Tesla ordua, 61. irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako mendikateok!

Mazedoniari buruzko bi berrirekin hasi dugu irratsaioa; bata ustelkeriaren ingurukoa eta bestea Greziarekin izenaren inguruan duten negoziazioen ingurukoa. Nikola Gruevski eskumako soberanista eta Lehen Ministro ohia bi urtetako kartzela-zigorraz zigortu dute gobernu buru zenean enpresa baten partetik opari bat onartzeagatik. Bestalde, indarrean dagoen Lehen Ministro Zoran Zaev, zentro-ezkerrekoa, errugabetu egin dute 2015ean Strumica hiriko alkate zenean enpresari baten partetik eroskerian ibili zeneko akusazioaz. Ondoren, Errepublikaren izenaren inguruan, Zaev ere izan dugu protagonista: aurreko astean Sofian izan zen goi-bilkuran Tsiprasekin izenaren inguruko “akordio-zirriborro” bat lortu zuela esan zuen. Zaevek ez zuen xehetasunik eman, “ez Tsiprasek ez nik, pertsona gisa, gure izenean ezin dugulako instituzioen gainetik akordio osorik lortu”; baina Nikola Dimitrov Maozedoniako Kanpo Arazoetarako ministroak esan duenez, izena “Ilinden Mazedonia” izan daiteke, 1903ko matxinada antiotomandar bati erreferentzia (Ilinden hitzak Elias Deunaren Eguna esan nahi du, matxinada hura hasi zeneko eguna). Ikusiko dugu parte ezberdinek onartzen duten, eta historiari begira, ea Bulgariak (Ilinden matxinada, ekintza “Bulgariartzat” duenak) nola erreakzionatzen duen.

Serbiara bidaiatu dugu gero, han askotariko eta gai ezberdinei buruzko berriak izan baititugu. Hasteko, lehenik eta behin, oroimen historikoaz aritu izan gara. Bi kasu ari dira eztabaidatzen: alde batetik Nikola Kalabić txetnik buruzagiarena, eta bestetik Milan Nedić 1941 eta 1944 arteko lehen ministro kolaborazionista proalemaniarrarena, biei buruz aritu garelarik. Gaurkotasuneko kasuez ere aritu izan gara, adibidez Serbiak 1999ko NATOren erasoari buruzko komisioa bat sortu izanaz. Komisio horrek bere lehen bisita Kosovora egingo du; mugimendu hau ere nolabait oroimen historikoaren arloan sar genezake, baina beste alde batetik Kosovoren inguruan baita, Belgrad eta Pristinaren negoziazioak fase erabakigarrienera iristen ari direlarik. Aleksandar Vučićek beste berri kezkagarri bat ere utzi digu egunotan, Alexander Sorosekin (George Sorosen semea) bildu da, Serbiar Roma Institute (Herri Ijitoaren Institutua) erakunde sorostarra Serbian sar zedin. Kezkaz ikusi dugu berri hau. Azkenik, Serbiaren eta Kroaziaren arteko harremanek, Jasenovacen omenaldiaren inguruan (hau Šešeljek Serbiako parlamentuan sortutako istiluek berotu izan dute baita): Kroaziak Serbiako Defentsa ministro Aleksandar Vulin persona non grata izendatu du, eta kontrara, Serbiak, Kroaziako Defentsa ministro Damir Krstičević ere non grato izendatu du.

Bosniaz ere hitz egin dugu, izan ere, berriz ere eztabaida geopolitikoen erdian dugu Bosnia. Erdoganek “Europako turkiar diasporarekin” hauteskunde-ekitaldi handi bat egiteko Sarajevo aukeratu du. Bertan, Bosniako politikariek eta Bosniako hiru lehendakarietako musulmanak, Bakir Izetbegovićek, oso harrera ona egin diote, euren gaineko norbait izango balitz moduan. Halako adierazpenek, eta Izetbegovićen alderdiak Bosniaz eraiki duen imajinarioak, neokolonialismoaren mamua berpiztu dute. Bestetik, Republika Srpskak kontrara erantzun du, eta bere lehendakari Milorad Dodik Putinekin bildu da. Dodikek noizean behin Republika Srpskaren autodeterminazio erreferendumaren gaia atera ohi izan du. Bestetik, kalapita berri bat sortu da, Erdoganekin zerikusia duena baita ere. Izan ere, badago Istanbul-Belgrad-Sarajevo autobidea egiteko proiektu bat; baina Sarajevo eta Belgrad nola lotu da arazoa: Bosniako musulmanek Tuzlatik egin nahi dute ibilbidea, eta Bosniako serbiarrek Višegradetik.

Eta bukatzeko, Andrej Grubačić izan dugu hizpide. Grubačić AEBn bizi den jugoslaviar jatorri eta militantziako antropologo anarkista dugu. Aste honetan, Berria egnkarian elkarrizketa bat egin diote Grubačići, Euskal Herrian Kurdistani buruz hitzaldi bat eman zuela eta. Grubačićen arabera, Kurdistango konfederalismo demokratikoaren ideia, Estatu-nazioa gainditzen zuena, Jugoslavia Sozialistan izan zen. Grubačićek Jugoslavia Sozilaistaz gain (kanpotik suntsitua izan zela dio), Gavrilo Princip ere errebindikatzen du. Guk Grubačićen adierazpenak komentatu ditugu, izan ere, askotan gurean Kurdistango konfederalismoa goratzen dutenek, Jugoslavian Estatu-nazioa defendatzen zutelako, Jugoslavia “herrien kartzela” bailitzan.

Entzun gure irratsaioa hemen:

 

Amets indibidualak herrien amesgaizto direnean

Belgrado

Belgradon bizitza kalean egiten da eta bereziki gauetan. Argazkia: Asier Blas, 2015-08-31.

Ia urteroko ohitura bilakatu dut Balkanak bisitatzea. Dozena bat aldiz egon naiz bertan mota guztietako aitzakiak tarteko. Irailean lan kontuek eraman naute Mazedoniara. Aukera hori aprobetxatuta, aldez aurretik pare bat aste eman ditut lituaniar lankide batekin bidaiatzen eta Serbian lagunak bisitatzen. Hauetako bat desesperatu samarra somatu dut Mendebaldera bueltatzeagatik. Erasmus bezala egon da urte betez Europako parte aberats eta “garatuan”. Orain Serbian dago bueltan eta alderaketan jugoslaviar herrialdea galtzaile ateratzen da.

Balkanetako herrialdeek bizi duten krisi ekonomiko iraunkorrarekin alderaketak latzak dira. Zatituak eta konkistatuak izatearen ondorioak dira, gerren ondorioak dira. Azkenean bortizki pobretutako herriei ia nortasuna baino ez zaie geratu arima elikatzeko. Ikuskera unibertsalista eta ezkertiarra baduzu, etsigarria da oso ikustea gizarte kontserbakor hori nola elikatzen den bizilagunen arteko borroka txiki eta ezinikusi antzuengatik. Baina gaztea bazara, kezkagarriena langabezia-tasa altua eta soldata baxuak dira. Labirinto horretan irtenbidea bilatzea zaila da eta askotan era indibidualean egiten da, atzerrira joanez bizitzera. Continue reading

Umeak, arrazakeria eta Kosovo

Argia aldizkariaren 2392. zenbakian argitaratutako artikulua da honakoa:

Umeak, arrazakeria eta Kosovo

Seguruenik umeak dira, beste ezerk ez bezala, gure bihotzak gehien hunkitu ditzaketenak. Baina batzuetan horien erabilpen politiko-komunikatiboa egiten denean, nahiz eta xede onez egin, pentsamenduak duen alde biko jokoaren miseria guztiak azaleratzen ditu. Azkeneko asteetan bi kasu esanguratsu egon dira hedabideetan. Continue reading

Eroritako harresiak eta beste harresi batzuk

Liburuaren portada

Liburuaren portada

1989ko azaroaren 9a data historikoa da. Egun horretan, ekialdeko alemaniarrak, gaueko 12etatik aurrera inolako baimen berezirik gabe mendebaldera pasatu ahal izango zirela iragarri zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoak. Segidan, zurrumurrua Berlin erdibituaren bi aldeetan zabaldu zen, eta gauerdia baino lehen, Berlingo harresiaren inguruak jendez gainezka zeuden.

00:00ak jo zutenean, Berlin Ekialdeko hiritarrak muga-postuak pasatzen hasi ziren oinez eta automobilez. Hunkipen eszenek hartu zuten protagonismoa: denbora luzez separaturiko familiar eta lagunarteko besarkadak eta malkoak, xanpain eta garagardoarekin eginiko brindisak, ongi etorri opariak bisitariei, loreak muga-postuak zaintzen zituzten soldaduen errifleetan eta frontera zeharkatzen zuten automobiletako haizetakoetan… Pozak, zirrarak eta hordigarri zen askatasun sentimenduak gainontzeko guzia burutu zuten. Pixkanaka-pixkanaka milaka berlindar harresia eskalatu, eta kasu askotan, soka, pikotxa eta zizelekin, egi bihurtu zuten urteetako ametsa: Berlingo harresia eraistea. Continue reading