Tesla ordua: 92. irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako erresistenteok!

Gaurko honetan, 1999an NATOk Jugoslaviaren kontra hasi zuen bonbardaketaren 20 urteurrenaren bueltan gabiltzanez, programa gehiena horri eman diogu. Hemen, bai NATOren estatutu aldaketa, ondorio politikoak, ondorio zibil eta humanitarioak, justifikazioak, prentsaren manipulazioa, eta beste hainbat gai jorratu ditugu. Hainbat xehetasun eman ditugu: belikoak, sozialak, ekonomikoak, humanitarioak eta abar. Ziur gaude programa interesgarri egingo zaizuela

Programaren gehiena honek okupatu digu, baina beste bi gauzetarako tartea ere izan dugu: alde batetik, Bosnia-Hercegovinan, eskandalu txiki bat egon da, mezkita batzuetan salafista batzuk armekin agertu dira eta; baina antza denez, muntaia bat izan da. Bestetik, Rijekako Filip Jakovacek, Jugoslaviar kultura amankomuna batera mantentzeko asmoa duen antolatu duen “Balkan Roads” lehiaketa bitxiaz aritu gara.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 91 irratsaioa

Petrovic.jpgKaixo lagun balkanzaleok:

Gaurko programan gai polemikoak izan ditugu eztabaidagai. Lehena, Radovan Karadžić Republika Srpskako lehendakari ohiaren kontrako sententziaren errebisioa izan dugu: aurreko sententziako kargu guztiak berretsi egin ditu epaiak, baina zigor-kopurua handitu egin dio; 40 urteko kartzelaldi-zigorretik bizi arteko zigorra ezarri baitio. Karadžićek egindako bidegabekeriez at, bai epaitegian eta bai aditu-kazetari taldeetatik nagusitzen ari den ideia, Republika Srpska bera “sorkuntza kriminal” bezala ezartzen duen ideia aztertu eta kritikoki errebisatu dugu. Ideia hau, Karadžićen kontrako epaiketaz haratago, Zeelanda Berrian gertatutako atentatu antimusulman negargarriaren ostean ere, atentatu hori serbiar nazionalismoaren edo serbiar baieztapen nazionalaren gain leporatzea asmo zuten irakurketak ere agertu izan dira; irakurketa horiek ere aztertu ditugu.

Berri gehiago ere aztergai izan ditugu; mamitsuak hauek ere: lehenik, Bosnia-Herzegovinan, urriko hauteskundeen osteko Parlamentua asko kostata osatu ostean, Gobernua osatzeko bidean daude, hiru alderdi nazionalisten arteko (komunitate bakoitzetik bat: SDA, SNSD eta HDZ) elkarrizketak hasi dira; bigarrenik, Belgraden Vučićen kontrako protestek intentsitate handia hartu dute, telebistaren egoitza okupatu eta lehendakaritzaren egoitza inguratzera iritsi dira eta; eta hirugarrenik, Europako Alderdi Popularrak kide duen Fidesz alderdi hungariarraren -Viktor Orbánen alderdiaren- kidetza “behin-behinik bertan behera utzi du”.

Bukatzeko, Goran Petrović idazle serbiarraren Bajo el techo que se desmorona liburua komentatu dugu. Petrović Kraljevokoa da, eta liburu honetan bere sorterriko zinema baten historia kontatzen du: bai eraikinaren historia, bai jabe eta jabetza-modu ezberdinen historia, bai langileen historia eta baita ere 1980ko maiatzean pelikula bat ikustera joan ziren ikusleen historia. Pelikula ikusten ari zirela, pantaila berehala txuriz agertu zen bat-batean, eta inork zer gertatzen zen ez zekiela. Tito lehendakariaren heriotzaren berri ematen dute. Hain zuzen ere, hori da kolektibo hori ekartzen duena, 1980ko maiatzeko igande arrats batean zinema areto batean elkartu izana. Beraz, serbiar herri xehearen deskribapen bat dugu: bertan agertzen diren pertsona-mota ezberdinak beren bertute eta mixeriekin, beren ideologia, pentsamendu eta zirkunstantzia ezberdinak, eta baita ere “gertakariaren” osteko eboluzioa. Hain zuzen ere “gertakariak” markatzen baitu sabaia erortzea, ez zinema-areto zaharraren sabai fisiko hauskorra, baizik eta Jugoslavia zena eta honen bizitza-estilo ezaguna zen sabaia. Liburu irakurterraza eta entretenigarria da, Serbiaren soziologiari buruzko ezagutza osatzeko ona.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua: 90 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako zeruetako hodeitxook!

