Tesla Ordua, 76 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako neguko elur-malutatxook!

Gaurkoan, politikari buruzko berri oso esanguratsu batekin hari dugu irratsaioa. Gurean oihartzunik izan ez badu ere, Balkanetan izan du, eta handia gainera: Nikola Gruevski Ipar Mazedoniako lehen ministroak, ustelkeria kasu bat dela eta bi urteko kartzela zigorra duenak, herrialdetik ihes egin eta Hungarian aterpe politikoa eskatu baitu. Gruevskiren arabera, bera eta bere VMRO alderdia, Gobernuaren eta justiziaren partetik abiatutako jazarpen kanpaina baten biktima dira, eta horregatik egin behar izan du ospa. Viktor Orbán Gruevskiren aliatu eta gertuko izan da (bai errefuxiatuen krisian, eta baita ere nazioarteko komunitatearekiko kritikan, gogoratu behar Gruevski boteretik kentzeko gakoa izan zirela 2016ko protesta batzuk “koloreetako iraultza” deritzen eskemetan betean sartzen direnak. Bai Gruevski eta bai Orbán EBrekiko eta GKE mendebalzaleekiko oso kritikoak izan ohi dira). Egungo Ipar Mazedoniako Zoran Zaev lehen ministroak Gruevskiren estradizioa eskatu du.

Defentsa-arloko berriekin jarraitu dugu gero. Alde batetik, Kosovoko Gobernuak Armada sortzeko pausuekin jarraitzen du, eta oraingoan NATOren oniritzia ere badu, Serbiako Gobernua berriz ere kontra jarri bada ere. Bestetik, Bosniako Armadan 10 milioi dolar galdu izan direla salatu izan dute. Honekin jarraitzeko, guda ezberdinetan guda-krimenak direla eta auziperatutako jeneral batzuen inguruko berriak ere eman ditugu.

Jarraitzeko kulturarekin jarraitu dugu. Montenegroko Gobernuak Hizkuntzaren Lege berri bat atera nahi du, “herrialderen hizkuntza eta kultura babesteko asmoz”. Lege horren arabera, montenegroera hizkuntza bereizi bat da. Honek, Montenegrok independentzia eskuratu zuenetik hartu duen politikarekin bat egiten du, hau da, montenegroera eta serbiera bereiztearekin, baina herritarren artean polemika handia piztu du, herritarren gehiengoaren arabera (eta aho batez, nazioarteko filologoen komunitatearen arabera) hizkuntza bera baitira.

Bukatzeko, Euskal Herriko berriekin bukatu dugu. Hasteko, aste honetan Euskal Herriko Pikara Magazine aldizkarian, Bosniako emakumeen historia idazteko proiektu bati buruzko berria agertu da, eta proiektu horri buruz aritu izan gara. Jarraitzeko, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Biktimen eta Giza Eskubideen Arreta-Bulegoaren buru Monika Hernandok gidatuta, Bosniara eta Serbiara bidaian dabil,hango errefuxiatuen zentruak ezagutzeko helburuarekin. Bukatzeko, aurreko irratsaioan aipatu genuen Slavenka Drakulić idazleari eta honen “Han ez banengo bezala” euskaratutako lanari erreferentzia egin diogu.

Entzun gure programa hemen:

Skopje, gainbegiratu bat

Realak Vardar Skopjeren kontra jokatu zuenaren aitzakiarekin, Mazedoniako Errepublikaren edo Mazedoniako Errepublika Jugoslaviar Ohiaren hiriburuari buruzko post bat egingo dugu, Euskal Herrian hiri hau pixka bat hobe ezagutua izan dadin. Guk berez posta partidaren aurretik egin nahi izan genuen, baina ondoren egitea baino beste erremediorik ez dugu izan.

Skopjeren historia laburra

Mazedonia jende askorentzat herrialde ezezaguna bada ere, agian historia garaikide modernoaren aldetik historiarik konplexuenetako bat du, batez ere identitate aldetik; berez zaila da Mazedoniaren historia laburra kontatzea. Hasteko, esango dugu, mazedoniar kontzientzia nazional modernoa nahiko berria dela; Robert Newman britainiar antropologoak 1935ean Mazedonia bisitatu zuenean, “familia batzuetan neba-arreba batzuk bulgariarrak eta beste batzuk serbiarrak ikusi izan ditut”. Egun Mazedoniaz esaten ohi da “izena Greziak jartzen dio auzitan, hizkuntza Bulgariak, Eliza Serbiak eta populazioa Albaniak”. Honek erakusten du herri honen nolabaiteko “anbiguitate” historikoa, eta gaur egun, euren nortasun berezia berresteko duen lehentasuna edo obsesioa (eta azalduko luke zergatik ikusten diren hainbeste estatua Skopjeko kaleetan). Continue reading