Txetnik mugimenduaren historiari buruzko liburu berri bat; ingelesez eta frantsesez.

bizardunak

Txetnikak. Erdian, euren buru Draža Mihailović jenerala.

Pogledi argitaletxeak, Bigarren Mundu Gudako txetnik mugimenduaren inguruan liburu barri bat atera du, bai ingelesez (The Kingdom of Yugoslavia in World War Two) eta bai frantsesez (La Royaume de Yougoslavie dans la Seconde Guerra mondiale). Liburua Miloslav Samardžić idazleak idatzi du (Branko Petrovićek itzuli du ingelerara eta Slobodan Kostadinovićek frantsesera). Argitaletxe honek Ivo Andrić Elkarteari eskatu dio bere jarraitzaileei hau jakinarazteko eta horrela egiten dugu. Liburuak 40 euro balio ditu eta helbide honetan eskatu daiteke: https://www.pogledi.fr/en/the-kingdom-of-yugoslavia-in-wwii

Argitaletxearen kolektiboa Serbiako Kragujevac hirian jaio zen1982an, Unibertsitate aldizkari kultural gisa. 1990an argitaletxe bilakatzen da. Frantzian ere saltzen du, bertako banatzaile batekin 2013an akordioa lortu ostean. Miloslav Samardžić autorea 1963an jaio zen Serbiako Aleksandrova hirian eta 1989an Kragujevaceko Unibertsitatean Ekonomia lizentziatura lortu zuen. 1987tik aurrera Pogledi argitaletxearen editore-burua da.

Txetnik mugimendua eta txetnikak (serbiar zirilikoz Четници, alfabeto latinez Četnici), berez XX mende hasieran agertu zen, orduan turkiarren menpeko Mazedonia askatzeko (eta Serbiara batzeko) borrokan, Mazedoniako Serbiaren aldeko borrokalariei jarritako izena zen. Hala ere, gaur egun “txetnik” izenaz ezagutua den mugimendua, Bigarren Mundu Gudan, Alemaniak Jugoslavia inbaditu eta berehala inbasio naziari erresistitzeko mugimendu bat izendatzeko erabiltzen da.

Txetnikak

Txetniken bandera beltza burhezur eta hezurrekin eta euren leloa idatzita: “Erregearen eta Aberriaren alde; askatasuna ala hil!”

Mugimendu politiko-militar hori Dragoljub “Draža” Mihailović (Драгољуб “Дража” Михаиловић) jeneralaren menpe nazien aurka 1941eko apirilean altxatutako soldaduek osatzen zuten, eta ofizialki “Jugoslaviar Armada Aberrian” (Југословенска војска у отаџбини/Jugoslovenska vosjka u otadžbini) deitzen zen, berez, Jugoslaviako Erresumaren erbesteko Gobernuaren ordezkariak baitziren. Oso ezagunak egin ziren euren kokardengatik eta eramaten zuten bizar luzeengatik (eurek zabaldutako bertsioen arabera “Serbia berriz aske izan arte bizarra moztuko ez zutela” zioten). Txetnikak 1941ko apirilean altxatu ziren, alemaniarrek Belgrad hartu eta berehala, jugoslaviar beste erresistentzia indarra izan ziren partisano komunistak baino bi hilabete arinago. Txetnikak Serbiako Ravna Gora (zirilikoz, Равна Гора; euskaraz, “Mendi Laua”) gunean gotortu ziren, Jugoslaviako Erret-Armadan errenditzea erabaki ez zuten destakamenduak ziren, eta beraz, horrela aintzatetsi zituen Jugoslaviako erbesteko Gobernuak, Draža Mihailović bera erbesteko Gobernu horrek defentsa-ministro izendatu zuelarik (Ravna Gora mendia mugimenduaren ikur bat izan zen, askotan txetnikei “Ravna Gorako Mugimendua” deitzen zieten). Mihailović bere aldekoentzat zuzendari karismatikoa zen, eta bere zaleek “vojvoda” (Војвода) deizen zutelarik (“vojvoda” eslaviar herri ezberdinek Erdi Arotik erabiltzen zuten titulu militar bat zen, vojvodak buruzagi zibiko-militarrak ziren).

Hala ere, esan beharra dago, gudaren aurretik Mihailović ez zela oso mlitar ezaguna Jugoslaviako Erret Armadan, koronel gradua soilik izan zuen (gudan zehar izendatuko zuen erbesteko Gonbernuak jeneral), eta bi urte lehenago, 1939an zigortua eta bigarren mailako postu batetara, Akademia Militarrean klaseak ematera bidalia izan zen, desadostasun politiko batzuk publikoan adierazi zituela eta (zigortu zuen orduko militarra eta Defentsa Ministroa, Milan Nedić, 1941ean alemaniarrek Serbian ezarritako “Salbazio Nazionalerako Gobernuaren”, hots, Gobernu kolaborazionistaren buru izan zen). Txetnikek, aurreko Jugoslaviar Erret Armadaren zilegitasuna aldarrikatzen zuten, eta are honen standarteak eta leloa erabiltzen zuten hasieran: Jainkoarengan fedea izanaz, Erregearen eta Aberriaren alde!” (С вером y Богa, за краља и отаџбину!//S verom u Boga, za krajla i otadžbinu!). Hala ere, pixkanaka, erresistentzia mugimendu klandestino bezala profilatzen hasi zirenean (argi zegoenean aliatuek berehalako garaipena lortuko ez zutela), euren lelo propioa nagusitzen hasiko zen: “Erregearen eta Aberriaren alde: Askatasuna ala hil!” (за краља и отаџбину: слобода или смрт!//Za kralja i otadžbinu: Sloboda ili smrt!); eta bandera propioa baita ere: beltza, burezur eta hezurrekin eta azken lelo hau zuriz idatzita (ikus irudia).

Hala ere, pixkanaka-pixkanaka partisano komunistak erresistentzia mugimendu garrantzitsuena bilakatu ziren. Izan ere txetnikek hainbat ahulezia erakutsi zituzten: euren mugimendua “jugoslaviarra” deitzen bazen ere praktikan serbiarrek soilik osatzen zuten (partisanoek etnia guztietako kideak zituzten). Euren aginte-katea partisanoena baino kaotikoagoa zen, ideologikoki ez zuten oso argi Serbia Handia edo Jugoslavia defendatzen bazuten (partisanoek, Jugoslavia Federala defendatzeaz gain, erreforma sozialaren programa bat zuten, horrek baserritar askorengan sinpatia piztu zielarik) eta batez ere 1941ko masakre faxisten ostean (bai alemaniarrek Serbian zein kroaziar kolaborazionistek Kroaziako Estatu Independentean) txetnikak itxarote-taktika defentsibo bati atxiki ziren, populazioa babesten kontzentratu ziren alemaniarrak eta kolaborazionistak erasotu beharrean, partisanoek taktika ofentsiboagoa eta guda-zabalekoa zuten bitartean –azken honek pixkanaka Alemaniaren etsai ziren aliatuen babesa eman zietelarik-. 1943 eta 44 artean, txetnikek nazioarteko babes osoa galdu zuten (Jugoslaviar erbesteko Gobernuarena barne), eta pixkanaka, gune fokalizatuetan mugatu ziren. Txetnik mugimendua 1946an Draža Mihailović atxilotzerakoan (Jugoslavia Sozialistaren gobernuak epaitua eta exekutatua izan zen) bukatu zen.

Txetnik mugimenduaren ideologia, esan bezala Jugoslaviako Erresumaren aldekoa izan zen. Berez, antifaxistak eta antikomunistak ziren, baina posizio horrek kolaborazionisten eta partisanoen artean inguratuta egotera eta bien aurka borrokatzera eraman zituen. Unean-unean, batzuekin zein besteekin elkartzen ziren hirugarrenaren kontra (tokiko itun asko Estatu Nagusiaren baimenik gabe sinatu ziren). Bestalde, Jugoslaviarena baino, Serbiaren ikur esklusibo bilakatu ziren, beste etniekiko mesfidantza eta gorrotoa euren artean ere hedatu zelarik. Horrek, halako gertakizun lotsagarri batzuek egitera eraman zituzten, adibidez beste etnietako zibilen kontrako ekintzak. Hala ere, esan beharra dago txetnik mugimenduak, tokiko unitateen ekintza deitoragarri batzuek gora behera, ez zuela genozidiorako batere planik, eta etsaiarekin partisanoen kontrako behin-behineko eta toki batzuetako elkarlana egin bazuten ere, ez zela mugimendu kolaborazionista bat berez (gehiago izan ziren alemaniarren kontrako ekintzak eurekin bat egiteak baino), ez praktikoki ez ideologikoki: Mihailovićen aldekoek aliatuekiko lotura gudaren bukaera arte mantenduko zuten, Jugoslavian inteligentzia misioak egiten zituzten komando aliatuei babesa emanez, eta Serbian eroritako AEBren laurehun pilotu baino gehiago salbatuz. Euren ideologia demokrata zentzu estandarrean eta nazionalista zen. Kurioski, gaur serbiar nazionalismoa anti-mendebaltar gisa hartzen bada ere, garai hartan serbiar nazionalismoaren defendatzaileak ziren Mendebaldeko aliatuekiko hurbiltasun ideologiko handiena zutenak.

Bigarren Mundu Guda ostean Jugoslavia Sozialistan txetnikak etsai eta kolaborazionistatzat hartuak izan ziren, ezen Jugoslavia Sozialistako gobernua nazionalismo guztien kontrakoa baitzen (gainera ezin dugu ahaztu txetnikak antikomunistak ere izan bazirela). Bestalde, mendebaldeko hedabideetan txetniken ustezko “kolaborazionismoa” edota gaizki-egiteak zabaldu eta handizkatu izan dira, 90 hamarkadako agenda serbofoboak eramanik, serbiar nazionalismoa Balkanetako beste nazionalismo askok ez bezala faxismoaren kontrako erresistentziara engaiatu izana itzalean utziz. 90 hamarkadan, txetnikak edota euren demonizazioa serbiartasunarekin identifikatzen zuten askotan serbiarren aurkakoek (bai Balkanetan zein Mendebaldeko hedabideetan), “txetnik” izena irain bihurtuz.

Beraz, mugimendu polemiko honetaz, gehiago jakin nahi baduzu, liburu hau irakurtzea gomendatuko genizueke. Blog eta kolektibo honetatik kontziente gara liburua txetnik mugimenduaren aldeko batek egin duenez gero, agian mugimendu horrekiko hurbilekoa den ikuspegi bat emango duela. Argitaletxeak berak dio “orain arte desitxuratutako II Mundu Gudako Jugoslaviari buruzko beste iritzi bat eman nahi duela” eta “txetnik mugimenduaren errealitatea Serbiaz kanpora zabaldu”, eta hor gaur egungo txetnikei buruzko ikuspegiaren “manipulazioen” ardura Jugoslavia Sozialistako Gobernua dela ulertaraz dezake. Guk geuk gure aldetik ez dugu baloraziorik egingo liburuaren gainean, baizik eta mugimendu nahiko ezezagun honez gehiago jakin nahi duenari erreferentzia bat eman gura diogu, eta halaxe egiten dugu.

Oxandabaratz

Advertisements

3 thoughts on “Txetnik mugimenduaren historiari buruzko liburu berri bat; ingelesez eta frantsesez.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s