Tesla Ordua, 113. irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako euri-tantatxook!

Oraingoan, berriez hitz egin dugu batez ere. Lehenik eta behin mugei eta hauen lausotzeari buruz hitz egin dugu. Izan ere, aurrera doa Albaniak, Ipar Mazedoniak eta Serbiak proiektatutako “Balkanetako mini-Schengen” proiektua, eta horri buruzko bigarren bilkura egin dute. Hala ere, beste alde batetik, Montenegrok proiektu horretan sartuko ez dela esan du. Mugez ari garela, Ipar Mazedoniako lehendakari Stevo Pendarovskik, Estatu hau EBra hurbiltzearen aurka oztopo gehien jarri dituen frantziako lehendakari Macronekin bilduko da laster.

Gerora Moldaviara egin dugu salto. Errumaniaren ostean, harekin  hizkuntza partekatzen duen Moldaviak ere Gobernua aldatuko du, Parlamentuan Gobernu liberalen aurkako zentsura mozioa onartu ostean. Alderdi Sozialistak aurkeztu du mozio hori. Beste bi berri ere aipatu ditugu azkar: alde batetik Republika Srpskako parlamentuak autodeterminazioaren aldeko ebazpen bat onartu du, eta beste batetik Literatur Nobel Saridun Peter Handkek esan du 1999an jugoslaviar herritartasuna lortu zuela.

Segituan Kroaziara egin dugu, batez ere eraso ezberdinak izan ditugu mintzagai. Alde batetik, Spliteko zinegotzi ezkertiar Jure Zubčić epaitua izango da “Serbiarrak akatu!” jartzen zituzten margoketak, “Serbiarrak muxukatu!” leloaz aldatzearren. Bere aurkako salaketa bat egon da “jabetza kaltetzearren”; ez ordea margoketa arrazista egin dutenen kontra. Beste alde batetik, eraso hauek kritikatzearren Milorad Pupovac lider politiko serbokroaziarra ere salatua izan da eta Legebiltzarraren aurreko agerraldia egin dezan eskatu du eskuineko erakunde batek.

Programa honetan Kosovoko hauteskundeak azkeneko asteetan oso aipatu dugun gai bat, eta oraingoan ere aipatu dugu. Kasu honetan, Serbiatik bidalitako 3.700 botoak baliozkotzat edo ez eztabaidatzen ari dira. Garrantzitsua da erabaki hori, alderdi bat gutxieneko %5aren langaren ertzean dago eta. Honi buruz hitz eginez, Ghanak Kosovori aintzatespena kendu dio, hamaseigarren Estatua da halako erabaki bat hartzen duena.

Segituan, Balkanetatik urrundu gara, Boliviara joateko. Han, jakin badakizuenez, Evo Moralesen kontrako Estatu-kolpe bat eman dute eskuindarrek. Hau aprobetxatu dugu Boliviako eta Santa Cruz hiriko eskuineko lider Branko Marinkovićez hitz egiteko. Marinković 2009an Estatu-kolpe bat ematen saiatu zen.

Azkenik, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko harremanen garatzeari egin diogu kasu. Oraingoan Pikara Magazine aldizkariak, Sarajevoko Aida Spahić feminista elkarrizketatu du, zeinek Bosniako feministen egoeraz hitz egin digu, eta elkarrizketa hori komentatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

TESLA ORDUA, 20. IRRATSAIOA

Egunon, euskoslaviarrok!!

Aste honetako poprograman, aurtengo formatu berriari ekin diogu, eta Gabirel Ezkurdia politologoa izna dugu gurekin batera, Balkanetatik urrundu eta geopolitikaz aritzeko. Baina horren aurretik, Balkanetako gaiei heldu diegu, kasu honetan Euskal Herrian izan ditugun zenbait berriri buruz.

Lehenik eta behin, ETBren “Sautrela” programan egindako erreportai baten harira, Dubravka Ugrešić idazle kroaziarra izan dugu mintzagai. Ugrešićek Donostia 2016 Europar Kultur Hiriburua programan parte hartu du Harkaitz Canorekin batera egindako proiektu batean, eta horren harira, Cano bera eta Juanjo Olasagarre euskal idazleek berari buruzko erreportai txiki batean bere ibileraz hitz egin digute: idazle feminista honentzat Jugoslaviaren desagerpenak zer ekarri zuen, eta halaber, bere literatur eta erbeste kezkak ere aipatu dituzte. Erreportaia ikusgai dago hemen (19:30 eta 26:00 minutuen artean, gutxi gora-behera).

Guk, Ugrešićen itzala aprobetxatu dugu bere El Museo de la Rendición incondicional liburua komentatzeko. Liburu hau, Ugrešićek erbestera joan eta gutxira idatzi zuen, eta han azaltzen dira bere aberri galduari (fisikoki zein politikoki, erbeste dela, eta gudak zirela eta) buruzko hausnarketak, eta baita ere, oroimenez eta oroitzapenez eginiko gogoetak.

Gerora, errefuxiatuen arazoa izan dugu ahotan, Tolosako Zumardi ekimenak, Iosu Iztueta eta Mauro Moratiesen eskutik, Belgraden dauden errefuxiatuak laguntzeko iniziatiba bat aurkeztu baitu (arropa bildu eta furgonetan Belgradera eraman). Han Ane irazabal kazetariarekin kontaktuan daude, eta euren asmoetan erreportai bat egitea ere badago. Gai honek errefuxiatuen dramaz hitz egiteko aukera ere eman digu.

Azkenik, geopolitika izan dugu mintzagai, batez ere Siria eta han Deir Ez-zor eta Palmira hirien kontrako Estatu Islamikoaren erasoak, eta baita Astanako bake-elkarrizketak eta hauek izan ditzazkeen ondorioak, Etxe Zuriko maizter berriaren politika bistatik galdu gabe.

Entuzn programan hemen:

ALEKSANDAR VUKSANOVIĆ GOGOAN (1961-2016)

VuksanovicAtzo albiste triste baten berri izan genuen: Aleksandar Vuksanović zendu da. Gazte hil ere, 55 urterekin, 1961. urtean jaio baitzen Serbian. Ezkonduta zegoen, eta berriki seme bat izan dute. Aleksandar Madrilen bizi zen.

Vuksanovićen izena ez zaizue oso ezaguna egingo, ez baitzen egunkarietako lehen orrietan agertzen den horietarikoa. Baina Vuksanovićez ari garenean, musutruk egindako lanaz eta kausen aldeko boluntariotzaz ari gara. Vuksanović, mundu honetako txikien eta ahots minorizatuen borroketan ugaltzen den beste izen horietariko bat da: ezerren trukean, saririk bilatu gabe, kausa baten alde lan egiten duten horietako bat izan zen. Continue reading