Tesla Ordua, 17 irratsaioa

Arratsaldeon Balkanok!!

                Gaurkoan urteko lehen programa aurkezten dizuegu. Pixkanaka, gorabeherekin baina, bagoaz asteroko formatora ohitzen. Gaurkoan, kirolekin hasi gara, eta bertan, Greziar Saskibaloi Federazioak urtero antolatzen duen Akropolis lagunarteko txapelketa izan dugu mintzagai. Izan ere, urte askoren buruan, duela zazpi urte bi taldeen artean sekulako istiluak gertatu ondoren, Greziak Serbia berriz gonbidatu du. Segituan futbolari ekin diogu eta Balkanetako Ligak geldituta daudenez gero, Liga-sistema berari buruz hitz egin dugu: jakin izan dugunez, Balkanetako federazio ezberdinen artean Liga bateratu bat sortzeko proiektua dute eta. Honen abantailei eta arriskuei buruz aritu gara.

                Beste alde batetik, berri arruntez hitz eginez, Errumaniako eta Mazedoniako hauteskunde-ostea eta Serbiak EBrako bidean daramatzan negoziazioak aipatu ditugu. Bestetik, Serbiak Errusia eta Mendebaldearen artean egiten dituen oreken beste adibide bat eman digu.

                Eta bukatzeko liburuak eta historia elkartu ditugu. Bi liburu izan ditugu mintzagai, Aldarull Bartzelonako argitaletxe anarkistak ateratakoak. Bata, “La Comuna de los Balcanes” liburua da 1903.ean Mazedonian eman zen Ilinden matxinadari buruzkoa. Bestea “Albania laboratorio de subversión”, Albanian 1997an eman zen matxinada bati buruz. Lehena Turkian Inperioaren aurkako matxinada nazionalista bat zen (mazedoniarra? Bulgariarra?), bigarrena ordea kapitalismoak herrialde sozialista ohi batera ekarri zuen ondorioen kontrako matxinada bat, albaniar gehienak kapitalismoaren ohiko tresna bat, aurrezki-funtsak erabili baitzituzten, halakoak Ponzi eskema iruzurti baten parte zirela konturatu gabe,e uren aurrezkiak galdu.

Programa entzuteko, egin klik lotura honetan:

                Hau dugu gaurkoz. Hurrengoan hobeto, seguru!!