Tesla Ordua, 97 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako basotxook!

Oraingoan hainbat berri izan ditugu, mota askotakoak gainera. Hasi, Ipar Mazedoniako presidentetzarako hauteskundeekin hasi gara. Lehia estua Pendarovski SDSMkoaren eta Siljanovska-Davkova VMROkoaren artean. Kanpoan geratutako Blerim Reka albaniar hautagaiak ez du bigarren itzulirako kontsignarik eman, baina bera babestu duen alderdietako batek “boto askatasuna” eman du. Bestetik, Pendarovskiren eta alemaniar kazetari baten arteko ika-mikak asko gaiztotu du egoera.

Aste Santu Ortodoxoaz ere aritu izan gara, joan den igandean erlijio kristau ortodoxoaren jarraitzaileek Bazko Eguna ospatu baitzuten.

Berri historiko batzuez ere aritu izan gara: tartean, Francesc Bayarri valentziar kazetariak Vjekoslav Luburić ustasharen inguruko liburu bat atera baitu. Bayarri aspaldi ibili izan da Luburićen eta hau hil zuen Ilija Stanićen urratsen atzetik, eta oraingoan datu berriak atera ditu, Luburićen artxiboa ere lortu baitu. Pixka bat hitz egin dugu Jasenovaceko esterminio-eremua zen infernu horretako zuzendariaz eta Valentzian eman zituen bere bizitzako azken urteez.

Beste gai errepikakor bat Kosovoren eta Serbiaren arteko negoziazioena (edo kasu honetan, negoziazioen faltarena) da. Hashim Thaci Kosovoko lehendakariak dio, Berlinen izango omen den aldebiko goi-bilkura esperatuan soilik “Serbiak Kosovoren independentzia aintzatestea espero duela”. Bestetik, Ipar Kosovon hauteskundeak deitu izan dituzte, Srpska Lista (Belgradeko Gobernuari lotuta dagoen alderdia) da faborito, nahiz eta esan duen karguak ez dituela hartuko (bi Gobernuen arteko negoziazio-klima hotzaren erakusgarri). Beste alderdi serbokosovar batek, bere aldetik, Belgradeko Gobernuaren Poliziak egin dion presioa salatu du.

Serbian bertan, protestak gelditu ez diren arren, Aleksandar Vučićen posizioren indartzeaz ere aritu izan gara: lehengo larunbatean 150.000 aldeko atera zituen kalera, eta Xi Jinping Txinako lehendakariarekin aldebiko topaketa izan zuen Txinak antolatutako foro ekonomiko batean parte hartzen zuelarik.

Azkenean, kirolei buruzko bi berri izan ditugu: Belgradeko Derbi Handian (160. aldiz jokatu da) Izar Gorriak Partizani 2-1 irabazi dio, eta kroaziar batek kotxe bat bultatzearen Guinness Errekorra gainditu du.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua: 95 irratsaioa

tesla-ordua ikurraEgun on, Aste Santu ortodoxoaren jarraitzaileok!

Gu ere ortodoxian murgildu garenez, aste honetako irratsaioa inoiz baino motzagoa izan da, eta hortaz ohartarazi behar zaituztegu: programa honek soilik 50 minutu irauten du.

Lehen gaia, Mirjana “Mira” Marković, Slobodan Milošević Serbiako presidente ohiaren alarguna, Moskun hil izana izan dugu. Askok, modu pixka bat matxistan, Marković Serbiako “Itzalpeko botere” moduan karikaturizatu izan dute, Serbian benetako botere maltzurra bera zelakoan. Guk hemen ordea, Markovićen pentsaera eta Moskun zergatik erbesteratu zen azalduko dugu, eta horrez bidez 90 hamarkadako Serbiara pixka bat hurbilduko gara.

Kosovoren gaineko negoziazioen inguruan ere aritu izan gara. Aste honetan, Serbiako lehendakari Aleksandar Vučićek Ipar Kosovko udalerrien gaineko “Burujabetza bikoitza” edo “Koburujabetza” albanoserbiarra proposatu edo onartu izana ukatu du. Bestetik, kanpo ministro Ivica Dačićek Vučić bera eta Ana Brnabić lehen ministroa Prištinako Gobernuarekin Berlinen batzeko “presionatuak” izan direla aipatu du, bilkura hori egingo denaren inguruan zalantzan utziz. Beste aldetik, Gobernu albanokosovarrak “Serbiak egindako krimenak ukatzea” legez zigortzea ahalbideratuko duen lege bat aterako duela iragarri du (gogoan izan behar dugu Kosovoko Gobernuaren arabera, NATOren bonbaketa “serbiar genozidioa” ekiditeko izan zela). 1999ko guda-krimenez ari garela, Neven Djenedija deitutakoserbiar herritar batek AEBko Defentsa Ministerioa hackatu eta krimenen argazki esklusiboak atera dituela ere esan dugu. Horietako krimen bat, aste honetan gertatu zenetik 20 urte betetzen dituena da: NATOk Djakovica herrian 75 errefuxiatu albanokosovar hil zituenekoa. Krimen hori ere gogoratu dugu.

Gudez ibili izan garela, Kosovoko guda beraz, Serbiak Rajko Kozlina serbiar soldadua 15 urteko zigorraz atxilotzea aipatu izan dugu, Kosovoko gudan zenbait albaniar zibil hiltzearren. Bestetik, Bosnia-Herzegovinako Estatu-epaitegi batek, Bosniako Armadako Atif Dudaković jenerala auziperatu du, 300 zibil serbobosniar hil zituela leporatuta.

