Kroazierazko Wikipedia: Eskuin muturraren propaganda tresna? (I)

Kroaziako Wikipediaren eskuin muturreko joera salatzen duen ekimen batek ateratako protesta-irudia: Wikipediaren ikurra eta ustaša mugimenduaren ikurra bat eginda. (Iturria: “Kroazierazko Wikipedia lotsagarria da” facebook ekimena).

Eskuin muturra presente dago XXI mendean Europako hainbat herrialdeetan, baita ere Balkanetan. Inork gutxi pentsatuko zukeena Wikipedia bezala informazio iturri esanguratsu batean ere presente egotea. Askotan leporatu izan zaio Wikipediari hainbat gertakarien inguruan “neutraltasun” adierazpenen babespean ikuspegi hegemonikoa bultzatzea (“gizarte baten ideiak, klase nagusiarenak dira” dio Marxen esaldi famatuak, eta ez zebilen guztiz oker). Baina eskuin muturraren ideietara hainbeste lerratzerik inork ez zukeen itxarongo… Kroazian izan ezik. Izan ere, kroazierazko Wikipedia-hr.wikipedia (1) eskuin muturreko talde batek “konkistatu” du antza, eta bere ideologia zabaltzeko erabiltzen omen dute Wikipediako administratzaile postutik. Snježana Koren Zagrebeko Unibertsitateko historiagilearen arabera, “kroazierazko Wikipedian eskuin muturreko edozein web-orrialdetan edota propagandan aurki ditzakezun materiala aurkituko duzu. Bazterreko mugimenduak edonon daude, baina Wikipedian tokia izatea ez da onargarria”.

Halako ideologiak Kroazian izan duen predikamendua ez da berria. Izan ere, aurreko post batetan hitz egin genuen kroaziar eliteek “Balkanak” edota “komunismoa” ukatzeko ahalegin bereziak egiten zituztela, Kroazia “herrialde europar” bezala bereizi (besteak “herri atzeratu” edo “ez europar” edota “komunismoaren nostalgiko” gisa aurkeztea eta bereizketa markatzea zen helburu). Hrvoje Klasić historialariak esan duen antzera, “1990an indarrean ezarri zen ideia, “abiapuntua hau da” esatea zen, hau da, “aurreko dena txarra da”. 1945ean egin zen akats bera izan zen, beste ideologia batetatik”. Logika horri jarraituz, batez ere Jugoslavia desegiten ari zen garaian eta guda garaian, halako ekintzak eman ziren. Horrela, jugoslaviartasunaren eta Jugoslavia Sozialistaren ukazioa erabatekoa izan zen. Klasićen arabera, adibide bat “Rijeka, Zadar, eta Istria 1943an Kroaziara pasa zirenaren 70 urtemuga ez ospatzea” da, izan ere, hiri horiek partisanoek askatu zituzten.

Marko Perković Thompson abeslari ultraeskuindarraren kontzertuetan milaka pertsona biltzen ohi dira eta ikur faxistak ikusi eta halako leloak entzuten dira ikusentzulegoaren aldetik. (Iturria: http://www.poslovnipuls.com)

Jugoslavia Sozialistaren krisia eman zenean, Kroazian eskuineko Kroaziar Batasun Demokratikoa (Hrvatska Demokratska Zajednica) alderdia nagusitu zen, Franjo Tudjman buru zela. Alderdi honek irabazi zituen 1990eko hauteskundeak eta baita ere 1991ko independentzia prozesua gidatu, beti ere Tudjman buru zelarik. Honek, Espainiako diktadore Francisco Francori gorazarre egitea gustuko zuen, honen nazionalismo motak “nazio elkartasuna” bilatu zuelako “ideologien gainetik” (Tudjmanen historia ezagutza oso handia ez zela ondorioztatu beharko dugu). Tudjmanek, 80ko hamarkada bukaeran, historia-liburu oso polemiko bat atera zuen “Egia historikoa bidezidorrik gabe”, non II Mundu gudan Alemania naziaren menpeko Kroaziako Estatu Independenteak (hemendik aurrera NDH siglak erabiliko ditugu) Kroazian egindako genozidioa erlatibizatzen edo justifikatzen zuen: zenbakiek (Simon Wiesenthal Zentruak adibidez) milioi erditik gora serbiar (gehi  judutarrak, ijitoak eta erregimenaren kontrako kroaziarrak) hil zituztela diote: Tudjmanek 30.000ra jaisten du zenbaki hori. Tudjmanen pean, NDHrekiko errebisionismoak gailurra jo zuen. Izan ere, Estatu-sinbolo bezala NDHren garaiko sinboloak berreskuratu ziren, eta erregimen hori zuzentzen zuen Ustaša alderdiaren (ideologia faxista eta arrazistakoa) “berrirakurketa” eman zen: herriaren etsai edota kolaborazionista baino, “Mugimendu nazionalista, batzuetan gehiegikeriak egin arren asmo oneko kroaziarrek osatua” bezala ikusten zen. Tudjmanek, bere alderdiaren ekitaldi batean “serbiarrek diotena gora-behera NDH ez zen proiektu faxista bat izan, baizik eta mendeetan zehar kroaziar herriak bere askapenarengatiko izan duen nahiaren isla, garai horretan nazioarteko komunitateko potentziarik indartsuenak (Alemania naziak) aintzatetsi ostean gauzatu zena” bezalako esaldi bat bota zuen. Tudjmanen lehendakari-aldiak 1999ean hil arte iraun zuen, eta aro horretan errebisio prozesu zabal bat eman zen. Kaleen izenak aldatu ziren, partisanoen eta komunisten izen guztiak kenduz (eta NDHko Administrazioko parte ziren pertsonenak jarriz), ezagunena Zagrebeko enparantza nagusiari “Faxismoaren Biktimen Enparantza” (“Trg žrtava fašizma”) izena kendu eta “Kroaziar Handien Enparantza” (“Trg hrvatskih velikana”) izena jartzearena izan zen. Ustašen garaiko errehabilitazioa ematen hasi zen, eta laster agertzen hasi ziren alderdi politikoak, gobernuz kanpoko erakundeak, erakunde kulturalak eta abar garai hartako apologia eginaz. Aldi berean, partisanoen omenez egindako 3.000 monumentu suntsitu zituzten (post hau eskaini genion monumentuen suntsiketari). Hrvoje Klasićen arabera, “Jugoslavia Sozialistaren historia, serbiar dominazioaren historia izango balitz bezala aurkeztua izan da, kroaziartasunarekiko guztiz antagonista zen proiektu bat bezala; eta nahi ala ez, baldin eta kroaziarrek euren nortasunari uko egin ezean, talka nazionalera eta gudara eramango zuena. 90ko guda eta jugoslaviar armadaren gehiegikeriak Jugoslaviaren ondorio edo sinbolo bihurtu dituzte, beraz logika horretan, orain partisanoak, erresistente antifaxistak, erasotzaile antikroaziar bezala aurkezten dituzte”. Klasićen arabera, beste arrisku bat sei historialarik idatzitako “Komunismoaren Liburu Beltza” liburutik datorren eskola historiografikoak izan dezake errebisionismo honekin zerikusirik, bere ustez “komunismoaren eta faxismoaren arteko parekidetasun aizuna ezartzen duelako, azken honen esanahia erlatibizatuz”.

Egia da, 2000 urtetik aurrera nolabaiteko normalizazioa eman zela kroaziar agintarien artean. Horietako bat, “Faxismoaren Biktimen Enparantzari” bere antzinako izena berrematea izan zen. Aldi berean, NDHko agintariei eskainitako monumentu-eraikitze proiektu berriak gelditu egin ziren, eta hauei eskainitako kale askori izena aldatu zieten. Agintariak (baita ere HDZko belaunaldi berrikoak, Ivo Sanader lehen ministro ohia tarteko), 90 hamarkadan guztiz ahaztuak eta baztertuak izan ziren borrokalari antifaxista edota partisanoen oroimen egunetara berriz joaten hasi ziren, eta 2005ean Kroaziako Parlamentuak (Šabor) “Antifaxismoari buruzko Adierazpena” onartu zuen. Hala ere, ematen du kaleetan haize berri horiek ez dutela hainbesteko islarik. Kalean oraindik ikusten dira hainbat pintada “Ubi srbina!” (“Serbiarrak akatu!”) edota “Srbe na vrbe!” (“Serbiarrak –urkatu- sahatsetan!”) esaldiak aipatuz; kirol estadioetan zaleek maiztasunez abesten dituzten esaldiok. Kroaziako abeslaririk ospetsuenetakoa, Marko Perković “Thompson”, ezaguna da eskuin muturreko letrak dituzten abestiak edota slogan ustašak milaka eta milaka pertsona biltzen dituzten kontzertuetan abestearren.

Igor Mandić literatur-kritikoa da kroaziar gizartean ugaltzen diren eskuin muturreko ideiekiko kritiko zorrotzenetako bat. (Iturria: novosti.rs online eguinkaria)

Estatuak oraindik nahikoa egiten ez duela salatu dute batzuek. Jurica Pavičić filme-kritikariaren arabera “halako errebisionismoa 90an hegemonikoa zen (…) Orain ez da, baina oraindik indartsua da zenbati gunetan”. “Halako azpi-kultura antikomunista eskuindar zabal bat dago. Noski, deslegitimatzen ez bada, azkenean azaleratu egiten da. Ziurrenik, eurek pentsatuko dute ustezko gezur komunisten aurka borrokatzen ari direla”. Igor Mandić literatur kritikoaren arabera “ustaša joerak oraindik oso hedatuta daude kroaziar gizartean”. Mandićen arabera, azken hilabeteotan Vukovar hirian idazkera zirilikoa, serbiarrek erabiltzen dutena, ofizialtzearen kontrako protesta bortitzak dira joera horien hedapenaren adibideetako bat. Hrvoje Klasićen arabera “argi dago gaur egungo politikariak ez direla Tudjman bezalakoak” baina “abeslaririk ospetsuena Thompson den herrialde batean, parlamentuko presidente batek Jasenovac (NDH garaiko esterminio-esparrua) hain izugarria ez zela dioenean… historialari objektiboa izatea ez da hain erraza, errebisionismoa beti hor dagoelako”.

Zirkuluz markatuta Darko Čokor, kroazierazko Wikipediaren administratzaileetako bat eta eskuin muturreko ideien bultzatzailea. (Iturria: “Jutarnji List” kroaziar egunkaria)

Wikipedia kroaziarraren erabiltzaile eta administratzaile ohi askok (asko botatakoak, ziber-mobbing prozesua sufritutakoak), Wikipedia duintzeko ahaleginak alferrikakoak zirela konturaturik, salaketa publiko egitea erabaki dute. Facebooken Razotkrivanje sramotne hr.wikipedije (Kroaziar Wikipedia lotsagarria agerian utziz) izeneko taldea sortu dute, zeinek Wikipedia honen definizio, esaldi, irudi eta posizionamenduen bilduma egiten duen. Ekimen honen bultzatzaileen arabera, kroaziar Wikipedian administratzaile talde koordinatu batek “boterea” hartu du (ematen du euren buruetako bat Darko Čokor dela, Jutarnji List kroaziar egunkariak argitara eman duenez) eta kontrako iritziak dituzten iritziak edota erabiltzaileak blokeatu dituzte. Ekimen honen bultzatzaileen arabera, talde horren helburua muturreko ideologia nazionalista eta eskuindarra bultzatzea da (Tudjmanen logikan) eta honela, 1941-45 garaiko Kroaziar Estatu Independenteko erregimena eta mugimendu ustaša zuritzea, modu berean, partisanoen erresistentzia antifaxista edota Jugoslavia Sozialista eta honekin lotutako kroaziar historiako pasarte oro zikintzea; honela “kasurik onenean faxismoaren eta komunismoaren arteko parekotasun bat egiteko, eta txarrenean, ustaša mugimenduaren eta NDH erregimenaren apologia egiteko”. Ekimen hauetako kideek, kroazierazko Wikipedia “NDH Wikipedija” edota “Kroaziar Wikipedia Independentea” (Nezavisna Wikipedija Hrvatska) deitzen dute, Kroaziako Estatu Independentearekin (Nezavisna Država Hrvatska) paralelismoa argia marraztuz. Gauzak honela ez da arraroa ekimen honen leloa “Smrt fašizmu, slobodna Wikipedija!” (“Faxismoa akatu, Wikipedia aske!”) izatea, partisano antifaxisten “Smrt fašizmu, sloboda narodu!” (“Faxismoa akatu, herria askatu!”) leloaren parafrasia. Ekimen kritiko honen bultzatzaileak, Marko Gregović filosofoak, “arazo hau oso larria da, izan ere Wikipediak hainbesterainoko sona du ezen Googlen bilaketa bat egiterakoan, litekeena eskainitako lehen lotura WIikpediako artikulua izatea da” dio. Kroaziar Wikipedia eskuin muturreko ideologia zabaltzeko tresna boteretsua izan daitekeela dio Gregovićek, batez ere “kroaziar Wikipediaren inguruan informatu ez den jendearengan”. Gregovićen ustez arazoa kroaziar Wikipediako administratzaileen “intolerantzian” dago, benetako moderatzaile izan beharrean, proiektu politiko baten bozeramaile direlako. Gregovićek 2009an kokatzen du Wikipediaren “bahiketa” eta eskuinerako biraketa. “Niri, behin, partisanoen inguruko informazioa jartzen saiatu nintzela, “halako propaganda Titozalea jartzeko tokia serbokroazierazko Wikipedia da” esan zidaten. Pentsa!”. Gregovićen arabera, “maleruski, Kroazian, guda ideologikoaren baitan eskuin erradikalak posizio aunitz irabazi ditu” eta horren isla zatekeen Wikipedia.

Oharrak:

(1)    Nahiz eta elkarte honen printzipioen artean hizkuntzen batasuna defendatu, “kroazierazko Wikipedia” aipatzen dugu proiektu horri buruz ari garelako eta proiektu horrek hala aintzatesten duelako bere burua (serbierazko, bosnierazko eta serbokroazierazko Wikipediak ere badaude). Gu ez gara Wikipediaren hizkuntza-ildoaren erantzule, eta gure lana ez da hori zuzentzea.

Oxandabaratz

Leave a comment