Thessalonikki halabeharrez

Orient Expreseko geltokira lagundu didate Fabrizio eta Nicolak. Agurren unea iritsi da. Hemen Istanbulen bakoitzak bere bideari jarraituko dio. Iragan dira Turkia zeharkatzen elkarrekin emandako egunak. Fabriziok azken momentuko hegaldi bat eskuratu du Milanera, eta Nicola Varna bulgariar kostaldeko hiri turistikora doa nazioarteko auzolandegi batera. Nik txunditurik utzi ninduen Belgradera itzultzeko asmoa dut.

Paraliako paseoa eta atzean Thessalonikkiko portua (argazkia: http://www.digital-camera.gr).

Txartelak saltzen diren leihatilara hurbildu gara eta azken orduko sorpresa batekin egin dugu topo. Dirudienez Bulgariako trenbideak obretan daude eta beraz Istanbul-Sofia-Belgrad linea ez dabil. Segituan urduri jarri eta gaizki esaka hasi naiz. Horrelakoak azken momentu arte itxaroteagatik gertatzen zaizkit! Fabriziok ni lasaitzea lortu du. Sofiara autobusean joatea baztertu eta Salonikara joan behar dudala erabaki dut. Beste behin inprobisatu behar! Handik Serbiarako trenak egongo dira seguruenik. Orain bi urte interrailean genbiltzala greziar Mazedoniako hiriburua bisitatu genuen Gorkak, Xabatek eta nik. Garai hartan Ljubljanara zihoan trena galdu ostean derrigorrez geratu behar izan genuen gaua pasatzera. Han emandako 24 ordu luzeak ilunak izan ziren. Gogoan dut itsasontzi gabeko Paralia izeneko kai amaigabea, kotxeak eta bero heze itsaskorra.

Fabrizio eta Nicolari zorte ona opa diet eta elkarrekin Salonikara eramango nauen treneko bagoian argazki bat atera dugu oroigarri modura. Poliki-poliki urruntzen ikusi ditut beraien aurpegi tristeak. Goizeko zazpietan Marcus jatorri greziarreko mutil alemanak hitzartu nau. Gauzak hartu eta geltokira irten baino lehen agurtu dut bera. Zaindegian motxila utzi eta greziarren Thessalonikki birdeskubritzeari ekin diot. Hirigunera zuzenean ibiltzen joan naiz aurretik ezagututako leku batek ematen duen lasaitasunari esker.

Hiri berri hotz baina sutsua da Salonika. Erromatarraren garaian hiri oparoa izandakoa, gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Greziako bigarren hiri handiena eta kosmopolitena da. Zerikusi gutxi du Atenasekin. Athina handia monumentu ikusgarriez osatua dago, Salonika ordea ez: aztarna arkeologikoen egoerak ez dio irudimenari tarterik ematen. Dena den badira estilo bizantziar, otomandar edo judutarreko monumentuak eta hauen artetik lasai asko paseatu daiteke Mediterraneo itsasoko kresalak masailetan jotzen dizun bitartean.

Hiriaren ikuspegia Ano Politik (argazkia: Wikipedia).

Zentrora iritsi berria zerbait edatera gelditu naiz gazte koadrilak eserita dauden plaza batean. Pintadek goitik behera betetzen dituzte inguruko paretak. Bat-batean Salonikan duela urte batzuk ospatutako Europako estatu buruen gailurrean izandako istiluez gogoratu naiz. Noski! ordukoak izan behar dute pintadek. Istiluetan 200 lagun baino gehiago atxilotu zituzten eta zazpi anarkistak oihartzun handiko gose grebari ekin zioten.

Plaza atzean utzi dut ez ordea duela bi urteko protesten oihartzuna. Aldarrikapen oihu horiek gauean tren estaziora nirekin eraman ditut bueltan. Irribarre batez neure buruari galdegin diot: zeinek dio bigarren parteak onak ez direnik?

Slobuzenja

Jatorrizko artikulua Eremulauak webgunean argitaratu zen. Hemengo bertsioak zenbait zuzenketa ditu.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s