Transilvaniako negua Cluj-Napocan

Egunak dira termometroak zero graduak gainditzen ez dituela. Ur putzuak izozturik txolarreak bainua hartu ezinik saltoka dabiltza espaloietatik. Atzokoan hodeiek elurra mara-mara nola botatzen zuten ikusi nuen nire logelako leihotik. Gaur neguko hiri grisa txuri ageri da. Kalera buelta bat ematera irten behar dudala erabaki dut, ea bide batez pasa den ostiralean edandako ţuicăren ajea leuntzerik dudan.

Cluj-Napoca neguan. Erdikaldean San Migel eliza erromatar katolikoa (argazkia: So one of the things I…).

Etxetik irten baino lehen erritu bilakatu den prozesuari ekin diot, alegia, txanoa, bufanda, eskularruak eta berokia jantzi ditut. Manastur sobietar estilodun auzoko etxe blokeetatik irristaka igaro naiz Someşul ibai ondotik doan bidea topatu dudan arte. Bidean eraikitzen ari diren eliza bateko eliztarrekin gurutzatu naiz. Dirudienez eraikuntza altxatzen duten bitartean mezak estalkirik gabeko oholtza baten gainean ospatuko dituzte. Fedeak nahikoa berotuko ote ditu?

Tranbiaren errailei jarraituz Parcul Centralera iritsi naiz. Gaur paseatzen dabilen jendea inoiz baino alaiago dagoela sentitu eta ikusi dut. Ez da harritzekoa, izan ere elurraren distira koloretsuek neguan ilun dagoen parkea zipriztindu dute. Aiton-amona bikoteak elkarri eskuak emanda dabiltza orekari eusteko, umeek han-hemenka elur bolak jaurtitzen dituzte trebetasun handiz.

Izoztutako parkea atzean utzi dut eta erdigunerako ibilbideari ekin diot. Ohiko moduan erresistenzia antikomunistaren aldeko monumentu aurrean geratu naiz, eta Errumaniako demokrazian egunero biziraun behar duten milaka pertsonen aldeko monumentua noiz eraikiko duten pentsatu dut segundu eskas batez. Bigarren segundurako nire senak pasa den egunean parrandan ibilitako lekura eraman nau zuzenean. Unirii plaza ederraren lau izkinetako kale batean dago. Tabernak Insomnia du izena. Nik ordea ez dut insomniorik. Lo egiteko beharra bai. Zerbitzaria nigana gerturatu eta ideia-asoziazio batean edo, Ursus garagardo botila bat eskatu diot. Errumanieraz hartzari ere ursus esan zatzaioke. Neguan gaude, eta gure inguruko mendietan dauden hartzak ziur aski hibernatzen egongo direla etorri zait burura.

Edo agian ez? baliteke hori aldaketa klimatikoa baino lehenago gertatzen ziren gauzetako bat izatea. Udaberriari itxarongo diot zalantza argitzeko.

Slobuzenja

Jatorrizko bertsioa Eremulauak-en argitaratu zen.

Advertisements

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s