Umeak, arrazakeria eta Kosovo

Argia aldizkariaren 2392. zenbakian argitaratutako artikulua da honakoa:

Umeak, arrazakeria eta Kosovo

Seguruenik umeak dira, beste ezerk ez bezala, gure bihotzak gehien hunkitu ditzaketenak. Baina batzuetan horien erabilpen politiko-komunikatiboa egiten denean, nahiz eta xede onez egin, pentsamenduak duen alde biko jokoaren miseria guztiak azaleratzen ditu. Azkeneko asteetan bi kasu esanguratsu egon dira hedabideetan.

Tristeena Greziako ijito kanpamendu batean topatutako azal zuriko neskatila ilehoriaren harira gertatutakoa da. Hedabide askok alarma arrazista piztu zuten: ez da posible (sic) horrelako fenotipoa duen neskatila bat ijitoa izatea. Hori gutxi balitz, munduko biztanleei erakutsi digute azal zuriko ume ilehori batek gainontzeko umeak baino gehiago balio duela, izan ere, gurasoengandik separatua (edo bahitua?) bizitzea berria da zure azalaren kolorearen arabera. Noski, umea ijitoa bada hedabide gehienek ez diote kasurik egingo. Ironikoa da ikustea nola ijitoei “umeen lapur” fama eraiki zaien, eta bitartean, Europako Parlamentuan behin eta berriro salatu den bezala, errealitatea da ume ijitoak direla erlatiboki gehien “desagertzen” direnak beraien familietatik.

Irlandako erakundeei bost axola zenbat ume ijito diren bahituak edo desagertuak, hori bai, Greziako neskatilaren kasua hedabideetan barreiatu bezain laster Irlandako poliziak bi ijito familiei seme-alaba bana kendu zieten ile horia eta begi argiak izateagatik. Azkenean ADN frogek erakutsi zuten poliziak gurasoei ostu zizkiela seme-alabak. Beranduago ere jakin dugu Greziako neskatilaren gurasoak bi ijito bulgariar direla, baina kaltea dagoeneko eginda dago, gutxiengo etniko bat estigmatizatzeko harri koxkor bat gehiago jarri dute nazioarteko hedabide gehienek.

Bestelako kasua izan da Leonarda ijito kosovarrarena. Poliziak Frantziatik botatzeko atxilotu zuen eskolako eskurtsio batean zegoenean. Umea eta eskola binomioak bihotzak samurtzeko aukera bat ireki du ijitoen eskubideen alde lan egiten dutenen artean, baita Frantziako Gobernua politikoki astindu nahi dutenentzat ere. Euskal politikari abertzale batek twitterren salatu zuen Hollandek eginiko proposamena, Frantziako presidenteak esan zuen Leonarda bueltatu zitekeela baina ez bere familia, eta horretarako neskatilaren kosovar izaera azpimarratu zuen politikariak. Baina Leonarda eta bere familia ez dira izan kanporatuak kosovarrak izateagatik, ijitoak izateagatik baizik, hain zuzen ere Kosovotik ihes egin behar izan zuten arrazoi antzekoarengatik.

UÇK-ko gerrillariak eta muturreko nazionalista albaniarrak ijitoen aurkako mota guztietako jazarpenak egiten hasi ziren 1998an. Guda bukatu ostean, NATOko indar militarrak Kosovon zeudenean, ijitoen eta gainerako gutxiengo nazionalen aurkako lapurretak, mehatxuak, etxe-erreketak eta erailketak gertatu ziren. Jazarpenek jarraitu dute noizbehinka errefuxiatu uholdea elikatuz. Guda baino lehen, erromaniek 20.000 etxe zituzten, eta egun 5.000 baino gutxiago geratzen dira. Albaniar sektore batzuek erre eta suntsitu dituzten etxeen zerrenda amaigabea da, Leonardaren herrian, Kosovska Mitrovican 700 dira. Oro har, gerra aurreko Kosovon 100.000 eta 200.000 artean zehazten zen ijito kopurua, egun 40.000 inguru baino ez dira. Horregatik, ondo dago Frantziako Gobernua kritikatzea Balkanetako ijitoei ematen dien tratuarengatik, baina ez legoke batere gaizki salatzea non eta nola hasi zen Kosovoko eta Balkanetako erromanien jazarpena eta ihesa.

Asier Blas

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s