Aipatu dugun beste gai bat Belgradeko Vučićen aurkako protestak dira. Hauek inoiz baino indar handiagoa hartu zuten azken larunbatean. Protestako alderdiak batzen dituen Serbiaren Aldeko Aliantzako lider guztiek hitz egin zuten, baina beste behin ere, Vučić kanporatzeaz haratago programa bateraturik ez dutela agerian utzi dute. Bestetik, Gobernuari, protestara gerturatzeko oztopoak jartzeko tanpatxoak erabili izana leporatu diote (adibidez autobus publikoak murriztea). Protesta hauen aurrean, SNS Gobernuko-alderdiko ordezkariek gau-beila egin dute, Gobernuaren arabera “Estatu-kolpe posible bat ekiditeko”.

Berri txikiagoen artean, Korrika dela eta, Korrikaren lekukoa eraman izan duten jugoslaviarrak, Bosnia-Herzegovinan hauteskundeak pasa eta 6 hilabete ostean Gobernua eratzear egon daitekeela, Ivica Dačić serbiar kanpo ministroak Errusiarekiko egin dituen adierazpen oso lagunkoiak eta Venezuelan Montenegroko mafiako kapo handietako bat kokaina Europara ekarri nahi izatean atxilotu izanaz aritu gara.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 94 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako zuhaiztxook!

Aste honetako programa, batez ere berriz ere amaitezinak diruditen Kosovoren inguruko Belgrad eta Pristinaren arteko negoziazioei eman diogu. Negoziazioak geratuta dauden arren, Belgrad eta Prištinaren arteko fitxen mugimenduak eta birkokatzeak etengabe ari dira ematen. Adibidez, azkenengo honetan, Ramush Haradinajk esan du bere burua “AEBren soldadutzat” duela.

Bestetik, Belgraden intentsitatea handitzen ari diren protestez ere hitz egin dugu. Hemen ere, ez dirudi bi aldeen arteko negoziaziorik dagoenik, Vučić eta oposizioa elkarrengandik oso urruti baitaude.

Bestetik, beste berri batzuen artean NATOren 1999ko bonbaketako zenbait pasarte ere gogoratu ditugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 91 irratsaioa

Petrovic.jpgKaixo lagun balkanzaleok:

Gaurko programan gai polemikoak izan ditugu eztabaidagai. Lehena, Radovan Karadžić Republika Srpskako lehendakari ohiaren kontrako sententziaren errebisioa izan dugu: aurreko sententziako kargu guztiak berretsi egin ditu epaiak, baina zigor-kopurua handitu egin dio; 40 urteko kartzelaldi-zigorretik bizi arteko zigorra ezarri baitio. Karadžićek egindako bidegabekeriez at, bai epaitegian eta bai aditu-kazetari taldeetatik nagusitzen ari den ideia, Republika Srpska bera “sorkuntza kriminal” bezala ezartzen duen ideia aztertu eta kritikoki errebisatu dugu. Ideia hau, Karadžićen kontrako epaiketaz haratago, Zeelanda Berrian gertatutako atentatu antimusulman negargarriaren ostean ere, atentatu hori serbiar nazionalismoaren edo serbiar baieztapen nazionalaren gain leporatzea asmo zuten irakurketak ere agertu izan dira; irakurketa horiek ere aztertu ditugu.

Berri gehiago ere aztergai izan ditugu; mamitsuak hauek ere: lehenik, Bosnia-Herzegovinan, urriko hauteskundeen osteko Parlamentua asko kostata osatu ostean, Gobernua osatzeko bidean daude, hiru alderdi nazionalisten arteko (komunitate bakoitzetik bat: SDA, SNSD eta HDZ) elkarrizketak hasi dira; bigarrenik, Belgraden Vučićen kontrako protestek intentsitate handia hartu dute, telebistaren egoitza okupatu eta lehendakaritzaren egoitza inguratzera iritsi dira eta; eta hirugarrenik, Europako Alderdi Popularrak kide duen Fidesz alderdi hungariarraren -Viktor Orbánen alderdiaren- kidetza “behin-behinik bertan behera utzi du”.

Bukatzeko, Goran Petrović idazle serbiarraren Bajo el techo que se desmorona liburua komentatu dugu. Petrović Kraljevokoa da, eta liburu honetan bere sorterriko zinema baten historia kontatzen du: bai eraikinaren historia, bai jabe eta jabetza-modu ezberdinen historia, bai langileen historia eta baita ere 1980ko maiatzean pelikula bat ikustera joan ziren ikusleen historia. Pelikula ikusten ari zirela, pantaila berehala txuriz agertu zen bat-batean, eta inork zer gertatzen zen ez zekiela. Tito lehendakariaren heriotzaren berri ematen dute. Hain zuzen ere, hori da kolektibo hori ekartzen duena, 1980ko maiatzeko igande arrats batean zinema areto batean elkartu izana. Beraz, serbiar herri xehearen deskribapen bat dugu: bertan agertzen diren pertsona-mota ezberdinak beren bertute eta mixeriekin, beren ideologia, pentsamendu eta zirkunstantzia ezberdinak, eta baita ere “gertakariaren” osteko eboluzioa. Hain zuzen ere “gertakariak” markatzen baitu sabaia erortzea, ez zinema-areto zaharraren sabai fisiko hauskorra, baizik eta Jugoslavia zena eta honen bizitza-estilo ezaguna zen sabaia. Liburu irakurterraza eta entretenigarria da, Serbiaren soziologiari buruzko ezagutza osatzeko ona.

Entzun gure programa hemen: