Tesla Ordua, 123 irratsaioa: Montenegroren monografikoa

MontenegroKaixo Njegošen tribuko irakurleok!

Gaur, lehenik eta behin, arazo teknikoak direla medio, musikarik ezin izan dugu jarri, beraz barkamena eskatu beharrean gaude, musikarekin programa arinagoa baita.

Gaur programa osoa Montenegrori eskaini diogu. Montnegron egun Eliza Ortodoxoarekin dagoen gatazkak funts nazional bat duela uste dugu, eta horren erroak aurkitzeko historiara jo dugu: Montenegroren nortasunaren eta serbiartasunaren arteko harremana; Dukljako eta Zetako printzerriak, Erdi Aroan albaniarrekin izandako harremana, Montenegroko printzerriaren eta Eliza Ortodoxoaren arteko harremana, Petar Petrović-Njegoš eta literatura, 1918ko Serbiarekiko bateratzea eta honen inguruko polemikak, Bigarren Mundu Guda, Montenegroko Errepublika Sozialista, Jugoslaviaren desegitea, 1999ko bonbaketak eta abar aipatu ditugu. Ezin izan dugu XXI mendeko Montenegroz hitzik egin, luze joan zaigulako, izan ere oso gustora egon gara, eta espero dugu zuek ere gustora entzutea programa osoa!

(Euskal Herriaren eta Montenegroren arteko harremanari buruzko datu bitxi bat ere atera dugu: Matxin Mungiakoak 1539an Herceg Novi defendatu zuenekoa).

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 103 irratsaioa

Kaixo balkaniar kafezaleok!!

Gaurkoan hiru ardatz izan ditugu gure irratsaioan, baina lehenik eta behin, NATOren Serbiaren kontrako erasoaren bukaeraren 20. Urteurrena ospatzen zenaz hitz egin dugu. Bill Clinton eta Madeleine Albright izan dira Pristinan Hashim Thaci Kosovoko lehendakari eta orduko UÇKko komandantearekin, zeinak “Kosovo munduan dagoen herrialderik europarzaleena eta estatubatuarzaleena” dela esan du.

Kosovoko egungo krisiari dagokionez, berriz atzera egin dute negoziazioek. Alde batetik Thacik esan du Kosovo Albaniarekin batzeko erreferendum bate deitu duela, eta Vučićek “jada gehiegi itxaron dugu” esan du. Bestetik,  New Yorken NBEren Segurtasun Kontseiluaren aurreko bilkuran Ivica Dačić Serbiako kanpo ministroa eta Vlora Çitaku Kosovoko AEBren aurreko enbaxadore izan dira. Bien arteko elkarrizketak ez du fruitu onik izan. Kosovori buruz AEBko senatari Tim Burchettek esandakoak ere gogoraratu ditugu, serbiarrak “zabor-meta” deitu baititu.

Bigarren blokea, Balkanetako krisi politikoei buruzkoa izan da. Albanian, Gobernuan dagoen Alderdi Sozialistak Ilir Meta lehendakariaren aurkako zentsura-mozioa aurkeztuko duela iragarri du. Montenegron Milo Djukanovićek serbiar elizaren kontrako kanpaina hasi du, eta Montenegroko Parlamentuak, “Estatuko sinboloak erasotzea” zigortu du. Sinbolo hauen artean ereserkia dago, oso iragan iluna duena. Serbiari dagokionez, Miguel Fernandez Ibañez kazetariak GARAn atera dituen erreportai batzuk izan ditugu mintzagai.

Hirugarrena, errebisionismo historiakoari buruzkoa izan da. Hemen bi gai jorratu ditugu: alde batetik Zagrebeko enparantza nagusian Holokaustoaren biktimen omenezko monumentu handi baten proiektua. Bai oposizioak eta bai komunitate judutarrak monumentu hau salatu dute abstraktuan hitz egiten duelako eta Kroazian hildako judutarrak edo kroaziar kolaborazionisten papera aipatzen ez duelako. Bestetik, Bosnia-Herzegovinako ministro ohi batek, Reuf Bajrovićek, partisanoen borrokaren “bihotza, Kroazia eta Bosnia izan zirela; eta Serbiak ez zuela apenas paperik izan” esan baitu. Zulo asko zitu esaldi horren egiak, eta horri ere heldu egin diogu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 79 irratsaioa

97 irratia ikurraKaixo, Balkanetako bidezidorretako ibiltariok!!

Aste honetako irratsaio osoa elkarrizketa bati eskaini diogu. 97 Irratiko estudioetan, Adrian Fuentes izan dugu, bai irailean zein azaroan Balkanetan egon den bilbotarra. Fuentes batez ere politikak eraman du Balkanetara: Gure gonbidatua Eusko Alkartasunako eta Euskal Herria Bilduko militantea da, eta horrez gain, Gazte Abertzaleak erakundeko zuzendaritzaren parte, eta azken honen haritik, Europako Aliantza Askeko Gazteriaren exekutibako kide. Beraz, erakunde horien eta Balkanetako erakunde batzuen arteko loturak estutzea izan da gure gonbidatuaren xedea.

Fuentes irailean Kroazian eta Bosnian egon zen; kasu honetan Rijekan Lista za Rijeku (Rijekaren Aldeko Zerrenda) alderdi kroaziarrarekin bildu zen, baina bide batez, Split, Mostar, Sarajevo eta Jajce bisitatu zituen. Azaroan, ordea Novi Sadera joan zen, Europako Gazteriaren foroan parte hartzera (Europako Aliantza Askeko Gazteriaren ordezkari gisa), eta bide batez, Liga Socijaldemokrata Vojvodine (Vojvodinako Sozialdemokraten Liga) alderdi federalistarekin eta hauen gazteriarekin harremanak estutu zituen.

Elkarrizketa honetan, Fuentesen iruzkinek Balkanetako panorama politikoa ezagutzen lagundu digute. Baina horrez gain, Fuentesek bisitatu dituen hiriak, paisaiak eta abarrak ezagutarazi ditu, eta horrez gain, historiari ere errepaso bat eman diogu.

Entzun gure programa hemen: