Amets indibidualak herrien amesgaizto direnean

Belgrado

Belgradon bizitza kalean egiten da eta bereziki gauetan. Argazkia: Asier Blas, 2015-08-31.

Ia urteroko ohitura bilakatu dut Balkanak bisitatzea. Dozena bat aldiz egon naiz bertan mota guztietako aitzakiak tarteko. Irailean lan kontuek eraman naute Mazedoniara. Aukera hori aprobetxatuta, aldez aurretik pare bat aste eman ditut lituaniar lankide batekin bidaiatzen eta Serbian lagunak bisitatzen. Hauetako bat desesperatu samarra somatu dut Mendebaldera bueltatzeagatik. Erasmus bezala egon da urte betez Europako parte aberats eta “garatuan”. Orain Serbian dago bueltan eta alderaketan jugoslaviar herrialdea galtzaile ateratzen da.

Balkanetako herrialdeek bizi duten krisi ekonomiko iraunkorrarekin alderaketak latzak dira. Zatituak eta konkistatuak izatearen ondorioak dira, gerren ondorioak dira. Azkenean bortizki pobretutako herriei ia nortasuna baino ez zaie geratu arima elikatzeko. Ikuskera unibertsalista eta ezkertiarra baduzu, etsigarria da oso ikustea gizarte kontserbakor hori nola elikatzen den bizilagunen arteko borroka txiki eta ezinikusi antzuengatik. Baina gaztea bazara, kezkagarriena langabezia-tasa altua eta soldata baxuak dira. Labirinto horretan irtenbidea bilatzea zaila da eta askotan era indibidualean egiten da, atzerrira joanez bizitzera.

Urteetan Europa ekialdeko herrialde gehienetan ardura nagusietako bat izan da bisarik gabe mendebaldera bidaiatzeko eta emigratzeko askatasuna izatea. Amets horrek gazte asko lotu ditu Europar Batasunaren aldeko defentsa pragmatikoan. Ideia hori elikatzeko estimulu asko jasotzen dituzte, orokortuena Erasmus bekaren goxokia da. Behin bizi-esperientzia horretatik pasatu ostean ezer ez da berdin. Gazte askok ahalik eta azkarren euren herrialdeak Europar Batasuneko kide bilakatzea nahi dute. Helburuaren atzetik ez da inoiz egon beraien herrialdeentzat onuragarria izango zenaren konbentzimendua, baina irtenbide pertsonal gisa ikusi dute. Honekin ez dut inor epaitu nahi, seguruenik ataka berean egongo banintz berdin egingo bainuke, nahiz eta jakin behar da hautu hau herrialde hauen kaltetan doala, bereziki txikien kaltetan.

Ekonomikoki eta politikoki kolonizatuak izatea ez du bakarrik esanahi zure merkatuak, enpresak, lurrak eta basoak atzerritarren eskuetan jartzea, gehiago da, herrialdeak hustu egiten dira eta beraien etorkizuna zalantzan jartzen da. Datuak argiak dira kasu gehienetan: bidaiatzeko bisaren beharra kendu bezain laster emigrazio olatu garrantzitsu bat hasten da, olatua handitu egiten da Europar Batasunean sartzerakoan eta Schengen esparruko kide bilakatzerakoan ihesa ia masiboa da gazteen artean. Hobekien ezagutzen dudan kasua Letoniakoa da, independentzia lortu zuenetik gutxi gora-behera populazioaren heren bat galdu du, lehenengo galera masiboa Europar Batasunean sartu bezain laster gertatu zen eta bigarrena Schengen esparruko kide bilakatu ostean. Egun 18-30 urte arteko gazteen %40a herrialdetik kanpo bizi da. Drama bat da nazio txiki batentzat, areago kontuan hartzen badugu datu ofizialek ez dutela egoeraren dimentsio osoa erakusten: gazte eta emigrante askok ez diote komunikatzen Letoniar estatuari herrialdea utzi dutela.

Skopje

Skopejeko ikuspegia. Eraikinik altuena Mazedoniako Irrati eta Telebista publikoaren eraikina da, parez pare unibertsitate publikoaren eraikinak. Argazkia: Asier Blas, 2015-9-6.

Drama horren antzeko zeozer bizitzen hasi da Mazedonia. Hori esplikatu zigun Zirilo eta Metodio Skopjeko unibertsitateko Nazioarteko kooperaziorako Errektoreordeak, Meri Cvetkovska-k. Unibertsitate hau herrialdeko handiena da, bere 23 fakultateetan eta 10 ikerketa instituetan 50.000 ikaslek baino gehiagok ikasten dute. Cvetkovskak bere bulegoan hartu gintuen. Errektoreordeak 60 urte baino gehiago ditu eta Ingeniaria  zibileko katedraduna da. Gurean ez da batere normala adin horretako emakume katedradun bat aurkitzea horrelako diziplina teknikoan, baina erraz uler daiteke kontutan hartzen badugu Jugoslaviako garaietan egin zuela bere karrera profesional eta akademikoa.

Unibertsitatea Jugoslavia sozialista berriak sortu zuen 1946ean. Cvetkovskak kontatu digu orduan Eslovenia, Kroazia eta Serbiatik etorri zirela irakasle asko auzolanean proiektua martxan jartzeko eta Mazedoniarrekin ezagutza konpartitzeko. Jugoslavia garaian unibertsitatean lan egitea plazerra omen zen: murrizketarik ez zeuden eta inbertsioak eta irakasleak behar baziren eskatzea baino ez zegoen. Egun aldiz, murrizketak eguneroko ogia dira, irakasleen lan karga oso handia da eta, ondorioz, ikerketarako denbora oporretan atera behar izaten dute. Halere, Jugoslaviak utzitako ondare gisa, Cvetkovskak aitortu digu oraindik ere unibertsitateak irakaskuntza kalitate handia duela, bereziki diziplina teknikoetan eta sismologian, 1963an Skopjeak lurrikara handi bat sufritu zuen eta ordutik, munduko sismologiako ikerketa zentro garrantzitsuenetako bat dago Mazedonian.

IMG_02092015_192352

Skopjeako alde zaharretik, gehiengo albaniarreko turkiar auzotik, alde kristauera gurutzatzeko bidea. Argazkia: Asier Blas, 2015-9-2.

Arazoa baina, etorkizunean ikusten du Cvetkovskak. Irakaskuntzaren merkantilizazioak, inbertsio faltak (Mazedonia herrialde txiki eta pobrea da) eta irakasleen lan baldintza kaskarrek etorkizun konplikatua irudikatzen dute. Guzti hauek eragina dute egun duten arazorik handienetako batean: “burmuinen ihesa”. Errektoreordeak argi eta garbi esan zigun Erasmusean doazen ikasleen portzentaje adierazgarri bat ez dela bueltatzen eta bueltatzen direnen artean, gehiengoa beranduago joan egiten da ikasketekin jarraitzera edota lanera. Kafe mazedoniarra (turkiarra) amaitzen ari nintzela bota zuen azkeneko sententzia: Erasmus programak abantaila indibidual asko ditu bertako ikasle eta irakasleentzat, baina egiaren mesedetan esan behar da Erasmus programak herrialde honen etorkizuna oztopatu egiten duela, “burmuinen ihesa” erraztu eta sustatu egiten du.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s