Aste honetako programan ere berri asko kontatu ditugu, horietako batzuetan bilintzi-balantza ibili garelarik- Lehenik eta behin. Belgradeko derbiaz hitz egin dugu, Serbiako Ligako 24. Jardunaldian Izar Gorriak eta Partizanek bana berdindu dute. Bi taldeek jokatzen duten 159. derbia da hau.

Segituan Kroaziara egin dugu salto. Gure programaren eta elkartearen asmoetako bat, dakizuen bezala, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko harremana sendotzea da; eta aste honetan halako berri bat ekarri dugu, ezen Hrvoje Klasić kroaziar historiagile ezagunak artikulu bat idatzi du Kroaziako hedabide batean Euskal Herriari buruz. Klasić egun batzuez egon da Euskal Herrian eta gure herritik sentsazio positiboak eraman ditu Zagrebera. Kroaziari buruzko beste berrien artean, Madrilen Ante Pavelić faxistaren hilobia antifaxistek erasoa izan denaz berri eman dugu. Espero dugu ekintza honek hilobi horren inguruko eztabaida piztea, batez ere kontutan harturik Espainiako Memoria Historikoaren Legearen arabera, ikur faxistak edo faxisten omenaldietarako balio duten tokiak ezin direla publikoki erakutsi.

Bestetik, Kosovoko mugen inguruko negoziazio amaigabeei ere tartea egin diegu. Negoziazioak, Kosovok serbiar inportazio-produktuei jarritako %100eko zergaren inguruan dagoen polemikarekin nahastu dira; gainera Kosovoko Estatuaren buruzagitza ez dator bat Serbiarekiko izan duen jarrerarekin. Bestalde, AEBk Kosovoko Errepublikari beren jarrerak moderatzeko ere eskatu dio.

Jarraitzeko, Albanian, Montenegron eta Serbian izaten ari diren protestez aritu izan gara. Albanian protestek intentsitate handiagoa izaten ari dira, baita ere Montenegron. Hala ere, Serbian protestak ez aurrera ez atzerako fase batean sartu dira, batez ere Vučićek hauteskundeak aurreratzeko keinua egin zuenetik. Montenegrori dagokionez AEBko Estatu departamenduak sari bat eman dio Olivera Lakić oposizioko kazetariari, Djukanovićen Gobernuaren ustelkeria-kasuak ikertu dituenari eta iaz, hori dela eta tirokatua izan zenari. Badirudi AEB, Montenegroko protesta giro honetan, Djukanovićez enpo dagoela. Erregimen aldaketa bat, edo erregimenaren barruan “fitxa” aldaketa bat bilatzen ari dira?

Bukatzeko, esan beharra dugu Bosnia-Hercegovinan Gobernu berria eratzeko elkarrizketak aurrera doazela. Urrian izan ziren hauteskundeak, eta bost hilabete ostean, azkenean Gobernua osatu ahal dela ematen du. Hiru alderdi nazionalistek, komunitate bakoitzetik batek, osa dezakete akordioa.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 89 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Adriatikoko olatutxook!

Aste honetako programa oso oparoa izan dugu. Lau berri garrantzitsu izan ditugu:

(1) Zenbait kirolariren adierazpen jugoslaviarzaleak (Kenan Kodro, Svetislav Pešić eta Božidar Maljković).

(2) Kosovo eta Serbiaren arteko mugen aldaketen inguruko zurrumurruak.

(3) Euskal Herriarekin lotura izan duen berri bati ere ekin diogu gero. Nazioartean oso goratua izan da Greziaren eta Ipar Mazedoniaren arteko Prespako Akordioa –azken honen izenaren afera konpontze-bidean jarri duena- baina euskal politikari bat, Lorena Lopez de Lacalle Eusko Alkartasunako eta Euskal Herria Bilduko kidea mesfidati agertu da.

(4) Hizpide izan ditugu Albaniako, Montenegroko eta Serbiako protestak. Hauez gain, Bulgariako eskuin muturreko martxa aipatu dugu. Bestalde, Kroaziako lehendakaria Kolinda Grabar-Kitarovićek barkamena eskatu du iraganean oihu ustasha bat “kroaziar oihu tradizional” bezala justifikatu zuela eta, justifikazio hura “hanka-sartzea” izan zelako.

Beste berri txikiago batzuk ere komentatu ditugu, astea oso oparoa izan baita, baina hobe duzue programa entzutea, dena hemen kontatu baino lehen.

Entzun gure programa hemen: