Serbofobiak darrai, orain Diario Vascon

Atzo, “Diario Vasco”-ren Iritzi-atalean, Juanjo Sanchez Arreiseigorren artikulu bat aurkitu dugu. Artikulu honetan Estatu Islamiarrari buruz (aurrerantzean, ISIS) eta hauxe nola garaitzeari buruz alde batera eta bestera aritu izan da, eta batez ere, Saudi Arabiaren eta ISISen atzeko kofradia wahabiten arteko harremanari buruz. Sanchez Arreseigrorrek bereizketa egin du Saudi Arabiako dinastiaren, hau da, Saud Etxearen eta Estatu honetako ideologia nagusi wahabiten artean (kontsentsua wahabismoa Saud Etxeak berak babesten duen ideologia bat dela da); bata Estatu “ofiziala” izango balitz bezala, bere aintzatespen, interlokuzio-kanal eta harreman publikoekin (finean, diplomazia eta aurpegi “Publikoarekin”) eta bigarrenak, sekta wahabita antolatu bat “isilpeko Estatua” izango balitz bezala, hau da, ondoko herrialdeetan subertsioa zabaltzean arduratua egongo balitz bezala, aldi berea, Saud Etxearekiko mehatxu bat eta aldi berean, bere “beso ikustezina” izango balitz bezala, isilpeko operazioak egiteko erantzukizunik gabeko tresna bezala. Sanchez Arreseigorren arabera, honekin erkatu daitekeen kasu bakar bat eman da historian: “1900 urtea inguruko Serbia (…) non Gobernu ofizialarekin batera, isilpeko Gobernu bat zegoen, militar ultranazionalistek osatua, zeinak atentatuak egiten zituen, adibidez 1914ko Sarajevoko atentatua”.

Harrigarria egin zaigu Juanjo Sanchez Arreseigor bezalako “aditu” batek Saudi Arabia bezalako herrialde bat, mundu mailako finantzen parte handi baten atzean dagoen Estatu bat, eta mundu mailan eragina duen talde terrorista baten atzean egongo zatekeen Estatu bat (bere hitzak dira, “isilpeko Estatu” hori bada), XX. mende hasierako modernizatze-bidean zegoen Estatu txiki batekin alderatzearekin, batez ere kontutan izanda “Batasuna la hil!” (Уједињење или смрт!/Ujedinjenje ili smrt!) edo goitizenez “Esku Beltza” (Црна рука/Crna Ruka) deitutako “militar ultranazionalisten taldeak” (sic) bere eragina soilik Balkanetara mugatu zuelarik, batez ere Serbiatik at zeuden serbiar populaziodun lurretara (Austria-Hungariaren pe zeuden Bosnia edo Dalmaziara edo Turkiaren pe zeuden Kosovo edo Mazedoniara). Azken finean, bere metodoak oso eztabaidagarriak baziren ere, “Esku Beltzaren” operazioen helburua mendez mende serbiarrek populatutako lurrak Estatu batean batzea zen, autodeterminazio printzipioari jarraiki. Ez helburuetan (mundua norberaren arabera moldatzea), ez mundu mailan zuten eraginean. Horri jarraiki, askoz ere parekagarria izango litzatekeen Sauden Etxearen eta ISISen arteko harremana NATOko herrialdeek (AEBk batez ere) Gladio operazioko talde subertsiboekin zutenarekiko (harreman honek, herrialde batzuk, Italia kasu atentatu-dantzan murgildu zuten). Kontuan izanik batez ere NATO, eta ez Serbia, dela Saudi Arabiaren aliatu geopolitiko nagusia.

Pasic

Nikola Pašić (Iturria: finlandiar Wikipedia)

Baina gehiago kezkatzen gatu beste gauza batek: Sarajevoko 1914ko Vidovdan eguneko atentatua “Serbiak” prestatu duela esatea. Hau, gure ustez, oso hedatua dagoen mito bat da. Izan ere askotan pentsatzen da Esku Beltza, Sarajevon atentatuta egin zuen taldea eta orduko Belgradeko Gobernua gauza bat eta bera zirela. Esku Beltza, batez ere Dragutin Dimitrijević (Драгутин Димитријевић), “Apis” goitizenez (“Апис”) deitutako koronel batek antolatutako talde bat izan zen. Esan bezala serbiar nazionalistak izan ziren, dudarik gabe, eta batez ere, 1903ko maiatzean orduan Serbian agintzen zuen Obrenović (Обреновић) dinastia uzkaili zuen estatu-kolpea antolatzea eta orduan Turkiaren menpe zegoen Mazedonia (bere populazioaren gehiengoak orduan serbiar edo bulgariartzat). Talde honetako ofizialek indar handia izan zuten Mazedonian ari ziren gerrilla serbiarretan (“Txetnik” izenez ezagunak izango zirenak). Hala ere, horrek ez du esan nahi serbiar Gobernua hauen aldekoa izan zenik. Izan ere 1914an, Serbiako Gobernua, Nikola Pašić (Никола Пашић) buru zela Esku Beltza taldearen guztiz aurkakoa zen. Pašić, erreformista zenak, beldurra zuen militarrek politikan pisu handia izatearena, eta beste alde batetik, Bulgariarekin harreman onak izatearen aldekoa izan zen (ezin zuen asmatu, Bulgariak 1913an Serbiaren kontra guda hasi baitzuen). Bukatzeko, gara dadila idatzita Esku Beltzeko kiderik gehienak (Dimitrijević barne) 1917an hil zirela Pašićen Gobernuak antolatutako epaiketa baten ostean heriotzara zigortu eta exekutatuta.

Vladimir Gacinovic

Vladimir Gaćinović, Bosnia Gaztea taldearen ideologoa, sozialista iraultzailea. (Iturra: Serbiako “Blic” egunkaria)

Sarajevoko atentatua prestatu zuen taldea, “Bosnia Gaztea” izeneko taldea izan zen (Mlada Bosna/Млада Босна), ez “Esku Beltza”. Bosnia Gaztea taldea ez zen serbiar nazionalista, ez eta Serbia Handia sortzearen aldekoa. Bere kide gehienak serbiarrak baziren, baziren baita kroaziarrak edota musulmandarrak. Izan ere, Bosnia Gaztearen ideologia “hegoaldeko eslaviar guztientzako Estatu jugoslaviar askea” eratzea zen (hau euren publikazioetan eta baita atentatuaren egileek euren kontrako epaiketan esan zuten), Serbiaren papera (orduan, Montenegrorekin batera, Balkanetako estatu independente bakarra zena), Italiako batasunean Piedmontek izan zuen papera izatea zen, hau da, batasunaren “aitzindari” izatea. Bestalde, Bosnia Gazteko kideak sozialismoaren eta anarkismoaren ideiak jarraitzen zituzten. Honen bi ideologo nagusiak Petar Kočić (Петар Кочић) poeta eta Vladimir Gaćinović (Владимир Гаћиновић) filosofoa izan ziren, biak Europako giro iraultzaileetan nahiko ezagunak (Maksim Gorki eta Viktor Serge errusiarrak ezagutzen zituzten, eta Gaćinovićek Trotski ere ezagutu zuen behin). Kontutan izan behar dugu 1945rako bizirik geratzen ziren Bosnia Gazteko kideak, tartean gure Ivo Andrić eta Vasilije “Vaso” Čubrilović (Васо Чубриловић) Jugoslavia sozialistaren politikan inplikatu ziren. Talde hau, beraz, nahiko urrundua zegoen Serbiako Gobernuarengandik, eta baita ere serbiar “ultranazionalismoarengandik” (nahiz eta egia den Esku Beltzarekin kontaktu batzuk izan zituztela, baina ez Serbiako Gobernuarekin).

Beste alde batetik, XIX-XX mendeetan atentatuak ez ziren inondik inora Balkanen ondare izan. Egia da atentatu hau eman zela, 1921an jugoslaviar komunistek Jugoslaviako erregea hiltzen saiatu zirela, 1934an kroaziar eta mazedoniar faxistek lortu zutela, eta Mazedonian gerrilla erabatekoa izan zela (puntu gorena 1903ko turkiarren kontrako “Ilinden” iraultza), baina Europa osoan eman ziren magnizidioak. Adibidez, XIX eta XX mendeen artean anarkistek Espainian lau magnizidio (Martinez Campos, Canovas, Canalejas eta Dato) eta atentatu esanguratsu bat (Bartzelonako Lizeoan) burutu zituzten, eta horrez gain, mende aldaketa garaian Frantziako eta AEBtako lehendakari bana, Italiako erregina bat eta Austria-Hungariako erregina bat hil zuen ekintza armatu anarkistak. Hori Errusian eta Polonian tsarismoaren kontra gertatu ziren atentatuak kontutan ez hartzearren. Tradizio horretan kokatzen zen Bosnia Gaztea, Europako ezker muturreko intsurgenteeen tradizioan, ez hainbeste Serbiako Gobernuaren zirkuluetan (kontutan izanik orduan Bosnia ez zela herrialde industrializatu bat, baizik eta trantsizio ekonomikoa hasi berria zuen herrialde bat, bere mugimendu iraultzaileek langileen masa-mugimenduaren antolakuntza tradizioan –marxismoak defendatutakoa- baino, “iraultza-zaletasun erromantikoaren” bidetik egin zuen, hau anarkismoarengandik gertuago legoke, baina baita ere Balkanetako “hajduk” bandolero sozialen tradiziotik gertu). Eta 1914koa ez zen Bosnian egin zen lehen atentatua, 1910ean huts egindako beste atentatu bat gertatu zen, Bosniako Parlamentua inauguratu behar zen egunean (alderdi serbiarrak parte hartze mugatua izan zuten, eta populazioaren parte batek Parlamentu hori ez-zilegitzat zuen) Bosnia Gazteko kide Bogdan Žerajić (Богдан Жерајић) Bosniako Gobernadore Marijan Varešanin hiltzen saiatu zen (eta orduan ez zegoen Bosnia Gaztearen eta Esku Beltzaren arteko inongo harremanik).

Angiolillo

Michelle Angiolillo Canovas hiltzen, V. Gines margolariaren arabera. Angiolillo moduko anarkistak, ideloogi eta metodologi arloan Bosnia Gaztearen eredu izan ziren. (Iturria: Ormaiztegiko Zumalakarregi museoa, euskal Wikipediaren bidez).

Antiserbia

Bosnian kultur, gizarte zein politika arloko serbiar erakunde denak (eta baita erakunde sozialistak) debekatzen zituen 1913ko austriar agindua. Agindua atentatua baino urte bete lehenagokoa da. (Iturria: Sarajevski List egunkaria, 1913-V-3, Wikipediaren bidez)

1914ko atentatuaren kausak eta ondorioak ikertzeko garaian, ezin dugu testuinguru abstrakzio bat egin. Lehen esan dugu Bosnia Gazteak zerikusi gutxi izan zuela Esku Beltzarekin eta are gutxiago Serbiako Gobernuarengandik (Esku Beltzarekin harremanak izan aurretik hasi ziren magnizidioak prestatzen, 1910ko saiakera lekuko). Orduan, zer dela eta eman ziren iraultzara? Erantzuna izateko, berriz jo behar dugu Bosniako egoerara, eta batez ere orduan Austriar Inperioak Bosnian zeraman politikara. 1878an Turkiar Inperioak Bosnia okupatzeari utzi zion, eta Berlingo Nazioarteko Kongresuak Austro-Hungariar Inperioak Bosniaren gaineko “behin-behineko administrazioa” onartu zuen; baina 1908an Vienako monarkiak Bosnia efektu osoz anexionatzea erabaki zuen. Baina zein izan zen Austriaren politika 1878tik 1914ra dihoazen urte horietan? Vladimir Dedijer -Владимир Дедијер- historialari komunistak (partisanoekin borrokatu zuen Bigarren Guda Mundialean) esan zuen bezala, orduan Bosnian zegoen analfabetismo maila %87ra iristen zen, eta soilik bost institutu zeuden. Komisaldegi gehiago zeuden lehen hezkuntzako eskola baino, eta segurtasunerako aurrekontua hezkuntzarenaren bikoitza zen (ikasleek, gainera debekatuta zuten inongo elkarte politiko edo sozialetan parte-hartzerik). Beste alde batetik, austriarrek agindutako nekazal erreforma ez zuten aplikatu, Bosnia feudalismoan utziz (orduan Bosniako nekazari kopuru altu bat jopua zen, eta joputan gehienak serbiarrak). Vasa Pelagić (Васа Пелагић) teologoaren arabera, austriarren peko Bosnia, “zibilizazioaren aurreko” egoera batean zegoen, bai errepresio politikoari zegokionez, zein baldintza ekonomikoei zegokionez, zein hezkuntza eta kulturari zegokionez. Egoera horretan, Austriako artxikukea eta tronuaren oinordekoa Sarajevora eta Bosniara serbiaren jaiegun nagusian, Vidovdan (Видовдан) egunean joatea, askok probokaziotzat ikusi zuten.

Gauzak hala, ulertzekoa da Bosnia Gaztea bezalako talde batek bide bortitzaren aldeko aukera egitea. Ez zen Serbiako Estatuaren laguntzaren beharrik ere, izan ere, zanpaketa nazionalean eta batez ere sozialean zituen erroak Bosnia Gaztearen ekimenak. Beraz, gure ustez erabat lekuz kanpo dago Saudi Arabia bezalako monarkia absolutista eta teokratiko baten eta mundu osoan eragiten duen, eta jomugan arabiar herri aurrerakoiak dituen ISIS bezalako talde takfirista eta atzerakoi baten arteko harremana XX mende hasieran monarkia inperial baten aurka aritu zen ezkerreko talde iraultzaile erdi-anarkista batekin, nazioarteko babesik gabeko talde batekin, konparatzea. Kasu honetan, konparazio hori estereotipo serbofoboetan (“muturreko nazionalistak”, “gerrazaleak”, “konspirazio zaleak”) eta 1914ko atentatuaren inguruko ulermen oker batetan (Atentatua Belgraden prestatu zela dioen aurreiritzian) oinarritzen dela salatu behar dugu. Ez, atentatu hori ez zen Belgraden prestatua izan.

Bestalde, Juanjo Sanchez Arreseigorrek aipatzen ez duen arren, bada atentatu honi Lehen Mundu Gudaren hasiera egozteko arrazoia. Izan ere, Europako potentzia ezberdinen arteko aurkakotasunak aurrerra zihoazen, XX menderako jada Bismarcken sistema (Europan Prusia/Alemaniaren nagusitasuna bermatzen zuena) agortu zenean (bai Ingalaterra eta Frantizaren alaintzagatik, zeinak Alemaniaren nagusigoa mehatxatzen zuen, eta baita Alemaniak mundu mailan kolonia berriak nahi zituelako, Bismarcken sistemak politika hori mugatu zuelarik). Izan ere, potentzia ezberdinen arteko armamentu-karrera jada hasia zen, eta nolabaiteko talkak gertatzen ziren (Adibidez Frantziak Afrikako koonietako bere portuak alemaniar itsasontziei ixtea). Bestalde, Alemania eta bere aliatu Austriaren politika asiarrarentzat (Turkia eta honek kontrolatzen zuen Asia Hurbila eta Meditarraneoa -puntu estrategiko oso garrantzitsua- Alemaniarekin burdinbidez lotzea ardatza zena) Serbia oztopo zen. Hori zela eta Ausgtriaren eta Serbiaren arteko tentsioa ere oso nabarmena izan zen, bai 1906an serbiar esportazioen arukako enbargu bat jarriz, zein 1908an Bosnia ofizialki anexionatuz bertako populazioari (gehiena, serbiarra) kontsultatua gabe. Beraz, 1914ko uztaileko ultimatuma (atentatua gertatu eta hilabete batera, Austriak gudarako Alemaniaren babesa ziurtatuta), Austriak Serbiari baldintza oso gogorrak jarri zizkiona, aurreko politikaren jarraipen bat da, ez hainbeste atentatuaren ondorioa, zeina aitzakia bat izan zen. Esan beharra dago Pašićen Gobernuak ultimatuma onartu egin zuela (ez da hau ultranazionalista baten jarduna) baldintza bat izan ezik (Austriako poliziak Serbiako lurraldean sarrera askea izatearena), baina hala ere guda egiteko erabakia hartua zegoen.Bestalde, argi dago Gavrilo Princip eta bere kdeek ez zutela gudaren baldintzak prest utzi zituen politika hau diseinatu.

Artikulu hau burutzeko Aleksandar Vuksanovićen “A un sólo disparo/Na pucanj odavde” dokumentalean agertzen diren datuak erabili izan dira, zinez gomendatzen dizuegu dokumental hori ikustea.

About Drina Zubia Kultur Elkartea

Drina Zubia Kultur Elkartearen izaera: hego-eslaviar herriei buruzko euskal elkarte bat da.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s