Kroazia EBn – Zer aritu dira esaten? (topikoei buruz)

puzzlecroatia

Iturria: Europako Alderdi Popularraren webgunea

Azkenik sartu da Kroazia Europar Batasunean, Bruselan egoitza duen instituzioko kide den 28. Estatua bihurtuz. Politikariek eta eragineko pertsonek esaten duten arabera, Kroaziak “ametsa” bete du, “helburura” iritsi da. Ez da harritzekoa halako adierazpenak entzunda, izan ere, Kroazia post-jugoslaviarraren (eta baita ere Jugoslavia desegin baino urte batzuk aurretik) eliteek zabaldu izan duten ideologia, edo ideologiaren zati bat, “europartasunean” edo “mendebaldartasunean” oinarritzen zen, hau da, Kroazia nazio “europarra” edo “Europa mendebaldekoa” zela esatean. Behin eta berriro saiatu dira saltzen Kroazia “mendebaldeko munduari” lotuta zegoela eta ez zuela zerikusirik Jugoslaviako beste herri “ekialdarrekin” (hortik “zibilizatuak” vs “atzeratuak” dikotomia erabiltzera gutxi geratzen zen). Kontutan izan behar da kroaziarrak katolikoak zirela eta Austrohungariar Inperioaren menpe egon zirela, serbiarrak aldiz ortodoxoak eta Inperio Otomandarraren menpe egon ziren (eta errusiarrekin, erlijioa dela eta, halako anaitasun kultural bat dute).

80 hamarkada bukaeran eta 90 hamarkadan Kroazian (eta Eslovenian) oso arrunta egin zen “balkaniartasunaren” ukazioa, “komunismoaren” ukazioarekin bat. Azken hau ere “Ekialdearekin”, “eslaviarrekin” eta “Jugoslaviarekin” lotzen baitzen eta hirurak ukatu “behar” ziren “txiroen” identifikaziotik deslotzeko. Baina, hain herrialde lirain eta finek nola lortu zezaketen “txiro” identifikaziotik ihes egitea? “Europako Erdialdea” goratuz, honela Austriari eta oro har mundu alemaniarrari gorazarre eginez. Oso ezaguna egin zen kaleetan “Burek? Nein danke” esaten zuen pintada (“Burek? Ez, eskerrik asko -alemanez erantzunda-”; burek Jugoslavian eta Balkanetan oso ezaguna den jaki herrikoia da). Kroazia eta Eslovenia beti izan dira Alemaniaren antzineko anbizio geopolitikoaren parte bat eta gaur egun, asmo horiek bete egin dira bi herrialdeen estruktura ekonomikoa ikusita.

Hau da kroaziar askok eta bere eliteek partekatzen duten ideologia, baina modu batean ala bestean, Europako herrialdeek ere bere egin dute (azken finean, Serbia “pelikulako gaiztoa” bada eta hauen aurkako aritu diren guztiei lagundu bazaie 90. hamarkadako gudetan, zeozergatik da). Hala, ondo informatutako irakurlearentzat ez dira ustekabekoak izan José Manuel Durao Barrosoren adierazpenak. Barrosoren arabera, “azkenean Kroazia zegokion tokira itzuli izan da, Europaren bihotzera”. Europar Batasuna eta Europa gauza berdina ote direna galdetzear nengoen, baina hori galdutako bataila bat da, beraz galdetzekoa da ea Suitza, Norbegia edo Kroazia ondoko herrialdeak, Europar Batasunak onartzeko hainbeste presa edo gogo ez dituzten herri horiek, ea ez dauden gaur egun “Europako bihotzean”. Galdetzekoa da baita ere, ea Kroazia Jugoslavia sozialistaren garaian beste kontinenteren batean ba ote zegoen. Ironiak ironia, asuntuak badu testuinguru serio bat, izan ere adierazpen horiek Durao Barroso egiten ari dena “Europako bihotzean egotea dagozkienen” eta “ez dagozkienen” artean banaketa egitea da. Eta hori oso arriskutsua da, nahiz eta lehen begiradaz “Europaren bihotzera itzuli” esaldiak oso itxura goxoa duen.

Astelehenean, Kroazia Europan sartu eta biharamunean, Euskal Herriko zein Espainiako prentsa irakurri nuen berri honen gainean. Hasteko “El País” egunkari madrildarrean (baina Euskal Herrian oso irakurria), bi artikulu irakurri nituen. Lehen artikuluak (Lucia Abellanek idazten du) halako adierazpen ustez demokrata eta europarzaleen atzean dauden kontraesanez konturatzeko balio izan zidan. Izan ere, bertan agertzen dira kroaziarrekiko “germaniar” edota “europar” miretsiek dituzten zenbait aurriritzi. Kroazia “Errumania edo Bulgaria prestatu gabeen” antzeko zerbait izan zitekeela errepikatu eta errepikatu zebiltzaten. Errumania eta Bulgariaren kontrako destaina izugarria da artikulu osoan aipatzen dituzten politikarien ahora, tartean Doris Pack CDUko diputatuarengan edota Tanja Fajon esloveniar zentru-ezkerreko diputatuaren ahora (galdetu beharko da, ea Eslovenia oso prestatutako potentzia ekonomiko bat den, baina askotan ikusi dugu zorri hil biztua okerrena izaten).

Artikuluan ere aipatzen da “Kroaziak asko duela oraindik hobetzeko” (erreforma ekonomikoekiko -neoliberalismo gehiago?-, ustelkeriaren kontra, zein “demokrazia arloan”) eta horrek mesfidantza sortu duela EBko zenbait kideren artean, inon baino gehiago Alemanian, zein azkena izan den Kroazia EBn sartzeko baimena emateko (Alemania, Kroziaren aspaldiko laguna zena…). Oso bitxia da baita ere Friends of Europe Brusselako GKEaren iritzia “azken zabalkundeak, Estatu txikienak izan dira. EB Estatu txikiez osatutako klub bihurtzearen arriskuak” aipatzen ditu GKEak (Belgikak oso azalera handia izan beharko du). Iritzi hauek erakusten dute dirua tarteko dagoenean, “europar amets amankomunari” buruzko berriketak zein erraz ahazten diren, eta nola agertzen diren “lehen mailako” eta “bigarren mailakoak”. Kroaziarrak serbiarragoak baino “europarragoak” izango dira, baina “europarren” artean klaseak ere daude oraindik, ez da berdina germaniar bat eta balkaniar bat.

Artikulu honek Serbiari buruzko aipamen axolagabe eta itsusi bat egiten du: “Balkanetan min gehien sortu duen herria”, baina Serbiaz gehiago hitz egiten da bigarren artikulu honetan (Andrea Rizzik idazten du). Artikuluan Serbiako “gobernu nazionalistak” “inork espero ez zuena” egiten duela aipatzen du. Serbiar gaiztoak (“nazionalistek irabazi zutenean hotzikarak agertu ziren Balkanetan”) orain zein txintxo portatzen diren azaltzen du etengabe. Zergatik? EB sartzeko prozesua martxan ari delako eta “ondoko herriekin berradiskidetze prozesua hasi duelako”. Bi gauzak bera al dira? EB bakearen ikur? Tomislav Nikolić (Томислав Николић) lehendakari nazionalistaren “nazionalismoz hustutzea” goratzen dute. Hala ere, ez artikulu honetan, ez aurrekoan, ez da aipatzen abenduan Kroazian Ante Gotovina jeneral ohiari eta guda kriminalari abenduan egin zioten harrera apoteosikoaz (Gotovinaren aginduz, Kroaziako Gudan Kroazia serbiarrez garbitu zuten). Horrek ez du Kroaziarentzat EBn sartzeko oztopo suposatu (komenigarria da gogoratzea, Hagako Auzitegiak absoluzioa eman ziola. Ez da espero berdin gertatzea Mladić jeneral serbiarrarekin, baina badakigu Hagako Auzitegiaren erabakiak politikoki mediatizatuak daudela).

Euskal Herriko egunkari batean, “Deia” albistarian hain zuzen, Silvia Martinezek Davor Stier eurodiputatu kroaziarrari (argentinar jatorrikoa) egindako elkarrizketa dago. Stier HDZ (Kroaziar Batasun Demokratikoa) alderdi eskuinarrekoa dugu, eta Kroazia Europa Batasunean sartu baino pixka bat lehenago egindako hauteskundeetan izan zen hautatua (parte-hartzea %21ekoa izan zen). Stierren diskurtsoan HDZren ohiko ideologia behin baino gehiagotan agertzen da: “kroazia nazio europarra da”, “kroaziarrak Mendebaldeko herri bat gara” eta abar (“Erromako Inperioaren parte ginenetik Austrohungariar Inperioaren parte izan ginen garaietaraino”, ez da makala gero!). Baina niri arreta erakarri didana ez da izan Stierrek esandakoa, Martinezen galderak baizik. Galderak ez dakit zer helburu lortzera orientatuta zeuden, Serbiari hainbat makilkada emanez. Kroazia Jugoslavia sozialistaren garaian “Serbiaren zapalkuntzapean” egon zela esaten du kazetariak (kazetaritzaren kode bat hautsiz, noski). Baina barregarriena da, gehiegizko hurbiltasuna lortzeko edo “gainera Serbia baino lehenago sartuko zarete” esan-galdetzen duenean, hainbesterainokoa da “grina” ezen Stier berak entusiasmoa apaldu behar duen: “hau ez da lehiaketa bat (…) gure auzokoei eta Serbiari irekita egoten jarraituko dugu”. Azkenik Martinezek Kroazia ez dakit zer autodeterminazio prozesurako eredu bezala jartzen du. “Deia” egunkariarentzat, eredu bada Jugoslavia sozialista bat bezalako Estatu arrakastatsu eta nazioekiko errespetuz betea puskatzea pobrezian murgildutako Estatu zorpetu (eta ekonomikoki kolonizatuak) sortzeko; ez dakit bunker batean sartu edo zer egin behar dugun.

Eta azkenik, baina garrantziarik kendu gabe, Zoran Milanović Lehen ministro kroaziarra dugu (SDP Alderdi Sozialdemokratakoa). Milanovićek, Kroaziak “ondare kultural handia du EBri ekarpena egiteko” eta tartean aipatu ditu Nikola Tesla asmagilea eta gure Ivo Andrić idazlea. Baina arazotxo bat dago, pertsonai horiek serbiarrak ziren (hala zituzten euren buruak). Noski, adierazpenak Serbian hautsak harrotu ditu, ezen EB parte batetan kolonizatzaile eta irudi txarraren erantzule ikusten dute, orain EBren ekitaldi batetan euren ikur bi “kentzeko” moduan! Zentzu zabal batetan, Kroaziarekin loturaren bat badute, izan ere Tesla gaur egun Kroazia den (orduan Austriar Inperioa zen) lurretan jaio zen, serbiar jatorri etnikoko familia batetan. Andrićen familia etnikoki kroaziarra zen, baina bera jaio zen herria gaur egun Bosnia-Herzegovinan dago; beraz, irizpide ezberdinak erabiltzen dira. Serbiarrek irizpide koherente bat erabili dezakete; bataren zein bestearen auto-baieztapena: esan bezala biek euren buruak serbiar eta jugoslaviar bezala ikusten zituzten (hori gaur egun politikoki gaizki ikusia badago ere). Baliteke hein batean biak kroaziarrekin lotura izatea, baina EBn sartzeko ekitaldi horretan, Europako giro serbofoboa ezagututa, esklusiban “norberarentzat hartzea” eta bien serbiartasunaz ahaztea ez da keinu polita: talentudun serbiarrik ezin daitekeela izan esatearen parekoa.

Oxandabaratz

(Artikulu hau Parni Valjak lagunak emandako informazioarekin egin da. Eskerrik beroenak ematen dizkiogu)

Erdarazko bertsioa, laburpena: https://drinazubia.wordpress.com/2013/07/19/croacia-en-la-ue-que-han-dicho-sobre-topicos/

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s