Tesla Ordua: 96 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanetako bidezidorrok!

Aste honetako programa hauteskundeekin hasi dugu; Ipar Mazedonian izen aldaketatik hona egin diren lehen hauteskundeekin. Hauteskunde presidentzialak izan dira, aurreko igandean lehen itzulia jokatu da. Gobernuaren aldeko Batasun Sozialdemokrataren Stevo Pendarovski hautagaiak botoen %42 lortu du, VMROko Gordana Siljanovska-Davkova hautagaiak %41 eta Blerim Reka hautagai albanomazedoniarrak %11; beraz Pendarovski eta Siljanovska-Davkova izango ditugu bigarren itzulian. Emaitza oso justua da, eta gainera Zoran Zaev lehen ministroak esan du Pendarovskik hauteskundeak irabazten ez baditu parlamenturako hauteskundeak ere deitu ahal dituela. Batek baino gehiagok Greziarekin sinatutako Prespako Itunaren sendotasuna ere jokoan ikusten dute hauteskunde hauetan. Hala ere, beste etsai garrantzitsu bat dute Pendarovskik eta Siljanovska-Davkovak: parte-hartze baxua. Lehen itzulian mazedoniarrek %41ek soilik bozkatu dute, bigarrenean %40ak baino gutxiago bozkatzen baditu, hauteskundeak baliorik gabe geratuko dira.

Bosnia-Hercegovinari buruz ere aritu gara oraingo honetan. Republika Srpskaren hiriburu Banja Lukan, Slaviša Krunić deitutako enpresari garrantzitsu bat tiroz hil dutenaren berria kontatu dugu lehenbizi. Gerora, Bosniako hiru lehendakaritzako kide serbobosniarra, Milorad Dodik, ostiralean Patxi Aita Santuarekin bilduko dela, Jasenovaceko genozidioaz eta Eliza Katolikoak izan zuen paperaz hitz egiteko. Hirugarrenik, hauteskundeak gertatu eta sei hilabetetara, azkenean, Bosniako Gobernua eratu ahal izango dela kontatu dugu, Ekintza Demokratikorako Alderdiaren (nazionalista musulmana), Aliantza Sozialdemokrata Independentea (nazionalista serbiarra) eta Batasun Demokratko Kroaziarraren (nazionalista kroaziarra) artean. Filtratutako zurrumurruen arabera, ministerio bakoitza zein alderdiren esku geratuko den ere adostu dute.

Serbiara egin dugu gerora salto. Han lehenik gudako berriekin hasi gara; aste honetan bete baita NATOk Serbiako Irrati-Telebistaren egoitza nagusia bonbatu eta 16 pertsona erail zituenetik. Gogorazi dugu, oraindik NATOko inork ez duela ez barkamenik eskatu ez epaile baten aurrean erantzun honegatik. Bestetik, Mirjana Markovići buruz hitz egin dugu. Berriki hil den politikaria, Serbian hilobiratu dute, bertan 90.eko hamarkadan garrantzitsuak izan diren politikari batzuk (poskomunistak zein nazionalistak) batuz. Marković Moskun erbesteratua zegoen, beste gauza batzuen artean, Slavko Ćuruvija kazetariaren heriotza agintzea leporatzen baitzioten. Eta justu aste honetan agertu da Ćuruvijaren erailketaren gaineko sententzia: zerbitzu sekretuetako lau gizon zigortu dituzte, baina sententziak “ezezagun batek” agindu zuela eta badio.

Serbiako egungo berriei dagokionez, Europar Batasunak asteburu honetan Belgrad eta Prištinaren arteko elkarrizketa bat antolatu du, negoziazio mahaira bueltatu daitezen; Federica Mogherinik esan du presio handia jarriko duela EBk bi aldeengan. Bestetik, Serbiako lehen ministro Ana Brnabićek esan du ez duela itunik espero Urria baino lehen. Bitartean protestek Belgradeko kaleetan jarraituko dutela esan du oposizioak hauteskundeak deitu arte. Oposizioko lider batek, Dragan Djilasek esan du hauteskunde askeak deituz gero oposizioak irabaziko zituzkeela. Azkenik, berri pozgarri bat azaldu dugu: Jelena Ivančić gazteak Europako Matematikarien Olinpiada irabazi baitu.

Beste berri batzuen artean, Bulgarian, Bulgariako Batasun Nazionala alderdi neonaziak asteburu honetarako Europa mailako topaketa faxista batzuk deitu dituela ere aipatu dugu.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua: 95 irratsaioa

tesla-ordua ikurraEgun on, Aste Santu ortodoxoaren jarraitzaileok!

Gu ere ortodoxian murgildu garenez, aste honetako irratsaioa inoiz baino motzagoa izan da, eta hortaz ohartarazi behar zaituztegu: programa honek soilik 50 minutu irauten du.

Lehen gaia, Mirjana “Mira” Marković, Slobodan Milošević Serbiako presidente ohiaren alarguna, Moskun hil izana izan dugu. Askok, modu pixka bat matxistan, Marković Serbiako “Itzalpeko botere” moduan karikaturizatu izan dute, Serbian benetako botere maltzurra bera zelakoan. Guk hemen ordea, Markovićen pentsaera eta Moskun zergatik erbesteratu zen azalduko dugu, eta horrez bidez 90 hamarkadako Serbiara pixka bat hurbilduko gara.

Kosovoren gaineko negoziazioen inguruan ere aritu izan gara. Aste honetan, Serbiako lehendakari Aleksandar Vučićek Ipar Kosovko udalerrien gaineko “Burujabetza bikoitza” edo “Koburujabetza” albanoserbiarra proposatu edo onartu izana ukatu du. Bestetik, kanpo ministro Ivica Dačićek Vučić bera eta Ana Brnabić lehen ministroa Prištinako Gobernuarekin Berlinen batzeko “presionatuak” izan direla aipatu du, bilkura hori egingo denaren inguruan zalantzan utziz. Beste aldetik, Gobernu albanokosovarrak “Serbiak egindako krimenak ukatzea” legez zigortzea ahalbideratuko duen lege bat aterako duela iragarri du (gogoan izan behar dugu Kosovoko Gobernuaren arabera, NATOren bonbaketa “serbiar genozidioa” ekiditeko izan zela). 1999ko guda-krimenez ari garela, Neven Djenedija deitutakoserbiar herritar batek AEBko Defentsa Ministerioa hackatu eta krimenen argazki esklusiboak atera dituela ere esan dugu. Horietako krimen bat, aste honetan gertatu zenetik 20 urte betetzen dituena da: NATOk Djakovica herrian 75 errefuxiatu albanokosovar hil zituenekoa. Krimen hori ere gogoratu dugu.

Gudez ibili izan garela, Kosovoko guda beraz, Serbiak Rajko Kozlina serbiar soldadua 15 urteko zigorraz atxilotzea aipatu izan dugu, Kosovoko gudan zenbait albaniar zibil hiltzearren. Bestetik, Bosnia-Herzegovinako Estatu-epaitegi batek, Bosniako Armadako Atif Dudaković jenerala auziperatu du, 300 zibil serbobosniar hil zituela leporatuta.

Aipatu dugun beste gai bat Belgradeko Vučićen aurkako protestak dira. Hauek inoiz baino indar handiagoa hartu zuten azken larunbatean. Protestako alderdiak batzen dituen Serbiaren Aldeko Aliantzako lider guztiek hitz egin zuten, baina beste behin ere, Vučić kanporatzeaz haratago programa bateraturik ez dutela agerian utzi dute. Bestetik, Gobernuari, protestara gerturatzeko oztopoak jartzeko tanpatxoak erabili izana leporatu diote (adibidez autobus publikoak murriztea). Protesta hauen aurrean, SNS Gobernuko-alderdiko ordezkariek gau-beila egin dute, Gobernuaren arabera “Estatu-kolpe posible bat ekiditeko”.

Berri txikiagoen artean, Korrika dela eta, Korrikaren lekukoa eraman izan duten jugoslaviarrak, Bosnia-Herzegovinan hauteskundeak pasa eta 6 hilabete ostean Gobernua eratzear egon daitekeela, Ivica Dačić serbiar kanpo ministroak Errusiarekiko egin dituen adierazpen oso lagunkoiak eta Venezuelan Montenegroko mafiako kapo handietako bat kokaina Europara ekarri nahi izatean atxilotu izanaz aritu gara.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 94 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako zuhaiztxook!

Aste honetako programa, batez ere berriz ere amaitezinak diruditen Kosovoren inguruko Belgrad eta Pristinaren arteko negoziazioei eman diogu. Negoziazioak geratuta dauden arren, Belgrad eta Prištinaren arteko fitxen mugimenduak eta birkokatzeak etengabe ari dira ematen. Adibidez, azkenengo honetan, Ramush Haradinajk esan du bere burua “AEBren soldadutzat” duela.

Bestetik, Belgraden intentsitatea handitzen ari diren protestez ere hitz egin dugu. Hemen ere, ez dirudi bi aldeen arteko negoziaziorik dagoenik, Vučić eta oposizioa elkarrengandik oso urruti baitaude.

Bestetik, beste berri batzuen artean NATOren 1999ko bonbaketako zenbait pasarte ere gogoratu ditugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua: 93 irratsaioa

Ekatarina_Velika_bendKaixo Balkanetako mendikatetxook:

Gaurko programan, musika talde batez hitz egin dugu, Belgraden 1982an sortu zen Ekaterina Velika taldearen inguruan. Talde honek punka eta rock psikodelikoa nahasten zituen, eta zazpi diska atera zituen. Milan Mladenović eta Margita Stefanović izan ziren Kattalin Handia Errusiako tsarinaren omenez izena zeraman talde honen bizkarrezurra: Esan beharra dago taldea sortu eta berehala desegitear izan zela, Dragomir Mihajlović sortzaileak eskubideak beretzat eskatu baitzituen 1984an (eta taldearen izena hasierako “Katarina II”-tik “Ekaterina Velika”-ra aldatzea ekarri zuen kalapita horrek). Beren unerik oparoenak 1987 eta 1991 artekoak izan ziren. Taldeak 1992an gerraren kontrako diska batean parte hartu zuen, eta 1994an Mladenović hiltzerakoan desegin zen. Nirvanarekin konparatu izan ohi dute beren estiloagatik, baina baita ere euren bukaera tragikoarengatik, taldearen kide gehienak oso gazte hil baitziren.

Bestetik, politika ere izan dugu gure irratsaioan. Hemen Serbiaren eta Kosovoren arteko negoziazioak izan ditugu mintzagai, batez ere Johannes Hahn Europar Batasunerako Hedapenerako arduraduna Belgraden egon delarik. Han Vučićekin eta baita ere oposizioarekin bildu da Hahn. Kosovok mugimendu honi hamaika serbiar, tartean hiru jeneral erretiratu auziperatuz erantzun du. Bestetik, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa Skopjen izan da. Bisita historikoa izan da hori, lehen aldiz greziar lehen ministro batek Ipar Mazedonia bisitatu baitu. Azkenik, Novi Saden Donbasseko matxinoen aldeko filme bat estrenatu dela; eta lehen aldiz Bosnia-Herzegovinan LGTB Harrotasunaren Eguna ospatuko dela ere kontatu dugu.

Entzun gure programa hemen: