Novorossija eta Ukraina: amankomuntasunak, ezberdintasunak eta manipulazioak.

Abuztuaren 29an, “Noticias de Gipuzkoa” egunkariak, Ukrainan gertatzen ari den gatazkaren inguruan Asier Santillan Luzuriaga izeneko abokatu baten iritzia argitaratu zuen. Santillanen asmoak, Ukrainan Errusiari, Novorossijako errebeldeen eta ukrainar agintarien artean, “interposizio tropak” edota “gizatasun-misioko tropak” ezartzen uztea oker bat izango zela ohartaraztea omen da, horrek gatazkan “Errusiari” on egingo liokeelako.

Igor Strelkov Novorossijako herri-milizien komandantea. Eskuineko argazkian (hiruretan erdikoa), Bosniako gudan borrokatu zuenekoa (serbiarren alde). Betzuen ustez, horrek novorossijarren “jatorrizko izaera gaiztoa” frogatzen omen du. (Iturria: http://www.ibtimes.co.uk)

Santillanen artikuluan hainbestetan europarzaleek edota atlantistek (kontrako ideologiez destainaz aritzeko, noski) hainbestetan aipatzen duten “erlijio politikoaren” zantzuak barra-barra aurkitzen ditugu. Hau da, mundua “gu” eta “besteak” handi bitan zatitzen du; “besteak”, Guda Hotzeko erretolikaren antzera jokatuz, “gaiztoen Internazional” handi baten parte izango balira bezala: “errusiarrak gaiztoak izanez gain, serbiar gaiztoen lagunak dira, hots, benetan gaiztoak dira”. Izan ere, bere artikuluan ematen dena, errealitatearen deskripzio bat ere, “zelebrazio” ideologiko bat da: artikuluaren hasieratik bukaera arte, “gu” hori balio positiboz janzten du, eta “eslaviar bestea” balio negatiboz.

Odessako masakrea. Ez da Novorossijari buruzkoirakurketa mendebalzaleetan agertzen. (Iturria: globalresearch.ca)

Oluja operazioak 250.000 serbiar Krajinatik ihes egitera behartu zituen. Jugoslaviari buruzko mendebaltar irakurketetan ez da “garbiketa etniko” gisa azaltzen. (Iturria: http://www.balkainside.com)

Errealitateak berak ihardesten ditu Santillanek esandakoak. Izan ere, Novorossijako errebeldeak (eta ez hainbeste Errusia, eta are gutxiago Ukraina) izan dira “pasabide humanitarioak” erraztu dituztenak; batez ere Novorossijako Herri Errepubliken ofentsibaren ondorioz, inguratuta frontearen atzeko “poltsetan” geratu diren militar ukrainarrei irteera bat errazteko. Bestalde, ausardia edota hobe esanda, arinkeria handiaz merkatzen ditu Santillanek Novorossijako Herri Errepubliketako tropak uztailaren 24ko malaisiar hegazkinaren errudun gisa. Gaur egun, hilabete pasatxo joan denean, inork ez du hori baieztatzen duen frogarik ezarri; are gehiago Malaisiar Gobernuak Ukrainar Gobernua errudun dela dio (eta Herbeherek, EBko Estatua, ez dute kutxa beltzetako elkarrizketak argitaratu nahi). Eta beste alde batetik, Santillanek ere ez ditu aipatu Odessako edota Mariupoleko sarraskiak, hein handi batean Donbasseko populazioaren matxinadaren saltu kualitatiboaren (portesta zibilak izatetik mugimendu politiko-militar izatera) pizgarri izan zirenak.

Hala ere, gure elkartean, Novorossijako auziaz bada ere, Jugoslaviako auziaz aritzen gara. Eta Jugoslavian zentratuz ere, Santillanen argudioa hagitz lerrokatua da: serbiarrak dira erantzule bakarrak, eta are gehiago euren alde borrokatzeak eurak bezalako “etnia-garbitzaile” bihurtzen zaitu (errusiar bolondresen kasua, Santillanen arabera). Jugoslaviaren desagerpena izan zen “tragedia kolektiboa” herri baten ustezko “ankerkerian” paratzea (ankerkeria kutsakorra ematen duenez, errusiarrak kutsatzeko beste) izugarrizko axolagabekeria iruditzen zaigu, are gehiago faltsukeriaz bada ere. Hortatik segituz, Bosniako Gobernuaren alde egon ziren jihadistak edota Kroaziako Gobernuaren alde egon ziren ultraeskuindarrak; oso lagun ez-gomendagarriak bi kasuetan (“Santillanen araua” erabiliz, hauen ankerkeriak ere Bosnian edota Kroazian iznago lukete iturria). Izan ere, Jugoslaviako gudak ez ziren Kroazian hasi, Eslovenian baizik (Esloveniar Gobernua armatu zen ilegalki aurrena, eta tiro egiten lehena ere izan zen). Bestalde, ez zen “Miloševićen Jugoslavia” izan Krajinara interposizio tropak bidali zituena, Milošević ez bait zen Jugoslaviako lehendakari orduan, Serbiakoa baizik (eta interposizio tropak bidaltzea, 1990an, Jugoslaviar Lehendakaritza Kolektiboak erabaki zuen, Errepublika guztiak modu parekidean ordezkatzen zituen organo batek). Eta serbiar tropek burututako guda-krimenak ezezik, beste aktoreen krimenak ere aipatu beharko genituzke: Krajina aipatuz, 250.000tik gorako serbiarren kaleratzea 1995ean; II Mundu Gudatik eman den garbiketa operaziorik handiena (eta berau zuzendu zuen jeneral Ante Gotovina aske utzi zuen Hagako Nazioarteko Epaitegiak, Jugoslaviako guden inguruan “egiaren apaiz” bihurtutakoak).

Carl Bildt suediar politikaria izan da Jugoslaviako guden inguruan ikuspegi serbofoboaren zabaltzearen erantzuleetako bat. (Iturria: berggruen.org)

“Ezker-eskuin” ardatzaren ustezko xinplekeria ere aipatzen du Santillanek. Hala ere, erlijio politiko euro-atlantistaren amaigabeko xinplekeriaz haratago; badago Euskal Herrian, hango gatazkari so egiten zaionean askotan erabiltzen den “ardatz ideologiko” xinple bat, zeina susmoa dugun Santillanek erabili duen. Autodeterminazioaren eta Estatu-nazioaren paradigmaz ari gara; zeinaren arabera a) Nazio-estatua edonon aplikatu beharreko paradigma den eta b) Jugoslavia ohiko errepublika ezberdinen “independentziak”, Euskal Herriko abertzaleentzat, autodeterminazio eredu diren. Lehenari dagokionez; kontutan izan behar dugu Balkanetako herri ezberdinak, kasu askotan hizkuntza berdina dutelarik, batez ere Inperio ezberdinen arteko eraginarengatik banatu izan direla mendeetan eta mendeetan. Bateratzea eta amankomuntasunaren paradigma, neurri handi baten, eskualde honen independentzia defendatzeko tresna gisa ikusi izan da kanpoko Inperioen aurrean, bai eta bakea ziurtatzeko barneko populazio nahasketen aurrean. Hargatik, bake, oparotasun eta sobiranotza politiko eta ekonomiko mailarik altuena Jugoslaviako Errepublika Sozialista Federalak (1945-91) ekarri izan zuen.

Veselin Vukotić ekonomilari neoliberala Jugoslaviako azken gobernuko finantza-ministroa izna zen; Jugoslavia NDFren esanetara jarri zuen.

Bigarrenari dagokionez, aldiz; kontutan izan behar da Errepublika hauek ez zirela Jugoslaviatik bereizi, baizik eta Jugoslavia Sozialistaren desagerpena izan zen “tragedia kolektibo” horren ondorioz agertu ziren (honela eztabaida berri bat zabaldu zelarik: nor autodeterminatzen da, Jugoslavia barnean aitortutako Errepublikak -Kroaziak nahi bezala- edo nazionalitateak –Krajinako serbiarrek nahi bezala-?). Tragedia kolektibo hori batez ere 1988 eta 1990 artean mamitu izan zen, instituzio globalistek (NDFk batez ere), pribatizazio programa handiak inposatu zituenean, langabezia eta pobrezia ekarriz; eta aldi berean, AEBtako Gobernuak, laguntza ekonomikoa Jugoslaviari ez, baizik eta “Alderdi Komunistaren nagusigoari uko egiten duten Errepublikei” emango ziela agindu zuenean (joera politiko antikomunistekiko erabateko laguntza). Hala, Jugoslaviako Estatua deseginda (edukiz hustuta) geratu zen, identifikazio kolektiborako paradigma hori ere desagertu zelarik, Errepublika guztietan, “oinordekotzaren zatirik handiena” eramaten tematutako muturreko nazionalismoek (Errepublika guztietan) ordezkatu zutelarik. 90 hamarkadan sortutako Gobernu berriak Franjo Tudjman bezalakoek zuzenduta zeudelarik. Tudjmanek 1990ko irailean Kroaziako Konstituzio berri bat idatzi zuen, II Mundu Gudako ultraeskuindarren ikurrak berreskuratuz, eta Krajinako serbiar gutxiengoari, aitormen nazionala ukatuz (euren lurrean atzerritar bihurtuz). Gauzak honela, hobeto ulertzen da Krajinako serbiarren ezinegona, “berezko ankerkeriaz” haratago. Jugoslaviaren (eta sistema-paradigma sozialistaren desagerpenak) bertako herriak guda zurrunbiloan murgildu zituen; ez zen izan autodeterminazio prozesu klasiko bat (eta are gutxiago eredugarria, ikusita oraingo Errepublika berriek Mendebaldearekiko duten menperakuntza apolitiko, ekonomiko eta militarra).

Jugoslaviako kasuak eta Ukrainakoak ezberdintasun aunitz dituzte: izan ere, azken honetan Estatu-kolpe baten ondorioz sartu da guda zibilean, non ezberdintasun nazionala ardatz nagusia baino ardatz ideologikoa elikatzen duen osagarri bat den, Jugoslavian tragedia kolektibo bat eman zen, hau da, Jugoslaviako Estatu Sozialistaren eta honen instituzio amankomun federalen desagerpenak eraman zuen gudaren zurrunbilora. Baina badute antzekotasun handi bat: kasu bietan, egoeraren ezegonkortasuna probokatu izan dutenak Santillanen “gu” horiek dira, hots “mendebaltarrak”: jugoslaviar kasuan Estatu titoistaren desagerpena sustatuz, Ukrainaren kasuan Estatu-kolpe bat finantzatuz. Baina noski, hori Santillani ez zaio gauza handirik inporta, izan ere, berak jada erabaki bait du “Europa” eta “balore europarzaleak” direla (demokrazia-) arrazoiak eman eta kendu egiten dituzten apaiz berriak.

Oxandabaratz

Advertisements

One thought on “Novorossija eta Ukraina: amankomuntasunak, ezberdintasunak eta manipulazioak.

  1. Kaixo,
    Lehenik eta behin gauza pare bat: a) Noticias de Gipuzkoan nuen lekua haundiagoa balitz zuk sakondu dituzun gai asko sakonduko nituzke eta ziur puntu askotan bat egingo genukeelakoan nago; eta b) inoiz plantaiatu ez dudana da serbiarrak, orokorrean Herri osoa hartuta, zuk diozun bezala, ezerren errudunak direnik. Artikulu hartan arrisku bat ikusten nuen eta plazaratu nahi nuen. Errusiaren alde borroka egiten zuen burukide batek Errepublika Srpskaren armada egondakoa zen Errusiako bolondres bezala. Errusiako bolondresak Visegrad, Ivo Andricentzat hain garrantzitsua den hirian, garbiketa etnikoan murgilduta egon zirela garbi utzi nahi nuen eta hori berriz gertatzeko arriskua ikusten nuela. Oluja eta Bljesak, edota bosniarren Gornji Vakufen operazioak ez nituen aipatu beharrezkoak ikusi ez nituelako. Bosniako gudan denek izan zuten erruaren zati bat, denek… eta arritzekoa egiten zait Ratko Mladicen defentsa bat irakurtzea. Gotovina edota Haradinajren defentsa bat irakurtzeak arrituko nindukeen bezala. Ah, eta Air Malajsiaren aferaren inguruan “ustezko” hitza erabili nuelakoan nago. Autodeterminazioaren inguruan ez naiz sartuko, gauza askotan zurekin ados nagolako. Izatez, gertatutakoa aipatu nuen eta punto: hau da, tropen banaketaren aitzakiarekin Mladicek eta Marticek Krajinako tropa indartu zituztela, inolako baloraziorik egin gabe.
    Ezker-eskubiaren arteko lelo eta xinplekeriaren aurrean. Bai, komentario xinple bat zen, baina sakondu dezaket. Eta “gu” eta “beraien” horren aurrean ba zer esan, berdina: berriketa sakondu dezaket.
    Bukatzeko, imaginazio haundia eduki behar da orri xinple batetik idatzi duzun guztia idazteko. Zoriontzekoa da gure artean halakoak idazteko eta plazaratzeko aukera izatea, horrela ikuspegi desberdinak ezagutu bait daitezke eta gai desberdinen aurrean eztabaida garatu.
    Adeitasunez,
    Asier Santillan

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s