Tesla Ordua, 83 irratsaioa

greenbergKaixo, Adriatikoko olatutxook!

Urte berriarekin batera, urte zaharrean utzi genituen berri batzuk errepasatu ditugu, eta gerora, liburu baten kritika egin dugu.

Berri zaharren jarraipenaren artean, Montenegroko egoera (Nebojša Medojević oposizioko liderra aske utzi dute), Banja Lukako David Dragičevićen memoriaren aldeko protesten jarraipena (Davor Dragičević aita auziperatu egin dute, eta hau ihesean joan da), Kosovoren inguruko berriak (Albaniarekin muga irekitzea ofizial egin dute), PPko Alejandro Fernandezen Torra eta Esloveniar Bidearekin egin dituen konparazioak (Torra Karadžićekin erkatu du) eta Belgraden Vučićen kontrako protestak (oraingoan, euren konposizioa oso heterogeneoa dela atzeman dugu, eta baita eskaera konkretu bat plazaratu dutela: Nebojša Stefanović Barne-ministroa botatzea).

Albiste berrien artean, Albaniak apustu-etxeak debekatu izana, eta Aleksandar Vučićek “agian” 2019an hauteskunde parlamentarioak aurreratu nahi izana adieraztea izan dugu. Vučićek esan du hauteskunde horiek deituz gero, bera ez dela aurkeztuko, lehendakari izan ostean ez duela beste kargurik hartuko. Honek serbiar alderdien artean fitxak mugitzea ekarri du…

Bestetik, liburu baten kritika ere egin dugu gure programaren azken hogei minutuetan zehar. Hau Robert Greenbergen Language and Identities in the Balkans liburua da. Liburu honetan, serbokroazieraren eta osteko lau “hizkuntza” ofizialen inguruko politikak zerrendatzen eta aztertzen du egileak, eta baita ere, hizkuntzak identitate-eraketan izan duten papera (askotan Balkanetan gutxietsia izan dena). Liburuaren indarguneak eta ahulguneak aztertu ditugu.

Entzun gure programa hemen:

Advertisements

Tesla Ordua, 81 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo, Balkanetako zeruetako hodeitxok!

Asteko honetako programa ere oparo etorri zaigu berrietan. Hasteko, Europako (emakumezkoen) Eskubaloi Txapelketa aztertu dugu. Errumania izan da gure taldeen artean gehien iraun duena: finalerdietara iritsi da, baina Neagu kapitainaren lesioa latz nabari izan du, eta ezin izan du dominarik lortu,laugarren postuan geratuz. Bestetik, Hungarian Orbánen Gobernuak atera duen aparteko orduei buruzko “esklabotza legearen” kontrako mobilizazioei buruz aritu izan gara, eta lehen atal hau bukatzeko, berri pozgarri bat kontatu dugu: Podgorican Josip Broz Titoren estatua bat inauguratu dute.

Bukatzeko, aste honetan zabalen kontatu ditugun berriekin joan gara. Alde batetik Kosovoko Parlamentuak Kosovoko Armada sortzeko egin duen erabakiaren analisia egin dugu, baita ere honek serbokosovarren artean, Serbian eta nazioartean sortu duen erreakzioez: desadostasuna sortu du “Nazioarteko komunitatean”. Bestetik, “esloveniar bidea” dela eta, politikariek adierazpenak egiten dituzte, askotan ezjakintasunetik. Kasu honetan Carles Puigdemont eta Pedro Sanchez izan dira. Berriz honi buruz mintzatu gara.

Entzun gure programa hemen:

Tesla Ordua, 80 irratsaioa

tesla-ordua ikurraKaixo Balkanen bitxikerien zaleok!

Aste honetan, gure prentsa Esloveniaz blai agertu zaigu, Quim Torra Kataluniako lehendakariak 1991ko “esloveniar bidea” delakoaren inguruan eginiko adierazpenen kontura. Hala ere, gai horri tarte zabala eman diogun arren, bukaerarako utzi dugu, lehenago beste gai batzuk jorratu ditugularik.

Kirolekin hasi gara. Hasteko, Frantzian jokatzen ari den Europako (emakumezkoen) Eskubaloi Txapelketarekin hasi gara, non sei talde balkaniarrek parte hartzen duten. Horietako batzuk finalerdietara sailkatzeko aukera dute. Bestetik, Kroaziak (gizonezkoen) Teniseko Davis Kopa irabazi izanaz ere mintzatu gara, eta baita ere Luka Modrićek (gizonekoen) Futboleko Urrezko Baloia ere irabazi izanaz. Hilabete ona izan zen azaroa kroaziar kirolarentzat.

Hurrengo gaia politikarekin eman dugu. Bertan, Kosovoko Armada eratzearen inugruan eta zergen igoeraren inguruan dauden polemikez aritu gara. Brnabić Serbiako lehen ministroaren eta Petrit Selimi Kosovoko diplomazialariaren adierazpenak ere ekarri ditugu, nazioartean oihartzuna izan baitute. Bestetik, Montenegron oposizioko lider Nebojša Medojević atxilotu izanaz ere aritu gara.

Hurrengo gaia kultura izan da. Gai honetan, euskal idazle zein itzultzaile batzuek (Amaia Apalauza, Elizabete Manterola eta Juan Kurz Igerabidek), Barbara Pregelj eta Peter Svetina esloveniarrekin Durangoko Azokan egin zuten mahai-inguruaz aritu gara. Slavenka Drakulićek bere liburua euskaratu dutela baliatuz Donostian duela aste bi eman zuen hitzaldi batez aritu gara.

Eta azken hogei minutuak Quim Torraren “esloveniar bidearekiko” miresmen hitzez eta hauek erreakzioez aritu gara. Torrak Eslovenia Kataluniaren eredu bezala jarri du “independentzia, batasun nazionala eta bakezaletasuna” aldarrikatuz. Honek gure politikari zein kazetarien artean erreakzio kopuru handia piztu du, alde ala kontra. Halakoetan ezjakintasuna nagusitzen denez, guk hemen informazioa eta kontestua jarri nahi izan ditugu.

Entzun gure programa hemen: