Athletic eta Serbia: 60. hamarkadara begirada bat

Athleticek Belgradeko Humska (Хумска) kaleko Partizan Zelaian (Stadion Partizana//Стадион Партизана) zelaian -90 hamarkada arte Jugoslaviako Herri Armadaren ohorez JNA Zelaia (Stadion JNA// Стадион ЈНА) bezala ezagutua, Partizan jugoslaviar armadaren taldea baitzen) deitutakoa- aste honetan jokatuko zuen partida ez da talde zurigorriak Serbian jokatuko duen lehena, ezta zelai horretan jokatzen zuen lehen aldia. Agian lehoien zale gutxik jakingo dute datua, baina 60 hamarkadan Athleticek bitan bisitatu zuen Savak eta Danubiok topo egiten duten hiria.

  1. bisitaldia: OFK Belgrad

1964/1965 denboraldian, jokatu beharreko Azoken Koparako (gaur egungo UEFA Koparen aurrekari gisa hartzen da, nahiz eta txapelketa hau FIFAk antolatua izan) sailkatu zen Athletic, aurreko denboraldian Liga kaxkarra egin ondoren (zortzigarren geratu zen Athletic, baina laugarren geratu zen Zaragozak Kopa irabazterakoan Errekopa jokatu zuen, eta bosgarren geratu zen Elxek uko egin zion parte hartzeari). Athleticek 1958 urtetik titulurik ez zuen irabazi, eta bolada nahiko kaxkar batean zegoen, 50ko belaunaldia erretiratu ostean.

OFK

OFK taldearen armarria. (Iturria: Wikipedia)

Bilbotarrek, beraz, Azoken Kopa hau ilusioz hartu zuten: Alta, lehen zozketak ez zien arerio goxoa paratu euskaldunei, Jugoslaviako orduko azpitxapelduna, OFK Beograd (ОФК Београд) edo forma luzean Omladinski Fudbalski Klub Beograd (Омладински фудбалски клуб Београд), hau da, “Gazteriaren Futbol Taldea” izan zen euren kontrarioa. Zuriz eta urdinez janzten duen talde hau Belgraden aktiboki mantentzen den talderik zaharrena da (gogoratu beharra dago, 1941an Alemaniak Jugoslavia inbaditu eta lau urteko gudan, hiria eta gizartea txikituta geratu zirela, talde asko desagertu zirelarik –eta beste batzuk Jugoslavia Sozialistak “kolaboratzaileak” izana zirela eta desegin zituelarik-, eta 1945an berriak sortu zirelarik, Izar Gorria eta Partizan adibidez); 1911an sortu baitzen, BSK-Beogradski Sport Klub (БСК-Београдски Спорт Клуб, hau da, Belgradeko Kirol Taldea) izenarekin. Jugoslaviako Erresumako bost liga irabazi zituen BSKk: 1931n, 1933an, 1935ean, 1936an eta 1939an, eta baita Kopa bat, 1934an. 1945an “Metalac” izenarekin birsortu zen BSK, 1950an izen zaharra berreskuratu zuelarik, baina 1957an OFK izena hartu zuen taldeak.

Omladinski

Omladinski Estadioaren bista bat. (Iturria: OFKren webgunea)

Talde zaharrena izan arren, eta Jugoslaviako Erresuma garaian bost Liga irabazi arren, 1945 osteko Belgraden ez da itzal handiko taldea izan OFK, 1945a geroztik Izar Gorriaren edo Partizanen itzalpean bizi ohi izan da, bai tituluen arloan eta baita ere zaleei dagokionez, bere eragina Karaburma (Карабурма) auzora mugatu delarik. Bai talde txikia izanda zaleek erakutsi dioten fideltasunagatik eta baita taldearen joko-estilo erasokor eta erakargarriagatik, talde honen ezizena “Erromantikoak” izan da (Romantičari/Романтичари) Hala ere, 60ko hamarkadan bere “Urrezko aroan” zegoen taldea, jada hiru kopa irabazi baitzituen (1953an, 1995ean eta 1962an; laugarrena 1966an irabazi zuten). Beraz, azkeneko titulua gertu zuten. Gainera, 1962-1963 Errekopan finalerdietara sailkatzea lortu zuten, han txapeldun izan zen Tottenhamek gainditu zituelarik. 1963/64ko Jugoslaviar Ligan hamaika partida irabazi, hamaika berdindu eta lau galdu zituzten, txapeldun izan zen Izar Gorriarengandik hiru puntura soilik geratu zirelarik. Beraz, aurkari zaila Athleticentzat Milovan Ćirićek entrenatzen zuen taldea (Ćirić Izar Gorriaren historiako lehen kapitaina izan zen, eta gero Jugoslaviako hautatzaile ere izan zen).

OFK-kapitainak

Athleticeko eta OFKko kapitainak, San Mameseko partida hasi baino lehen. (Iturria: El Correo, Zurigorri 100×100 blogaren bidez)

1964ko irailaren 9an izan zen Athletic eta OFKren arteko joaneko partida, San Mames zelaian. Antonio Barrios entrenatzaileak Iribar, Orue, Etura, Meltzer, Koldo Agirre, Etxebarria, Artetxe, Uriarte, Arieta, Argoitia eta Nando Josu (gero Racingeko entrenatzailea) zelairatu zituen. Ćirićek ordea; Vukićević, Milovanović, Krivokuća, Gavrić, Zakić, Vukasinović, Samardžić, Petković, Milošev, Kolić eta Skoblar. OFKk, nahiz eta momentu horretan Jugoslaviako Ligan azkenaurreko postuan joan, oso partida ona egin zuen. Partida berdindua izan zen, eta lehen zatian ez zen golik izan. Alta, bigarren zatia bizi-bizi hasi zen, bost minututan hiru gol sartu zirelarik. Lehenik, euskaldunak aurreratu ziren, 53. minutuan, Koldo Agirrek penaltiz sartutako gol bati esker. Hala ere, modu bertsuan berdindu zuten jugoslaviarrek, Skoblarrek ere penaltiz sartu baitzuen 56. minutuan. Bi minutu beranduago Argoitiak berriz ere zurigorriak aurretik jarri zituen, baina zuriurdinek 76. minutuan berriz parekatu zuten norgehiagoka, Vukasinovićen bitartez. Binakoarekin bukatu zen partida, emaitza txarra bilbotarrentzat. El Correo egunkariak “berdinketa kaskar” bezala deskribatu zuen emaitza, kontutan izanik OFK Ligan azkenaurreko zihoala. Bilboko egunkari horrek OFKren “bi hegalekoak, futbolaren maisuak direnak” (Milošev eta Kolić) nabarmendu zituen talde jugoslaviarrean.

Fidel Uriarteren gola

Modu honetan sartu zuen Fidel Uriartek OFKren aurkako lehen gola. Vukićevićek ezin zuen ezer egin. (Iturria: “El Correo”-ren hemeroteka, Zurigorri 100×100 blogaren bidez)

Irailaren 30ean jokatu zen bueltako partida, baina ez OFKren Omladinski Estadioan (Омладински Стадион) edo “Gazteriaren Estadioan”. Partizanen JNA zelaian jokatu zen. Bi entrenatzaileek aldaketak egin zituzten hamaikakoetan; OFKk Vukićević, Milovanović, Givracula, Marić, Zakić, Vukasinović, Gugleta, Petković, Milošev, Banović eta Skoblar atera zituen; Krivokuća, Gavrić, Samardžić eta Kolić kanpoan utziz. Athleticek ordea; Iribar, Orue, Etura, Aranguren, Zorriketa, Koldo Agirre, Etxebarria, Uriarte, Arieta II, Argoitia eta Nando Josurekin ekin zion partidari, Meltzer, Artetxe eta Arieta kanpoan utziz. Partida bilbotarrek irabazi zuten, 0-2 Fidel Uriartek 12. eta 53. minutuetan sartu zituen golei esker; lehena distantzia laburretik eginiko txut bati esker, eta bigarrena buruz. El Correoren arabera “balentria handia izan zen”, lehoiek lortutakoa: “San Mamesen partida handia egiteko gai zen talde baten kontra irabazteak, bi aldiz pozten gaituelako”. Beraz, zurigorriek aurrera egin zuten.

Azoken Kopa hori ez zen hain txarra izan Athleticentzat, OFK kanporatu ostean, hurrengo kanporaketan Belgikako Antwerp taldea kanporatu baitzuen (2-0 San Mamesen eta 0-1 Belgikan irabazita). Hirugarren kanporaketan Eskoziako Dunfermville taldearen kontra jokatu zuen Athleticek: San Mamesen 1-0 irabazi zuen, baina Eskozian 1-0 galdu zuen; berdinketa hausteko partida jokatu behar zelari. Partida horretan zurigorriak 2-1 nagusitu ziren. Final-laurdenetan, ordea, ibilbidearen bukaera izan zen, Budapesteko Ferencváros taldearen kontra galdu zutelarik: Budapesten 1-0 galduta itzuli ziren Bilbora, eta Euskal Herrian 2-1 irabazi zuten arren, berdinketa hausteko partidan, Hungarian berriz, magyarrak gailendu ziren: 3-0. Ferencváros Azoken Kopako txapelduna izan zen, finalean Juventusi Torinon 0-1 irabazita.

OFK 1966 txapeldunak

1966ko Kopa irabazi zuen OFKren hamaikakoa. (Iturria: “Tempo” aldizkaria, Zabavnik foroaren bidez)

Liga hura Athleticek ez zuen askoz hobe bukatu, zazpigarren postuan bukatu baitzuen, eta Kopan finalerdietara iritsi zen, Zaragozaren kontra galdu zutelarik. OFKk ere kaxkar bukatu zuen, hamargarren postuan, hamabost taldetatik (Jugoslaviako Ligak hamalau talde zituen orduan, baina 1963an Mazedoniako hiriburu Skopjen izandako lurrikara zela eta, 1963/1964an jaitsi zen Vardar Skopjeri Lehen Mailan aritzeko baimena eman zioten). Kopan, final laurdenetan erori zen, final laurdenetan Montenegroko Titograd (gaur egun Podgorica) hiriburuko Budućnost (Будућност), “Etorkizuna”- taldearen kontra 3-2 galdu ostean. Hala ere, hurrengo urtean, 1965/66 denboraldian, OFKk Jugoslaviako Kopa irabazi zuen, finalean Dinamo Zagrebi 6-2 irabazi ziolarik.

  1. bisitaldia: Izar Gorria
Izar Gorria

Izar Gorriaren armarria. (Iturria: Wikipedia)

1966/67an Athletic berriz itzuli zen Belgradera. Oraingoan, hiriko bi talde handienetako bat, Serbiako zale gehien dituen taldea eta hango palmaresik handiena duen taldearen kontra, Izar Gorriaren kontra. Izar Gorria (Crvena Zvezda//Црвена Звезда) 1945ko martxoaren 5ean fundatu zen, Jugoslaviako Herri Askapen Guda bukatzen ari zela. Garai horietan, herrialde sozialistetan, futbola nahiko amateurizatuta zegoen, eta hori zen baita Izar Gorriaren kasua, taldea Belgradeko Gazteria Antifaxistak sortu baitzuen. Lotura honetan azaltzen den moduan, Slobodan Ćosićena (Слободан Ћосић) izan zen taldeari “Izarra” jartzeko ideia, itxaropenaren ikur gisa. Beste fundatzaileetako batek, Zoran Žujovićek (Зоран Зујовић) orduan erantzun zuen “Izarra baldi bada, horrek Gorria izan behar du”, beraz, horrela sortu zen izena: Izar Gorria. Lehen partida egun hartan jokatu zuten, armadaren Babes-Taldeen (NKOJ) Lehen Batailoiko talde baten aurka, 3-0 irabaziz: Kosta Tomašević (Коста Томашевић) izan zen klubaren lehen gola sartu zuen jokalaria.

Izar Gorria Tirana

Izar Gorriaren historiako lehenengo hamaikakoetako bat, Tiranan (Albaniako hiriburua) Tiranako selekzioaren kontra jokatutako partidan. Argazkian bi taldeetako jokalariak agertzen dira. Izar Gorriak 2-5 irabazi zuen. (Iturria: Црвена звезда Београд Форум)

Izar Gorria, fundazioa

Izar Gorriaren fundazio akta, garaiko egunkari batean argitaratua. (Iturria: Crveni Skinhed bloga)

Hala ere, laster Partizan taldea sortu zen, 1945.ean baita, Jugoslaviako Herriko Armadako ofizial talde batek sortua. Beraz, Jugoslavia osoko jokalariz hornituko zen hasieratik talde zuribeltza. Izar Gorria, ordea, hasieran, behintzat, jokalari serbiarrez edo tokiko jokalariez hornitu zen, eta praktikoki Jugoslaviako Federazioaren barruko Serbiako Errepublika Sozialistaren ordezkari bihurtu zen (1). Beraz, klabe honetan hasiera hasieratik Belgradeko bi talde handien arteko aurkakotasuna izango zen, zurigorriek praktikoki izaera “belgradarragoa” edo “serbiarragoa” zutelarik eta zuribeltzek, Armadak bezalaxe, “pan-jugoslaviarragoa”, Partizanek hasiera batetatik izan zituen Jugoslavia osoko jokalariak, batzuk aurretik profesionalak izandakoak baita (Jugoslavia Sozialistaren garaian, nahiko arrunta zen Partizanek serbiarrak ez ziren zaleak –kroaziarrak, bosniarrak, mazedoniarrak…- izatea). Bi taldeak, Kroaziako bi talde handienekin batera (Hajduk Split eta Dinamo Zagreb) Jugoslaviako “lau handiak” izan ziren. Bai izargorrizaleek zein partizanzaleek auzokoari “erregimenak babestutako taldea” izatea leporatzen zion (eta oraindik ere hala da), eta norbera “benetako talde herrikoia”, eta “herriaren benetako izpiritua ordezkatzen duena” (honek azaltzen du, parte batean bada ere, bi taldeen zalegoek, 80. hamarkadaren bukaeran, sozialismoaren krisian, serbiar nazionalismorantz egitea, orduan oposizioan zegoen korrontea izaki. Hala ere, esan beharra dago, Jugoslavia Sozialista indartsu zenean, bi taldeek izaera sozialista zutela. Baina jakina, gauza bat da ideologia sozialista izatearren politikoki erregimenarekin identifikatzea, eta beste bat zure taldea “Gobernuaren taldea” dela onartzea, hori futbolzale batek ezin du onartu!). Izar Gorrikoek Partizan JNA armadaren taldea zenez “botereek babestua” zela zioten, eta Partizanekoek ordea, Izar Gorria Poliziak babesten zuela (kontutan izan behar dugu 50. eta 60. hamarkadan, Barne Ministroa Aleksandar Ranković zen, Titoren sisteman “serbiar nazionalismoaren adarra” ordezkatzen zuena, beraz Izar Gorriarekiko nolabaiteko hurbiltasuna).

Izar Gorriak Jugoslaviako palmaresik handiena duela komentatu dugu (Jugoslavia Sozialistako 19 Liga –gero 28 izango ziren, Jugoslavia txikia, Serbia eta Montenegro eta Serbiako Ligak kontatuta-, 12 Kopa eta Europako Kopa bat irabazi baitzuten, azken hau 1991 urtean), eta garai hartan ere hala zen (7 Liga irabaziak zituen, Partizanen 6 Ligen aurka, eta 1958an Mitropa Kopa (2) ere irabazi zuen). 1958an, Izar Gorria futbolaren gertakizun ezagun eta zoritxarreko batetako zeharkako lekukoa izan zen, Manchester Uniteden Munichen izandako hegazkin istripua Belgradetik Izar Gorriaren aurka jokatzetik itzulerako bidaian izan baitzuen. Partida hori 3-3 bukatu zen, Izar Gorriak 0-3 hasierako desabantaila parekatu zuelarik (Unitedek Old Trafforden 2-1 irabazi zuenez, sailkatu egin zen). Izar Gorriko Dušan Blagojević (Душан Благојевић) lehendakariak, urte horretako Europako Txapelketa Unitedi ematea proposatu zuen (proposamena Jugoslaviako agintariek ere babestu zuten, eta baita ere momentu horretan Europako Txapeldun zen Real Madrilek), baina proposamen hau ez zen aurrera atera.

Izar Gorria Maksimir

Izar Gorriaren garaiko hamaikako bat, kasu honetan Zagrebeko Maksimir estadioan, Dinamo Zagreben aurkako partida baten aurretik. Hemen agertzen diren jokalari askok Athleticen kontra jokatu zuten. (Iturria: Црвена звезда Београд Форум)

Hala ere, 60. hamarkada ez zen izan bere hamarkadarik onena izaten ari, garai hartarako hamarkada horretan, 1963/64ko bikoitzaz (Liga eta Kopa urte berean irabaztea) ez baitzuen titulurik irabazi (orduan Partizanek lau Liga irabazi zituen, eta gainera, 1966an, Europako Txapelketako finala jokatu zuten, Real Madrilen kontra 2-1 galduz). Izar Gorriaren beheraldia azaltzen duen faktore bat, 1959an bere zelai zaharra (guda aurretik, 1945an desegindako Jugoslavija taldeak erabiltzen zuena) bota izatea eta 1963 urtea arte, zelai berria (“Marakana Txikia”) egin zen arte, OFKren edo Partizanen zelaian jokatu behar izana izan zen. Beste bat, 50ko garaiko nagusitasuna (sei Liga, Kopa bi eta Mitropa Kopa irabazi zuten hamarkada horretan) eraiki zuten jokalarien protagonismo galera, adibidez, Dragoslav Šekularac (Драгослав Шекуларац), zeina 1966an bertan erretiratu zen. Šekularac, Izar Gorriaren historiako bigarren “Izarraren Izarra” (Zvezdina Zvezda/Звездина звезда) izan zen (3), eta bere erretiratzeak min egin zion taldeari. Aurreko urtean, 1965/66 denboraldian, bosgarren egin zuen, eta bi urte lehenago, 1964/1965ean, hirugarren. Athletic, ordea, 1965/66 urtean, bosgarren egitetik zetorren eta Kopako finala galtzetik (Zaragozaren aurka, 2-0). Haatik, Izar Gorriaren ustezko beherakada ez zuen soilik eragina izan talde honek behera egiteak, baizik eta beste talde batzuk ere gora zetozela, adibidez aurreko urtean Liga irabazi zuen Vojvodina Novi Sad, edo 1966/67 urtean bertan Liga irabazi zuen Sarajevo (1966an Kopa OFK Beogradek irabazi zuela komentatu dugu). Jugoslaviako futbol talde nazionala ere gorantz zetorren urte horietan, izan ere, Erromako 1960ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen, eta bai 1960an (Sobietar Batasunaren aurka 2-1 galduta) eta bai 1968an (Italiaren kontra, bigarren partidan 2-0 galduta, lehen partidan 1-1 berdindu ostean) Europako Futbol Txapelketan bigarren izan zen. Gainera, 1962ko Txileko Munduko Futbol Txapelketan laugarren izan ziren, finalerdietan Txekoslovakiaren kontra 1-0 azken minutuan galdu ostean.

Beraz, Jugoslaviako futbolak gora egin zuen, eta Izar Gorria goraldi honetan gehien parte hartu zuen taldea ez bazen ere, kontutan hartzeko taldea zen. Urte horretan entrenatzailez aldatu zuten: Ivan Toplak (Ивaн Toплaк) Miljan Miljanić (Миљан Миљанић) entrenatzaileaz ordeztu zuten. Aurreko denboraldian, Ligan bosgarren geratu bazirela esan badugu, Kopan lehen kanporaketan at geratu ziren, Kosovoko Trepča taldearekin galdu ostean. Halere, izar handiko taldea zen: 1964an Ratomir Dujković (Ратомир Дујковић) atezaina, Jovan Aćimović “Kule” (Joван Аћимовић) erdilaria, Trifun Mihailović aurrelaria (Трифун Михаиловић) eta Vojislav Melić (Војислав Мелић) atzelaria fitxatuak zituen, eta 1963an Dragan Džajić (Драган Џајић) “Balkanetako Aztia”, Pelé bera liluratu zuen jokalaria, hasi zen talde zurigorriarekin jokatzen, 17 urte soilik zituela. Beraz, hau ere trantsizioan zegoen talde bat zen, ikusiko dugun bezala, pixkanaka goraka etorriko zen talde bat, berriz Jugoslaviako gorenen artean kokatzeko bidean zegoena.

Partizan-Izar Gorria

Izar Gorriko zaleak (eta tartean Partizaneko baten bat) Marakana Txikian, 70. hamarkadako derbi batean. (Iturria: Црвена звезда Београд Форум)

