Skopje, gainbegiratu bat

Realak Vardar Skopjeren kontra jokatu zuenaren aitzakiarekin, Mazedoniako Errepublikaren edo Mazedoniako Errepublika Jugoslaviar Ohiaren hiriburuari buruzko post bat egingo dugu, Euskal Herrian hiri hau pixka bat hobe ezagutua izan dadin. Guk berez posta partidaren aurretik egin nahi izan genuen, baina ondoren egitea baino beste erremediorik ez dugu izan.

Skopjeren historia laburra

Mazedonia jende askorentzat herrialde ezezaguna bada ere, agian historia garaikide modernoaren aldetik historiarik konplexuenetako bat du, batez ere identitate aldetik; berez zaila da Mazedoniaren historia laburra kontatzea. Hasteko, esango dugu, mazedoniar kontzientzia nazional modernoa nahiko berria dela; Robert Newman britainiar antropologoak 1935ean Mazedonia bisitatu zuenean, “familia batzuetan neba-arreba batzuk bulgariarrak eta beste batzuk serbiarrak ikusi izan ditut”. Egun Mazedoniaz esaten ohi da “izena Greziak jartzen dio auzitan, hizkuntza Bulgariak, Eliza Serbiak eta populazioa Albaniak”. Honek erakusten du herri honen nolabaiteko “anbiguitate” historikoa, eta gaur egun, euren nortasun berezia berresteko duen lehentasuna edo obsesioa (eta azalduko luke zergatik ikusten diren hainbeste estatua Skopjeko kaleetan).

Hainbat izen izan ditu hiri honek bere historian zehar; azkenak soilik aipatzearren, Üsküb izan zen turkiarren garaian, 1912an Serbia bilakatu zenean eta Jugoslavia monarkikoaren garaian (1912-1941) Skoplje (Скопље), Jugoslavia Sozialistaren hasierako urteetan (1945-1948), oraindik bulgariera eta mazedoniera hizkuntza bera zirela uste zenean, Skopie (Скопие) eta orain, 1948tik aurrera, Skopje (Скопје). Albaniar gutxiengoarentzat (Skopjeren %25-30 bat estatistiken arabera) Shkupi da hiriaren izena. Hiria, demografo erromatarrek, Scupi bezala markatu zuten, ezezaguna da esanahia, baina antza denez iliriar jatorriko hitz bat da. Kontuan izan behar da baita ere, gutxiengo ijito garrantzitsu bat duela Skopjek, populazioaren %6 direlarik. Skopjeko “udalerri” bat, Suto Orizari, agian mundu osoan rroma hizkuntza ofiziala duen udalerri bakara da.

macedonia_region_map_wikipedia

Mazedoniako Errepublika (Vardar Mazedonia) eta Mazedonia Osoa (honen mugak puntutxoen marraz. Pirin Mazedonia Bulgarian dago, eta Egeoko Mazedonia Grezian. (Iturria. Wikipedia)

Lehenik eta behin, bi gauza bereizi behar dira: “Mazedoniako Errepublika (Jugoslaviar Ohia)” eta Mazedonia espazio geografiko bezala. Azken hau, osorik 1912 arte Inperio otomandarraren esku egon zen. Mazedoniako Errepublikak edo Vardar Mazedoniak parte bat osatzen du eta bere izena “Vardar” deitutako haranetik dator. Beste biak “Egeoko Mazedonia” (Grezia) eta “Pirin Mazedonia” (Bulgaria) dira. Honek nahasketa handitu egiten du.

SAmuil

Samuil tsarra Skopjen. Mazedoniarra? Bulgariarra? (Iturria: Blog de banderas)

Egun, mazedoniarrek euren historia Mazedoniako Erresuma helenikoan oinarritzen dute, hala ere zaila da pentsatzea egungo herri eslaviarrak mazedoniar horiekin zerikusia izan zuenik (kontuan izan behar dugu Filipo IIaren hiriburua egun Grezia den Mazedonian zegoela, ez Vardar Mazedonian). Egungo eslaviarrak, Goi Erdi Aroan iritsi ziren Skopjera eta Vardar Mazedoniara. Baina laster beste tribu turkiko bat iritsi zen bertara: bulgariarrak. Bulgariar tribu hau Itsaso Beltzaren mendebaldeko eslaviar herria gobernatzera iritsi zen, aldi berean eslaviar hauekin asimilatuz (Erdi Aroan normandoen eta daniarrek Ingalaterran egin bezala). Bulgariarrak VII mende bukaeran iritsi ziren Balkanetara  aldera, eta IX-X mendeetan Mazedoniara zabaldu ziren. Garai horietan, bi monje greziarrek, Zirilok eta Metodiok, txekiar alfabeto glagolitikoan oinarrituz, Bulgarian eta Mazedonian eslaviarrak kristautzeko erabiltzen hasi zen alfabeto berri bat asmatu zuten: alfabeto zirilikoa. Bulgariarren urrezko aroa Samuil Tsarrarekin heldu zen, honen hiriburua, lehenik Skopjen eta gero egun Mazedoniako hego-mendebaldean dagoen Ohrid hirian jarri zuelarik. Samuil tsarraren inguruan bulgariarren eta mazedoniarren artean polemika handia dago, lehenek “bulgariar agintaririk garrantzitsuentzat”  jotzen baitute, bigarrenen ustez “errege mazedoniarra” zen. (Ohrideko gotorlekuan dagoen azalpen-plakan, Samuilen “bulgariartasunari” eginiko erreferentzia zizelaren bidez ezabatua dago). XI eta XIV mende artean, bulgariarren eta bizantziarren arteko borroka-garaiak zian ziren mazedonian (gurutzadetako tropa “frantziarrak” ere pasa ziren Skopjetik).

Skopje agian XIV urtean hasi zen handitzen. Orduan, Estatu garrantzitsu baten hiriburua izan zen: Serbiar Inperioarena, Stefan Dušan Nemanjićen agintaritzapean (horregatik dago tsar honen estatua Skopjen). Dušan, historiagile batzuen arabera XIV mendeko gobernanterik boteretsuena izan zen, eta Serbiako lehen “konstituzioa” idatzi zituen. Dušan, 1341tik “Serbiako errege” zena, 1346an Skopjen enperadore koroatu zen “Serbiarren eta Erromatarren –hots, greziarren- Enperadore” izendatuz (geroago “Serbiarren, Greziarren, Bulgariarren eta Albaniarren Enperadore” izendatu zuen bere burua). Dušanen garaian Skopjek loraldi garai bat bizi zuen. Hala ere, Dušanen heriotzaren ostean, Serbiar inperioa galduz joan zen, turkiarren bulkadari ezin eutsiz. Beste serbiar buruzagi garrantzitsu bat (gerora mazedonia heroi bezala ere abestua izan dena) Marko Mrnjavčević Kraljević izan zen nagusi egun Mazedonia diren lurretan, baina ezin izan zion turkiarren aurrerapenari eutsi eta 1377an Otomandarren basailu bihurtu zen. 1389an Mazedoniatik Kosovora aurrera egin zuten turkiarrek, serbiar armada garaituz, eta Balkanetan euren kontrola sendotuz. 1392 urtean, Kosovoko bataila famatua pasa eta hiru urera, turkiarrek bere egin zuten Skopje Vuk Branković printze serbiarrak garaituz.

dea4f252-f87b-490c-8c23-cdb0417ab1d1

Skopje 1594an. (Iturria: geocaching.com)

Bost mende luze iraun  zuen Skopjen eta Balkanetan turkiarren aginteak. Garai horietan, Skopje Turkiar Inperioaren bidegurutzean zelarik azkar hazi zen, behintzat XVII mendea arte. Gainera, garai horietan, musulmanez gain, Espainiatik botatako judutarrak (Turkiar Inperioak hartutakoak) etorri ziren Balkanetara bizitzera, baita ere Skopjera. Agian Skopjeren multikulturaltasuna garai honetan hasten da. XVII mende bukaeran, izurriteak eta guda austro-turkiarrak zirela eta Skopjeren beheraldia hasi zen, eta XIX menderako jada ez zen ezta “Vardar Mazedoniako” hiririk handiena. Skopje XIX mendean hasi zen berriz hazten, Thessalonikarako trenbidea egin zenean.

220px-bulgarian_folk_songs_miladinov1

Dimitar Miladinov eta Konstantin Miladinov anaien “Mazedoniako bulgariar herri-kantak” liburuaren jatorrizko azala. (Iturira: Wikipedia).

XIX mendea nazionalismoen goraldiaren mendea dugu. Hala ere, nazionalismoa eta Mazedonia elkarrekin aipatzerakoan kontu handiz ibili behar gara, izan ere, historia ez baita oso lineala, ez behintzat egungo protagonistek nahiko luketen adina lineala. Hasteko ez zegoen lehenik Mazedoniako kontzientzia nazional bakarra, lehen azaldu dugun moduan (eta hori da agian gaur egun Mazedoniako Errepublikak bere nortasuna berresteko duen gogo hainbestekoaren arrazoia). Beraz, alderdi ezberdinak Turkiatik aske izango zen Mazedoniagatik borrokan hasi ziren (borroka armatuan), baina baita ere elkarren kontra.- bulgariarrek, serbiarrek eta greziarrek Mazedonia euren Estatuetan sartzeko ahaleginak (armatuak, politikoak eta kulturalak) egiten zituzten. Bai bulgariarrek zein serbiarrek, mazedoniar gehienek hizkuntza eslaviarrez hitz egiten zutenez “euren hizkuntzan” hitz egiten zutela uste zuten, beraz, euren nazioakoak zirela. Greziak ordea, “greziarrak” zirela uste zuten, Eliza “greziarrekoak” (ortodoxokoak) baitziren (eta garai haietan, Turkiar Inperioaren peko “pertsona heziketadun” askok bere burua “greziar” bezala zuen, grezieraduna izan ala ez). Eliza nazionalismoaren eramale bezala ere agertu zen, Bulgariar eta Serbiar Eliza Ortodoxo propioak sortu zirenean Konstantinoplako Elizak (grezieraduna zenak) kritikatu egin zuen “kristautasunaren” apurtzea zela eta. Kasu askotan, zonalde batetako kristauek erabaki behar ziaten zuten apaiza Konstantinoplako metropolitarrak, Serbiako patriarkak edo Bulgariako exarkak bidali behar ote zuen, hori izaten baitzen, hizkuntza baino gehiago, nazionalitatea marka zezakeena. Oso korapilatsua izan zen mazedoniarren nazionalizazio proiektu hau. Bi adibide jarriko ditugu: XIX mende erdialdean Miladinov anaiek Mazedoniako herriaren kantak bildu zituzten, kanta eslaviarrak, dudarik gabe abertzaletasuna pizten klabea izan zirenak; halere, liburua hau Mazedoniako herri-kanta bulgariarrak izendatu zuten (egungo interpretazio batzuen arabera, orduan “bulgariar” hitzak “baserritar” esan nahi zuen, ez zen nazio bat izendatzeko, beraz ezin daiteke esan miladinovtarrak bulgariarrak zirenik). Liburu horren kopia bat Mazedoniako museo batean, Mazedoniako Independentziaren Borrokaren Museoan, dago, non “bulgariarrak” hitza ezabatu egin duten.

1878an, gertaera garrantzitsu bat gertatu zen: Guda Errusiar-Turkiarraren ostean sinatutako Stefano Deunaren Itunak, Mazedonia Bulgaria Handi baten barruan sartzen zuen. Hasiera batean onartua izan bazen ere, mendebaldeko potentziek “Errusiaren alaitu bati” Balkanetan hainbeste lur ematea ez zuten garbi ikusten, eta momentuz. “behin-behinean” Mazedonia berriz Turkiaren, “Europako gaixoaren” esku utzi zuten. Beste alde batetik, 1893an sortu zen geroago (hainbat izenen ostean) VMRO (mazedonia Barneko Erakunde Iraultzailea) bezala ezagutua izan zen erakunde abertzalea. VMROk Mazedonian Turkiaren (eta gero Geziaren eta Serbiaren) aurka kontzientzia nazionala piztu zuen, baina oraindik bulgariar eta mazedoniar historiagileen artean borrokak daude eta “Bulgaria Handia” edo “Mazedoniaren independentzia” defendatzen ote zituen: badirudi VMROko zuzendari eta militante gehienek bulgariartzat zutela euren burua, baina unean-unean (batzuen ustez taktikaz eta besteen ustez konbentzimendu ideologikoz) “Mazedoniaren autonomia” ere eskatzen zuten. Egungo Mazedoniako estatua asko (eta Bulgariako asko ere bai) VMROrekin zerikusia zuten pertsonei eta gertaerei dedikatuak daude, batzuetan badirudi estatuak historiografi-eztabaida nazionalisten jarraipena direla (beste eztabaida-puntu bat da ea VMROK zein mailako kontaktu edo koordinazioa izan zuen Turkiaren peko beste eskualdeetako –Traziako- matxinoekin).

photo_verybig_152915

Ilinden matxinadan parte hartu zuten gerrillari batzuk. (Iturria: Wikipedia)

Mazedoniar historian mugarri bat izan zen 1903ko Ilinden (Elias Deuna Eguneko) Matxinada, egun mazedoniar Estatuak bere historiaren mugarritzat du. 1903ko ekainean, mazedonian, Gotse Deltxev, Hristo Tatartxev eta VMROko beste lider batzuen pe, mazedoniar eslaviarrak altxatu egin ziren Otomandar Inperioaren kontra. Hilabete eta piku iraun zuen borrokak, eta are matxinoek Kruševoko Errepublika (Balkanetako lehen errepublika) Nikola Karev sozialistaren pean. Hala ere, ez dago garbi matxinada hau “Mazedoniarra” (beste nazioekiko ezberdina den nazio mazedoniar baten izenean egindakoa, esan bedi) edo “bulgariarra” zenik, izan ere, hilabete geroago Preobrazhenie (Transfigurazio Eguneko) matxinada piztu zen egun Bulgariar Trazia den eskualdean, eta badirudi bi matxinadak konektatua egon zirenik. Gaur egun ere, eztabaida dago zein mailarainoko kontaktua zuen VMROk Turkiaren peko beste bulgariar eskualdeetako –Trazia- matxinoekin, horrek VMROren “mazedoniar propiotasuna” edo “bulgariar osotasuna” baiezta edo ezezta omen dezakeelako.

aa11284b-0a5f-4407-ba49-3e83d6bee71d

1912: tren-geltokian serbiar soldaduak turkierazko Üsküb izena jartzen duen seinalea serbierazko Skoplje jartzen duen seinaleaz ordezten. (Iturria: geocaching.org)

1912an Balkanetako Ligak (Serbiak,. Montenegrok, Greziak eta Bulgariak) bat egin zuten Turkiar Inperioaren kontra, honek Balkanetan zituen lurrak askatzeko. Lehen Guda Balkaniarra izan zen hala, Horrela, Mazedoniaren (eta baita Traziaren) zatiketa gertatu zen, Turkiar Inperioak Europan zituen azkenengo lurrak (Istanbul eta Edirne/Adrianopolis izan ezik beste denak: Trazia, mazedonia, Kosovo-Metohija, Albania eta Sandzak) galdu zituelarik: Pirin Mazedonia Bulgariarentzat, Egeoko Mazedonia Greziarentzat eta Vardar Mazedonia Serbiarentzat. Skopje Serbiaren esku geratu zen. 1913 ordea, Bulgariak, bere irabaziak txikiak zirela eta gerra hasi zuen bere bazkideen kontra (Balkanetako Bigarren Guda), garaitua izan zelarik. Guda hauetako emaitzak azaltzen du zergatik Lehen Mundu Gudan Bulgariak bere etsai zahar Turkiarekin eta Alemaniarekin batera borrokatu zuen gainontzeko Estatu balkaniarren kontra (eta Errusiaren kontra, Errusiaren interesa baitzen Balkaniar Liga osorik mantentzea).

393px-misirkov_statue_on_pella_square

Krste Misirkov mazedoniar idazle eta etnografoa VMROtik gertu zebilen. Mazedonier aldaeretan oinarritutako hizkuntz-estandar bat proposatu zuen, hori dela eta askok “mazedonieraren sortzaile” bezala zuten. halere, bere biziaren tarte handeinean “Bulgariar” deitzen zion bere buruari. Finean XX mende hasierako mazedoniar eslaviarren nazionaltzearen anbiguetatearen eta konplikazioen adibiderik garbiena dugu. (Iturria: Wikipedia).

Lehen Mundu Gudan, une txiki batez, Bulgariak Skopje okupatze lortu zuen, baina hau bukatuta, guda galdu zuenez gero Serbiaren, eta 1918an sortu berri zen Jugoslaviaren eskuetara pasa zen. Honek VMROren guda-politika berraktibatu zuen, kasu honetan Bulgaria independenteak aktiboki babestua, eta Turkiaren kontra izan ordez Serbiaren eta Greziaren aurka (abertzale bulgariarren arabera, bi nazio horiek mazedoniar eslaviarrak serbiartu edo helenizatu egiten zituzten). Garai horietan gainera VMROren eskuin-eskuineko garaia hasi zen, bai Bulgariako diktadurari lotuta (VMROk 1923an Aleksandar Stamboliski bulgariar lehen ministro aurrerakoiaren aurkako kolpea sustatu zuen), eta bai Europako beste mugimendu ultraeskuindarrei lotuta (Italian eta Hungarian entrenamendu-eremuak zituzten). 1934an, VMROko kide batek, kroaziar faxistekin egindako operazio konbinatu batean Aleksandar Karadjordjević jugoslaviar erregea hil zuen Marsellan. Garai hau VMROren goi-aktibitateko garaia izan zen: 1928ean, Mara Buneva VMROko kideak Velimir Prelić Skopjeko serbiar gobernadorea hil zuen (Mara Bunevaren inguruan polemika handia sortzen da: bera Bulgaria Handiaren zalantzarik gabeko aldekoa izanik, Mazedoniako gutxiengo bulgaristak urtean omentzen du, eta mazedoniar nazionalistek bere omenezko plakak puskatu egiten dute “traidoretzat” dutelako. Gauza bera gertatzen da garai horretako VMROren lider izan zen Ivan Mihailovekin). Garai honetan baita VMROk zatiketa prokomunista bat izan zuen “Mazedonia sozialista, Balkan sozialisten barnean” sartzea eskatzen zuena. Bi VMROen arteko atentatuen guda ere garai honetakoa da: ezker-eskuin ardatza mazedonismoa-bulgarismoa ardatzarekin nahasten zelarik. (Bulgaristen ustez “Mazedonismoa” serbiarren amarrua zen “mazedonia Bulgariatik urruntzeko”). VMROk Mazedoniako komunistak ere jomugan ezarri zituen, mugimendu hau, gainontzeko lurretan moduan indartsua zen: 1920ko Udal hauteskundeetan Skopjeko alkatetza lortu zuen Alderdi Komunistak (gutxi barru, Jugoslaviako Gobernuak Alderdi Komunista legez kanpo utzi zuen).def99984cf8a28113e60404985dd0d6e_400x400

Egun, bai mazedoniar nazionalistek zein bulgariar nazionalistek VMROren ondarea aldarrikatzen dute, eta badaude alde batean zein bestean izen hori daramaten alderdiak. Goian VMRO-Mazedoniar Batasun Nazionalaren Alderdi Demokratikoaren ikurra (Mazedoniako bi alderdi handienetako bat). Behean, VMRO-Bulgariar Mugimendu nazionalaren kartel bat (Bulgariako laugarren edo bosgarren alderdia dena) (Iturriak: Twitter (goiko irudia) eta Wikipedia (beheko irudia))

1941ean, Jugoslavia Bigarren Mundu Gudan ardatzak okupatua izan zen, eta Mazedonia Ardatzeko bi Estaturen, Albaniaren eta Bulgariaren artean zatitua, Bulgariak zatirik gehiena hartu zuelarik. Hasiera batean, bulgariar okupazioa populazioaren sektore batek ondo hartu zuen, baina gerora alienatu egin zen, ardatzaren basakeriak ikusita. Hauen kontra mugimendu partisanoa osatu zen, komunistek hezurmamiturik. Hala ere, partisanoen mugimenduarentzat, faxismoari aurre egiteaz gain, arazo identitarioa gainditzea zegoen. Gudan bulgariar okupazioak ekarri zuen “bulgariartasunarekiko” alienazioa kontuan harturik, mazedoniar partisanoek mazedonismoa babestea erabaki zuten, lider komunista batzuen disgusturako. 1944ko abuztuaren 2an Maze4doniako Nazio Askapenerako Asanblada Antifaxista sortu zen, Mazedoniako lur askeen Gobernu-organo partisano gisa. Ez da kasualitatea abuztuaren 2an sortu ziana, hain zuzen Ilinden matxinadaren urteurrenean. Partisanoek, moduren batean VMROren historia zaharraren interpretazio mazedonista egin zuten (Mazedonia Sozialistaren ereserkiak VMROren buru historiko batzuk aipatzen ditu).

Askapenak Mazedoniaren (Jugoslavia Sozialistaren barneko errepublika federatu gisa) eta Bulgariaren artean nolabaiteko desizoztea ekarriko zuela ematen zuen (Bulgaria Sozialistak hasiera batean mazedoniar identitate propioa onartu zuen eta are Gotse Deltxeven gorpua Skopjera eramatea onartu zuen), baina 1948an Titoren eta Stalinen arteko gatazkak Jugoslavia Bloke Sozialistatik (eta barnean zuen Bulgariatik) urruntzea ekarri zuen. Honek bi aldeen berrespen identitarioa ekarri zuen: Bulgariak Bulgaria Handiari eta mazedoniarren bulgariartasunari eutsi zion berriz, Mazedonian ordea “hizkuntza mazedoniarra” kodifikatu zuten, mazedonieraren txokokeri guztiak, bulgarierarengandik urruntzeko, hizkuntza estandarrean saretuz. Aldi berean, Jugoslaviaren politika honek “Mazedoniar nazioa indartzearen” politikak, Mazedoniako serbiarrak asimilatzea eta “mazedoniartzea” ekarri zuen. Egun badago mazedonian nolabaiteko jugonostalgia bat, askok Tito euren nazioaren “eraikitzaileetako” bat bezala ikusten baitute. Bi aldeetan, hurbilketaren aldeko koadroak Alderdiaren zuzendaritza postuetatik purgatuak izan ziren (Panko Braxnarov eta Pavel Xatev Mazedonian, adibidez).

Mazedonia Sozialistako bururik ezagunena Lazar Koliševski izan zen: 1945 eta 1953an Mazedoniako lehen ministro, 1953 eta 1962 artean Mazedoniako legebiltzarreko lehendakari eta 1945 eta 1962 artean Mazedoniako Alderdi Komunistaren buru izan zena (1980an Tito hil ostean Jugoslaviako lehendakari ere izan zen). Koliševskiren pe, Mazedoniak bere industri iraultza izan zuen eta Skopje Jugoslaviako hiririk modernoetako bat bihurtu zuen (Jugoslavia Sozialista baino aurretik, Mazedonia, Kosovorekin batera, Jugoslaviako eskualderik pobreena zen). Skopjek milioi erdiko biztanle kopurua gainditu zuen aro honetan.

dfqbw4vw0aenp2x

1963ko lurrikarak utzitako hondamendia. (Iturria @CompleteEM1 twitter-kontua)

1963a urte beltza izan zen Skopjen. Lurrikararen ondorioz mila bat pertsona hil ziren, eta 200.000k etxea galdu zuten. Etxeen %80 puskatu egin ziren (Bazarra salbatu zen). Hain gogorra izan zen, ezen konpentsazioa urte horretan bigarren mailara jaitsi zen Vardar Skopjeri berriz lehen mailan jokatzeko aukera eman zioten (horregatik 1963-1964 denboraldian Jugoslaviako ligan talde kopuru bakoiti batek, hamabostek, lehiatu zuten).

1990an Errepublikako hauteskunde “alderdianitzak” burutu ziren. Urte horretan sortu zen VMRO deitutako alderdia (hala ere, VMRO zaharrak ez bezala, VMRO “berriak” “mazedoniar nazioa” du oinarritzat, VMROko buruzagi historikoek, Ivan Mihailovek kasu, onartu ez zutena. Bulgarian ere badaude VMRO deitutako alderdi panbulgaristak). 1991an Mazedoniako hauteskunde alderdianitzetan, Liga Komunista lehen itzulian gailendu bazen ere, bigarren itzulian VMRO gailendu zen. Errepublika Sozialistaren azken lehendakari moduan Kiro Gligorov poskomunista aukeratu zuten, bi alderdi handien artean tartea txikia izan zelako eta alderdi albanomazedoniarren presioa handia zelako. Gligorov Jugoslavian politikari ospetsua izan zen (Finantza Ministroa eta Parlamentuko lehendakaria), baina Mazedonian kapitalismorako trantsizioa berak egin zuen. Gligoroven pe aldarrikatu zuen Mazedoniak bere independentzia, 1991ko udazkenean (ez zen “Bilatutako independentzia” izan, baizik eta 1995ean atentatu bat jaso zuen, eta mirariz bizirik atera zen (atentatu hori ez dago argi nork egin zuen).

Skopjeren eraberritzea: 1970 hamarkadan. (Iturria: @Brut_Football twitter kontua)

90ko hamarkadan Mazedoniako Errepublikak izan duen disputarik handiena izenaren inguruko disputa izan da. Independizatu berritan Greziak ez zuen “Mazedonia” izena onartu, izan ere “Mazedonia” izena Greziaren ondaretzat hartzen baitute (egun, Grezia Iparraldeko eskualdeak ere Mazedonia izena dauka, eta Greziarentzat Mazedonia izena heleniarra denez, eurak dute hura erabiltzeko eskubidea). Egia esan, “Mazedoniak”, ikusi dugun bezala hainbat “esanahi” izan ditu historian zehar, ez soilik greziarra, eta izen hori ez da soilik garai helenistikoari lotua. Baina egia da Mazedoniako Errepublikaren politikak ez zuela asko lagundu: Filipo eta Alexandroren garai helenistikoari lotu dio hein handi batean euren nazioaren jatorria eta fundamentua (politika horri “zahartzarotze-politika” deitzen zaio, mazedonieraz antikvizacija edo антиквизација), eta beste alde batetik Mazedonia Osoa aldarrikatu izan du (denarren lehen billeteetan Thessalonikiko Dorre Zuria azaltzen zen, adibidez). Hala ere, beste batzuen arabera, Greziaren eskaerak barne gakoan irakurri behar dira baita, zenbaiten arabera, bertako politikariek eztabaida politikoan erabili zuten Mazedoniarekiko auzia. Azkenean, 1993ko apirilean konponbide batetara iritsi ziren, eta Mazedoniak

31vlccfw4al-_sx355_

1991 eta 1996 arteko Mazedoniako bandera, Vergina izarra duelarik. Greziarekin lortutako itun baten ostean banderaz aldatu behar zuten.(Iturria: Amazon)

behin-behinean forum internazionaletan “Mazedoniako Errepublika Jugoslaviar ohia” (laburduraz, “FYROM”) erabil zezan izena adostu zuten, ez batzuk ez besteak oso pozik ez badaude ere (Greziak ez zuen “Mazedonia” jartzen zuen izenik nahi, Mazedoniak ordea “Mazedoniako Errepublika” nahi zuen besterik gabe). Proposamen hori 1993ko urtarrilean jarri zuen NBEk mahai-gainean, baina hasiera batean Mazedoniak uko egin zion, berriz Jugoslavian sartzeko aukera iradoki baitzezakeen, orduan Jugoslavia gudan zegoelarik (horregatik “ohia” letra xehez idatzi behar da, ez letra larriz, erreferentzia bat delako, eta ez izen bat). Itun bilateraletan, itun horretako bazkideak Mazedonia aintzatesten duen izenarekin egiten dira, Estatuaren arabera, “Mazedoniako Errepublika” edo “Mazedoniako Errepublika Jugoslaviar ohia” erabiltzen dute. Kontuan izan behar da, Estatu askok hasiera batean NBEren posizioari itxaron egin ziotela izen bat edo bestea (eta beraz, errepublika bera aintzatesteko), horrek Mazedoniaren harremanak kaltetu zituelarik. NBEk 1993an “Mazedoniako Errepublika Jugoslaviar ohia” behin-behineko “termino” (eta ez “izen”) bezala onartzea erabaki zuen, “arazo bi aldeek behin-betiko konpondu arte”. Greziak 1995ean onartu zuen Mazedonia, New Yorken egindako itun baten bidez, baian izenik aipatu gabe, “Skopje hiriburu duen Estatua” aintzatesten zuen, trukean, Mazedoniak bere bandera aldatu behar zuen.

Badirudi azken proposamenak, Greziaren aldetik “Mazedonia” izenari “abizen” bat gehitzean datzatela: “Ipar Mazedoniako Errepublika”, “Vardar Mazedoniako Errepublika”, “Mazedonia Berriko Errepublika/Mazedoniako Errepublika Berria” (Greziaren gogokoena) eta abar (oraindik Mazedoniak onartzen ez dituenak). 2005an NBEk “Mazedonia-Skopje Errepublika” proposatu zuen, eta Greziak ez zuen onartu “hurrengo negoziazioetara begira proposamen baliagarritzat” jo bazuen ere. 2008an Mazedoniako politikari batzuen “abizen” bat ezartzea onartuko zutenaren keinua egin zuten, baina arazoa oraindik behin-betiko konpondu gabe dago (esan beharra dago Kiro Gligorovek behin esan zuela “mazedoniarrak gara, baina ez antzinako mazedoniar eslaviarren ondorengoan”, hala ere, Gligoroven orduko adierazpenak ahaztuak izan ziren). Mazedoniak “bi izen” nahi ditu: etxerako “Mazedoniako Errepublika” eta kanporako “abizenarekin” beste bat, Greziak ordean “izen bakar bikoitza”: bai etxerako eta kanporako izen konposatu bera. Egun 118 Estatuk onartzen dute “Mazedoniako Errepublika” izena, hala ere, Greziarekin behin-betiko akordioa lortzea EB eta NATOn sartzeko aurrebaldintza da.

Alexander Handiaren, edo ofizialki “Zaldi gainean Soldaduaren” estatua Skopjeko Makedonija enparantzan. Zahartzarotze politika. (Iturria: Blog de banderas)

Bestalde, Mazedonia aintzatetsi zuen lehen Estatua Bulgaria izan zen, baina hauek praktikoki bulgariar Estatu potentzial moduan dute Mazedonia. Izan ere, bulgariar pasaportea ematen diete mazedoniarrei, eta hizkuntza bera era bulgarieraren aldaera dela diote Bulgarian (Bulgarian “mazedoniar hizkuntza” esan ordez “aldaera literario mazedoniarra” diote). Iraganeko historia, batez ere XIX-XX mendean Mazedoniako eslaviarrek izandako eboluzio historikoan mazedoniar eta bulgariar historiagileen arteko gatazka indartsua da.

Egun, Mazedoniaren, Bulgariaren eta Greziaren arteko lehia horiek etimologiara ere eraman izan dira. Adibidez, batzuentzat “mazedoniarrak” Mazedoniako Errepublikako biztanleak (edo erradikalenen arabera, Mazedonia Osko eslaviar denak, egunen batean Estatu mazedoniar baten pean egon behar direnak), beste batzuentzat izen geografiko bat soilik da, eta hirugarrenen arabera, Greziako Mazedonia eskualdeko (heleniar) biztanleak. Estatuko biztanleak, batzuentzat  “mazedoniarrak” direnak, besteentzat “Mazedoniako bulgariarrak” edo “Mazedoniako Estatuko biztanleak” dira, eta hirugarrenentzat “eslavomazedoniarrak” edo “Skopiako biztanleak”. Batzuentzat “mazedoniera” dena, beste batzuentzat (bulgarieraren) “mazedoniar aldaera literarioa” eta hirugarrenentzat “eslavomazedoniera” da. Eta batzuentzat “Mazedoniako Errepublika” dena, besteentzat “Skopiako Estatua” edo “FYROM” da.

Vardar Skopje

Vardar Skopje, 1947an, Jugoslavia askatu eta bi urtetara sortutako taldea izan zen, aurretikako bi talde, Pobeda (“Garaipena”) eta Makedonija (“Mazedonia”) batuz. Egia esan, Errepublikako eliteek Mazedoniako Errepublika Sozialista Jugoslaviako lehiaketetan “ordezkatzeko” bultzatu zuten talde bat izan zen; beste errepubliketan prozesu analogoak eman zirelarik (kontuan izan behar dugu 1945eko Jugoslaviar Futbol Txapelketan, klubak agertu ordez, errepublika bakoitzaren selekzio bat eta Armadaren selekzioak lehiatu zutela. Honek indartu egin zuen errepublika bakoitzeko hiriburuko kluba “errepublikaren ordezkari” “bihurtzeko” – edo behintzat ahala identifikatzeko- prozesu edo joera hori).

Pobedak 1946-1947 Jugoslaviako Ligan parte-hartzeko eskubidea izan zuen, mazedoniaren ordezkari gisa, eta 14 taldetatik zortzigarren geratu ziren. Hurrengo Ligan, lehen aldiz Vardar izenarekin jokatu zuten, eta hamar taldeetatik zortzigarren portuan geratu ziren, mailari eusteko kanporaketa galduz, eta beraz maila ere galduz. 1950-51an Jugoslaviako Bigarren Mailako txapeldun izan ziren, 1951-52 denboraldian berriz lehen mailan jokatuz. Irregulartasuna izan zen Jugoslaviako Ligan zehar skopjetar taldearen joera nagusia (Jugoslvia Sozialistako 46 Ligatatik 33 Lehen Mailan eman zituen), eta titulu aldetik nahiko urri ibili zen. Vardarren momenturik onena agian 1960-61 hamarkadan iritsi zen, orduan Jugoslaviako Kopa irabazi baitzuten, finalean Kroaziako Varteks taldeari (talde hori egun desagertua dago) 2-1 irabazita: Vladimir Nikolovski eta

vardar

Vardarren hamaikako zahar bat. (Iturria Fudbal/Nogomet bloga)

Mirko Ilijevskiren golekin (1961-62 denboraldiko Errekopan lehen txandan kanporatu zuen Eskoziako Dumferline Athletic taldeak, Eskozian 5-0 irabazita, itzulikoan Vardarrek 2-0 irabazi arren). 80 hamarkada, Vardarrentzat beste aro on bat izan zen. Garai horietan, gero Izar Gorrian aritu ziren Ilija Najdovski edo Darko Pančev bezalako jokalariek jantzi zuten Vardarren elastiko gorri-beltza (biak 1991an Izar Gorriarekin Europako Txapeldun izan ziren). 1983-84 denboraldia talde-mailan oso ona izan ez bazen ere (hamazortzi taldetatik hamabosgarren, maila galtzear beraz), Vardarreko jokalari bat, Darko Pančev  Jugoslaviako Ligako golegile nagusia izan zen. 1984-85 denboraldian, Ligan bosgarren postuan sailkatu ziren eta beraz 1985-86 denboraldian UEFA Txapelketa jokatu zuten: lehen txandan Dinamo Bukarest gainditu bazuten ere, bigarrenean Dundee eskoziar taldea mazedoniarrak baino gehiago izan zen.  1986-87 urtean Liga irabaztear egon ziren, 18 taldetatik 12 Liga hasieran sei puntu gutxiagoz hasi baitziren, Vardar horien artean ez zegoelarik (arrazoia, 1985-86 Ligako azken jardunaldian, partida batzuen emaitzak adostu omen zituztela izan zen). Beraz, abantaila horrekin Vardarrek Liga bukaeran lehen postuan bukatu zuen, eta behin-behinean Liga titulua eman zioten. Hala ere, arazoa helegiteen artea zebilen oraindik, eta azkenean, zigortutako taldeei 6 puntu itzuli eta Partizani eman zioten titulua. Ala ere, Vardarrek 1987-88 denboraldiko Europako Kopa jokatu zuen Jugoslavia ordezkatuz: lehen txandan Oportok kaleratu zuen bi partiduetan 3-0 nagusitu zelarik.

Mazedoniako Liga berriz fundatu zenean (1992-93 denboraldia izan zen lehena), Vardar Liga berriaren klubik indartsuenetakoa izan zen (esan beharra dago Liga horrek Jugoslaviakoak baino maila txikiagoa duela). Guztira hamar Liga irabazi ditu Vardarrek (Mazedoniako Ligako lehen hirurak eta azken hirurak erreskadan). Vardarrek Filip II Mazedoniarra futbol zelaian jokatzen du, Rabotnički (“Langilea”) taldeak bezalaxe. Estadio hori 1947an eraiki zen, baina hainbat aldiz berreraiki dute, eta egun 33.000 pertsona sartzen dira.

Talde honen izaera nazionalista aski ezaguna da. Adibidez, beltzez eta gorriz janzten dute, VMROren koloreak ere horiek direlarik (ofizialki beltza 1963ko lurrikararen ondoren hartu zuten, baina hain zuzen koloreak horiek izateak, beren zaleen parte bat pozarren jartzen duela ezin uka). Euren ultran izena Komiti da, garai batetako VMROren gerrilarien izena. Johan Tarčulovski, 2001ko gudan Estatuaren elite-indar batean borrokatu zuen (Boris Trajkovski lehendakariaren bizkartzaina ere izan zen), eta Hagako Epaitegiak 12 urteko kartela zigorra pasatzera zigortu zuen (zortzi bete zituen, askorentzat alde aurretik irtetea beste nazionalista batzuetako preso batzuk errugabetzearen konpentsazio bat izan zen). Honek, zer esanik ez Vardarren ultren eta mazedoniar nazionalismoaren arteko lotura indartu egin du. Gauzak honela, ez dago esaterik euren etsai nagusietako bat Tetovoko Shkëndija taldea dela, albanomazedoniarren ikur den taldea (batez ere Vardarren etsai zaharra, Mazedoniako hegoaldean dagoen Bitola hiriko Pelister, bigarren mailara jaitsi ostean). Vardarren beste etsai bat FK Shkupi da, Skopjeko albaniarrak biltzen dituen taldea (Sloga Jugomagnat taldearen ondorengoa). Arraroa bada ere, Skopjeko beste taldearekin Rabotničkirekin ez dute hainbesteko etsaitasunik futbolean.

dj14hx7x0aughyz

Eskubaloiak ematen dio egun Vardarri bere unerik gozoenak. (Iturria: @HBkanalen)

Vardarrek arrakasta handiagoa du beste kirol batzuetan, adibidez, eskubaloian. Eskubaloiko Vardar taldean 1961an fundatu zen. Mazedoniako 11 Liga irabazi dituzte, eta “Hego-Ekialdeko” (hau da, 2012an sortu zen Balkan eta Ekialdeko Liga) hiru Liga. 2016-17an Europako Txapelketa irabazi zuten, batez ere balkaniar jokalariz osatutako talde batekin (20 jokalaritik 13 balkaniarrak dira), finalean Paris Saint Germain 24-23 garaituta.

Mazedoniako egoera politikoa

Egungo Mazedoniako egoera politikoa oso konplexua da. Batez ere 1991an Estatu mazedoniar modernoa jaio zenetik, gatazka etnikoak izan dira nagusi: mazedoniar eslaviarren eta gutxiengo albanomazedoniarraren artekoak. Alderdi politikoak edo “batenak” edo “bestearenak” dira: hau da, alderdi eslaviarrak (eurek euren buruari “Mazedonia osoko” deitzen badiote ere, eslaviarrak dira zuzendari denak eta euren bozka-emaile ia denak) eta albaniarrak daudelarik. Lehenen artean, Mazedoniako Alderdi Sozialdemokrata (SDSM) eta Mazedonia Barneko Erakunde Iraultzailea-Mazedoniako Batasun Nazionalerako Alderdi Demokratikoa (VMRO-DPMNE) ditugu; lehena zentro-ezkerrekoa eta bigarrena nazionalista-kontserbadore-estatista. Albaniarren artean garrantzitsuena Integraziorako Batasun Demokratikoa da (BDI), 2001ean guda egin zuen gerrillaren ondorengoa, baina badaude beste batzuk: Albaniarren Alderdi Demokratikoa edo Oparotasunaren Alderdi Demokratikoa, adibidez. Gainera kontuan izan behar da beste Estatu batzuek Mazedonia ez dutela “guztiz onartu” (Greziak eta Bulgariak batez ere).

Tradizionalki, Gobernua eslaviarren alderdi nagusiak eta albaniarren alderdi nagusiak osatu izan dute. 90eko hamarkadako erdialdean eman zitzaion hasiera eskema horri. 2001ean ordea, albanomazedoniarren gerrilla batek, Askapen Nazionaleko Armadak guda hasi zuen. Guda hori hasteko eman zuten arrazoitzat “albaniarren diskriminazioa” eta “albaniar ordezkarien utzikeria” aipatu bazuten ere, zartaraztea 1999an eta 2000n albanokosovarrek NATOren laguntzaz izan zuten garaipena dugula kontuan izan beharra dago. Kontuan izan behar dugu Askapen Nazionaleko Armadaren siglak UÇK zirela, Kosovoko talde paramilitarraren sigla berak (baina “K” hizkiak “Nazional” esan nahi du kasu honetan “Kosovoko” ordez), eta arma gehienak Kosovotik etorri zirela. Nahiz eta albaniarren buru militarrek “autonomia” eta “diskriminazioarekin bukatzea” aipatu, kritiko askook Albania Handia egiteko saiakeratzat izan zuten, kontuan izanik Kosovoko mugakide diren Serbia barneko herri batzuetan ere antezko gerrilla bat sortu zela.  Guda honek zortzi hilabete pasatxo iraun zuen (urtarriletik irailera), unerik gogorrenak udan zian baziren ere (garai horietan albanomazedoniarrek Mazedonia iparraldeko hiri batzuen kontrol fisikoa ezarri zuten), Guda Ohrideko Akordioekin bukatu zen; itun horren arabera Mazedoniak “albaniarrei eskubide gehiago” eman behar izan zizkien, eta albaniarrak %20 diren udalerrietan albaniera koofizial bezala jarri. Askapen Nazionaleko Armada alderdi politiko bilakatu zen, eta paradoxikoki, berak kritikatzen zituen albaniar alderdi zaharren politika bera jarraitu du: eslaviar alderdiekin Gobernua konpartitzea. Hala ere, honek ez du erabateko adiskidantza ekarri, egun bi komunitateen arteko mesfidantza handia da (Gobernua konpartitu arren) eta noizbehinka albaniar taldetxoek tiroketak egiten dituzten (2014an Skopjen eta 2015ean Kumanovon), tiroketa horiek jatorria (isolatuak edo plan handiago baten parte ote diren) argitu ez bada ere. Tentsio sinbolikoa oso handia da bi aldeetatik, bai estatuen (Mazedonian oropresenteak) zein kale-izenen inguruan. Adibidez, Gobernuak egin zuen “Milurtekoaren gurutzea”; kristautasunaren 2.000 urte ospatzeko eginikoa, albaniarrek probokaziotzat jo zuten.

2015 eta 2016an, Mazedoniara errefuxiatu asko etorri izan dira, krisi humanitario bat sortuz. Mendebaldean oso kritikatua izan da mazedoniar Gobernuaren egitea, hala ere, beste batzuek “Inperialismo humanitariotzat” jo dituzte kritika horiek, eta Mazedoniak hainbeste baliabide ez dituela esan izan dute. Bestetik, kontuan izan behar dugu 2014tik aurrera, orduko Mazedoniar Lehen Ministro Nikola Gruevskik (VMRO-DPMNE) Ekialderanzko politika bat hasi zuela. 2015ean eta 2016an protesta handiak izan ziren Skopjen eta Mazedoniako beste hiri batzuetan oposizioak eta GKE “aktibista” ezberdinek antolatua. Protesta horiek “koloreetako iraultza” bezalako  eskemetan sartu izan ohi dira: EBk protestak argiki babestu zituen eta VMRO-DPMNEren Gobernuak George Soros jo izan du protesten eragile nagusi moduan (ezaguna da Sorosek Mazedoniako GKEtan diru handia inbertitu duela, Nikola Poposki Atzerriko Ministro ohiaren arabera “Mazedoniako GKEn diruaren %90 Sorosengandik dator”). Oposizioaren boikotaz bi aldiz hauteskundeak atzeratu ostean, 2016an egin zituen hauteskunde berriak.

Hauteskunde hauen ostean, giroa gaiztotu egin da Mazedonian. Hauteskunde berrietan VMROk berriz irabazi zuen, baina askoz ere tarte txikiagoa. Bestetik lehen aldiz albaniar alderdiek fronte bateratu bat aurkeztu zuten, programa maximalista batekin (programa hori ez Mazedonian, baizik eta Tiranan aurkezteak hautsak harrotu zituen): praktikoki Mazedoniak ikurrak aldatzea, Estatu binazional bihurtzea, “genozidioa aitortzea” eta albaniera herrialde osoan (baita albaniarrik ez dauden zonaldeetan ere) koofizial bihurtzea izen programa horren muina (programa hau eta 2015-2016ko koloreetako iraultza bat eginda, VMROk eta jarraitzaileek Mazedoniaren aurka edo Mazedonia baldintzatzeko atzerriko plan baten parte aurkeztu dituzte). Lehen aldiz, alderdi albaniarrek babesa ez diote eslaviarren artean bozkatuena zen alderdiari baizik eta “galtzaileari”: SDSMri. Baina zailtasunak ez ziren hemen bukatu, izan ere Mazedoniako lehendakariak, Gjorgje Ivanovek (VMRO) blokeatu egin zuen akordio parlamentarioa, Gobernu ituna antikonstituzionaltzat joz; eta protestak berriz hasi ziren, kasu honetan VMROren jarraitzaileen aldetik. Albaniar alderdiek Tiranako programa alde batera utzirik, Ivanov lehendakariak ituna desblokeatu egin zuen eta ordutik SDSMko Zoran Zaev dugu Mazedoniako lehen ministro berria, parlamentuko lehendakaria Talat Xhaferi albanomazedoniarra delarik.

Zoran Zaevek NATOn sartzeko urratsak azkartu egin ditu, Montenegroren bidea jarraituz, horrek VMROko jarraitzaileen artean haserrea handiagotu egiten duelarik. Politika mendebalzale horrek, Mazedoniako errepublikaren eta auzokideen (Grezia, Serbia, Bulgaria) harremana okertu egin du.

Turismoa: Zer ikusi?

Skopje ez da hiri oso handi bat, 500.000 bat biztanle ditu, hamabi bat “udalerritan” banatuta (Jugoslavia ohian, nahiko ohikoa da hiriburuko udalerria eta honen pe beste hainbat “Udalerri” egotea). Hirira heltzerakoan gehien inpaktatzen duena, agian bertan ikusten diren estatua handiak dira, nonahi aurki daitezke. Estatua horiek, askoren ustez, “mazedoniartasuna” eraikitzeko (espazio publikoan agertzeko) modu bat ere badira, ikur horien bidez, hainbat pertsonai historiko eta euren ondarearen mazedoniartasuna aldarrikatzeko modu bat. Mazedonia erdian ikusten dira Alexandro, Gotse Deltxev, Zirilo eta Metodio, Krste Misirkov… Ez da arraroa Greziarekin izandako izen-lehiaren ondorioetako bat estatuen eta kale-izenen inguruko borroka izatea: Mazedoniak ezin du ez bere mugetatik kanpo dauden ikurrak “mazedoniartzat” hartu (Verginako izarra, adibidez), ezta ere Mazedonia greziarraren ikurrak erabili, ez estatuarik eraiki: Alexandro Handiaren estatua, ofizialki “Soldadua Zaldiaren gainean” deitzen da, Filiporena “Soldadua” eta abar. Beste hirietan ere gertatzen da, Bitolako Filiporen Estatua “Heraklearen Sortzailearen Omenez” deitzen da. Hala ere, badirudi hau ez dela esparru denetara heltzen: Vardarren Estadioa Filipo II deitzen da, Skopjeko aireportua Alexandro Handia, eta izen horiek baimendu dituzte. Era berean, jugoslaviar estatua eta oroigarri asko daude, Mazedoniako espazio publikoan jugoslaviartasuna eta titismoa mantentzen dira (ez  90 hamarkadan bezala, esan beharra dago), izan ere, Tito izan baitzen egungo paradigma mazedoniarra (Mazedonia nazio “ezberdin” gisa) “eraiki” edo “berretsi” zuenetako bat.

1963tik aurrera hiri guztiz berria da Skopje (lurrikara horrek hiriaren %80 desegin zuen). Skopje hiri txikia eta “modernoa” dugu batez ere berreraikuntzaren ostean; eta agian “akatsik” handiena hiriaren erdigunearen eta autobus geralekuaren artean dagoen tartea da (bulebar handiek zeharkatuta). Egun “Skopje 2014” plana indarrean dago hiria eraberritzeko, hala ere, polemika piztu dute proiektu horretako arlo askok, “zahartzarotze politika” nazionalistarekin bat datozen puntu asko (Estatua gehiago eraikitzea) baitakar.

Bestela honako hau ikus daiteke hiriburuan:

*Mazedoniako historiaren museoa: Ofizialki “Mazedoniaren independentziaren eta naziotasunaren aldeko borrokaren historia”. Museo honetan Mazedoniaren historia kontatzen da, edo hobe esanda, Mazedoniako kontzientzia nazionalaren historia. Museo hau “museo nazional” adieraren esanahi tradizionalean bete-betean sartzen den museoa da, Mazedoniaren kontakizun nazionala kondentsatu eta azaltzen batu. Soilik gidarekin bisita daiteke, kontakizuna hedatzea literalki gertatzen da museo honetan.

*Judutar Museoa: Skopjen eta Mazedonian judutarrek izan duten pisuaren lekuko dugu. Ikusiko duzuen moduan, Mazedoniako judutarrak sefardiak ziren, beraz, euren hizkuntza, judiezmoa, gaztelaniaren oso antzekoa da. Entzun itzazue abesti folklorikoak, judiezmo hizkuntzan daudenak.

*Mazedonia Enparantza edo Plaza Nagusia: Alexandro Handiaren (“Soldadua zaldi gainean” ofizialki) estatua dago. Bertara sartzeko Porta Macedonia deitutako ate-eskultura handi batetik pasatu behar da, eskultura hau, monumentala delarik, mazedoniarren politika nazionalistaren adierazle dugu. Alexandroz gain, bertan Mazedoniako “heroi abertzaleak” ditugu; baita ere Samuil errege “mazedoniarra”. Hortik hurbil Pella Enparantza dago (Pella Mazedoniako Erresuma helenikoaren hiriburua zen, eta izen hori jartzeak Greziarekin beste eskandalu bat piztu zuen), han Krste Misirkoven estatua dagoelarik.

Dusan harrizko zubia

Dušan Zubia edo Harrizko Zubia Makedonija enparantzatik, atzean Arkeologia Museoa

*Harrizko zubia: Otomandarren egindako zubia, Mazedonia Plazaren ondoan, hau eta  carsija bazarra batzen ditu. Bere azpian daude Gotse Deltxev eta Dame Grueven estatuak (lehen Dušan errege serbiarraren eta Tomislav errege kroaziarraren estatuak zeuden). Ofizialki Dušanen zubia deitua da, errege serbiarraren omenez. XV mendean eraikitakoa da, turkiarren pean. Karpoš matxinoa bertan exekutatu zuten XVII mendean.

1438269015_011138_1438272617_sumario_normal

Kale gotorlekua (Iturria: El País Viajero).

*Gotorlekua: Kale gotorlekua (“Kale” hitzak, turkieraz gotorleku esan nahi du) Skopjeko bistarik ikusgarrienetako bat da. Mazedonia enparantzatik Harrizko Zubia pasatuta, oso gertu aurkitzen dugu. X mendean hasi zen egiten Justiniano enperadore bizantziarra. Dušanek bertan 1346 aldarrikatu zuen bere burua “enperadore”. 1963ko lurrikarek partzialki suntsitu zuten, eta egun berriz berreraikuntza eta arkeologi lanetan dago. Albaniarren eta eslaviarren artean polemika iturri izan ohi da, batzuek zein besteek “hau gurea da” aldarrikatzen baitute.

*Sveti Spas: XVI mendeko eliza hau, historikoki bulgariar nazionalismoaren ikur bat izan da. Hala ere, tenplu zaharra da eta merezi du ikusteak, batez ere ikonostasioak. Gotse Deltxev bertan dago lurperatua. Kale gotorlekuaren eta carsija bazarraren artean dago.

*Milenioaren gurutzea: Inguruko mendi batean, Vodno mendian, egindako gurutze hau Skopjetik bertatik ikus daiteke. Kristautasunaren 2.000 urtean ospatzeko eraiki zuten. Munduko gurutze kristaurik handiena izan dateke, 66 metro baititu. Polemika handia egon da gurutze honen  inguruan, albaniarrek probokazio bezala hartu baitute. Politikaz aparte, bertatik Skopje osoa ikusten da. Teleferikoz igo daiteke.

*Matka kainoia: Hiriaren mendebaldera, Treska errekaren inguruan paraje ederrak ikus daitezke, Matka kainoia, eta honen inguruan dauden kobazuloak.

*Teresa Kalkutakoaren museoa: Gonxha Bojaxhiu albanomazedoniarra da agian egun munduan skopjetarrik ezagunena, Kalkutako Teresa goitizenaren pean (esan beharra dugu albaniarren artean gehienak musulmanak badirela ere, badaudela katoliko asko euren artean, Teresarena ez da salbuespen bat). Bera jaio zen etxea, museo bihurtua, Mazedonia kalean dago, unibertsitatetik gertu. Ez dugu gogoratzen sarrera debalde ote den, baina edozein kasutan oso merkea zen.

*Carsija edo Stara carsija: Bazarra edo bazar zaharra. Alde Zaharra, dendetan galtzeko, garagardoak hartzeko eta abarretarako, erlaxatzeko, oso toki ona. Kale-zidorretatik galtzea oso gomendagarria da, baita ere bertako taberna tradizional batean sartzea.

*Udaberrian joanez gero Jazz Jaialdi garrantzitsu bat dago, eta martxoan zinema jaialdi bat. Udan Kultur Jaialdia egiten da.

ohrid20220srtrana

Ohrid eta lakua, atzean, lakuaren pean Kaneo eliza, pixka bat gorako Plaosnik monastegia eta mendixka gainean Samuilen gotorlklekua ikusten direlarik. (Iturria: Zoran Bundalevski)

*Denbora badago, Skopjetik atera, eta Ohrid hiria ikus dezakezue, Mazedoniako hego-mendebaldean dagoena. Bi ordu eskaseko bidea dago Ohrideraino, eta autobusak maiztasun nahikoaz ateratzen dira. Ohrideko gauzarik ikusgarrienak, Samuilen gotorlekua (Ohrid garai hartan Bulgariar Inperioaren hiriburua eta Bulgariar Elizaren egoitza zen), Sveti Jovan Kaneo elizatxoa, XIII mendekoa (lakuaren gaineko ur-haitz batean kokatuta), eta Plaošnik (eta barnean dagoen Ohrideko Klemente Deunaren eliza, IX mendekoa –Klemente deuna, Mazedoniako Errepublikaren patroia da, eta Bulgariako Eliza Ortodoxoaren fundatzailea-) monastegia, zenbaiten arabera, munduko monastegi ortodoxorik zaharrena ditugu. Erromatar Antzezlekua ere bisitatu daiteke. Eta noski, jakina, lakua, udan bisitatuz gero, bainatzeko, Ohriden kaleak eta kale-zidorrak ere so politak dira, eta alde zaharra aldapa batean lakuari begira egoteak, Elantxoberen nolabaiteko itxura ematen dio.

Oxandabaratz

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s