Serbiarrak Ukrainan (XVIII mendeko istorio bat)

Ukrainako krisia da gaur egungo egunkarietan berri eta orrialde gehien okupatzen dituen gaia. Ukraina eta herri balkaniarren artean noizbait paralelismoak egin dira: denak dira eslaviarrak, ortodoxia ere amankomunean dute batzuek, Estatu nazioanitzen parte izan ziren iraganean, eta garai batean “ekialdeko multzoaren” barnean ikusten genituen, inongo beste esplikaziorik gabe, magma handi batean sartuz (itxura monolitikoa asmoz?). 90 hamarkadatik hona, adimen kolektiboan, amankomuntasun politiko hori desegin zenetik, Ukraina eta Balkanak espazio ezberdinetan kokatuak izan dira maiz. Bien arteko antzekotasunak, asko jota, 00 hamarkada hasierako “koloreen iraultza” liberaletara mugatu izan dira, Serbiatik Ukrainara esportatuak izan zirelarik.

Monumentua hiru herri eslaviarren anaitasunari; Ukrainako Slavianoserbsk herrian. Ezker-eskuin; serbiarra, ukrainar kosakoa eta errusiarra. (Iturria: slavorum.com//Tatjana Dimitrijević)

Baina bi herrien arteko loturak askoz ere zaharragoak dira. Kasu honetan gertakari politikoak ere tarteko ziren, baina batez ere anaitasuna izan genuen protagonista. XVIII mendera bidaiatuko dugu, Ukrainan (garai horretan Errusiar Inperioaren parte) instalatutako serbiar batzuk ezagutzeko.

XVIII mendean, Serbia ez zen Estatu independente bezala existitzen. Gaur egungo serbiarrak bi Inperioen artean banatuta zeuden, Austriar Inperioaren edota Otomandar Inperioaren menpe. Ukrainar lur gehienak mende bat lehenago batu ziren Errusiar Inperiora, Bohdan Khmelnitski (Богдан Хмельницький) buruzagiak zuzendutako matxinada kosakoa eta gero. Kosakoen eta Errusiar Inperioaren artean kosakoentzako autogobernua itundu zen, baina jada mende baten ostean, kosakoen instituzioak gainbeheran zeuden (batez ere Poltavako borrokaldian, Ivan Mazepa (Іван Мазепа) atamanaren burutzak errusiarren kontra suediarrekin bat egitea aukeratu zuenean). “Ukraina” (Україна) hitzak (“mugako eskualdea” esan nahi zuena, hain zuzen serbokroazierazko “Krajina” (Крајина) hitzaren etimologia bera, eta parte batean, mugako lur militarizatuaren izaera bera) oraindik kontzeptu geografiko bati egiten zion muga, aurreko mendeetan kosakoak instalatu ziren Poloniar eta Errusiar Estatuen arteko mugari hain zuzen ere: “ukrainar” gentilizioa gentilizio nazional bezala XIX mendean hasi zen erabiltzen; ordura arte “errusino/erruteno” (rusin) hitza erabiltzen zen (Rus estatu zaharrari erreferentzia egiten zion kontzeptua), edota, batez ere Errusiara batu ostean, “errusiar ttipi” (malorossii).

Testuinguratzearekin bukatuta, galdera erantzun behar dugu: Nola bukatu zuten serbiar hauek han? Erantzuna, XVIII mendeko serbiar migrazio handiak izan ziren. Turkiar konkistaren ostean, serbiar askok beste potentzia kristau baten lurretara egin zuten ihes (batez ere 1690 urtean, non hamarnaka milaka serbiarrek migratu egin zuten); Austriar Inperioaren lurretara, XVII mende bukaeran. Han, batez ere mugetako eskualdeetan ezarri ziren, Turkiar Inperioaren hedapena balaztatzeko baserritar-soldadu gisa, “Muga Militarrak” edota “Vojska Krajina” (Војна Крајина) deituko ziren lurretan. Hasiera batean, euren legeei eta status militarrari eutsi ahal izan zioten enperadoreari leialtasuna erakustearen truke, foruen antzeko sistema baten bidez. Halako eskualdeak, gaur egun Kroaziako Krajinan (Kroazia eta Bosniaren arteko mugan), eta gaur egungo Serbiaren iparraldearen eta Errumania eta Hungariaren Hegoaldearen artean zeuden (Banat eta Baranja eskualdeak, Zemunen eta Sremska Mitrovican hasi eta Vukovar, Osijek, Pecs eta Timisoaran bukatuta).

“Serbiarren migrazioa” (Seoba Srba; Сеоба срба) Pavle “Paja” Jovanović (Павле “Паја” Јовановић) serbiar artistaren margoa, 1896an margotua. Serbiako Museo Nazionalean dago gaur, Belgraden. Iturria: muddycolors.blogspot.com

Eskualde funtsean militarra izaki, armada-unitateek bere biziko garrantzia hartzen zuten: serbiar baserritarrak era berean soldaduak ziren, eta unitateen komandanteak buruzagi politikoak. Denen gainetik Serbiar Eliza Ortodoxoko burua zegoen, Arsenije Čarnojević (Арсеније Чарнојевић), Leopold III enperadorean 1694an “vojvoda” (војвода) bezala aintzatetsia (“Vojvoda” hitzak buruzagi militarrei ematen zitzaien titulu bati egiten dion erreferentzia, hortik dator gaur egun Serbiaren iparraldeko eskualdeari “Vojvodina” (Војводина) deitzea). Eslaviar deserriratuek berez, identifikazio kolektiborako bi tresna zituzten: euren erlijio ortodoxoa, eta euren unitate militarrak.

Hala ere, mende aldaketarekin batera, Austria barneko serbiarren egoera okertuz joango zen. Austriar enperadoreak ez ziren guztiz fidatzen herri ortodoxo erreboltari eta nostalgiko horietaz, eta ohitura berrietara moldatu nahi izan zituzten, batez ere, euren unitate militarrak desegin nahi zituzten armadako unitate erregularrean sartzeko. Antolaketa militarraren inguruan egituratutako herri honentzat eraso bortitza izan zen hau. Honekin batera, Serbiar Eliza Ortodoxoaren kontrako, zein serbiar auzuneen desagerpena ekarriko zuten plan urbanistiko eta hidrologiko berriak martxan jarri ziren (Banat eskualdera alemaniar jatorriko populazioa eraman zuten, kasu askotan serbiarrak lekualdatuz). Serbiarrek euren herri moduko biziraupena geroz eta zailagoa ikusten zuten. Horrenbestez, Errusiara emigratzen dute askok, han euren berezitasuna ulertua eta errespetatua izango denaren ustez, eta errusiar anai ortodoxoak euren aberria berreskuratzen lagunduko dienaren esperantzaz.

Errusian, Austriar Inperioaren menpe izan bezala, muga militar batean euren autogobernua eratzen utziko zieten: Slavoserbia (serbieraz, Славеносрбија edo Slavenosrbija, ukraineraz, Слов’яносе́рбія edo Slovianoserbija, errusieraz, Славяносербия edo Slavianoserbija; gaur egungo Ukrainako Donetsk Oblastean 1753-1764 urteen artean iraungo zuen entitate politiko gisa, Bahmut (srb) edo Bakhmut (ukr) (Бахмут) hiriburu zela) eta Serbia Berria (gaur egungo Ukrainako Kirovohrad Oblastean, 1752 eta 1764 artean iraungo zuen eta Novomirgorod (Новомиргород) izango zen hiriburua) izeneko eskualdeak sortuko ziren; Poloniarekin mugan eta Zaporozhieko Estatu kosako ukrainarraren (Errusiaren basailotzari lotuta zegoen Estatu hau) babes-lerro gisa. Errusiar Inperioan, hasieran behintzat, serbiarrek euren unitate militarrak izango zituzten. Jovan Horvat (Јован Хорват) eta Petar Tekelija (Петар Текелија)  gotzaina izango ziren serbiar buruzagi nagusiak.

Lehen irudiko estatuaren oineko testua: “Ez dago anaitasuna baino lotura indartsuagorik” (goitik behera, ukraineraz, errusieraz eta serbieraz). Iturria: slavorum.com/Tatjana Dimitrijević

Joko politikoan barrena, Errusiar Inperio barneko serbiar entitate politiko eta militarrak desagertu egingo ziren. Errusiar eta ukrainar biztanleen elkartasunaren maila ez zuten emango Inperioaren politikariek, izan ere, Austriar eta Turkiarekin etsaitasun handirik ez zuten nahi, eta momentu batetik aurrera, serbiar gehiagok Errusiara emigratzea ere debekatu zuten Habsburg eta Romanov Inperioek. Serbiarren itxaropena, Errusiak lagundutako serbiar armada batek Serbia Turkiarengandik askatzeko proiektua, bazterrean geratu zen. Hala ere, idatzi honen bitartez, joko geopolitikoen gainetik, herritarren arteko elkartasuna goratu nahi dugu, eslaviar herriek elkarrengandik zien gertu sentitzen zituzten euren buruak.

Oxandabaratz

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s