Gauzak horrela 1966/67 denboraldiko Azoken Kopako zozketak, lehen kanporaketan bi talde zurigorri elkarren kontra paratu zituen: bata jugoslaviarra, Izar Gorria, eta bigarrena euskalduna, Athletic. 1966ko irailaren 21ean, aurreko bisitalditik bi urte pasa zirela, Athletic Belgradera itzultzen zen, kasu honetan borrokagunea “Marakana Txikia” izango zelarik. Lehen esan bezala, Marakana Txikia 1963.an zabaldu zen, Izar Gorria 2-Rijeka 1 Ligako partidarekin (Rijekako Nedeljko Vukoje izan zen lehen golegilea). Egia esan, ez zen hori izen ofiziala, “Izar Gorriaren Estadioa” (Stadion Crvena Zvezda//Стадион Црвена звезда) baizik; behintzat 2014 urtea arte, orduan Rajko Mitić Estadioa (Stadion Rajko Mitić//Стадион Рајко Митић) gisa berrizendatu baitzuten, 40. eta 50. hamarkadetan zehar lubaren leienda izan zen aurrelariaren ohorez (Mitićekin Izar Gorriak lau Liga eta lau Kopa irabazi zituen, eta Jugoslaviarekin 59 aldiz izan zen konbokatua, 32 gol sartuz. Izar Gorriaren historiako lehen “Izarraren Izarra” izan zen, eta 1968an Europako azpitxapeldun geratu zen Jugoslaviako selekzioko entrenatzaile ere izan zen). Brasilgo Marakana estadioaren izena ezizentzat zuenez, pentsatzekoa da zergatik: hain zuzen ere, jende asko sartzen zelako, partida batzuk izugarria izan zirelarik. Errekor ofiziala, 1963ko Izar Gorria-Partizan partida batean, 108.000 pertsona sartu zirelarik. Hala ere, badirudi 1975ko Errekopako finalerdietan, Hungariako Ferencváros taldearen kontra, ofizialki 96.000 zale “bakarrik” batu baziren ere, benetan, estadio barruan 117.000 pertsona zeudela esan izan da (partida 2-2 bukatu zen). Beste partida gogoangarri batzuk, 1973ko Ajax-Juventus Europako Txapelketako finala (1-0 holandarrentzat) 91.500 zaleren aurrean eta 1974ko Eurokopako finala, Txekoslovakia eta Alemania Federalaren artean (2-2 eta txekoslovakiarren garaipena penaltietan, Panenkaren gol famatua tartean). Marakana Txikia Izar Gorriak Europako txapelketetanlortu dituen balentriarik handienen lekuko izna zen: 1979ko UEFAko Kopako finaleko joanekoa bertan jokatu zuen izar Gorriak Burussia Mönchengaldbach talde alemaniarraren kontra (orduan UEFAko Kopako finala bi partidetara jokatzen zen), 87.000 pertsonaren aurrean banako berdinketa lortuz. Antzua berdinketa, itzulerako partidan Ingalaterran 1-0 galdu bait zuten. 1991an, Europako Txapelketako finalerdien itzulerako partida, Izar Gorria eta Municheko Bayernen artekoa, serbiarrek azken minutuan gola sartu zuten finalera sailkatzeko (2-2 berdinketa, Munichen 1-2 irabazi ostean), orduan zeuden 100.000 zaleren eromena piztuz (urte horretan Europako txapeldun izango ziren serbiarrak finalean Olympique Marseilleri penaltietan irabaziz). Hala ere, 90. hamarkadatik aurrera, UEFAk oinezko tokiak kentzeko eskatzen zituelarik, aforoa jaitsi egin behar zian zen; lehenik 60.000 ikusletara eta orain, 55.000 ikusletara.

Izar Gorria Athletic

Izar Gorria-Athletic partidako hasierako hamaikakoak. (Iturria: Црвена звезда Београд Форум)

Hamaikakoak zirilikoz

Joaneko partidako hamaikakoak zirilikoz. (Iturria: “Politika” egunkaria, Crni Guja blogariaren bidez)

Mihailovicen gola

Iribarrek ezin du ezer egin eta Mihailovićek errematatutako baloia eskuairatik sarera doa. 1-0ekoa Izar Gorriarentzat. (Iturria: “Politika” egunkaria, Crni Gujaren bidez)

Baina 1966an Marakana Txikia bere osotasunean zegoen. Hala ere, Athleticen kontra ez zen zelaia bete, Bilboko El Correo egunkariak 35.000 zale aipatzen ditu. Belgradeko Politika egunkarian, goiko argazkian azaltzen den zenbakia argi ikusten ez den arren, alboko argakietan harmaila batzuk hutsik ikusten direnez, zelaia oso betea egon ez zela esan genezake. Partida hartan, Miljanićek Dragan Racić, Aleksandar Stojanović, Živorad Jevtić, Vojislav Melić, Aleksandar Marković, Dejan Bekić, Branko Klenkovski, Stevan Ostojić, Jovan Aćimović, Trifun Mihailović eta Dragan Džajić berdeguneratu zituen (4); eta Athleticeko entrenatzaile Agustin “Piru” Gaintzak Iribar, Orue, Etxebarria, Aranguren, Zorriketa, Larrauri, Arroyo, Koldo Agirre, Arieta II, Argoitia eta Estefano. Bi taldeak zurigorriak zirenez, Izar Gorriak gorriz jokatu zuen eta Athleticek zuriz, praka beltzekin. Serbiarren nagusigoa itzela izan zen, nahiz eta Ligan ordura arte sei partidetatik bakarra irabazia zuten, partida honetan ez zen halakorik nabari izan. El Correo egunkariaren arabera, “Jugoslaviar futbola momentu txarretan zegoen, eta Izar Gorria ez zen salbuespena” (bi aste barru iritzia aldatu egingo zuen egunkariak) baina hala ere “Athleticek hildakoak berpizten zituela, eta hau halako partida bat izan zen”. Lehen gola ordu erdira sartu zuen Trifun Mihailovićek ezkerrarekin, “bere bizitzako gola” El Correoko Pepe Sendeja kazetariaren aburuz, Koldo Agirre defentsa markaketara berandu iritsi ostean. Aldageletarako bidea hartzeko ordua baino pixka bat lehenago, Dragan Džajićek, “Izar Gorriko fenomenoak” El Correoren hitzetan, bigarrena egin zuen, area ertzetik, eta Izar Gorriak hirugarrena ere egin zezaketen, Iribarrek gelditu handi bat egingo ez balu.

Dzajicen gola

Modu honetan sartu zuen Dragan Džajićek Izar Gorriaren bigarren gola. (Iturria: “Politika” egunkaria, Crni Guja blogariaren bidez)

Izar Gorriaren lehen bi golak bideoan (bideoa: Crni Guja blogaria)

Argoitiak zutoinera.

Bigarren zatian, Argoitiak (zuriz) zutoinera bigdali zuen erremate hau. (Iturria: “El Correo” Zurigorri 100×100 blogaren bidez)

Atsedenalditik bueltan, euskaldunak beste aldarte batekin atera zirela ematen zuen: lehen minutuetan hiru aukera garbi izan baitzituzten: 6. minutuan Argoitiak zutoinera jaurti zuen, eta hurrengo minutuetan Arietak bi aukera izan zituen, horietako bigarrengoan jugoslaviar batek baloia eskuz gelditu omen zuela eta penaltia eskatuz. Hala ere, belgradarrak izango ziren kontrako atea berriz zulatu zutenak: 58. minutuan, Džajićek bere bigarren gola eta taldearen hirugarrena sartu baitzuen, penaltiz, Etxebarriak Aćimović zangotrabatu zuela baliatuta. Hor bukatu zen partida, baina oraindik serbiarrek errematatu egin zuten 75. minutuan Ostojićek gola egin zuen, Džajićen erdiraketa baten Iribarrek aldaratze eskasa egin eta gero. Emaitza Melićek biribildu zuen 87.ean, area barnetik baloia gurutzatuz.

El Correoko Sendeja kazetariaren arabera, jugoslaviarrek “indar eta abiadura gehiago erakutsi zuten, eta hor egon zen partidaren gakoa”. “Belgradeko gau tristea” deitutako krinikan, kazetariak “partida honek beste hamabost minutu gehiago iraungo balu, zer gertatuko zatekeen pentsatzekoa da” esanez kritikatu zuen bilbotarren jokoa, “Gaintzaren hamaikakoan, jokalari denek egin zuten huts”, “jugoslaviarrek, gureek baino gehiago borrokatu zuten, gureetako denak, Iribar barne, agerian utziz”.

Partida horretan, izar bat jaio zen, Dragan Džajić hain zuzen, bere fama Jugoslaviatik at hedatu baitzen. Džajić asko haziko zen hurrengo urteetan, Izar Gorriarekin jokatu zuen 13 denboralditan, 5 Liga, 4 Kopa (tartean hiru bikoitz eginda) eta Mitropa Kopa bat irabaziko zituelarik. 1968an Urrezko Baloiaren lehiaketan hirugarrena izan zen Džajić, eta urte horretan Jugoslavia Europako azpitxapeldun izan zelarik, Eurokopa horretako jokalaririk onena izendatu zuten. Džajić Izar Gorriaren historian partida gehien jokatu dituen jokalaria eta gol gehien egin dituena da, 370 gol sartu zituelarik 615 partidatan; honek Izar Gorriaren historiako hirugarren “Izarraren Izarra” izatera eraman zuelarik. Gaur egun Izar Gorriaren lehendakaria da.

Hamaikakoak-itzulikoa

San Mameseko partidako hamaikakoak zirilikoz, “Politika” egunkarian argitaratuak. (Iturria: “Politika” egunkaria, Crni Guja blogariaren bidez)

Izar Gorria-itzulikoa-kapitainak

Athleticeko eta Izar Gorriko kapitainak elkar agurtzen, San Mameseko partida hasi aurretik. (Iturria: Zurigorri 100×100 bloga)

Bost goleko desabantailarekin, Athleticek ezer gutxi zuen astebete barru, irailaren 28an San Mamesen jokatutako partidan. Gaintzak hiru aldaketa egin zituen: zelaian Iribar, Zenitagoia, Etxebarria, Aranguren, Zorriketa, Urra, Larrauri, Arroyo, Koldo Agirre, Estefano eta Lavin jarri zituen, Belgraden jokatu zuten Orue, Arieta II eta Argoitia kanpoan utzita. Oso aurrekalde gaztea lehoiena, Estefanok hemeretzi urte baino ez zituen, eta Lavinek hamazortzi. Beste alde batetik, Zenitagoia elorriotarraren debuta ere izan zen. Miljanićek ordea aldaketa bakarra egin zuen, atean hain zuzen. Ratomir Dujković, Aleksandar Stojanović, Živorad Jevtić, Vojislav Melić, Aleksandar Marković, Dejan Bekić, Branko Klenkovski, Stevan Ostojić, Jovan Aćimović, Trifun Mihailović eta Dragan Džajić zelairatu ziren San Mamesen, Dragan Racić kanpoan geratu zelarik. Oso itxaropen gutxi zituzten bizkaitarrek, hala ere, El Correoren arabera “nahiko betea zegoen San Mames”. Partida honetan, Izar Gorriak jokatu zuen zuriz, Athleticek bere ohiko jantziarekin, zurigorriz eta praka beltzekin jokatu zuen artean. El Correoko Alfredo Freije arabera, “abantailak eta jugoslaviarrek klase eta teknikoa handiagoak, itxaropen oro galarazi ditu”. Hala ere, publikoak Izar Gorria “oso ondo hartu zuela” esan zuen kazetariak, “honek bisitariengan oso inpresio ona sortu zuelarik”. Partida bukaeran, Miljanićek ere esan zuen “publiko hau oso ona da. Gustatuko litzaidakeen partida hobea egingo bagenu, publikoak goza zezan”.

Dujkovic

Dujkovićek baloia urruntzen du eta ez dio Estefanori errematatzen uzten. (Iturria: “El Correo”)

Lehen zatian, Freijek bere kronikan esaten duen moduan “jugoslaviarrek nahi bezala jokatu zuten”. Izar Gorriak “defentsa sistema” bat jarri zuen, Bekić eta Klenkovski ere atzelariak lagunduz, eta Melić “libero” moduan utziz. Hala ere, kontraeraso azkarrak sarri egin zituzten lehen zatian, aukera asko sortuz; Džajićek, Ostojićek eta Melićek aukera garbiak izan zituztelarik. Lehen zatia bere burura iritsi baino pixka bat lehenago, Koldo Agirrek ere huts egin zuen.

Bigarren zatian, ordea Athleticek dominatu zuen partida, Izar Gorriak atzerago egin baitzuen. Freijek Athleticen jokalarien “ahalegina” goraipatu zuen. Saria 55. minutuan iritsi zen, eskuinetik Arroyok eginiko erremate bat Estefanok buruz errematatu ostean. Izar Gorriak gehiago defendatu zuen gol horren ostean, eta bigarrena 88. minutuan sartu zuen Niko Estefanok baita: korner baten ostean buruz errematatu, Dujković gainditu eta atepean Stojanovićek atera ostean Estefanok alderatzean sartu zuen. Beraz, azkenean, 2-0eko garaipena baina ezin aurrera egin. El Correoren arabera, “Athleticek borroka irabazi du, baina guda galdu du” Antzeko titularra erakutsi zuen Belgradeko Politika egunkariak “Athleticek irabazi egin zuen, baina Izar Gorriak egin zuen aurrera”.

Niko Estefanoren gola

Athleticen lehen gola 55. minutuan, Niko Estefanok buruz atea zulatzen du. (Iturria: Zurigorri 100×100 bloga)

Freijeren arabera, “zaleak oso gustora geratu ziren jugoslaviar taldearekin. Pena bat da askotan errekurtso zitalen biktima izatea, beste helburu handiengatik borrokatzeko taldea izan zitekeelako”. Freijeren arabera, Melićek, Džajićek eta Mihailovićek jokatu zuten hoberen serbiarren aldetik, eta Iribarrek Arietak eta Estefanok euskaldunen aldetik. Eguia izeneko kazetari batek, Jose Zenitagoia atzelaria debutantea ere nabarmendu zuen, eskuin hegalean jokatu zuena, honek Džajić zaindu behar izan baitzuen. Pepe Sendejak ordea, belgradarren “teknika, arintasuna eta desmarkatzeko trebetasuna” nabarmendu zituen, eta bizkaitarrei buruz “jokalari guztiek, lerro guztietan Belgraden baino askoz hobeto aritu zirela, Iribar barne”. Bestalde Jose Ramon Mandiola “Monchin”-en arabera, “jugoslaviarrek teknika erakustaldi bikaina egin zuten, eta ez litzaidake batere harrituko hauetako bat laster zuriz janzten duen espainiar talde batean ikustea”. Monchinek Melić eta Džajić nabarmendu zituen.

Arieta

Arietaren erremate hau kanpora joango zen. Atzean San Mameseko alboko tribuna zaharra. (Iturria: “El Correo”)

Prentsaurrekoan Miljanićek San Memeseko publikoa nabarmendu zuen, eta “Izar Gorriak hemen (San Mamesen) berriz jokatu nahi duela” esan zuen, “lagunarteko batean, eta hemen ezin bada Belgraden” (5). Miljanićek zioen, “Athletic talde handia zela eta Belgraden baino hobeto jokatu zuela” baina “Izar Gorriak ez zuela bere mailarik eman”. Gaintzak ordea Belgradekoa “istripu” bezala kalifikatu zuen, eta gustokoen zuen jokalaria Melić zela esan zuen. Gaintzaren arabera, “Bi taldeak nahiko parekaturik gaude”.

Gonbidapena

Bi taldeen zuzendaritzek eta jokalariek Bilbon izan zuten ahaidetasun-afarirako gonbidapen txartela. Ikus, ziur aski, orduko Espainiako erregimen frankista medio, Izar Gorriaren armarriko izarra zentsuratua agertzen dela. (Iturria: Црвена звезда Београд Форум)

Beraz, azkenean Izar Gorriak egin zuen aurrera. Gutxirako, egia esan, hurrengo kanporaketan Valentziak kanpoan utzi baitzuen, Mestallan 1-0 eta Belgraden 1-2 irabazita. Urte horretako Azoken Kopa beste talde jugoslaviar batek irabazi zuen, Zagrebeko Dinamok hain zuzen, Ingalaterrako Leedsen kontra, Maksimir Estadioan 2-0 irabazi zuten zagrebarrek (Čerček eta Rora golegile) eta bueltako partidan emaitza eutsi zuten, husna berdinduta. Jugoslaviako futbolaren momentu onaren adibide bat dugu hauxe.

Ligan bi taldeek ez zuten emaitza onik lortu. Izar Gorria bosgarren sailkatu zen, beraz ez zuen lortu ezta Azoken Koparako sailkatzerik (Sarajevo izan zen txapelduna). Athleticek bai, zazpigarren geratu arren, Espanyolek parte hartzeari uko egin baitzion. Kopan Izar Gorria final laurdenetan kanporatua izan zen Vardar Skopjeren kontra 1-0 galduta. Athletic berriz iritsi zen Kopako finalera, baina berriz galdu zuen, kasu honetan Valentziaren kontra, 2-1. Hala ere, hurrengo urtean hobeak izango ziren bi taldeentzat: Izar Gorriak bikoitza lortuko zuen 1967/68 eta 1969/70 denboraldietan (1968an gainera Mitropa Kopa ere irabazi zuen) eta Athleticek 1956tik zetorren idortea puskatu zuen 1969ko eta 1973ko Kopak irabazita (gainera, azken honetan, entrenatzailea serbiar bat, Izar Gorriko entrenatzaile ohia izandakoa: Milorad Pavić –Милорад Павић-).

Honenbestez bukatzen dugu 60ko hamarkadan Athleticek Serbian izandako ibilbideari buruzko post hau, talde zurigorriak lehengo astean bisitatu zuen berriz Serbiako hiriburua. Biana horixe beste historia bat da…

Oharrak:

(1) Jugoslaviako lehen txapelketa 1945an jokatu zen, oso modu prekarioan, Errepublikako ezberdinetako taldeek eta Jugoslaviako Herri Armadaren talde batek jokatu zuen. Serbiako Errepublika Sozialistako taldearen jokalari gehienak (txapelketa hori irabazi zuen taldeko jokalariak) Izar Gorriaren parte izango ziren, eta Jugoslaviako Herri Armadaren taldeko jokalari gehienak Partizanen. Lehen txapelketa erregularra 1946/47 izan zen (1946an sailkapenerako tokiko txapelketak jokatu ziren). Partizan zuzenean sailkatu zen Armadaren talde gisa, Izar Gorria Serbiako Txapeldun gisa sartu zen. Horrek, parte batean, bata “Serbiaren ordezkari” izaera, eta bestea “Jugoslavia osoaren talde” izaera indartzeari lagundu ziola pentsatzekoa da. Beste taldeak; Nafta Lendava Esloveniako txapeldun gisa (jada existitzen ez den taldea), Hajduk Split Kroaziako txapeldun gisa, Sarajevoko Željezničar Bosniako txapeldun gisa, Titogradeko Budućnost -“Etorkizuna”- Montenegroko txapeldun gisa, Skopjeko Pobeda -“Garaipena”- Mazedoniako txapeldun gisa (gaur egun “Vardar” deitzen da talde hori), Suboticako Spartak Vojvodinako txapeldun gisa, Nišeko 14 Oktobar (“Urriaren 14”) Serbiako azpitxapeldun gisa (jada existitzen ez den taldea, Nišeko hainbat talderen batuketan baitzen, eta “koalizioa” hauen laster desagertuko baitzen), Zagrebeko Dinamo Kroaziako azpitxapeldun gisa, Belgradeko Metalac (gaur egun, OFK Beograd) Serbiako hirugarren gisa, Rijekako Kvarner (gaur egun, “HNK Rijeka”) Kroaziako hirugarren gisa eta Triesteko ordezkari Ponziana (orduan Trieste Italia eta Jugoslavia arteko impasse batean zegoen eta “Hiri Libre” zen). Liga Partizanek irabazi zuen.

(2) Mitropa Kopa, edo ofizialki “Europa Erdialdeko Kopa” (“Zentropa Kopa” edo “Danubio Kopa” ere deitutakoa), nazioarteko Kopa bat zen, II Gudaren aurretik ezarritakoa (beraz, Europako lehen “nazioarteko kopa” zen, nahiz eta hasieran erdi-lagunarteko izaera bazuen ere). II Mundu Gudaren ostean, 1951ean berriz jokatzen hasi zen, jugoslaviar, txekoslovakiar, hungariar, austriar eta italiar taldeek jokatzen zutelarik, baina, beste Europako lehiaketen aurrean prestigio txikiagoko lehiaketa zen, eta praktikoki beste lehiaketetarako sailkatzen ez ziren taldeek jokatzen zuten. Are gehiago, 1980ko hamarkadatik aurrera, lehiaketa 1992an desagertu arte, Bigarren Mailako taldeek jokatzen zuten. Jugoslaviako taldeen artean, bitan irabazi zuten Izar Gorriak (1958an eta 1968an) eta Zenicako Čelik -“Altzairua”- (1971an eta 1972an) taldeek. Behin irabazi zuten Vojvodinak (1977an), Partizanek (1978an), Bugojnoko Iskra –“Txinparta”- taldeak (1985an) eta Banja Lukako Borac –“Borrokalaria”- taldeak (1992an).

(3) Dragan Šekularac bigarren “Izarren Izarra” izan zen. Lehena Rajko Mitić izan zen, hirugarrena Dragan Džajić, laugarrena Vladimir Petrović eta bosgarrena Dragan Stojković. 1991an Europako Txapelketa irabazi zuen plantilari kolektiboki eman zioten sari hori.

(4) Athleticen webgunean eta “El Correo”-ren hemerotekan, okerbidez, joaneko partidan Izar Gorriaren hamaikakoan Branko Klenkovskiren ordez “Aleksić” izeneko bat (Veljko Aleksić da) aipatzen dute.

(5) Miljanićen desio horrek ez zuen luzarorako itxaron behar, 1967ko apirilaren 4an, bi taldeek lagunarteko partida bat jokatu zutelako. Ez Bilbon ez Belgrade, AEBn, Chicagon baizik (Athleticen AEBn inoiz jokatutako lehen partida, zale askok datu hau ez dute ezagutzen eta Boisen 2015ean jokatutako Athletic-Xolos Tijuana zela uste dute, partida hau Athleticen historian nahiko ahantzia izan baita). White Sox Park Estadioan 10.000 pertsona inguratu ziren, eta Izar Gorriaren hamaikakoa honako hau izan zen: Dujković, Djorić, Karapandžić, Pavlović, Marković, Bekić, Melić, Milić, Lazarević (Aleksić), Aćimović (Klenkovski) eta Mihajlović. Ikusten den bezala, ordezko jokalari askorekin, eta horrez gain Djorić eta Pavlović Sloboda Užice taldeak partida hau jokatzeko utzitako jokalariak ziren (iturria hemen). Zoritxarrez, Athleticen inguruan partida hau ezagutzen ez denez, ez dugu Athleticen hamaikakoak jakiterik izan, baina lotura honi esker, golak Arraizek (2) eta Uriarrtek sartu zituztela badakigu (Izar Gorriaren gola Milićek sartu zuen, 65. minutuan). Gol denak bigarren partean sartu zituzten.

Athletic Izar Gorria Txikago

Chicagon jokatutako partidaren argazki bat (Athletic zurigorriz, Izar Gorria zuriz). (Iturria: Црвена звезда Београд Форум)

Eskerrik asko Crni Guja blogariari, post hau idazteko datuak eskuratzearren

Iturriak:

Oxandabaratz

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s