izan denetan zein erreakzio piztu dituen azaldu dugu.

Honekin jarraituz, joan den astean Serbiako lehendakari Aleksandar Vučićek esandako adierazpen batzuei buruz Euskal herrian eta Katalunian egin den irakurketari buruz aritu gara. Vučićek Konstituzio aldaketari buruz hitz egin du, “Kosovorekin harremanak normalizatzeko” eta galdeketa baten aukera aipatu du. Askok, “Serbiak Kosovoren independentziaz galdetuko du” gisan interpretatu du mezu hori. Eta Serbiaz ari garela, Kosovon eraildako Oliver Ivanović politikariaren hileta ikertzen ari zen Stefan Cvetković kazetaria desagertu egin da. Polizia bere bila dabil. Guk hemendik onik egotea espero izatea besterik ezin dugu egin.

Iparralderago egin dugu salto hurrengoan. Hiru berri kontatu ditugu. Lehena, Esloveniako hauteskundeak, Esloveniako Alderdi Demokratikoak irabazi dituela, Janež Janša buru. Berau, gaztetan “ezker pazifistako disidentea” zian zen, gerora, Esloveniako independentzia gidatu zuenetako bat, eta egun, eskuin kontserbakorrean kokatzen den pertsona bat dugu. Bigaren berria, Bosnia-Herzegovinan, gudan Bosniako armadaburu izan zen Naser Orić epaitzeari buruzkoa izan da. Orić zibil serbobosniarren kontrako krimenak direla eta errugabe deklaratu zuen Bosniako epaitegiak azaroan, baian orain bere kontrako auzia berriz ireki da. Eta azkenik Kroaziaz hitz egin dugu, han eskuin muturreko “Herriak erabaki” plataformak, asteazkenean, Parlamentuan Konstituzioa aldatzeko herri-ekimen legegile baten sinadurak aurkeztu baititu. Ekimen horretan, gutxiengo etnikoen ordezkari deiren alderdietako legebiltzarkideek Gobernuaren osaketari buruzko bozkaketetan (inbestiduran, konfidantza-mozioetan eta zentsura-mozioetan) eta aurrekontuen legea bozkatzerakoan, ezin bozkatzea proposatzen da, “Kroaziarentzat erabakigarriak diren legeak soilik nazio kroaziarraren ordezkariak bozkatu ahal izatea” argudioarekin. Herritarren arteko ezberdintasun hau proposatzea guk oso arriskutsu jotzen dugu. Orain auzitegiek erabaki behar dute legezkoa edo konstituzionala ote den halako proposamen bat egitea, eta baietz ebazten badute erreferendum bat deituko dute.

Azkenik, (gizonezkoen) Munduko Txapelketaz hitz egin dugu. Bi selekzio ditugu, Kroazia eta Serbia. Lehenak, Nigeria, Argentina eta Islandia izango ditu aurkari; eta bigarrenak, Brasil, Suitza eta Costa Rica. Kroaziak larunbatean, arratsaldeko 9etan debutatuko du Argentinaren kontra, eta Serbiak igandean, eguerdiko ordubietan, Costa Ricaren aurka. Eta futbol txapelketez ari garela, Aintzatetsi Gabeko Taldeen (gizonezkoen) Munduko Txapelketaz hitz egin dugu. Garaileak, Ukrainako gutxiengo hungariarraren taldekoak izan dira, eta berri hori ere aipatu egin dugu.

Entzun gure programa hemen: 

Tesla Ordua, 63 irratsaioa

97 irratia ikurraKaixo, Vojvodinako ekiloreok!!

Oraingo honetan Sebas Velasco burgostar jatorriko artista gipuzkoarra elkarrizketatu dugu. Sebas orain Sarajevon dago, proiektu artistiko bat egiten. Hala ere, ez da Balkanetan egon den lehen adia, eta bere Balkanetako bizipen guztiak liburu batean bilduko ditu. Bere proiektu artistikoez, bere ibilbideaz, bere bidaiez, eta bere Balkanetako inpresioez hitz egin digu oraingo honetan.

Arazo teknikoak egon direla eta, aldi batzutan arazoak izan ditugu, ea abestiekin bete behar izan dugu emanaldia. Elkarrizketa eta abesti baten artean, agian tartea luzeegia suerta daiteke. Barkatu eragozpenak.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 62. irratsaioa

97 irratia ikurraKaixo Danubioko txalupatxook!

Gaurkoan, aurreko asteetan bezala, Mazedoniarekin hasi dugu eguna. Izan ere, Greziako eta Mazedoniako kanpo ministroak, Nikos Kotzias eta Nikola Dimitrov, Matthew Nimetz bitartekariarekin bildu dira eta izena adosteko “markoa” adostu dutela esan dute; hala ere, zienaren inguruan ez dute argibiderik eman. “Ilinden Mazedonia” izena agertu izan da azken asteotan Mazedoniako Gobernuaren aldetik, baina ez dirudi greziarrak zien berri horrekin oso pozik daudenik. Ezta ere Mazedoniako VMRO oposizioa, Zoran Zaev lehen ministroarekin izandako debate batean (Mazedonian 16 urtetan lehen aldiz ematen da halako debate bat) Hristijan Mičnovski VMROko buruak esan du bere alderdiak soilik “izen konstituzionala”; hau da “Mazedoniako Errepublika” izena aintzatetsiko duela.

Bestetik, Kosovo da berrietan sarri agertzen zaigun  beste puntu bat. Honakoan, Hashim Thaci Kosovoko lehendakariak esan du Serbiarekin izandako elkarrizketak “Onak” direla bi aldeentzak. Bestetik, Serbiako Kanpo Arazoetako ministro Ivica Dačićek esan duenez, Kosovoren zatiketa aurreikusten ari dira baita.

Bosniara egin dugu salto gero. Bosnian, Milorad Dodik Republika Srpskako lehendakariak Vladimir Putin hartu du, eta badirudi bi herrialdeen arteko harremana handitzen dagoela. Bestalde Dodikek Txinarekin bisatuen liberalizazioa iragarri du.

Azkenik, Montenegrora egin dugu salto. Montenegron Gobernuan dagoen alderdiak Udal hauteskundeak (Udal batzuetan deitu izan dira, ez guztietan) irabazi ditu, lehengo emaitzak hobetuz gainera. Hauteskunde hauetan, biolentzia egon da, eta iruzur akusazio handiak egon dira, Podgorica hiriburuan adibidez. Bestetik, Montenegrorekin jarraituz, Jugoslav Blagojević irakaslea, bere lanpostutik bota egin dute “zirilikoa erabiltzearren” (Montenegroko kurrikulumak alfabeto latindarrera paso egitea eskatzen zuen). Blagojevićek dioenez, bere NATOren kontrako militantziagatik Gobernuak hartutako mendeku bat izan da. Agian anekdota bat irudituko zaizue, baina guretzat Blagojevićen kasuak Montenegron adierazten diren joera batzuk ondo erakusten dizkigu.

Futbolaz ere hitz egin dugu. Gainean dugu (gizonezkoen) Munduko txapelketa eta bertan Kroaziak eta Serbiak jokatuko dute. Twitterren Beñat Zarrabeitiarekin izandako eztabaida baten ondorioz, Jugoslaviako selekzioa zein izango zitekeen esan digu Zarrabeitiak, talde oso ona osatuko zukeen Estatu bakarra balitz.

Entzun gure programa hemen: