Tesla Ordua, 84 irratsaioa

ortodoxiaKaixo, Balkanetako neguko ekaitzok!!

Kasu honetan berri “kultural” batekin hasi dugu irratsaioa. Balkanetan eragina izan arren, pixka bat urrutiratu gara. Bi jai ortodoxoen artean egonik (urtarrilaren 7an Eguberria eta urtarrilaren 14an Urte Berri Eguna), Ortodoxian izan den zismaz hitz egin dugu. Izan ere, Konstantinoplako Patriarkatu Ekumenikoak, Ukrainan eliza ortodoxo berri bat aintzatetsi du, Moskuko Patriarkatupeko Ukrainar Eliza Ortodoxoaren ordez (askok Poroxenkoren eskua ikusten dute bertan). Kokapen historikoa egin diogu auziari. Berez Balkanetako auzia ez da, baina Balkanekin zerikusia duenez, aipatu izan dugu.

Beste berri txikiago batzuk ere izan ditugu oraingoan. Tartean, Republika Srpskaren Egunaz, herrialde horren hiriburu Banja Lukan gertatzen ari diren protestez, Belgradeko protestez eta Ipar Mazedoniako izenaren prozesuaren azken txanpari buruz aritu gara.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 83 irratsaioa

greenbergKaixo, Adriatikoko olatutxook!

Urte berriarekin batera, urte zaharrean utzi genituen berri batzuk errepasatu ditugu, eta gerora, liburu baten kritika egin dugu.

Berri zaharren jarraipenaren artean, Montenegroko egoera (Nebojša Medojević oposizioko liderra aske utzi dute), Banja Lukako David Dragičevićen memoriaren aldeko protesten jarraipena (Davor Dragičević aita auziperatu egin dute, eta hau ihesean joan da), Kosovoren inguruko berriak (Albaniarekin muga irekitzea ofizial egin dute), PPko Alejandro Fernandezen Torra eta Esloveniar Bidearekin egin dituen konparazioak (Torra Karadžićekin erkatu du) eta Belgraden Vučićen kontrako protestak (oraingoan, euren konposizioa oso heterogeneoa dela atzeman dugu, eta baita eskaera konkretu bat plazaratu dutela: Nebojša Stefanović Barne-ministroa botatzea).

Albiste berrien artean, Albaniak apustu-etxeak debekatu izana, eta Aleksandar Vučićek “agian” 2019an hauteskunde parlamentarioak aurreratu nahi izana adieraztea izan dugu. Vučićek esan du hauteskunde horiek deituz gero, bera ez dela aurkeztuko, lehendakari izan ostean ez duela beste kargurik hartuko. Honek serbiar alderdien artean fitxak mugitzea ekarri du…

Bestetik, liburu baten kritika ere egin dugu gure programaren azken hogei minutuetan zehar. Hau Robert Greenbergen Language and Identities in the Balkans liburua da. Liburu honetan, serbokroazieraren eta osteko lau “hizkuntza” ofizialen inguruko politikak zerrendatzen eta aztertzen du egileak, eta baita ere, hizkuntzak identitate-eraketan izan duten papera (askotan Balkanetan gutxietsia izan dena). Liburuaren indarguneak eta ahulguneak aztertu ditugu.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 82 irratsaioa

Estudio berriaKaixo Balkanetako lagunok!

Gaurko programan, batez ere bi gaua izan ditugu eztabaidagai. Alde batetik, Kosovoren inguruan izan diren ika-mikak (zergak, armada sortzea, Pristina eta Belgraden arteko harremanak inoiz baino okerrago egotea), eta bestetik, Banja Lukan (Republika Srpska) David Dragičević ustez bere buruaz beste egindako, baina bere familiaren arabera eraildako 21 urteko gaztearen protestez aritu gara. Protesta horietara doan jendearen arabera, poliziak edo ez du nahikoa egiten heriotza argitzeko edo beste norbait ezkutatzen ari da, beraz Republika Srpskan boterean dagoen Aliantza Sozialdemokrataren kontrako kolore politikoa hartzen dute.

Aurretik, berri laburragoak kontatu izan ditugu. Horietako bat, Bosnian azkenean “herren ganberak” (Bosnia-Hercegovinako sistema bikameralean zeharka aukeratzen diren goi-ganberak) aukeratzeko lege berria onartu dutela, beraz laster parlamentuak osatu ahal izango direla dugu. Beste berrien artean, soldaduen kontrako zigorrak, Bulgariako feministen manifestazioak, Montenegrok apaiz ortodoxo batzuk bertatik bota nahi izatea, Zoran Zaev eta Alexis Tsipras –hurrenez hurren Ipar Mazedoniako eta Greziako lehen ministroak- Bakearen Nobel Saria jasotzeko proposatuak izatea eta Serbian Milan Nedić lehen ministro kolaborazionista ez errehabilitatzeko epaitegien erabakia aipatu ditugu.

Entzun gure programa hemen: