Realak Belgraden jokatu zuenekoa

Partizan Euskal Herrira datorren honetan, ez dugu ahantzi behar lehenago ere Euskal Herrian jokatutako taldea dugula Belgradekoa. Izan ere, 1990ko udazkenean jokatu zuen, UEFAko Kopan Realaren kontra jokatzea egokitu zitzaionean.

Egia esan, Reala nahiko momentu goxoan zegoen. 80. hamarkada oso hamarkada ona izan zen txuriurdinentzat.Hamarkada horretan lortu zituen Realak momentuz irabazi dituen bi Ligak (1981 eta 1982 urteetan), Alberto Ormaetxearen eskutik, eta baita ere 1987an Toshack entrenatzaile zela irabazitako Kopa. Gainera, 1987-1988 denboraldian Ligako azpitxapeldun izan ziren donostiarrak. Aurreko denboraldian, 1989-1990ean, Reala bosgarren geratu zen, eta Kopan final-laurdenetara iritsi zen, Bartzelonaren kontra final-laurdenetan Camp Noun 1-0 galduta eta Atotxan 3-3 berdindutan kanpoan geratu ziren txuriurdinak.

Partizanen sorrera

Partizanen sorrera eman zuen taldea, Argazkian Peko Dapčević eta Koča Popović (behean erdian, alkondara zuriz) agertzen dira. (Iturria: FK Partizanen webgune ofiziala)

Aurrean Belgradeko Partizan (Партизан) taldea izan zuten gipuzkoarrek. Belgradeko talde hau, 1945ko urriaren 4an sortu zen militar talde baten iniziatibaz. Fundatzaileen artean Svetozar Vukmanović “Tempo” (Светозар Вукмановић “Темпо”), Konstantin “Koča” Popović (Константин Коча Поповић) eta Petar “Peko” Dapčević (Петар “Пеко” Дапчевић) egon ziren (1). Dapčevićek esan zuen moduan “gu denok partisanoak ginen, beraz ez genuen zalantzarik gure taldeari “Partizan” izena jarriko geniola”. Hiru horiek izan ziren batez ere kluba fundatu zutenak. Ez ziren Armadako bigarren mailako pertsonaiak, bazik eta jugoslaviar partisanoen armadan goi mailako postuak izan zituzten pertsonak. Bideo honetan Dušan Mihajlović Partizaneko zalek esaten duen bezala “gure taldea fundatu zuten askok, Jugoslaviako askapen gudan borrokatu aurretik Espainiako Guda Zibilean borrokatu zuten” (3:40 minututik aurrera). Aipatu ditugun hiruren arean, Popović Jugoslaviako Herri Armadaren gakoetako bat izan zen 1943ko Sutjeska Ibaiko Borrokaldian eta 1953tik 1965era Jugoslaviako Kanpo Arazoetarako Ministro izan zen. Vukmanović Jugoslaviako Alderdi Komunistako Komite Zentraleko kide izan zen denbora askoa, eta Dapčević 1944an Belgrade askatzeko ofentsiba sobietar-jugoslaviarrean parte hartu zuten tropa jugoslaviarren buru izan zen.

Partizan fundatu baino hilabete lehenago, 1945eko irailean, Jugoslaviako lehen futbol txapelketa jokatu zen. Txapelketa horretan, Jugoslaviako errepublika bakoitzak (Esloveniak, Kroaziak, Bosniak, Serbiak, Montenegrok eta Mazedoniak) talde banarekin parte hartu zuen, Vojvodinak beste talde bat izan zuen, eta azkena Jugoslaviako Herri Armadaren taldea zen. Talde hau, Jugoslaviako Errepublika denetatik etorritako jokalariz osatua zegoen, eta Partizanen lehen plantilaren kide izan ziren. Parte batean, honek markatuko zuen Partizanen izaera “pan-jugoslaviarra”. Jokalari hauetako asko, guda aurretik Belgradeko edo Zagrebeko klub profesionaletan aritutakoak ziren: Franjo Glazer, Stepan Bobek, Aleksandar Atanacković, Florijan Matekalo, Miroslav Brozović, Zlatko Čajkovski… beraz talde indartsua izan du Partizanek hasiera batetatik. Klub bezala, Partizanek fundatu eta gutxira jokatu zuen bere lehen partida, Zemun hiriko (gaur egun, Belgraden auzoa) selekzio baten kontra, 4-2 irabaziz, Florijan Matekalo izan zen klubaren historiako lehen goleatzailea. Partida horren ostean Eslovakiako Armadaren kontra jokatzera joan zen Partizan, Txekoslovakiara, eta geroago, Armada Gorriaren talde zen Moskuko CSKAren kontra jokatu zuten. Hau izan zen Jugoslavia Sozialistako klub bat Jugoslaviatik ateratzen zen lehen aldia. Lehen partida horietan urdinez jokatu zuen taldeak.

Partizan 1947

1947ko Jugoslaviako Liga irabazi zuen Partizanen taldea. Oraindik kamiseta urdina zeraman Partizanek. (Iturria: juznatribina.net partizanzaleen foroa).

Klubka jokatu zen lehen txapelketa 1947an izan zen, eta Partizanek irabazi zuen. Urte horretan gainera, Kopa ere irabazi zuen, Zemungo Naša Krila (Haшa кpилa, “Gure hegoak”) taldea finalean 2-0 garaituz. Hau izan zen Jugoslaviako lehen bikoitza. Hurrengo urtean Partizan hirugarren geratu zen, eta Kopan finalean galdu zuen Izar Gorriaren kontra: 3-0. 1949an Partizanek bere Ligako bigarren txapelketa irabazi zuen, eta horrez gain, bere “etxea”, JNA Zelaia (Stadion JNA/Стадион ЈНА) eraiki zuen (ordura arte partidak Belgradeko Metalac (gaur egun, OFK) taldearen zelaian jokatzen zituen). 1950an Partizanen forma juridikoa aldatu zen, ordura arte Jugoslaviako Armadaren Etxe Nagusiaren Kirol Elkarte “Partizan” (Fiskulturno društvo Centralnog doma Jugoslovenske armije Partizan/Фискултурно друштво Централног дома Југословенске армије Партизан) deitzen bazen, 1950an, izaera propioagoa hartuz Partizan Kirol Elkarte Jugoslaviarra (Jugoslovensko Sportsko Društvo Partizan/Југословенско спортско друштво Партизан) deituko zen, eta 1953an izaera autonomoagoa hartu zuen.

1950ko hamarkadan, ordean, Partizan ez zen hain arrakastatsua izan: nahiz eta jokalari onak izan, eta talde so indartsua izan ez zuen Ligarik irabaziko (bere auzoko izar Gorriak sei irabazi zituen), eta hiru Kopa besterik ez zituen irabazi: 1952an, 1954an eta 1957an (1952koan 6-0 irabazi zion finalean Izar Gorriari). Hala ere, 1955/56ko Europako Txapelketa jokatu zuen (arreko urteko txapeldun Hajduk Spliteko jokatzeari uko egin zion), eta Europako Txapelketako historiako lehen partida jokatu zuen serbiar taldeak, Portugalgo Sporting taldearen kontra. Partida hori 3-3 bukatu zen, Europako Txapelketako lehen goleatzailea Miloš Milutinović (Милош Милутиновић) izan zen, post honetako protagonista bat izan zena. Partizanek kanporaketa horretan aurrera egin bazuen ere, final-laurdenetan Real Madrilen kontra galdu egin zuen, Bernabeun 4-0 galduta, JNA Zelaian elurra mara-mara zela 3-0 irabaztea ez baitzen nahikoa izan.

Partizan-Real Madril

1955: Partizan 3-Real Madril 0 eta elurra mara-mara (Iturria: La banda izquierda bloga)

Vasovic Real Madril

Vasović 1966ko Europako Txapelketako finalean Real Madrili gola sartzen. (Iturria: Juznatribina.net partizanzaleen foroa)

1960ko hamarkada, batez ere hamarkada honen lehen zatia askoz ere arrakastatsuagoa izan zen taldearentzat. 1961ko, 1962ko eta 1963k Ligak jarraian irabazi zituzten (hiru aldiz jarraian irabazten zuen lehen taldea) eta baita ere 1965an. Momentu honetan izan zen Partizanek “Parni Valjak” (парни ваљак) edo “Zapalgailua” ezizena. 1966ko sasoian Europako Txapelketan lan bikaina egin zuen Partizanek. Txapelketa horretan, Partizanek lehenbizi Frantziako Nantes taldea kanporatu zuen (2-0 Belgraden irabazi eta Bretainian 2-2 berdindu), hurrena Alwmniako Werder Bremen taldea (etxean 3-0 irabazi eta kanpoan eutsi, soilik 1-0 galduta), final-laurdenetan Pragako Sparta (Txekoslovakian 4-1 galdu arren, Jugoslavian 5-0 irabazi zuten), finalerdietan Municheko desastrearen ondoren Belgradera itzultzen zen Manchester (etxean 2-0 irabazita eta kanoan 1-0 galduz eutsita) eta finalean Real Madril izan zuten aurkari, jada bost aldiz Europako txapeldun izan zen taldea. Partizan partida irabazten hasi zen, 55. minutuan Velibor Vasovićek (Велибор Васовић) sartutako gol bati esker, baina 70. eta 76. minutuetan zuriek partidari buelta ematen lortu zuten, eta Partizanek ez zuen Txapelketa irabazi.

Partizan zuribeltzez

60ko hamarkada hasieran hiru Liga irabazi zituen Partizanek, jada betirako izango diren kolore zuribeltzez. (Iturria: juznatribina.net partizanzaleen foroa)

Honez gain, ezkutua eta koloreak finkatu izan ziren. Esan dugun bezala, lehen partiduetan urdinez jokatu zuen taldeak, eta hurrengo urteetan, gorriz, zuriz edo urdin-gorriz. 1960an finkatu ziren kolore zuria eta beltza. Stjepan Bobek jokalariaren arabera, bere gomendioa izan zen kolore zuri eta beltza klubaren koloreak izateko. Bobekek kontatzen duenez, Juventusen lagunarteko kontrako partida baten ostean, talde italiarrak bi jantzi-joko oparitu zizkion Partizango taldeari. Partizango jokalariak hain liluratuak zeuden italiarren opariarekin ezen Bobekek zuria eta beltza klubaren kolore bihurtzea iradoki zuen. Armarria ere orduan finkatu zen. Izan ere, hasietan Jugoslaviar Armadaren siglak zeramatzan izar gorri bat besterik ez zen armarria. Pixkanaka gaur eguneko forma borobila, “Partizan” hitza latinikoz zein zirilikoz daramalarik eta Jugoslaviako Errepublika Sozialista Federalaren armarriko sua gehitzen hasi zitzaizkion. Gaur egungo ezkutua 1958 urtean ezarri zen, hori bai, orduan “Jugoslovensko Sportsko Društvo” hitzak zekartzan gaur egungo (1992.ean egin zen aldaketa) dakartzan “Fudbalski Klub” hitzen ordez.

Partizanen armarri zaharra

Partizanen armarrian 40 hamarkadan hasiko ziren gaur egun definitzen dituzten elementuak (forma borobila, erdiko izarra, “Partizan” hitza, Jugoslaviaren sua) perfilatzen, baina forma definiibo hau 1958an hartuko zuen. (Nahiz eta gaur egun “Jugoslaviar Kirol Elkartea” baino “Futbol Taldea” esapidea daraman). (Iturria: FK Partizanen webgune ofiziala)

1966ko Europako Txapelketa galtzeak nolabaiteko tristezia ekarri zuen Belgradeko zuribeltzen etxera. Izan ere, futbolaririk garrantzitsuenak taldetik joan egin ziren. Izan ere 1966 eta 1975 urteen artean titulurik irabazi gabe egon zen talde hau, 1976an eta 1978an irabaziko zituen beste Liga bi. Gainera 1978an orain arte irabazitako europar txapelketa bakarra irabazi zuen Partizanek, Mitropa Kopa, finalean Hungariako Honvéd (zeina armadaren taldea ere baden) 1-0 garaituta. Hala ere, hurrengo urtea, 1978/79 denboraldia oso txarra izan zen, bigarren mailara jaisteko zorian egon ziren belgradarrak, azken partidan Titogradeko Budućnost (“будућност “ edo “Etorkizuna”) taldeari 4-2 irabazita salbatu ziren (18 taldetatik 15. geratu zen Partizan). 1979/80an ere askoz hobe ez ziren ibiliko, 13. geratu baitziren.

Hala ere, 1980ko hamarkadan, belaunaldi berri bat sartuko zen, berriz ere Partizan arrakastaren bidera eramango zuena. Partizanek izar berri bat izan zuen, Dragan Mance, zeinak talde hau 1983an Liga irabaztera eraman zuen. Zoritxarrez, Mance 1985an hil zen, kotxezko istripu batean. Horrez gain, hurrengo urtean 1985/86an, zorte txarrak are gehiago jazarri zuen Partizan. Urte horretan, azken partidara lehen postuan iritsi zen talde serbiarra, bina azken partida, irabazi arren, Jugoslaviako Futbol Federazioko lehendakari Slavko Šajberrek errepikatzea agindu zuen, partida batzuk aldez aurretik adostu zirela eta. Tartean zegoen talde bat Partizan zen. Talde denak jardunaldia errepikatzearekin ados izan ziren, Partizan izan ezik. Hori dela eta, Sarajevoko Željezničarren kontrako partida galdutzat eman zioten, Liga Izar Gorriak irabazi zuelarik. Gainera, hurrengo Ligan, 1986/87an, hamabi taldek (tartean lau handiek Partizanek izar Gorriak, Zagrebeko Dinamok eta Spliteko Hajdukek) sei puntu gutxiagorekin hasteko erabakia hartu zuen Federazioak. Liga hori Mazedoniako Skopje hiriburuko Vardarek irabazi zuen. Hortik hilabete batzutara, hainbat alegazio ondoren erabaki horiek atzera botatzeko erabakia hartu zuten epaitegiek, eta beraz, 1986ko eta 1987ko Ligak Partizani eman zizkioten. Baina hori bai, Europako Txapelketetan parte hartu gabe geratu ziren. Honek, jokalari batzuek Europako talde boteretsuago batetara joateko erabakia hartzea ekarri zuen, tartean, Vladimir Vermezovićek (Владимир Вермезовић), Admir Smajićek, Nebojša Vučićevićek (Небојша Вучићевић), Miloš Djelmašek (Милош Ђелмаш), Srečko Katanecek, Zlatko Zahoviček, Bajram Župićek (Бајрам Жупић) eta Predrag Spasićek (Предраг Спасић).

Partizanen zalegoa, 80 hamarkadan

Partizanen zalegoa, 1980ko hamarkadan. (Iturria: “La banda izquierda” bloga)

Hala beraz, 1988 eta 1991 artean Partizanek Kopa bat soilik irabazi zuen, 1989koa, finalean Velež Mostarri 6-1 irabazita, eta Ligarik ez (1988/19898 sasoian Jugoslaviako Ligan sistema berezi bat asmatu zen: garaipenagatik bi puntu ematen zituzten eta porrotarengatik bat ere ez, baina berdinketa gertatuz gero, penaltietara joan behar ziren. Penaltietan irabazten zuen taldeak puntu bat irabazten zuen, galtzaileak bat ere ez). Beraz, 1989-1990 denboraldian ligan laugarren geratuta eta finalerdietan Izar Gorriaren aurka 1-0 eta 2-3 galduta, 1990ko udazkenean Partizan Jugoslavia Sozialistako 11 Liga eta 5 Kopa irabazita (beste Kopa bat irabaziko zuen 1992an) lehiatu zen Realaren kontra (2). (Jugoslaviako 1990/91 sasoiko Lehen Mailako Ligak 19 talde zituen, erabaki arraro batzuk medio). Kontutan izan behar da, lau urte horietan urtero aldatu zutela entrenatzailea. 1990/91 denboraldiko entrenatzailea Miloš Milutinović zen, 50ko hamarkadan Partizanen jokatu zuena. Entrenatzaile moduan ez zen berria, 1966. urtetik zeraman aulkietan, 1982 eta 1984 artean Partizan entrenatu zuen (beraz 1983ko Liga irabazi zuen) eta 1984 eta 1986 artean Jugoslaviako selekzioa. Hala ere, zaleek agian bere anai Velibor “Bora” Milutinović (Велибор Бора Милутиновић) ezagutuko dute hobeto: 1986etik 2002rako bost munduko txapelketa ezberdinetan bost selekziorekin aritu baitzen: Mexikorekin, Costa Ricarekin, AEBekin, Nigeriarekin eta Txinarekin.

Urte horretako UEFA Kopako bigarren txandan egin zuten topo euskaldunek eta jugoslaviarrek. Serbiako taldeak 0-3 eta 2-0 irabazi zion Maltako Hibernians taldeari. Gipuzkoakoa larriago ibili zen, joaneko partidan Suitzako Laussane Sporten kontra 3-2 galdu baitzuen 0-2 irabazten joanda (azken minutuan jaso zuten txuriurdinek hirugarren gola). Itzulikoan Aldridgeren gol bati esker sailkatu zen Reala.

Kanporaketa:

Behin “atarikoak” aztertuta, kanporaketa bera aztertu beharrean aurkitzen gara. Honetarako, hiru egunkari kontsultatu ditugu: “Diario Vasco”, “Deia” (Gipuzkoako edizioa) eta “Egin”. “Euskaldunon Egunkaria” ez zen 1990ko abendura arte (hau da, kanporaketa jokatu eta hilabete geroago agertu arte) aterako. Hiru egunkariok partidaren eta ingurukoen gaineko informazio ugari eskaini izan zuten, bana guri gustatuko zitzaigun Jugoslaviako egoera eta historiari buruz informazio gehixeago ematea.

Aurreko kanporaketa gainditu ostean, urraren 5ean izan zen zozketa. Beraz, euskal prentsak hurrengo egunean eman zuen zozketaren berri. Aipatu beharra dago bolatxoak zozketatik atera zirenean, Partizanen izena Realarena baino aurrerago atera zela, beraz hasieran, nahiko poztasun zegoen txuriurdinen artean, baina geroago Europako Kopako (gaur egun Txapeldunen Liga)zozketa egin zen eta Belgradeko beste taldeak, Izar Gorriak, data horretan etxean Eskoziako Glasgow Rangersen kontra jokatu behar zuela markatu zuen zozketak. Beraz, UEFA kategoria txikiagoko txapelketa izaki, UEFAko kanporaketaren ordena aldatu behar zian zen. Honela kontatzen du Egineko Tito Irazusta kazetariak: “12:16tan izan zen “Partizan Realaren aurka, ordena horretan eman zutenekoa, eta Zubietan nahiko izik agertu ziren. Biana gero Europako txapelketa zozketatu zenean, ordena aldatu beharreko zurrumurruak nagusitu ziren (…) ordubietan hartu zen erabaki definitiboa, lehen partida Donostian jokatuko zen” (Egin, 1990-X-6). Euskaldunen entrenatzaile Marco Antonio Boronatek hitzek ere garbi uzten zuten: “Nahiago nukeen lehen partida Belgraden jokatu behar izan balitz”. Boronat “baikor” agertu zen, baina bazekien “jugoslaviar taldeak kalitate handikoak zirela”. Boronaten arabera “Belgradera lasai joateko, etxean gutxienez 2-0 irabazi behar dugu”. (Diario Vasco, 1990-X-6). Hala ere, bazituen loreak hartu beharreko hiriarentzat ere bai: “Ona da Belgraden jokatzea” esan zuen entrenatzaile txuriurdinak (Deia, 1990-X-6). Baina beste alde batetik kontziente zen baita “jugoslaviar taldeek arerioari jokatzen zuten ziotela”, eta “azkenotan handik jokalari asko joandakoak dira, horrek jugoslaviar taldeak esperientziarik gabeko jokalarien esku utzi dutelarik”. (Egin, 1990-X-6). Ikusiko dugun bezala, halako adierazpenak, Partizaneko eta Jugoslaviako selekzioko atzelari Predrag Spasić aurreko urtean Real Madrilera saldu izanaz (gero hiru urtez Euskal Herrian, Osasunan, ibili zen Spasić). Ez zen bakarra izan Partizan eta Spasićen kasua, Izar Gorriak Dragan Stojković (Стојковић) izarra saldu baitzion Olympique Marseille taldeari (3). Xabier Bengoetxea atzelaria ere ez zen fidatzen, berak esan baitzuen “jugoslaviar taldeek garra handiarekin jokatzen dutela”. (Egin, 1990-X-6)

Euskal Herriko hiru egunkariek arazo hori markatu zuten; jokalarien salmentarena. Eginek Spasićez gain, Partizanek “Zahonić (sic, Zahovič, gero Valentzian ibilitakoa), Milojević, Gunev, Vic (sic, Vučićević) eta Uner” galdu zituela aipatu zuen (Egin, 1990-X-6). Honi aurre egiteko jokalariak fitxatu behar izan zituztela aipatzen dute: Diario Vascoko Javier Roldanek “Vojvodinatik Slaviša Jokanović (Славиша Јокановић) fitxatu zutela” aipatzen zuen (Diario Vasco, 1990-X-6), eta Egineko Irazustak “Bojbodinatik (sic) Jokanović eta Randikitik (sic, Radnički) Višnjić (Bишњић) fitxatu dutela” aipatu zuen (Egin, 1990-X-6). Bi hauek gero Espainiako Ligan arituko ziren, beraz zale batzuek ezagutuko dituzte: Jokanović Oviedon, Tenerifen eta Coruñako Deportivon ibili zen eta Višnjić Meridan, Herculeresn eta Rayo Vallecanon.

Partizanen historia aztertzerakoan, prentsak zioen “Jugoslaviako eta Europako futbolaren klasiko bat zela”. Modu horretan, Deiako Mañu De la Puentek zioen “nahiz eta azken urteetan Izar Gorriaren atzetik egon, talde klasikoa dugu”, ideia bera era erabiltzen zuen Diario Vascoko Javier Roldanek. (Deia, 1990-X-6; eta Diario Vasco, 1990-X-6). Bitxia zen urriaren 6an Diario Vascoko Javier Roldan kazetariak eta urriaren 23an Egineko Tito Irazustak antzeko kalifikatiboak erabiltzea: “talde karismatikoa” zela zeritzoten; eta baita akats berdina egitea: “1945an fundatutako talde hau, 1950 eta 1953 artean Jugoslaviar Armadarena izan zen”. (Diario Vasco, 1990-X-6; eta Egin, 1990-X-23). Lehen ikusi dugun moduan, Jugoslaviar Armadak berak sortu zuen Partizan talde bezala 1945an, eta Jugoslavia Sozialista desegin arte izaera hori mantenduko zuen nahiz eta egia izan 1950an eta 1953an klubak Armadarekiko lotura lausotzeko pausuak eman zituen. Hiru egunkariek “talde gaztea” zela esaten dute (Eginek zioen “22 eta 24 urteren artean dagoela batez bestekoa; Egin, 1990-X-23). Nahiz eta hemen Diario Vascok akats txiki bat egiten duen, taldeko zaharrena Fahrudin Omerović atezaina (Jugoslaviako selekzioko atezaina) zela esaten du egunkari honek “27 urterekin” zaharrena Miodrag Ješić (Миодраг Јешић) zen, orduan 32 urte zituena. (Deia, 1990-X-6; eta Egin, 1990-X-23). Deiak “Estanoskovic (sic, Stanojković), Bogdanovic eta Jurjevic (sic, Djurdjević)” nabarmentzen zituen (Deia, 1990-X-6) eta Eginek Partizanen “hamaikako tipoa” ere eman zuen: “atezaina Fahrudin Omerović, atzean eskuinean Vujadin Stanojković (Вујадин Станојковић), ezkerrean Budimir Vujačić (Будимир Вујачић), zentrala Darko Milanič eta liberoa Miodrag Ješić edo Gordan Petrić (Гopдaн Пeтpић) (…) Zelai-erdian, Goran Bogdanović (Горан Богдановић), 23-azpiko Jugoslavian jokatzen duena, Predrag Mijatović (Предраг Мијатовић), 21 urte izan arren errematatzaile onena dena, Slaviša Jokanović eta Goran Stevanović (Горан Стевановић). Goian Milan Djurdjević (Mилaн Ђуpђeвић) eta Josip Višnjić”. Egunkari honek aipatu zuen “Jokanović Katanečen antzekoa dela eta Bogdanović Atletico Madrilek fitxatu nahi zuela” (Egin, 1990-X-23). Zaleek agian Osasunan ibilitako Stevanović eta Real Madrilen eta Valentzian ibilitako “Pedja” Mijatović ezagutuko duzue inor baino hoberen. Besteen artean, aipatutako Jokanović eta Višnjićez aparte, Goran Bogdanović Espanyol taldean ibili zen, eta Djurdjević Mallorcan, hau Bigarren Mailan zelarik.

Bestalde, pronostikoa botatzen ausartu zen egunkari bakarra Deia izan zen. Bertan Mañu de la Puentek kanporaketaz “ez da erraza, eta ez da zaila” esan zuen eta baita “hobe Partizan talde alemaniarren edo errumaniarren bat baino, jugoslaviar futbola ezagunagoa baita”. Bertako “E.O.” kazetariak, hurrengo kanporaketan egotea “eskuragarri” ikusten zuen. (Deia, 1990-X-6).

Partida gerturatu ahala, realzaleen ingurua gero eta baikorragoa zen. Alde batetik Realak Valentziaren kontra irabaztetik zetorren, eta Partizan ordea etxean Rad Beograd taldearen aurka 1-2 galtzetik. Diario Vascon, agentzien arabera “zaleek taldearen kontrako oihuak bota zituzten” eta egoera kritikoa zen, “bi aste lehenago Izar Gorriaren kontra etxean galdu zutelako”. (Diario Vasco, 1990-X-22). Hala ere, hau ez da zuzena, izan ere berdindu eta penaltietan galdu zuten (egia da derbi bat izanik, zaleentzat porrot mota guztiak direla berdinak, baina irakurleei hau zuzentzea ondo deritzogu). Baina egia da Raden eta Izar Gorriaren partiden artean Sloboda Užice taldearen kontra 3-1 galdu zutela (Egin, 1990-X-23). Raden kontrako partidak, gainera, zauri sakonak utzi zituen, bigarren gola urrutitik sartu baitzioten eta horrek Omerović atezaina ordezko Pandurovićengatik aldatzea ekarri zuen. Gainera, Milan Djurdjević aurrelaria taldetik at geratuko zen, diziplina arazoak zirela medio (hiru egunkariek aipatu zuten hau, Salva Iriarte beasaindarrak egin zuen Partizanen gaineko txostena, hori zela eta, Gipuzkoako prentsa jakitun zen Djurdjević taldetik at egoteaz).

Egin 1990-X-23

Partizaneko jokalariak Donostiara iristen. (Iturria: Gallego argazkilaria/Egin, 1990-X-23)

Beraz, baikorrak izateko arrazoiak zituzten txuriurdinek. Deiako “Ortuzar” kazetariak bazioen “euskaldunen eta jugoslaviarren artean ez dagoela ezberdintasun handiegirik, baina batzuek momentu baikor batean daudela eta beste batzuk ordea, momentu ezkor batean”. (Deia, 1990-X-24). Bat egiten zuen ideia horrekin Diario Vascoko Luis de Andia kazetariak: “momentu onean dator partida hau, Partizan ez dago bere zuzendariek nahi duten bezala”. (Diario Vasco, 1990-X-24). Aurreko egunean, urriaren 23an Boronat entrenatzaileak esan zuen “Partizan talde gaztea eta teknikoa zela, baina desordenatua baita” eta baita “badakit zeintzuk diren Partizanen ahulguneak eta aprobetxatzen jakin behar dugu”. Beste alde batetik Boronatek esan zuen, 2-0 edo 3-0ekoa nahi dut lasai joan gaitezen Belgradera”. (Diario Vasco eta Deia, 1990-X-23; eta Egin, 1990-X-24). Miloš Milutinovićek ordea “Reala faboritoa” zela esan zuen. (Diario Vasco, 1990-X-23; eta Deia, 1990-X-24). Zuribeltzen entrenatzaileak, urriaren 22an “Omerović bere postuko onena da eta jarraitu egingo du” esan bazuen ere (Egin, 1990-X-23), hurrengo egunean atzera egin zuen “Omerovićek arazo pertsonalak ditu, eta ez dago kontzentratuta” esan zuelarik (Diario Vasco eta Egin, 1990-X-24). Milutinovićek esan zuen baita “Realak erasora egiten badu gu defendatzen saiatuko gara”, eta hamaikakoa aurkeztu zuen, oso hamaikako defentsiboa ikusiko dugun bezala (Deia eta Diario Vasco, 1990-X-24). Jugoslaviarrak Realean Lasa nabarmendu zuen (Egin, 1990-X-24), eta horrez gain, “bere zuzendariak (Bečković jaunak)” Reala-Valentzia partida ikusi zuela esan zuen. Serbiar entrenatzailearen hitzaldien itzultzaile gisa Hernaniko taldean eskubaloi-jokalari izan zen Snežana Grujić (Снежана Грујић) aritu izan zen (Diario Vasco, 1990-X-23; eta Egin, 1990-X-24).

Hala ere, txuriurdinak ez ziren Milutinovićek emandako faborito paperaz fido. Deiako “Ortuzarrek” esaten zuen “Milutinovićek faboritotzat eman arren, egin gara konfidatu (…) jugoslaviar taldeak teknika handikoak baitira”. (Deia, 1990-X-24). Boronatek berak esan zuen “nik errespetu handia diot aurkariari, talde honetan honela lortzen baititugu arrakastak”. (Egin, 1990-X-23). Gainera kontutan zian behar da, urte horretan fitxatutako Dailan Atkinson aurrelaria, donostiarrek inoiz egindako fitxaketarik garestiena, aurreko partidan lesionatu egin zela, beraz, Realak jokalari bat galtzen duela. Miloš Milutinovićek berak ere esan zuen “Ni oso pozik nago Atkinsonek jokatu ezin duelako”. (Diario Vasco eta Egin, 1990-X-24). Horren aurrean Marco Antonio Boronatek urte horretan debutatutako Guruzeta eta Sansen jokatzen zuen Belloso iruindarra konbokatu zituen.

Egin, 1990-XI-7

Modu honetan sartu zuen Larrañagak gola. (Iturria: Gallego argazkilaria/Egin, 1990-XI-7)

Urriaren 24an izan zen partida beraz. Atotxaren hiru laurdenak bete ziren, 17.000 bat ikusle baitzeuden (Deia, 1990-X-25). Zaleek asko animatu zuten, abian arazorik sortu gabe. Ez dugu zehatz-mehatz zenbat partizanzale zeuden jakiterik, baina 100 bat zirela uste dugu Deiak “teknikari, zuzendari, kazetari eta zaleen artean 150 bat belgradar etorri direla” informatu baitzuen (Deia, 1990-X-24). Realak txuriurdinez jokatu zuen, eta Partizanek, zuriz. Realaren aldetik, Gonzalez, Gajate, Gorriz, Bengoetxea, Fuentes, Richardson (Guruzeta, 75’), Lasa, Mentxaka, Larrañaga, Lumbreras (Dadie, 34’) eta Aldridge aritu ziren. Partizanek ordea, Pandurović, Stanojković, Petrić, Milanič, Vujačić, Jokanović, Mijatović, Ješić, Višnjić, Bogdanović eta Šćepović zeilairatu zituen. Ikusten denez, urriaren 23an Eginek ateratako hamaikakoarengan, pixka bat aldatu zuen: Ješić atzelaria erdian jarri zuen; horrela defentsa gehiago zelairatuz (Stevanović kanpoan geratu zen). Beste alde batetik Višnjić aurrelaria eta Bogdanović erdilaria ere tokiz aldatu zituen. Eta azken aldaketa (atean Goran Pandurović –Горан Пандуровић- jartzeaz gain), aurrean, defenestratutako Milan Djurdjevićen tokian, ordezkoa zen Sladjan Šćepović jartzea (Cлaђaн Шћeпoвић) izan zen (Šćepovićek urte bat egin zuen Merida taldean). Epaile bezala Mikkelsen daniarra izan zen, eta hiru egunkariak bat datoz “pixka bat etxekoaren aldekoa” izan zela esatearekin.

Partidan zehar, Realak asko bultzatu zuen aurrera, batez ere hegaletatik, handik zuen nagusitasuna aprobetxatuz. Hala ere, Partizan saiatu zen hegalak ixten, batez ere euren eskuinekoa (Realaren ezkerrekoa), Lasa tapatzeko bi gizon erabiliz. Lasa berarena izan zen aukerarik onena lehen zaian, bere erremate bat Petrićek atera zuen. Hiru egunkariek aipatu zuten, zelai-erdian Partizan hobea izan zela jokalariek teknika handiagoa baitzuten. Bigarren zatian ere berdin jokatu zuten, Reala hasierako 20 minutuetan oso goian egon zen, eta borondate handiarekin jokatu zuen, eta Partizanek, ordea pixkanaka gora egin zuen, teknika aplikatuz izan ere, talde jugoslaviarrei ezartzen zitzaien “anarkiko” estereotipoa puskatu zuen, oso modu diziplinatuan jokatu baitzuen. 64. minutuan aukerarik onena izan zuen Partizanek: Mijatovićen barnekaldia, area barruan jarri, baina kanpora bota zuen. Hala ere, aprtidan bukaeran etorriko zen jokaldi erabakigarria: Mentxakak falta bat atera, bigarren zutoinean Gorrizek buruz berriz baloia erdiratu, Fuentesek pasatzen utzi eta Juanan Larrañagak baloia jaurti eta gola sartu zuen. Pandurovićek ezin zuen ezer egin azpeitiarraren danbatekoa gelditzeko. Hona bideoa:

Prentsaren arabera, golak Realak egindako merituak saritu zituen. Eginen arabera, “Realak amorru handiz jokatu zuen” eta “hamarretan bota zen Pandurovićen kontra, eta Partizanek seitan Gonzalezen kontra. Bi atezainek bina gelditu egin zituzten”. (Egin, 1990-X-25). Deiaren arabera “Partizanek oso ondo jokatu zuen (…) bagenekien Milutinovićek esandakoek amarrua zutela (…) estilo hain diziplinatuak pixka bat harritu gintuen”. Hala ere, “bigarren zatian Realak Partizan hormaren kontra jarri zuen”. Deiak komentatu zuen Partizanen teknika eta diziplina ikusika, “Partizan arkume mozorropeko otso bat izan zen” “Ortuzar” kazetariak esan zuen “Partizan talde handia da eta sufritu arazi egin digu”. (Deia, 1990-X-25). Diario Vascoren arabera, “Realak gogo eta indar handia erakutsi zuen (…) eta Partizanek teknika hobea”. (Diario Vasco, 1990-X-25). Protagonistei entzunaz gero, gipuzkoarren entrenatzaile Boronatek “aurkari handi baten kontrako partida gogor bat izan dela” aipatu ostean “gola lehenago sartu behar genuen” esan zuen. “Partiduaren fase batzuetan Partizan bere arean itxita izan dugu” esan zuen entrenatzaile txuriurdinak. “Desgaste handiko partida izan da eta saria merezi egin dugu”. Gola luzapenean sartu zutenaz itaundua izatean Boronatek “egia da, baina aurten luzapenetan gure kontrako golak ere jaso ditugu” esan zuen. Miloš Milutinović pixka bat haserreago zegoen azken minutuan galdu ostean, hala ere “nire mutilek egin duten lanarekin pozik nago” esan zuen, eta ez zuen aitzakiarik jarri izan nahi: “futbola halakoa da, edozein momentutan sartu edo jaso zenezake gol bat”. “Bi aldeek kalitate handia erakutsi” dutela esan ondoren “kanporaketa aurrera aterako dugula uste dut” esan zuen, baina horretarako “Realak JNAn hemen Partizanek izan dituen arazo berdinak izatea espero dut”.

Beste protagonistei dagokienez, partidaren heroi Larrañagak “gola edozein momentutan etorriko zenaren itxaropena genuen” esan zuen, eta bere aldetik “nire gola baino taldeak irabaztea da ederrena”. Azpeitiarrak komentatu zuenez “Partizanek talde handi baten moduan jokatu du, ez dira kokildu”. Beste alde batetik, klub euskaldunaren lehendakari Iñaki Alkizak esan zuenez “gola sartzeari baino, kontrako golik ez jasotzeari ematen diot garrantzia gehien”. (Egin, 1990-X-25). Itxaropentsu beraz gipuzkoarrak.

Bueltako partidaren inguruko inguru-marietan sartu aurretik, Gipuzkoako prentsak Belgrad nola ikusten duen komentatuko dugu. Agian Jugoslaviako egoerari buruzko informazio gehiago espero genuela komentatu dugu, baina tira, Belgradeko orduko egunerokotasunaz zerbait komentatu zuten, eta hori aipatuko dugu. Lehena, Egineko Tito Irazusta izan zen, zeinak bere izen bera zuen lehendakari jugoslaviar historikoari erreferentzia egin ez bazion ere, urriaren 6an bertan, Belgradek “1.600.000 biztanle, 12.000 hotel toki, 60 zinema, 8 antzoki eta Scarfija (sic, Skadarlija edo Skadarska) deitutako auzo bohemio bat zuela” esan zuen, eta baita “bere dirua dinarra eta bere hizkuntza serbokroaziarra” zela. (Egin, 1990-X-6). Hizkuntzaren ondoan, ez zen hain fin ibili Deian “Don Manuel” ezizena erabiltzen zuen kazetaria, hizkuntza “jugoslaviera” zela esan baitzuen, eta “oso zaila” zela gaineratu zuen, “hamar letretako hitz batetan, zortzi kontsonante aurkitu baititzakezu”. (Deia, 1990-XI-9). Diario Vascoko Luis de Andiak azalpen etimologikoak ere eman zituen “Belgradek “zuria” esan nahi zuela” azaldu baitzuen eta baita “munduko guda batean bonbardatu eta suntsitu zuten lehen hiria zela”. (Diario Vasco, 1990-XI-7). Historiari buruz, Egineko Irazustak ere gaineratu zuen “gidak azaldu digu Belgradek zazpi mila urte dituela” (hor egon bazen asentamendu zelta bat, erromatarren garaian Singidunum deitzen zitzaion). (Egin, 1990-XI-7). Bai Diario Vascoko Luis de Andiak, zein Deiako “Don Manuelek”, garai hartako inflazioa apatu zuten. Luis de Andiak dinarra “%2500 garestitu zela, eta ondorioz dinar berria atera zela.” aipatu zuen, eta “Don Manuelek” “%2600 garestitu zela”, honek “dinar berria 13 pezetatan aldatzen zela” gaineratu zuelarik. Azken honek “edonon aurki daitezkeen kaleko trukaketa-merkatuetara ez hurbiltzea” gaineratu zuen, garai horietan sistema sozialistaren liberalizatzeak sortzen zuen arazo bat, merkatu beltzaren agerpena, aipatuz. (Diario Vasco, 1990-XI-7; eta Deia, 1990-XI-8). Egineko Irazustak, beste modu batean aipatu zuen kontuan, bere arabera “Partizanek, jokalari bakoitzari 250.000 pezetako prima eskaini die irabaziz gero… eta Jugoslavian dagoen egoera kontutan izanik ez da mespretxatzeko kopurua”. (Egin, 1990-X-23). Ondorioz, “Don Manuelen” ustez, “Belgrad merkea joan da, orain arropek Donostian baino gehiago balio dute, nahiz eta halako kalitatezkoak ez izan”. (Deia, 1990-XI-8). Sistema politikoari dagokionez, Luis de Andiak oso deskribapen bitxia erabili zuen Jugoslaviako sozialismo mota deskribatzeko: “bi aurpegitako sozialismoa”. (Diario Vasco, 1990-XI-7). Kazetari hau eta Tito Irazusta zian ziren “istiluak” aipatu zituztenak, “Don Manuelek” ez zituen aipatu. De Andiaren arabera, “tentsioa badago… baina noiz ez dago Europako Ekialdean?”. (Diario Vasco, 1990-XI-7). Tito Irazustak gehiago zehaztu zuen, “guda aurreko giroa zegoela” esan baitzuen (Egin, 1990-XI-7); eta baita “txuriurdin batzuk kezkatuta daudela, Jugoslaviako hainbat tokitan piztu izan diren istiluak direla eta” (Egin, 1990-XI-6). Bi kazetari hauek, Jugoslavian bizi zen alderdi politiko ezberdinen eklosioa aipatu zuten, Irazustaren arabera “Belgraden 50 alderdi politiko daude, eta Jugoslavian 300” Luis de Andiak “Serbian 200 alderdi eta Jugoslavian 500”-etan zifratu zuen kopurua. (Egin, 1990-XI-7; eta Diario Vasco, 1990-XI-7). Zeharkako aipamenak beraz Jugoslavia Sozialistaren krisiari… Azken bitxikeria “Don Manuelek” kontatzen digu, zeinaren arabera, “famak fama, Belgraden ez dago hainbeste parrandarik”. (Deia, 1990-XI-9).

Bueltako partida azaroaren 8an izan zen, ostegunean, eta Reala 6an, asteartean iritsi zen Belgradera. Nahiz eta hasiera batean, Izar Gorriaren Marakana Txikiaren ondoko “zelai anexo” baten entrenatuko zutela zabaldu (eta Boronatek hori ere baieztatu zuen), Eginek, Realak Marakana Txikian bertan entrenatu zuena zabaldu zuen, Inaxio Kortabarriak egindako kudeaketa batzuen ostean. (Egin, 1990-XI-8). Diario Vascoko Luis de Andiaren arabera, “Marakana Txikia estadio ederra zen, JNA baino ederragoa, baina hala ere, JNA beterik espero dugu”. (Diario Vasco, 1990-XI-8). Horrekiko Irazusta eszeptikoa zen. (Egin, 1990-XI-7). Hala ere, Partizanen zaleen garra hiru egunkariek aipatu zuten, eta horrek ez zien ez dezepzionatuko.

Partidaren aurretiko asteburuan, Realak 1-1 berdindu zuen Atotxan Valladoliden kontra. Partizanek ordea, etxean 0-2 galdu zuen Zrenjanin hiriko Proleter taldearen aurka (Jugoslaviako Ligan azkena zihoan talde hau), eta antza denez, zalegoak Miloš Milutinovićen dimisioa eskatu zuen. (Egin eta Deia, 1990-XI-5). Partida ikusten Salva Iriarte beasaindarra egon zen. Iriartek kontatzen duen anekdota baten arabera, zaleren batek atzeman egin zion “espiatzera” etorri zela, eta esan zion: “gaur 0-4 galtzen badugu ere, ostegunean bertan egongo gara”. (Egin, 1990-XI-7; eta Deia, 1990-XI-8). Partizanek garrantzia handia eman zion partida honi, Belgradetik 100 kilometrotara urrundu baitziren. (Egin, 1990-XI-8). Bestalde, ziurtzat ematen zuen gipuzkoar prentsak zuribeltzek Atotxan jokatu ez zuen Milan Djurdjević deituko zuela. Boronatek ere bazekin hori. (Egin, 1990-XI-7).

Partidaren aurretik bi mezu nagusitu ziren txuriurdinen inguruan: bata, ez arerioaz, ez abantailaz ez fidatzearena; eta bigarrena, golaren bila joan behar zela. Lehenaren inguruan Boronatek esan zuen ez zegoela “beste partida batzuen aurretik baino urduriago”; baina, “Partizan ondo aztertua zuela”. (Egin, 1990-XI-8). Boronat berak esan zuen “Atotxako partidak ez zuela balio Partizanen indargune eta ahulguneak atzemateko, han markagailuarekin jokatu baitzuten (…) ur nahiz partidan honetan ezagutuko dugula egiazko Partizan”. (Deia, 1990-XI-8). Salva Iriartek ere antzera pentsatzen zuen: “Ikusiko dugun Partizan ez da asteburuan Proleterren aurka 0-2 galdu zuena. Partizan mota asko ezagutzen ditut”. (Deia, 1990-XI-7). Iñaki Alkiza lehendakariak ere hitz egin zuen: “ezin gara Partizanez fidatu” (Deia, 1990-XI-8). Bigarrenaren inguruan, Boronatek “ez gara atzean sartuko, horrek ez gaitu inora eramango” esan zuen (Diario Vasco, 1990-XI-6; eta Egin, 1990-XI-7). Jokalariek mezua partekatzen zuten, adibidez Bixio Gorrizek esan zuen moduan “Baikorra naiz, baina 1-0eko abantaila nahasgarria da”. (Diario Vasco, 1990-XI-7). Txema Lumbrerasek ere berdin pentsatzen zuen “Belgraden ezin gara atzean sartu” (Diario Vasco, 1990-XI-6). Aurreko partidako heroi Larrañagak “Agian Atotxako 1-0ekoa nahikoa izango da, baina beste bat sartu behar dugu (…) normalean etxekoak gola sartzen du eta” esan zuen (Egin, 1990-XI-7). Bestalde, azken minutura arte Tema Lumbreras zalantza izateak urduritasun pixka bat ekarri zuen (Atkinson ez zen osatu). Boronatek urte horretan debuta egin zuen Luis Perez hernaniarra eta lehen aipatutako Javier Belloso iruindarra ere konbokatu zituen.

Partizan-Reala sarrera

JNA zelaian jokatu zen itzuliko partidarako sarrera. (Iturria: @RSF_ClassicPics twitter-kontua)

Partida, beraz, ostegunean, urriaren 24ko arratsaldeko 19:15etan hasi zen: Partizanek zuribeltzez jokatu zuen eta Realak urdinez. Miloš Milutinovićek Pandurović, Stanojković, Ješić (Šćepović, 103’), Milanič, Vujačić, Jokanović, Mijatović (Petrić, 46’), Bogdanović, Stevanović, Višnjić eta Djurdjević zelairatu zituen; eta Boronatek Gonzalez, Gorriz, Gajate, Bengoetxea, Fuentes, Lasa, Richardson, Mentxaka, Larrañaga, Lumbreras (Dadie 38’) eta Aldridge. JNA Zelaia bete-bete zegoen, tartean Donostiatik etorritako 100 bat txuriurdin zeudelarik (Egin, 1990-XI-8). Zale serbiarrek jo ta ke animatu zuten, bideoak erakusten duen moduan:

Partida aurretik Realeko entrenatzaile eta jokalariek “golaren bila” joan behar zirela esan bazuten ere, partidan ez zuten hori lortu, edo defendatzeko asmo handiagoa erakutsi zuten. Defendatu, ondo defendatu zuten, baina belgradarrak izan ziren baloiaren jabe lehen zati horretan, nahiz eta aukera garbirik ez sortu. Lehen zati horren inguruan irakurketa ezberdinak daude: Mañu De la Puenteren arabera “Partizan nagusi izan zen, baina ez zuen aukerarik sortu” (Deia, 1990-XI-9), Irazustaren arabera ordea “Realak Partizan ondo kontrolatu zuen”. (Egin, 1990-XI-9). Hala ere, atsedenaldiaren bueltan etorri zen jokaldi erabakigarria: area ertzean euskal atzelari batek falta egin bazuen. Falta honen inguruan gipuzkoar prentsak iritsi ezberdinak izan zituen, Mañu De la Puenteren arabera “ez zen izan” (Deia, 1990-XI-9), Luis de Andiaren arabera “oso protestatua izan zen” (Diario Vasco, 1990-XI-9), eta Irazustak ez zuen apenas komentatu, “epaileak lan ona egin zuela” esan zuen (Egin, 1990-XI-9). Ondorioz, Višnjićek sekulako zartakoa eman zion baloiari, Gonzalezek ahal bezala atera zuen, baina aldaratzean Goran Stevanovićek buruz baloia sareetara bidali zuen. Kanporaketa berdindua zen. Hemen duzue golaren bideoa:

Bengoetxea Lasa Stevanovic

Stevanović baloiarekin eta Bengoetxea presionatzen. Mikel Lasak gertutik jarraitzen du jokaldia. (Iturria: @RSF_ClassicPics twitter-kontua)

Horren ondorioz, Realak aurrera egin zuen, baina areaz kanpoko jaurtiketen bidez, izan ere, atzean ere nahiko lan izan baitzuten Bogdanović zaintzen (Deia, 1990-XI-9; eta Diario Vasco, 1990-XI-9); “Aldridge partida osoan oso bakarrik egon zen goian”. (Diario Vasco, 1990-XI-9). Hala ere, Partizanek Jokanovićen eta Bogdanovićen bidez aukerak izan bazituzten ere, onena Alberto Gorrizek izan zuen 80. minutuan, Richardsonek ateratako korner bat buruz errematatu eta atezainak lerroan ozta-ozta gelditu zuelarik. Prentsak nabarmendu zuen “Partizanen nekea nabari izan zela bigarren zatian, eta bertako zaleak ere urduritzen hasi zirela”: 90 minutuak 1-0ekoarekin bukatuta luzapen denborara joan ziren bi taldeak. Hemen, serbiarrak gehiago izan ziren, batez ere luzapenaren lehen zatian. Milan Djurdjevićek hiru aukera izan zituen, baina Juanan Mentxakak ere bat izan zuen, inork ere asmatu ez zuelarik. Penaltietara honen bestez.

Gajate Richardson Djurdjevic

Milan Djurdjević baloiarekin. Bere atzean Agustin Gajate eta Richardson. (Iturria: @RSF_ClassicPics twitter-kontua)

Penaltietan Reala hasi zen botatzen. Partizanen atean Pandurović zegoen, penaltietan espezialista fama zuena (aurreko Izar Gorriaren kontrako partidan, Omerovićek jokatu arren, penaltietarako espresuki Pandurovićengatik aldatu zuen entrenatzaileak). Lehen penaltia bai Mentxakak zein Višnjićek asmatu zuten. Hala ere, bigarrenean John Aldridge irlandarrak, Realaren penaltien espezialistak huts egin zuen, inork ere espero ez zuena, Pandurovićek penaltia geratu baitzuen. Sladjan Šćepovićen hutsak, baloia langara botatzean, partida orekatu zuen, alajaina. Hirugarren penaltian bai Mikel Lasak zein Budimir Vujačićek gola sartu zuten. Baina laugarren penaltian Pandurovićek balentria errepikatu zuen, Xabier Bengoetxeari geldiketa egitean, eta Gordan Petrićek gola sartzean Partizan aurretik jarri zuen. Bosgarren penaltia Bixio Gorrizek sartu egin zuen, dena azken penaltirako utziz, Milan Djurdjević Gonzalezen aurrean… baina jugoslaviarrak ez zuen hutsik egin, eta beraz Partizan izan zen aurrera egin zuena. Penaltien bideoa hemen agertzen da:

Realeko jokalarien eta Gipuzkoako prentsaren ahotan “pena” eta “zorte txarra” bezalako hitzak nagusitu ziren. Tito Irazustaren arabera, “Boronaten mutilek zorte hobea merezi zuten (…) partida oso serioa egin baitzuten”. (Egin, 1990-XI-9). Deiako “Ortuzarren” arabera, “hala galtzerakoan tonto aurpegia geratzen zaizu”. Bestalde “Agustin Gajatek, egin duen partidaren ostean, ez zuen halakorik merezi” ere komentatu zuen. (Deia, 1990-XI-9). Luis de Andiak gehiago matizatu zuen, bere arabera “Realak ondo defendatu zuen, baina ez zuen aukerarik egin”. (Diario Vasco, 1990-XI-9). Jokalarien ahotan pena handia zen nabari: Juanan Larrañagak esan zuenez, “eurak ez dira gu baino gehiago izan, partidua kontrolatuta izan dugu”; eta beste alde batetik Lo Bello epaile italiarra gogor kritikatu zuen “faltako gola ez da izan. Epaileak min egin digu”. Agustin Gajatek ere berdin pentsatzen zuen “ez dira gu baino gehiago izan (…) guk, hemen, Belgraden, eurek Atotxan egin zituztenak baino aukera gehiago egin ditugu”. Pixka bat ñabartu zuen Alberto Gorrizek: “Kanporaketa oso berdindua izan da (…) Partizan oso talde handia da, bi partida on jokatu ditu” (Egin, 1990-XI-9). Marco Antonio Boronat entrenatzaileak, “pena” bezala deskribatu zuen emaitza “lan ona egin dugulako”; baian onartu zuen “Partizanek aukera garbiak izan zituela”. Txanponaren beste aldea, noski, Miloš Milutinović izan zen, zeinek garaipena “merezitakoa” zian zela esan zuen, eta “Reala bezalako talde on baten kontra irabazteari” balioa eman zion. Azkenik, zalegoaren bultzada aintzatetsi zuen jugoslaviar entrenatzaileak. (Egin, 1990-XI-9).

Partizan armarria

Partizanen gaur eguneko armarria, “Fudbalski Klub” esaldiarekin. (Iturria: Wikipedia).

Beraz, Partizanek egin zuen aurrera. Hala ere, belgradarrak hurrengo kanporaketan kaleratuak izan ziren, Milango Interren kontra, edizio horretako txapelduna izango zenaren kontra galdu ostean: San Siron 3-0 galdu zuten, eta JNAn 1-1 soilik berdindu ahal izan zuten, gola Stevanovićek sartu zuelarik. Urte horretan, Partizanek Ligan bere egoerari buelta ematea lortu zuen, eta hirugarren geratu zen, Izar Gorriaren eta Dinamo Zagreben atzetik. Halere, Izar Gorriak Jugoslaviako Liga eta Europako Txapelketa irabazten ikustea sufritu behar zian zuen. Realak aspaldiko denboraldirik txarrena egin zuen, 13. posizioan geratuz. Kopan bi taldeak kaxkar ibili ziren, biak final zortzirenetan kanpoan geratu ziren: Realak Sportingen kontra kanpoan 1-0 galdu zuen eta Atotxan 1-1 berdindu besterik ez zuen egin. Partizanek Titogradeko (egun, Podgorica) Budućnost (“Etorkizuna”) taldearen kontra 2-0 galdu zuen kanpoan, eta JNAn 1-0 bakarrik irabazi zuen. 1991/92 denboraldia pixka bat hobea izan zen bi taldeentzat: Reala Ligan 5. geratu zen, eta Partizanek Jugoslavia Sozialistako azken Kopa irabazi zuen, Izar Gorriari kanpoan 0-1 irabazi eta etxean 2-2 berdindu ostean. (4). 90ko hamarkada oso ezberdina izan zen bi taldeentzat, baina Jugoslavian tragedia bat izan zen, Jugoslavia Sozialista desagertu baitzen (1992ko txapelketak serbiar, montenegroar, bosniar eta mazedoniar taldeek soilik jokatuko zuten, eta txapelketa erdian talde bosniarrak eta mazedoniarrak erretiratu egin ziren (5). 1993tik aurrera serbiarrek eta montenegroarrek soilik jokatuko zituzten jugoslaviar txapelketak), eta guda anitz piztu baitziren Balkanetan. Partizanek “Jugoslavia txikiko” txapelketetan, 1993tik aurrera, leiendazko jokalari ohi Ljubiša Tumbaković zelarik dominatzera pasa bazen ere (1993 eta 2000 arteko garaian 5 Liga eta 2 Kopa irabazi zituen); gure adimenetan, Belgraden NATOren bonbapean 1999an Atenasko AEKren kontra jokatutako partida geratzen da (1-1 egin zuten). Jugoslaviarne desagerpenak, gainera, Partizani izena aldatzea ekarri zion: “Partizan Kirol Elkarte Jugoslaviarra” deitzetik “Partizan Futbol Taldea” deitzera (Fudbalski Klub Partizan/Фудбалски клуб Партизан). Realarentzat, zorionez gudarik pairatu ez bazuen ere, 90ko hamarkada klubaren historiako grisenen artean kokatzen da, 1992ko bosgarren postuaren ostean, lorpen gisa soilik 1998an hirugarren postua aipatu dezakegularik.

Realak ez du berriz Serbiako edo Jugoslavia ohiko talde baten kontra jokatu. Hala ere, Jugoslaviarekin harremana beste modu batez mantendu du, elastiko txuriurdina jantzi duten jokalarien bitartez. Zortzi izan dira guztira, hauexek:

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

Meho Kodro izan da Jugoslavia Sozialistarekin jokatu duen Realeko jokalari bakarra. Irudian, zutik, bigarena ezkerretik. (Iturria: “kicker” aldizkaria)

Mehmed “Meho” Kodro: 1991ean iritsi zen Donostiara bosniar aurrelaria, eta lau sasoitan jokatu zuen, 1994/95 izan zen azkena (Bartzelonarako bidea hartu zuen, Realera iritsitakoan ordaindutakoagatik baino hamar aldiz gehiagogatik saldua izan zen). Mostarko Velež taldetik fitxatua izan zen, hau 1986ko Jugoslaviako Kopa irabazi zuen. Realarekin jokatutako 146 partidatan 81 gol lortu ditu, eta bitan Pitxitxi sarian bigarren izan zen. Realaren ostean Bartzelonan eta Tenerifen egon zen eta 1999/2000 denboraldian Alavesen ere jokatu zuen. Bosniako selekzioarekin 13 aldiz jokatu du eta Jugoslaviarekin bitan (Jugoslavia sozialistarekin jokatu duen jokalari txuriurdin bakarra da). Futboletik erretiratu ondoren entrenatzaile lanetan aritu da, Realeko harrobian, Bosniako hautatzaile gisa, eta gaur egun FK Sarajevo taldean.

Kovacevic

Kovačevićek oso oroitzapen onak utzi zituen Donostian. Irudian Pragako Spartari gola sartzen. (Iturria: @RSF_ClassicPics twitter-kontua)

Darko Kovačević (Дарко Ковачевић): Aurrelari serbiarrak bederatzi urte egin ditu talde gipuzkoarraren diziplinan, bi etapatan: bata 1996 eta 1999 artean, eta bestea 2001 eta 2007 artean (tartean Juventusen eta Lazion jokatu zuen). Momentu gozoak (1998ko hirugarren postua eta 2003 urteko bigarren postua) eta gaziak (2007an bigarren mailara jaistea) ezagutu ditu Donositan. Zrenjanineko Proleterren eta Belgradeko Izar Gorrian aritu ostean Sheffieldeko Wednesday taldean aritu izan zen denbora labur batez eta handik fitxatu zuen Realak. Txuriurdinekin 271 partida jokatu ditu eta 107 gol sartu ditu, Euskal Herritik at jaiotako partida gehien jokatu eta gol gehien sartu dituen jokalaria da. 2007 eta 2009n artean Greziako Olympiakos taldean jokatu du. Izar Gorriarekin Jugoslavia “txikiko” (Serbia eta Montenegro) Liga bat eta Kopa bi irabazi ditu eta Olympiakosekin Liga bi, Kopa bat eta Superkopa bat. Jugoslavia “txikiko” selekzioak 59 aldiz deitu du, 10 gol sartu ditu eta 1998ko Munduko Txapelketa eta 2000ko Eurokopa jokatu ditu. Erretiroa hartu ondoren 2010 eta 2013 artean Olympiakoseko kirol-zuzendari izan zen.

Igor Cvitanović: Jokalari kroaziarra Zagrebeko Dinamotik fitxatu zuen Realak, 1997/98 sasoiko neguko merkatuan. Euskal klubak Borussia Dortmund eta Paris Saint Germain moduko talde handien kontra borrokatu zuen bere fitxaketa lortzeko, baina ez zituen itxaropenak ase. Denboraldi t’erdi egin zuen Realean, 29 aldiz jokatu zuen eta hiru gol sartu zituen, besterik ez. Realean ibili eta gero Zagrebeko Dinamora itzuli zen (talde honekin Kroaziako lau liga eta hiru kopa irabazi ditu). Kroaziako selekzioarekin 29 partida jokatu ditu, lau gol sartuta.

Dragan Mladenović (Драган Младеновић): Serbiar jokalariak sasoi bakarra egin zuen Realean, 2004/05ekoa, Glasgowko Rangers taldeak utzitan aritu zen Anoetan. Eskoziako taldearekin jokatu baino lehen, Serbiako hainbat talde txikitan (Sloga Kraljevo, Zemun, Rudar) ibili zen Izar Gorriak fitxatu arte. Realarekin hamabi partidatan aritu zen, eta Reala utzi ostean Izar Gorrira bueltatu zen. Talde honekin Serbia eta Montenegroko bi Liga eta bi Kopa irabazi zituen. Serbia eta Montenegroko selekzioarekin hamazazpi aldiz aritu da, gol bat sartuz.

Dalibor Stevanović (Далибор Светановић): Esloveniar pasaportedun eta serbiar jatorriko jokalaria 2005-06an denboraldiko neguko merkatuan fitxatu zuen Realak Esloveniako Domžale taldetik. Bi sasoi eta erdi egin zituen Realan, 2008an Alavesera utzita joan baitzen. 2005/06 denboraldian 15 partida egin bazituen ere, hurrengoan bakarra jokatu zuen, eta taldea Bigarren Mailara jaitsi zen. 2007-08 denboraldian ere Ligako partida bakarra jokatu zuen Guztira (Kopa barne) 19 partida jokatu ditu Realean, gol bakarra sartuz. Euskal Herria utzita Poloniako, Ukrainako eta Errusiako taldeetan ibili da (gaur egun Errusiako Mordovia taldean jokatzen du) eta 2012an, Slask Wroclaw taldearekin Poloniako Liga eta Kopa irabazi zituen. Esloveniako selekzioarekin 21 partida jokatu ditu, gol bakarra sartuz. 2010ko Munduko Txapelketa jokatu zuen Esloveniako taldearen zerrendan egon zen, baina ez zuen minutu bat ere jokatu.

Andrija Delibašić (Андрија Делибашић): Montenegroko aurrelariak Partizanekin jokatu izan du bost urtetan (Jugoslavia “txikiko” Liga bi eta Kopa bat irabaziz, eta Txapeldunen Liga jokatuz), 2004an Mallorcak fitxatu arte. (2004/05 sasoian Benfican utzita ibili zen, han Portugalgo Liga irabazi zuelarik). Reala Bigarren Mailan zegoela, 2007/08 denboraldian utzita aritu zen, 33 partidu jokatu zituelarik eta sei gol sartu zituelarik. Talde euskaldunaren ostean Herculesen eta Rayo Vallecanon aritu da, eta gaur egun Montenegroko Sutjeska taldearentzat jokatzen du. Montenegroko selekzioarekin 20 partidu jokatu ditu, sei gol sartuz.

Haris Seferović: Jokalari hau Suitzan jaio zen, baina gurasoak bosniarrak ditu, eta berak bosniartzat du bere burua (Bosniak konbokatzekotan egon zen). Zuricheko Grashoppers taldean ibili zen, eta gero Italiako Fiorentinan (honek Italiako beste talde batzuetan lagata utzi bazuen ere). Realean denboraldi bakarra egin zuen: 2013/14 denboraldia, Txapeldunen Liga jokatu zituelarik. Kamiseta txuriurdinarekin 24 partida jokatu ditu eta lau gol sartu ditu (horietako bat Txapeldunen Ligan). Gaur egun Frankfurteko Eintracht taldean dago. Suitzako taldeak, momentuz 21 partidatarako deitu du, bost gol sartu dituelarik. 2009an, Suitzako 17 urte azpiko taldearekin 17 urte azpiko Munduko Txapelketa irabazi zuen.

Babic

Srdjan Babić 20-azpiko munduko txapelduna izna da Serbiako taldearekin, Iudian Brasilen kontrako partida batean. (Iturria: Beta berri-agentzia)

Srdjan Babić (Срђан Бабић): Jokalari serbobosniarra zortzi hauetan lehen taldearekin debuta egin ez duen jokalari bakarra da, Sansen baitabil. Aurtengo sasoian fitxatu du Realak Novi Sadeko Vojvodina taldetik (lehen Borac Banja Luka taldean ibilitakoa da). 2014ko sasoian, Vojvodinarekin 32 partida jokatu zituen, eta Serbiako Ligako urrezko hamaikakoan sartzea lortu zuen. 2015ean, 20 urte azpiko Munduko Txapelketa irabazi du Serbiarekin.

Oharrak:

  1. Antza denez, Tito Jugoslaviako lehendakariak, bera zale zen taldea, Hajduk Split egin nahi izan zuen “partisanoen armadaren talde”, Hajduk Spliteko jokalari asko partisanoekin borrokatu baitzuten. Hala ere, Hajduk Spliteko jokalariak ez ziren ados egon, horrek taldea Belgradera eramatea suposa zezakeelako.
  2. Gaur egun, Jugoslavia Sozialista, Jugoslavia “txikia”, Serbia eta Montenegro eta Serbiako lehiaketan kontatuta, etxeko 26 Liga (Izar Gorriak beste) eta etxeko 12 Kopa ditu Partizanek.
  3. Ironikiko, urte harta, Stojkovićen Olympique Marseillek Euopako Txapelketako finala galdu zuen hain zuzen Izar Gorriaren kontra, penalti-jaurtiketetan galdu ere.
  4. Lehiaketa horretako finalerdietan, Partizanen kontra jokatzen zuen Serajevoko Željezničar taldea, joaneko partida Partizanek 2-0 irabazi ostean, lehiaketatik erretiratu zen, Bosniak independentzia aldarrikatu zuela eta.
  5. Erretiratu ez zen talde bakarra, Banja Luka hiriko Borac (“Borrokalaria”) taldea izan zen. Banja Luka gaur egun Bosniako Republika Srpskako hiriburua da. Boracek 1992/93ko Jugoslavia “txikiko” Liga ere jokatu zuen, baina urte horretan Bigarren Mailara jaitsi zen (kontuan izan behar dugu. Bosniako guda zela eta ez zuela partidak Banja Lukan jokatzerik izan).

Kontsultatutako iturriak:

Oxandabaratz

 

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s