Tesla Ordua, 99 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako ibaitxook!

Gaurkoan berri askorekin etorri gara, eta ez soilik Tiranan eta Belgraden izan diren protestak, edota Kosovoren inguruko negoziazioak, hauei buruz ere aritu bagara ere (berri interesgarri bat izan dugu hemen, izan ere AEBk Kosovori esan dio “gerra kriminalak” ez dituela Kosovoko gobernuan onartuko; eta AEB eta Kosovoren arteko ika-mika hauek albiste berria dira). Berri gehiago ere baditugu.

Berri hauetako bat Montenegron gertatutakoa da. ESLAk Montenegro “demokraziarako aurrerapenean eredugarria” dela esan du. Berri nahiko bitxia, batez ere kontutan hartzen badugu aste honetan oposizioko bi lider, Andrija Mandić eta Milan Knežević bost urteko kartzela-zigorraz zigortu dituzte. Kuriosoa “demokrazia eredugarri” batean…

Bestetik, Patxi Aita Santuan Balkanetara egin duen bisitaldiari buruz ere aritu izan gara. Ipar Mazedonia eta Bulgaria bisitatu ditu (Ipar Mazedoniaren kasuan, lehen aldia da herrialdea independente denetik Aita Santuren batek bisitatzen duena). Bestetik, II Mundu Gudan zehar Zagrebeko kardinal izandako eta gero Jugoslavia Sozialistako epaitegiek zigortutako Alojzije Stepinac kardinala santu egitearen kontra agertu da. Kroaziar nazionalistek eta kroaziar Eliza Katolikoak Stepinac ikur bezala dute, baina kontutan hartu beharra dago erregimen faxistarekin kolaboratu zuela.

Memoria historikoa ere pixka bat landu dugu. Izan ere, maiatzaren 9an, Garaipenaren Egunean, Kroaziako lehendakari Kolinda Grabar-Kitarović, Bleiburgera joan zen, partisanoek hildako “Kroaziar iheslariak” (asko eta asko faxistak) omentzera. Bleiburg, kroaziar diaspora faxistan ikur bat izan zen, eta irakurketa desitxuratuak egiten zituzten, bai zenbakiak handituz, eta bai han “komunistek kroaziarrak hiltzen zituzten” bezalako irakurketak plazaratuz (han atxilotutakoak edota hildakoak faxista izatearren baino etniagatik hilko bazituzten moduan). Kroazia independente berriko agintarien, Bleiburg Jasenovacen pare ezarri nahi zian dute, bai “komunismoa eta faxismoa parekoak dira” ideologiari men eginez, eta bai ustashen krimenak erlatibizatuz. Hor kokatu dugu Grabar-Kitarovićen bisita, probokaziotzat jo duguna.

Azkenik, kirolen inguruko berriekin bukatu dugu. Hemen nagusiki, Joseba Vivanco kazetariak GARAn Belgradeko Partizani buruz ateratako artikulu batez hitz egin dugu, Partizan taldearen historia kontatzen duena. Bestalde, (gizonezkoen) Italiako Giroan, Primož Roglič esloveniarra sailkapen nagusiko lehen postuan dugula aipatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 89 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Adriatikoko olatutxook!

Aste honetako programa oso oparoa izan dugu. Lau berri garrantzitsu izan ditugu:

(1) Zenbait kirolariren adierazpen jugoslaviarzaleak (Kenan Kodro, Svetislav Pešić eta Božidar Maljković).

(2) Kosovo eta Serbiaren arteko mugen aldaketen inguruko zurrumurruak.

(3) Euskal Herriarekin lotura izan duen berri bati ere ekin diogu gero. Nazioartean oso goratua izan da Greziaren eta Ipar Mazedoniaren arteko Prespako Akordioa –azken honen izenaren afera konpontze-bidean jarri duena- baina euskal politikari bat, Lorena Lopez de Lacalle Eusko Alkartasunako eta Euskal Herria Bilduko kidea mesfidati agertu da.

(4) Hizpide izan ditugu Albaniako, Montenegroko eta Serbiako protestak. Hauez gain, Bulgariako eskuin muturreko martxa aipatu dugu. Bestalde, Kroaziako lehendakaria Kolinda Grabar-Kitarovićek barkamena eskatu du iraganean oihu ustasha bat “kroaziar oihu tradizional” bezala justifikatu zuela eta, justifikazio hura “hanka-sartzea” izan zelako.

Beste berri txikiago batzuk ere komentatu ditugu, astea oso oparoa izan baita, baina hobe duzue programa entzutea, dena hemen kontatu baino lehen.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 69 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo jarraitzaile balkandarrok!!

Hauxe, ikasturte honetako gure azken saioa izan da. Beraz, normalean baino luzeagoa izan da, ordu eta erdikoa (Internetez, irratian ordu betez soilik entzun ahal izan baduzue ere).

Gaurko saio luze-luze honetan, gure atentzio gehiena (gizonezkoen) Munduko Kopak hartu du. Kroaziak finalean 4-2 galdu zuen Frantziaren kontra, irudi bikaina eman ostean. Pena handia hartu genuen porrot horrekin. Baina bestetik futbolari lotutako politikaz aritu izan gara. Batez ere, Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak (HDZkoa da, nahiz eta ofizialki jada ez den, Kroaziako legeak lehendakariari alderdiko kidetza izatea debekatzen baitio) izan duen paperaz aritu izan gara. Izan ere, Grabar-Kitarovićek paper handia izan du beste politikariekin konparatuta, bere kamisetarekkin agintarien palkoan agertuz, jokalariak besarkatuz… Batzuen ustez “herritar” bezala agertu da hala, eta bere “gertutasuna” txalotu dute. Besteen arabera, bere irudia populismo hutsa izan da. Alde ala kontra egon, Grabar-Kitarovićek “aberriaren ama” bezala kokatu nahi izan du bere burua, bai palkoan taldearen kamiseta eramanaz (“ni ez noa agintariak bezala jantzita, ni aberkideen moduan janzten naiz”), zein sari-banaketan euripera agertuz kroaziar jokalariak besarkatzeko (“nik aberriaren ordezkariak besarkatzen ditut”). Grabar-Kitarovićen irudia eta Kroazia barruan dagoen errealitate politikoaren artean ere kontrastea egin dugu; jakinda kroaziar lehendakariaren kritiko askok “Kroazian zanpatzen duten gutxiengoez” hitz egiterakoan serbiarrak ahazten dituztela (eta baita ere errealitate hau kontuan izan gabe. Bestetik, Kroazian dagoen anbiguotasuna ere mintzagai izan dugu: faxistek herritar sentimendua aprobetxatu nahi dute eta irudi hori proiektatu nahi dute, baina bestetik errealitate kroaziarra ez da eurak nahi zuketen modukoa.

Munduko Kopa alde batera utzita, beste berri batzuk izan ditugu mingainari lana emateko aitzaki: Europar Batasuneko hedapenerako komisarioa Ipar Mazedonian egotea, eta beraz izen aldaketa aurreikusten duen itunaren inguruan “baiezkoa” bozkatzeko goxokia emana, eta bestetik Kosovo-Serbia negoziaketei berriz hasteko txanda berria.

Eta barkatu gehiago ez idaztea, baina guk ere oporretara joateko gogoa dugu, eta bagoaz, bagoaaaaazzzzz!!!

Entzun gure programa hemen: