Tesla Ordua, 124 ordua: Montenegroren monografikoa, 2. partea

MontenegroKaixo berriz Njegošen tribuko irakurleok!

Honako honetan Montenegroren monografikoari buruzko bigarren zatiarekin gatoz. Arazo teknikoekin jarraitzen dugu, eta beraz ezin dugu musikarik jarri ezta ere oraingoan.

Lehengo programan batez ere Erdi Arotik Bigarren Mundu Gudara hartu genuen. Oraingo honetan, Montenegroko Errepublika Sozialista ezartzetik oraingo egunetarako bidea egin dugu. Montenegrok Jugoslavia barruan errepublika propioa izateko arrazoiak, 1988an Djukanović boterera igotzea, Jugoslaviaren zatiketa garaian Montenegroren posizioa, 1997an Djukanovićek izan zuen posizio-aldaketa, 1999ko bonbaketak, 2006ko independentzia, egungo egoera autoritarioa eta nazio propioa eraikitzeko saiakerak: hizkuntzaren inguruko saiakera eta egungo erlijioaren gaineko saiakera.

Bi programa hauekin, uste dugu Montenegroko historiari errepaso orokorra egin diogula eta beraz egungo gatazka ulertzeko modu hobean izango zaretela.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 123 irratsaioa: Montenegroren monografikoa

MontenegroKaixo Njegošen tribuko irakurleok!

Gaur, lehenik eta behin, arazo teknikoak direla medio, musikarik ezin izan dugu jarri, beraz barkamena eskatu beharrean gaude, musikarekin programa arinagoa baita.

Gaur programa osoa Montenegrori eskaini diogu. Montnegron egun Eliza Ortodoxoarekin dagoen gatazkak funts nazional bat duela uste dugu, eta horren erroak aurkitzeko historiara jo dugu: Montenegroren nortasunaren eta serbiartasunaren arteko harremana; Dukljako eta Zetako printzerriak, Erdi Aroan albaniarrekin izandako harremana, Montenegroko printzerriaren eta Eliza Ortodoxoaren arteko harremana, Petar Petrović-Njegoš eta literatura, 1918ko Serbiarekiko bateratzea eta honen inguruko polemikak, Bigarren Mundu Guda, Montenegroko Errepublika Sozialista, Jugoslaviaren desegitea, 1999ko bonbaketak eta abar aipatu ditugu. Ezin izan dugu XXI mendeko Montenegroz hitzik egin, luze joan zaigulako, izan ere oso gustora egon gara, eta espero dugu zuek ere gustora entzutea programa osoa!

(Euskal Herriaren eta Montenegroren arteko harremanari buruzko datu bitxi bat ere atera dugu: Matxin Mungiakoak 1539an Herceg Novi defendatu zuenekoa).

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 122 irratsaioa

kEt6yve9_400x400Kaixo Balkanetako guslajoleok!

Badakizue nor zen Pottoki Aita? Eta badakizue zer zerikusi duen Montenegroko ortodoxoekin? Entzun programa hau eta jakingo duzue!

Gaurko programan berri asko izan ditugu kontatzeko, eta hori dela eta hitz eta pitz egon behar izan gara, musika seguruenik faltan nabarituko duzue.

Azkenean Kosovoko Gobernua egin dute, eta Albin Kurti izango da Kosovoko lehen ministro berria. Seina ministro izango dituzte Vetevendosjek eta LDKk (lehenak ekonomiakoak gehiago, bigarrena Gobernuaren bozeramailetza, Barne Ministerio eta Defentsa Ministerio); eta beste hiru gutxiengo etnikoek. Serbiarren aldetik, alderdirik bozkatuenak, Srpska Listak, ez du Gobernuan parte hartuko. Hala ere, Belgraden aldetik, Ana Brnabić lehen ministroak eta Marko Djurić Kosovorako ministroak elkarrizketari eustea proposatu dute. Albin Kurtik esan duenez, Serbiatik inportatutako produktuen gaineko ohizkanpoko %100eko zerga kendu egingo du “erreprozitatea” esanez. Erradikalak (edo erradikal ohiak) Gobernuan moderatuago? Ikusiko dugu.

Osatu berri den beste Gobernu bat Errumaniakoa zen, zentro-eskuinekoa, baina berriz Parlamentuak zentsura-mozioa aurkeztu du, beraz Ludovic Orban lehen ministroak kargua galdu du. Oraindik Gobernu berria ez da eratu, eta litekeenez, hauteskunde berriak izango ditugu.

Kroaziara jo dugu gero. Han Rijeka hiria Europako Kultur Hiriburua denez gero, hiriaren kultura antifaxista ezagutarazteko, Udalak plaza nagusian izar gorri bat jarri du. Honen zergatik historikoak azaldu ditugu.

Bosnia-Herzegovinari berri txiki batzuk komentatu ditugu, tartean, Chicago Initiative deitutako think-tankak egin duen proposamen oso bitxia, eta Ramiz Salkić Repubika Srpskako lehendakariordeak eskolek Sava Deunaren eguna ospatzeaz esan duena. Serbian ere geldialdi bat egin dugu, hain zuzen ere Vučićek hauteskundeak apirilaren 26an izango direla esan baitu. Oposizioko alderdi nagusiek parterik hartuko ez dutela esan dute.

Montenegrora egin dugu salto gero, eta han esplikatu dugu nola agertu den Pottoki Aita eta nola bihurtu den oposizioaren ikur. Bestetik Gobernuak tankeak ere atera ditu kalera protesten kontra.

Azkenik kirolei eman diegu tartea, ez guk nahi bezain luze baita. Europako Waterpolo Txapelketetan (emakumeena zein gizonezkoena), Europako Eskubaloi Txapelketan (gizonezkoena) eta Teniseko Australiako Irekian balkaniar kirolarien emaitzak kontatu ditugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla ordua, 121 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako basotxook!

Balkanen inguruan sekulako kezka dago aste hauetan gai batekin; kutsadurarekin. Bai Zagreben, zein Sarajevon, zein Belgraden handia da herritarren kezka airearen kutsadura dela eta. Serbian politikariak nahiko kezkatu dira, eta lehengoan Vučićek Ingurumen Ministro Goran Trivan auzitan jarri zuen, Serbian hauteskundeak gertu dira (apirilaren 19an edo 26an izango dira) eta Vučićek ez du nahi protesta hauek iazko oposizioaren protesten kezkekin bat egiterik. Bestalde, Vučić Milorad Dodikekin egon da, eta Bosnia-Hercegovinako konstituzio aldaketari buruz “serbiarren oniritzirik gabe gertatuko ez dela” esan dute biek.

Kosovoko Gobernuaz hitz egin dugu gero. Vetevendosjeko Albin Kurti eta LDKko Isa Mustafaren arteko akordioak gertu ematen zuen, baina desadostasun ugari agertu dira azkenotan, batez ere postuen inguruan. Kosovorekikoak bukatzeko, esan beharra dago Pristina eta Belgrad arteko aire-bidezko konexioa berriz zabaldu dela.

Montenegrora egin dugu salto gero. Han Eliza Ortodoxoaren inguruko protestek han jarraitzen dute, kasu honetan, gainera, errusiar motorista batzuk agertu dira protestetan. Bestetik, Montenegroko Eliza Ortodoxoaren (Gobernuaren aldekoa) patriarka Miraš Dedeićek “Montenegron beti izan dugu eliza autozefaloa” esan du. Adierazpenok ere aztertu ditugu.

Bestelako gai batzuk ere jo ditugu; adibidez, Kroazian, HDZren Gobernuak igandeak lanegun adierazteko asmoa azaldu du, baina inkesta baten arabera herritarren %84 kontra dago. Bestetik, Andrej Plenković lehen ministroak, Kataluniari buruz esan du laster burutu behar den EBko Estatuburu eta Gobernuburuen konferentzian “ez dela horri buruz hitz egingo, hori Espainian konpondu beharreko arazoa delako”. Ipar Mazedoniara salto egin dugu, han Ali Ahmeti politika albanomazedoniarrak –UÇKko buru ohiak- esan du “Politikari mazedoniar eslaviarrek hainbatetan Mazedonia zatitzea eskaini didate, eta nik beti ezetz esan diet”. Azkenik, Eslovenian errebisionismo historikoaren garaipena eman dela komentatu dugu: II Mundu Gudako Leon Rupnik buruzagi kolaborazionista errehabilitatu baitute.

Bukatzeko, kirol ataletan, II Mundu Guda aurrean eta honen zehar faxisten kontra agertu ziren bi kirolari jugoslaviar gogoratu ditugu: Milan Stepišnik atleta eta Bora Kostić xakelaria.

Entzun gure programa hemen: