Ivo Andrić

Iturria: Wikipedia

Iturria: Wikipedia

Ivo Andrić (zirilikoz, Иво Андрић) XX. mendeko jugoslaviar idazlerik handiena izan zen. Bosniako Travnik hirian jaio zen 1892, familia bosniar-kroaziar batean, eta Belgraden, Serbian, hil egin zen 1975an. Gaztaroa Višegrad herrian (Bosnia-Herzegovina) eman zuen. Max Aub idazleak (Andrićen gisa, bizitza oso gorabeheratsua izan zuena eta hainbat tokitan bizi izan zenak) zioenari kasu eginez gero, norbera bere gaztaroa pasa duen tokikoa da, beraz, Andrić višegradtarra izango litzateke. Gaztaroa den aberri berezi hori bere lanetan islatu zuen Andrićek. Adibidez, bere eleberririk ezagunenean, “Zubi bat Drinaren gainean” (Karlos Zabalak euskaratua, Alberdaniak argitaratua), Drina ibaia zeharkatzen duen zubia (Otomandarren garaian XVI mendean eraikitakoa, eskualde horretan jaio zen Mehmed Paxa Sokollu/Mehmed Paxa Sokolović bisirrak eraikitakoa) ardatz hartuta, bertako jendearen bizitza, ohiturak, elkarrekintzak, abenturak eta kalenturak kontatzen ditu. Andrićen eleberrian, Višegrad, višegradtarrak eta zubia gaztaroa den aberriaren proiekzioa izateaz gain, bere aberri nazionalaren, Jugoslaviaren proiekzioa ere badugu; eleberri horretan kontatzen baita balkaniar herri ezberdinen (serbiarren, kroaziarren, musulmanen zein judutarren) harremana nolakoa zen, eta hauen eta potentzia kolonialen (Inperio Otomandarra eta Inperio Austrohungariarra) arteko harremana. Andrićen eleberria, askotan herri horietaz zabaldu denaren estereotipoen kontrako antidotoa da.

Idazle konpromisoaz gain, konpromiso politikoaz ere defendatu zuen Ivo Andrićek Jugoslavia. Gaztetan, Bosnia Gaztea deitutako talde abertzale eta antiinperialista klandestinoan (orduan Bosnia-Herzegovina Austrohungariar Inperioaren azpian zegoen) sartu zen. Bosnia Gaztea hego-eslaviarren batasunaren aldeko eta Serbiaren aldeko antolakunde iraultzailea zen. Garai hartan, Serbia eta Montenegro ziren Jugoslavia osatuko zuten herrialdeetan estatuak ziren bakarrak. Montenegro beti mantendu zen gutxi gora-behera independente serbiar nazioaren erreserba politikoa bezala. Aldiz, Serbiak XIX. mende amaiera arte ez zuen independentzia eskuratu, eta lurralde eremu txiki batean soilik. Halere, bere askapen nazionaleko borroka indartsua, esanguratsua eta oihartzun handikoa izan zen hego-eslaviar guztien artean. Horregatik, Austrohungariar Inperioaren kontrako eta hego-eslaviar batasunaren aldekoentzat eredu bat zen, Bosnia Gaztea kasu. Hemen Bosniako hiru herrietako kideak (bosniar musulmanak, bosniar-kroaziarrak eta serbiar-bosniarrak) biltzen ziren. Bere militantzia politikoa zela eta, 1914ko ekaineko Sarajevoko atentatuaren ondoren (non Frantzisko Fernando austriar artxidukea hil eta Lehen Mundu Guda hasiko zen) austriar agintariek kartzelaratu egin zuten.

Lehen Mundu Guda bukatzerakoan, Jugoslaviako Erresuma sortu eta Ivo Andrić Belgradera joan zen bizitzera. Bertan hasi zen bere karrera literarioa mamitzen, serbokroaziar hizkuntzaren serbiar aldaeran: 1918an “Ex Ponto” poema liburua atera zuen. 1926an Serbiako Arte eta Zientzien Akademian sartu zen. Lanbide gisa, diplomazian sartu zen, Berlinen Jugoslaviako Erresumaren enbaxadore izatera iritsi zen 1939-1941 bitartean. Bigarren Mundu Gudan Alemaniak Jugoslaviari gerra deklaratu eta okupatu zuenean utzi zuen kargu hori.

Okupaziopean idatzi zituen Andrićek bere lanik ezagunenak: “Zubi bat Drinaren gainean”, “Travnik-eko kronika” eta “Andereñoa”. Hala ere, Jugoslavia berriz aske izan arte ezer argitaratuko ez zuela zin egin zuen. 1941ean, gutxik uste zuten Alemaniak guda galduko zuenik eta okupatutako lurrak berriz aske izango zirenik; baina Andrićek famaren aurretik bere printzipioak ezarri zituen. Titoren buruzagitzapeko Jugoslaviar partisano komunisten mugimendua 1945ean gailendu zenean, hiru lanok izan ziren argitaratuak.

Erregimen berriak, Jugoslavia federal eta sozialista eraikitzeari ekin zion, herrien arteko “anaitasuna eta batasuna” printzipiotik abiatuta. Jugoslaviako herri guztien arteko elkartasuna, elkarren ohitura eta berezitasunekiko errespetua, eta denon independentzia amankomuna (kanpoko potentziekiko) defendatzen zuen proiektu politiko bat zeukan, apalen eta txiroen duintasuna eta aurrerapen soziala (Andrićen eleberrien beste puntu kardinal bat) defendatzen zuen ideologiaz jantzita. Horrela, Andrićek bere burua erregimen berriarekin identifikatuta ikusi zuen eta Jugoslaviako Komunisten Ligako militante egin zen 1954an. Jugoslaviako Idazleen Elkarteko presidente eta Bosnia-Herzegovinako Errepublika Sozialistako parlamentu-kide ere izan zen. Idazle mailan aurretik Serbiako Arte eta Zientzien Akademiako kide izateaz gain, serbiar kultur instituzio garrantzitsuena zen Matica Srpska elkarteko kide egin zen ere bai.

1958an Milica Babić-Jovanovićekin ezkondu zen Belgraden. 1961an bere bizitzako une gorena izan zen, Literatur Nobel Saria irabazi baitzuen bere “Zubi bat Drinaren gainean” eleberriari esker. Jugoslaviari eta jugoslaviartasunari emandako saria izan zen. Andrić 1975ean hil zen Belgraden. Bera hil zen tokian, gaur egun Andrićev venac deitutako kalean (Pioneroen Parkearen ondoan eta Serbiako Parlamentutik zein Belgradeko Udaletxetik oso gertu) Ivo Andrićen museoa dago.

Ivo Andrić, bosniarra jaiotzez, kroaziarra oldez eta serbiarra moldez; jugoslaviarra bihotzez; gaur egun, Jugoslavia politikoki ezegoki eta fisikoki desagertua den aro honetan, kroaziar, zein bosniar zein serbiar literaturaren barne ezartzen da. Andrić, Nikola Tesla asmagilea, Tito gerrillari eta politikaria eta agian Emir Kusturica musikari eta film-egilearekin batera, jugoslaviar kulturako pertsonarik ezagunena dugu. Horien gisara, jugoslaviartasuna nazioartean zabaltzeaz gain, barrura begira ere jugoslaviartasuna landu zuen. Hori dela eta, gure elkartearen izenean bere lanik ezagunena den “Zubi bat Drinaren gainean” elaberrian agertzen den zubiari erreferentzia bat eginez, Andrići omenendu eta gure elkartearen norakoen pista bat eman nahi dugu.

Ivo Andrići buruz gehiago euskaraz:

Boligrafo gorria (Gorka Bereziartua – Argia)

Wikipedia

Alberdania

One thought on “Ivo Andrić

  1. Pingback: Euskal Herriko I. Jugoslaviar Eguna - zuzeu.eus

Leave a comment