Tesla Ordua, 85 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako zeruetako hodeiok!!

Aste honetan, pil-pilean dagoen gaia Venezuelako Estatu-kolpea izan da. Hori dela eta, programa erdia honi eman diogu, bai Balkanetako Estatu batzuek harekiko izan duten posizioa azaltzeko asmoz, eta baita ere Venezuelan erabili izan diren teknika kolpista batzuk lehenago Balkanetan erabili izan direlako, adibidez “Interbentzio humanitarioarena”. Beraz, ez da arraroa gure programaren parte handi bat honi eman izana.

Beste gai batzuk ere aipatu izan ditugu. Horietako bat, Ipar Mazedoniako parlamentuak, behin betiko izen aldaketa onartu du (aurretik ere onartu zuen, baina mazedoniar sistemak lehendakariari legeak behin betatzea eta parlamentura itzultzea ahalbideratzen dio, eta eskumen hau erabili zuen). Greziako parlamentuak ere bi herrien akordioa onartu d, baina Syrizaren kide izan den ANEL Gobernutik ateratzea ekarri du.

Ipar Mazedoniako izenaren kontua itxita, Republika Srpskan izanen dugu orain izenaren inguruko kalapita. Izan ere, Bosnia-Hercegovinako alderdi nagusiak, SDAk, BiHko Auzitegi Konstituzionalaren aurrean  Republika Srpskaren izena “konstituzioaren aurkako” izendatzeko helegitea jarri du. Honek Republika Srpskatik erantzuna ekarri du: Bosniako lehendakaritzan serbiar ordezkaria den Milorad Dodikek esan du hala balitz, Republika Srpskak mugaren kontrola hartuko zukeela. Honek Republika Srpskako alderdien arteko kalapitak geratu ditu momentuz, hain justu David Dragičevićen omenezko manifestazioak izaten ari zirenean.

Azkenik, Belgradeko manifestazioez ere hitz egin dugu. Zazpigarren larunbatez atera da kolore guztietako oposizioa kalera, Aleksandar Vučićen dimisioa eskatuz. Hala ere, batasun falta nabari zaie, eta ikusiko dugu noraino egingo duen honek aurrera. Azken egunetan Putinek Serbiara egin duen bisitaldiak Vučići mesede handia egin dio, Putinek babes handia baitu serbiar herrian.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 84 irratsaioa

ortodoxiaKaixo, Balkanetako neguko ekaitzok!!

Kasu honetan berri “kultural” batekin hasi dugu irratsaioa. Balkanetan eragina izan arren, pixka bat urrutiratu gara. Bi jai ortodoxoen artean egonik (urtarrilaren 7an Eguberria eta urtarrilaren 14an Urte Berri Eguna), Ortodoxian izan den zismaz hitz egin dugu. Izan ere, Konstantinoplako Patriarkatu Ekumenikoak, Ukrainan eliza ortodoxo berri bat aintzatetsi du, Moskuko Patriarkatupeko Ukrainar Eliza Ortodoxoaren ordez (askok Poroxenkoren eskua ikusten dute bertan). Kokapen historikoa egin diogu auziari. Berez Balkanetako auzia ez da, baina Balkanekin zerikusia duenez, aipatu izan dugu.

Beste berri txikiago batzuk ere izan ditugu oraingoan. Tartean, Republika Srpskaren Egunaz, herrialde horren hiriburu Banja Lukan gertatzen ari diren protestez, Belgradeko protestez eta Ipar Mazedoniako izenaren prozesuaren azken txanpari buruz aritu gara.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 83 irratsaioa

greenbergKaixo, Adriatikoko olatutxook!

Urte berriarekin batera, urte zaharrean utzi genituen berri batzuk errepasatu ditugu, eta gerora, liburu baten kritika egin dugu.

Berri zaharren jarraipenaren artean, Montenegroko egoera (Nebojša Medojević oposizioko liderra aske utzi dute), Banja Lukako David Dragičevićen memoriaren aldeko protesten jarraipena (Davor Dragičević aita auziperatu egin dute, eta hau ihesean joan da), Kosovoren inguruko berriak (Albaniarekin muga irekitzea ofizial egin dute), PPko Alejandro Fernandezen Torra eta Esloveniar Bidearekin egin dituen konparazioak (Torra Karadžićekin erkatu du) eta Belgraden Vučićen kontrako protestak (oraingoan, euren konposizioa oso heterogeneoa dela atzeman dugu, eta baita eskaera konkretu bat plazaratu dutela: Nebojša Stefanović Barne-ministroa botatzea).

Albiste berrien artean, Albaniak apustu-etxeak debekatu izana, eta Aleksandar Vučićek “agian” 2019an hauteskunde parlamentarioak aurreratu nahi izana adieraztea izan dugu. Vučićek esan du hauteskunde horiek deituz gero, bera ez dela aurkeztuko, lehendakari izan ostean ez duela beste kargurik hartuko. Honek serbiar alderdien artean fitxak mugitzea ekarri du…

Bestetik, liburu baten kritika ere egin dugu gure programaren azken hogei minutuetan zehar. Hau Robert Greenbergen Language and Identities in the Balkans liburua da. Liburu honetan, serbokroazieraren eta osteko lau “hizkuntza” ofizialen inguruko politikak zerrendatzen eta aztertzen du egileak, eta baita ere, hizkuntzak identitate-eraketan izan duten papera (askotan Balkanetan gutxietsia izan dena). Liburuaren indarguneak eta ahulguneak aztertu ditugu.

Entzun gure programa hemen: