Tesla Ordua, 122 irratsaioa

kEt6yve9_400x400Kaixo Balkanetako guslajoleok!

Badakizue nor zen Pottoki Aita? Eta badakizue zer zerikusi duen Montenegroko ortodoxoekin? Entzun programa hau eta jakingo duzue!

Gaurko programan berri asko izan ditugu kontatzeko, eta hori dela eta hitz eta pitz egon behar izan gara, musika seguruenik faltan nabarituko duzue.

Azkenean Kosovoko Gobernua egin dute, eta Albin Kurti izango da Kosovoko lehen ministro berria. Seina ministro izango dituzte Vetevendosjek eta LDKk (lehenak ekonomiakoak gehiago, bigarrena Gobernuaren bozeramailetza, Barne Ministerio eta Defentsa Ministerio); eta beste hiru gutxiengo etnikoek. Serbiarren aldetik, alderdirik bozkatuenak, Srpska Listak, ez du Gobernuan parte hartuko. Hala ere, Belgraden aldetik, Ana Brnabić lehen ministroak eta Marko Djurić Kosovorako ministroak elkarrizketari eustea proposatu dute. Albin Kurtik esan duenez, Serbiatik inportatutako produktuen gaineko ohizkanpoko %100eko zerga kendu egingo du “erreprozitatea” esanez. Erradikalak (edo erradikal ohiak) Gobernuan moderatuago? Ikusiko dugu.

Osatu berri den beste Gobernu bat Errumaniakoa zen, zentro-eskuinekoa, baina berriz Parlamentuak zentsura-mozioa aurkeztu du, beraz Ludovic Orban lehen ministroak kargua galdu du. Oraindik Gobernu berria ez da eratu, eta litekeenez, hauteskunde berriak izango ditugu.

Kroaziara jo dugu gero. Han Rijeka hiria Europako Kultur Hiriburua denez gero, hiriaren kultura antifaxista ezagutarazteko, Udalak plaza nagusian izar gorri bat jarri du. Honen zergatik historikoak azaldu ditugu.

Bosnia-Herzegovinari berri txiki batzuk komentatu ditugu, tartean, Chicago Initiative deitutako think-tankak egin duen proposamen oso bitxia, eta Ramiz Salkić Repubika Srpskako lehendakariordeak eskolek Sava Deunaren eguna ospatzeaz esan duena. Serbian ere geldialdi bat egin dugu, hain zuzen ere Vučićek hauteskundeak apirilaren 26an izango direla esan baitu. Oposizioko alderdi nagusiek parterik hartuko ez dutela esan dute.

Montenegrora egin dugu salto gero, eta han esplikatu dugu nola agertu den Pottoki Aita eta nola bihurtu den oposizioaren ikur. Bestetik Gobernuak tankeak ere atera ditu kalera protesten kontra.

Azkenik kirolei eman diegu tartea, ez guk nahi bezain luze baita. Europako Waterpolo Txapelketetan (emakumeena zein gizonezkoena), Europako Eskubaloi Txapelketan (gizonezkoena) eta Teniseko Australiako Irekian balkaniar kirolarien emaitzak kontatu ditugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 116 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako menditxook:

2019ko abenduaren 12koa da programa hau, arazo batzuk direla eta programak egin izan baititugu jarri.

Oraingo honetan, hasi, Peter Handkerekin hasi dugu programa. Handkeri eman dioten Literatur Nobel Sariak errefusa handia eragin du bosnakiarren eta albaniarren artean. Zazpi herrialdek, Afganistanek, Turkiak, Ipar Mazedoniak, Kosovok, Albaniak, Bosniak eta Kroaziak, Handkeri saria emateko ekitaldia boikotatzea erabaki dute. Bestetik, Kosovoko Errepublikak eta Sarajevoko Kantoiko Gobernuak Peter Handke “Non grato” izendatu dute.

Kroaziako lehendakaritzarako hauteskundeekin jarraitu dugu, eta bertan hautagai ezberdinek Franjo Tudjman lehendakari ohiari eman dioten garrantzia (zentro-ezkerreko Milanovićek barne, zienak Jugoslavia “autoritario” bezala jo du) komentatu dugu, eta baita ere fenomeno hau aztertu. Bestetik Miroslav Škoro eskuin muturreko hautagaiari inkestek iragartzen dizkioten emaitzak ere komentatu ditugu.

Kosovoko Gobernuarekin jarraitu dugu gero. Hashuim Thaçi lehendakariak esan du Albin Kurti Vetevendösje alderdiko buruari (alderdirik bozkatuena) man dio lehen ministro izateko enkargua. Antza denez Kosovoko Liga Demokratikoarekin egingo du aliantza Kurtik. Bi alderdiok oposizioko alderdiak dira.

Montenegrora biratu dugu gerora, izan ere, han Gobernuak Erlijio-Askatasunaren inguruko Legea onartzear da, eta Serbiar Elizaren jabetzak jomugan jarri ditu legeak. Serbiar Eliza Ortodoxoaren eta Erromako Eliza Katolikoaren arteko aliantza ikusi dugu Lege berriaren aurka, eta aliantza arraro honen zergatiak azaldu ditugu, izan ere, askoren ustez honen atzean ez dago hainbeste laizismoa, nazionalismoa baino.

Beste alde batetik, laster Ipar Mazedonian hauteskundeak izango dira, eta honen gainean ere hitz egin dugu. GARAko Miguel Fernandez Ibañez kazetariak Ipar Mazedoniako politikari batu buruzko elkarrizketa ekarri dugu. Veljko Misajlovskik VMRO alderdiak hurrengo hauteskundeak aise irabaziko dituela esan du. Mazedoniaren aurka ere, Veneziako Komisioak Gobernuak bultzatu duen Hizkuntzen Legea kritikatu du.

Bukatzeko, Zoran Tegeltija serbobosniarra Bosnia-Herzegovinako lehen ministro izendatu dutela aipatu dugu, nahiz eta Gobernu berria osatu ez duen.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 112 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Lovčen gaineko harkaiztxook!

Gaurkoan gaiak pil-pilean izan ditugu. Lehenbizi, Katalunia eta Balkanak lotzen dituen berri bat izan dugu. Xavier Melero kataluniar preso politikoen abokatuak Kroaziari eta Jugoslaviari buruzko adierazpen batzuk egin ditu eta horiek komentatu ditugu.

Segituan Errumaniara joan gara. Han parlamentuak Gobernu sozialdemokrataren aurkako zentsura mozio bat aurkeztu du, eta beraz Gobernu berri bat, eskuinekoa, izango du Errumaniak. Ludovic Orban, Alderdi Nazional Liberalekoa, da lehen ministro berria.

Serbiaz ere hitz egin dugu, kasu honetan memoria historikoaz batez ere. Lehenik eta behin, esan behar dugu Belgraden Nikolai Kravtsov, Belgrade askatzen lagundu zuen sobietar soldaduaren izenean kale bat jarri dutela. Polemika handiagoa piztu du Kragujevac hirian Draža Mihailović txetnik buruaren izenean kale bat artearen erabakiak. Honen inguruan kexatu egin dira beterano partisanoak. Memoria historikoaz gain, Serbiako Bosnakiar Kontseilu Nazionalak Sandžak eskualdearentzat aurkeztu duen proposamen bat ere mintzagai izan dugu.

Gerora Kosovora egin dugu salto. Han bi berri izan ditugu, alde batetik Albin Kurti jada lehen ministrotzat jotzen dutela denek –oraindik ofizialki ez bada ere- eta egungo gaiei buruz (serbiar gutxiengoarekiko eta bosniar zein serbiar produktuen gaineko %100eko zergarekiko) alderdi ezberdinak posizioak hartzen ari direla. Bestetik, Kosovoko gizartea eskandalizatu duen bortxaketa kasu batez ere hitz egin dugu. Azkenik Belgrad eta Pristinaren arteko negoziazioez hitz egiteko tarte bat ere izan dugu: Ivica Dačić Serbiako Kanpo Ministroa AEBren Balkanetarako ordezkari Matthew Palmerrekin bildu da eta adierazi du bi aldeen arteko diplomaziari –orain etenda dagoenari- berriz ekiteko itxaropena duela.

Azkenik Kroaziara egin dugu salto. Han, irakasleak grebara joan dira, soldata handiagoa nahi dutela eta. Gaia ez da batere erosoa agintarientzat, jakinda laster lehendakaritzarako hauteskundeak direla. Honen inguruan ere hitz egin dugu, izan ere, Božidar Maljković entrenatzaile famatuak Katarina Peović Langileen Frontearen hautagaia babestu baitu, sozialismoaren eta Jugoslaviaren aldeko adierazpenak eginez.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 110 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanak, Jaunaren ondorengo 2019 urtean eta Handkeren ondorengo lehenengo urtean!

Gaurkoan gai pila izan ditugu. Hasteko gai historiko bat izan dugu mintzagai. Aste honetan Herri Askapenerako Gudaren kontestuan, jugoslaviar partisanoek eta Armada Gorriak Belgrad askatu zuteneko 75 urteurrena bete da. Operazio militar honen nondik norakoak eta 1944k urritik herrialde osoaren guztizko askapena eman arte (1945eko maiatzean) izan ziren zailtasunez hitz egin dugu, baita ere orduan Titoren eta Stalinen arteko harremanak nolakoak izan zirenari buruzko zertzelada batzuk.

Politikarekin jarraitu dugu gero. Ipar Mazedoniarekin hasi gara. Lehenbizi Serbiarekin eta Albaniarekin sinatutako merkatu eta igarotzen akordioaz aritu zian gara. Lehendakari batek, Aleksandar Vučićek, eta bi lehen ministrok, Zoran Zaevek eta Edi Rama sinatu dute akordio hori. Vučićek dio Kosovo, Bosnia eta Montenegro sartzea nahi dituela, baina beste alde batetik, Edi Ramak esan du Kosovo sartzen ez bada, Albaniak akordioa bertan behera utz dezakeela.

Beste alde batetik, Frantziaren posizioak Albania eta Ipar Mazedonia Europar Batasunean sartzea eragotzi du (Serbiaren eta Montenegroren data atzeratzen du honek baita ere). Honek Ipar Mazedoniako hauteskundeak aurreratzera bultzatu du Zoran Zaev, izan ere Greziarekin  sinatutako akordioak (zeinek Mazedoniari “Ipar” deitzea ekarri zuen) EBn eta NATOn sartzea aurreikusten zuen eta hori orain kili-kolo geratu da. Beste alde batetik AEBko senatuak Ipar Mazedonia NATOn sartzeko aukera zabaldu du baino hori ez da nahikoa izan Zaeventzat.

Bestelako berri geopolitikoak ere izan ditugu. Dmitri Medvedev Belgraden egon da, eta Ana Brnabić lehen ministroa Moskura gonbidatu du. Bestetik, Belgradera, lehen txinatar merkatal-trena iritsi da Txinako produktuekin. Beraz, badirudi ekialdera begiratzen duela Serbiak

Kosovora egin dugu ostean. Albin Kurti, duela aste batzuk hauteskundeak irabazi zituen liderrak “The Guardian” egunkari britainiarrarekin elkarrizketa bat eman du, eta hor zenbait gauza esan ditu: adibidez Vëtevendosjek tradizionalki EBrekiko izan duen postura kritikoa ñabartu egin du, eta ustelkeria ezabatzea bere lehentasuna dela esan du. Hala ere ez dirudi Serbiarekin egoera hobetu egingo denik, izan ere, Serbiako Kopa partida bat jokatzeko muga pasatzea galerazi dio Izar Gorria futbol-taldeari (honek Mitrovican jokatu behar zuen FK Trepča taldearen kontra).

Beste berri bat Kroazian izan dugu. Bertako Maksimir estadioan Prljavo Kažaliste taldeak kontzertu bat jo du, 1989an eman zuen kontzertu historiko (eta oso nazionalistaren 30. urteurrena zela eta. Kontzertua hasi aurretik, oihu faxista masibo bat egin zuten ikusleek (ez taldekideek), eta penarekin ikusi dugu gertakari hori.

Bukatzeko, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko harremanari buruzko bi berri ekarri ditugu. Alde batetik, Marijan Dović irakasle kroaziar-esloveniarra Bilbon izan da Kongresu batean, bertsolaritzari buruzko ponentzia bat aurkezten. Bestetik, Senez aldizkariak Izet Sarajlić poeta bosniarrari buruzko artikulu bat atera da, bere poema batzuk euskaratuta ere agertu direlarik.

Entzun gure programa hemen: