Bukaresteko Itunak 100 urte

Itunaren sinatzaileak (Iturria: Wikipedia)

Gaur, Abuztuak 13, 1913an Bukaresteko Ituna sinatu zenetik 100 urte betetzen dira. Itun horrek, publiko “zabalarentzat” nahiko ezaezagunak diren Balkaniar Gudei (ez nahastu 90 hamarkadetako Jugoslaviar Gudekin), edo zuzenago esanda, 1913ko ekaina eta abuztu artean eman zen Bigarren Balkaniar Gudari (Lehenengoa 1912an eman zen) bukaera eman zion. Bigarren Balkaniar Guda honetan, bost Estatu (Serbia, Montenegro, Grezia, Errumania eta Turkia) borrokatu ziren Bulgariaren aurka, garaipena lortuz. Hala ere, Bake Itun honek hainbat arantza utzi zituen, horietako batzuk gaur arte irauten dutelarik.

Egia esan, bi gudok ezin dira bereizi, lehenaren bukaeran eman zen Bake Itunak eta honek bulgarriarengan piztu zuen insatisfakzioak piztu bait zuten bigarren guda. Lehen Balkaniar Gudan Bulgariak Serbia, Montenegro eta Greziarekin batera borrokatu zuen Turkiar Inperioaren aurka. Izan ere 1908ko Gazte Turkiarren iraultzaren ostean, Inperio Otomandarraren europar lurretan (orduan, Albania, Kosovo-Metohija, Mazedonia osoa (bai gaur egungo Mazedonia independentea zein Mazedonia greziarra), Trazia eta Novi Pazarreko Sandžak; gehi Istanbul, oraindik ere Turkia dena) federalismo eta nazionaiztasun ilusioak piztu ziren (politikari abertzale askok parte hartu zuten iraultza horren instituzioetan), baina laster zapuztuko ziren: uzkaili berri zen Abdul Hamid II sultanaren garaian baino askoz ere politika zentralistagoa eta homogeneizatzaileagoa ezarri bait zuten Gazte Turkiarrek. Gauzak horrela, lau Estatu kristau-ortodoxoek aliantza bat osatu zuten, Liga Balkaniarra, Otomandar Inperioaren aurka. Guda honen helburua, oraindik turkiaren pean zeuden populazio eslaviardun eta heleniardun lurrak (Kosovo-Metohija, Novipazarski Sandžak, Mazedonia eta Trazia) askatzea zen; baita lortu ere. Izan ere, Liga Balkaniarrak Turkiaren ahultasuna baliatu zuen (Austria-Hungariak 1908an Bosnia anexionatu egin zuen, eta 1911-12ko Libiako Gudan Turkia galtzaile atera zen Italiaren kontra). Beraz, Turkiak Euriopan zituen lur ia guztiak galdu zituen: Sandžak Serbia eta Montenegroren artean banatu zuten, Kosovo-Metohija Serbiara pasa zen (parte txiki bat Montenegrora), Mazedonia Serbia, Grezia eta Bulgariaren artean banatu zen, Trazia Bulgariara pasa zen (Bulgariak Istanbuletik 30 km eskasera dagoen Edirne (bulgarieraz Odrin) hiria hartu zuen) eta Greziak Egeoko irlak hartu zituen. Albaniak independentzia aldarrikatu zuen (nahiz eta serbiarern okupazio garai bat egon zen). Nahiz eta guda 1912an bukatu, 1913ko maiatzean sinatu zen guztiz bakea, Londreseko Itunarekin batera.

Hemen beste arazo bat kontutan izan behar dugu: potentzia inperialista ezberdinek (Turkiak, Austria-Hungariak (eta errebotez, Alemaniak), Italiak eta Errusia tsaristak) interesak zituzten. Adibidez, Austria-Hungaria eta Italia oso interesatuta zeuden potentzia irabazleek ez zezaten lur handiegirik kontrolatu: zenbait irakurketen arabera, Albaniaren independentziaren aldeko presioa italiarrek egin zuten bertan Estatu-satelite bat ezartzeko (Montenegrok, anbizionatzen zuen eta gudan hartu zuen Shkodër edo Shkodra hiria,  utzi egin behar zuen). Bestalde  Austria-Hungariari ez zitzaion komeni ordura arte Turkia zen Mazedonia (gogoratzekoa da orduan “Mazedonia” esaterakoan, ez dela soilik gaur egun independentea den Mazedonia, baizik eta Mazedoniako eskualdea, hau da gaur egungo Mazedonia independentea (Vardar Mazedonia), Egeoko Mazedonia (gaur Grezia dena) eta Pirin Mazedonia (Bulgaria dena)) eta batez ere Tesalonikako portua irabazle atera ziren indartutako Estatuen esku geratzerik. Izan ere potentzia germaniarren nahia, Turkiaren bitartez, Ekialde Hurbilera eta Erdi Ekialdera lotura bat izatea zen (Berlin-Bagdad bidea), eta Mazedonia Mediterraneorako atea zen. Bestalde, Errusiari potentzia eslaviarren zabalera ahalik eta handiena komeni zitzaion; horregatik, potentzia irabazleen artean ahalik eta pitzadura gutxien egotea komeni zitzaion. II Internazionalak ere bere ekarpena egin zuen, nazio ttipien askatasunaren alde kokatuz (aurrerapenerako urrats bezala ikusten zuten Turkiaren Inperioaren desegitea) eta potentzia inperialista batek guda orokorra piztuz gero, “gudaren aurka guda!” egingo zutela adierazi zuten, lelo hau plazaratuz (pena 1914an emandako hitz hori ez betetzea Europako alderdi sozialista nagusiek).

Hala ere, laster sortuko ziren aliantzaren barneko pitzadurak. Batez ere Mazedonia izan zen haserrea piztu zuena. Bulgariarren arabera, mazedoniarrak (mazedoniar eslaviarrak behintzat; heleniarrak, turkiarrak, valakiarrak eta judutarrak ere baitzeuden Mazedonian), bulgariarrak ziren. Ez zitzaien arrazoirik falta, parte batean behintzat, izan ere ordura arte, mazedoniarrek ez zuten kontzientzia nazional propiorik garatu (hori Titoren garaian, Jugoslavia sozialistan hasiko zen agertzen). Izan ere XIX mendeko (eslaviar) mazedoniar etnologisten arabera, mazedoniar hizkuntza bulgariar hizkuntza zen. Mazedoniar etnologo handienek, Miladinov anaiek, euren Mazedoniako etnologia liburu ezagunari “Mazedoniako abesti eta kondaira bulgariarrak” jarri zioten izenburu gisa. 1893an sortu zen mazedoniar elkarte abertzale klandestinoa bulgarofiloa zen. Baina honek ez digu ulertarazi behar bulgariarrek Mazedoniarekiko esklusiba zutenik: populazio heleniar handia bazegoen (batez ere Hego Mazedonian, edo Egeoko Mazedonian) eta serbiar gisa identifikatzen ziren eta euren hizkuntza serbiera zen eslaviar-mazedoniarrak ere bazeuden (batez ere iparraldean, Skopje eta Kumanovo artean). Mazedonia orduko europar antropologo eta abenturazale askoren bidai-helburua zen, eta etnologian adituak ziren askok egiten zituzten azterketak “mazedoniar auziaz”.

Honen karira, Mazedonia Londreseko itunean Mazedoniako banaketan bulgariarrei ez zien batere graziarik egin, Mazedonia gehiena greziarren (Egeoko Mazedonia, Salonika barne) edota serbiarren (Vardar Mazedonia, Skopje barne) geratzen bait zen. Bulgariarren ustez hori aurreko itunak puskatzea zen. Baina beste alde batetik bulgariarren ametsa Istanbul (hiri hau Turkiaren hiriburua zen orduan, baina Konstantinopolis deitua grezieraz eta Tsarigrad eslaviar hizkuntzetan, kristautasun ortodoxoaren hiriburua zen, eta bulgariar erregeak hiria konkistatzen bazuen irabaziko zuen prestigio handiz itsututa, helburu hori finkatu zuen) zuzenean konkistatzea zen, hori dela eta horra bidali zituzten euren indar gehienak. Ez zuten lortu, baina Istanbuletik hurbil zegoen Edirne edo Odrin hiria konkistatu zuten. Hala ere Mazedoniako parteari ez zioten hainbesterainoko garrantziarik eman (Pirin Mazedoniako zati txikia soilik geratu zen Bulgariaren eskuetan). Gauzak horrela, bulgariarren ustez, Mazedoniak eurena izan behar zuenen, 1913ko ekainaren 29an eraso egin zuen (nahiz eta Errusia potentzia irabazleen arteko gatazkak ekiditen saihestu). Zeharka, ekintza honek Austria-Hungariari eta Alemaniari on egin zien, izan ere, Balkaniar Liga batu bat potentzia germaniarren hegoaldean arrisku bat zen hauentzat (batez ere espantsioa hasi nahi bazuten). Aliantza Balkanikoa uztearekin bat, Bulgaria Austria eta Alemaniaren orbitara hurbildu zen.

1913ko ekainean Mazedonian, serbiarren eta bulgariarren arteko ikamikak handiagotuz zihoazen. Serbiak eta Greziak ordurako elkarrekiko defentsa itun bat sinatu zuten. Ekainaren 27an, Montenegrok, Bulgariarekin guda piztuz gero, Serbiarekin lerratuko zela esan zuen (hala ere, Montenegroren partehartzea sinbolikoa izan zen guda honetan). Errusiak (zein XIX mendean Bulgariaren aliatua izan zen, 1878ko gudan independentzia lortzen lagundu zion) Bulgariari esan zion ez ziola lagunduko, izan ere, Aliantza Balkanikoa puskatzea (eta Errusiak Liga hori Austrairen eraso planak geratzeko oztopo–mehatxu garrantzitsu bezala ikusten zuen, horixe izan zelarik bere helburu diplomatiko nagusia) ia traizio ekintza bezala ikusi zuten. Sergei Sazonov errusiar kanpo arazoetarako ministroak bulgariar lehen ministro Stojan Danevi esan zion bezala “Ahantz gaitzazu”.

Badirudi bulgariarren asmoak, Serbiaren eta Greziaren kontra joz, lehen hilabetean edo, ahalik eta galera nagusienak lortzea zela, eta hauek kontraerasoa jotzeko berrantolatu baino lehen, potentzia inperialista handien arbitraia behartzea (bulgariarren itxaropena hau zen behintzat, edo hala ematen du); bulgariarren ustetan potentzia handiek euren arteko gudari zioten beldurrak edozein statu quo onartzera eta egonkortzera behartuko omen zutelarik. Hori dela eta hasieran behintzat serbiarrei eta greziarrei ahalik eta galera handienak probokatu behar zizkieten. Sorpresaz egindako eraso azkar bat behar zuten bulgariarrek asmo horretarako. Bulgariak gizon asko (asko milizianoak, izna ere, bulgariar armadak armada profesionala eta lebazko milizia bilbatzen zituen, kasu arraro bat izanaz) deitu zituen, baina ez zuen bere aurkariek zuten bezalako armada profesional bat.

Hala ere, bulgariarren asmoak ez ziren bete. Izan ere, praktikan, lehen egun erabakigarri horietan bulgariar tropak geratu ziren inguraturik eta kopuru nagusitasun gabe. Hiru egunetarako berriz atzera egin behar izan zuten. Struma ibaiaz beste aldera. Kilkiseko borrokaldian greziarrek bulgariarrei irabazi egin zieten (gehiegikeriak eman ziren, izan ere Kilkis, gaur egun Grezian, orduan bulgariar gehiangodun hiri bat zen Kukux izenekoa, eta greziar armadak erre eta bulgarriar biztanleak kanporatu zituen). Bestalde, serbiarrek ekaina eta uztaileko lehen egunetan Bregalnicako (Брегалница) borrokaldian bulgariarrak garaitu zituzten, 20.000 baja bulgariar eraginez. Hala ere, uztaila erdialdean, Kalimanci (Калиманци) herrian eustea lortu zuten bulgariarrek (borroka hori galdu izango balute, serbiarrak Bulgarian bertan sartuko ziren). Horrela serbiarren kontrako frontea egonkortu egin zuen Bulgariak, baina ez greziarren kontrakoa, Greziak aurrera egiten jarraitzen zuen bitartean. Graziarrek 1912an Bulgariak lortutako Traziaren partea askatu zuen eta Kresna herrirantz egin zuen aurrera. Uztailaren 15ean Gorna Dzhumaia hirian (Горна Джумая; gaur egun Blagoevgrad (Благоевград) deitua; izen hori Bulgaria Sozialistak ezarri zuen Dimitar Blagoev buruzagi komunistaren omenez) sartu ziren greziarrak, nahiz eta Uztailaren 17an Kresna inguruan bulgariarrek frontea berreraikitzea lortu zuten (ordurako greziar tropak nahiko nekatuak zeuden, izan ere, kilometro asko egin zituzten aurrera denbora txikian, eta gogoratu behar da Mazedonia eta Trazia berriki okupatun zituztela, beraz administrazio guztiz antolatua ez zegoenez, horniketa zailtasunak zeudela bertan). Baina orduan Turkia eta Errumania sartu ziren gudan. Turkiak, mendeku bila zebilenak, Istanbuletik Ekialdeko Trazian egin zuen aurrera, Edirne birkonkistatuz, eta aurrerago jo zezakeen Errusiaren mehatxuengatik (Errusiak oraindik Bulgaria aliantzan sartzeko itxaropenak zituen, eta ez zitzaion komeni Bulgariaren erabateko porrotik, eta are gutxiago turkiarren esku) izango ez balitz. Errumaniak, Errusiarekin harremanak asko hobetu zituenak, Bulgariak babesik gabe utzi zituen Iparraldetik eraso zion Bulgariari eta Sofiatik 30 kilometrotara geratu zen (agian hiriburu bulgariarra konkistatu ahalko zuen, baldin eta Bake ituna hilabete beranduago sinatuko balitz).

Egoera horretan, inguratuta zegoen Bulgariak armistizioa eskatzea besterik ez zuen. Bi Bake Itun sinatu ziren segidan, biek Bulgariaren porrota egiaztatzen zutelarik, hemen azaltzen ari garen Bukaresteko Ituna, eta Istanbuleko Ituna. Azken honek, Edirne eta ondoko herriak Turkiaren eskuetan utzi zituen, Beraz, Bulgariak Trazia ia osoa galdu zuen, nahiz eta Alexandropolis hiria mantentzea lortu (I Gudaren ostean Greziaren alde galduko zuten portua zuen hiri hau). Bestalde Bukaresteko Itunak, Serbia, Montenegro eta Greziaren 1912ko irabazian baieztatu zituen eta baita ere Estatu horiek eta Errumaniak 1913an Bulgariaren bizkar lortutakoak. Errumaniak Hego Dobrudja lortu zuen (ordura arte Bulgaria zen eskualdea, errumanierazko hiztun asko zituena, II Gudaren ostean Bulgariara pasa zen berriz eskualde hau). Garaileak Serbia eta Grezia izan ziren: Serbiak bikoiztu egin zuen bere azalera (48.000 metro karratutik 87.000ra) eta hiru milioi biztanletik lau eta erdi izatera pasa zen. Greziak bere azalera %68 batean handitu zuen (67.000 metro karratutatik 108.600 metro karratura), eta bi milioi eta erdi biztanletatik 4,3 milioira pasatu zen. Montenegro ttipiak ere azalera irabazi handiak izan zituen, %62 batean handitu zuen bere azalera, Peć eta Djakovo (gaur egun, Kosovo) bezalako hiriak hartuz. Bulgariak ordea, bere ilusio eta anbizio denak zapuztuta ikusi zituen, ez bait zuen Balkanetako potentzia dominatzaile bihurtzerik lortu, Grezia eta Serbiaren mesedetan. Hala ere, 1912an (Lehen Balkaniar Guda baino lehenago) zenarekiko konparatuta, %16 bat handitu zuen bere azalera, eta bere populazioa 4,3 milioitatik 4,7 milioitara pasa zen (Pirin Mazedonia, Strumica hiria (gaur egun Mazedonia independentean) eta Alexandropolis hartu zituen).

Baina garaipen txiki horiek ez zuten sentitu zuten frustrazio handia konpentsatu eta ordutik aurrera Bulgarian erresumin eta errebantxa sentimendu bat garatuko zuen serbiarren eta greziarren kontra “Mazedoniako lapurreta” etengabe gogoratuz. Bulgariak bukaresteko Bakea hautsiko zuen 1915ean I Mundu Gudaren testuinguruan Serbia erasoz (Austria eta Alemanirekin bat eginez), eta Mazedonia okupatu zuen berriz. Halere guda hori galdu egingo zuen (eta Bukaresteko Itunean ematen zitzaion Strumicako hiria Jugoslaviara eta Alexandropolis Greziara pasa ziren). Hala ere, joera errebantxista serbofobo eta helenofobo eta nazionalista muturreko horiek mantendu egingo ziren (alde batetik, onartu behar da, Mazedonian Greziak eta Serbiak bertako populazioa bulgariarraren kontra eramandako heleniartze eta serbiartze kanpainek elikatuta, honek bulgariar erradikalei argudioak ematen zizkien); eta hauek Boris III tsarraren pe indar handia hartuko zuten, 1941ean Bulgariak III Reicharekin bat egitea erabakitzeko punturaino. Horrek beste aukera bat eman zion Bulgariari Mazedonian, baina partisano greziar eta jugoslaviarren aldetik erresistentzia gogorra topatu zuten, eta hauen erresistentziak eta Ekialdetik Armada Gorriak aurre egiteak Bulgariak 1944an guda uztea (eta Mazedonia abandonatzea) eragin zuten. Jugoslavia Sozialistaren barruan Mazedonia (Vardarreko zatia, 1913ko itunean Serbiaren pe geratutako zatia) jugoslaviar errepublika propio bezala aldarrikatua izan zen, horrela “mazedoniar” nazio kontzientzia propioa garatzen lagundu zelarik (hizkuntza propioa, kultura propioa eta abar, bulgariarrarengandik bereizia). 1991an, Jugoslavia Sozialista desegin zenean, Mazedoniak bere independentzia aldarrikatu zuen, baina Greziak ez zuen onartu izen hori, ezta ere “mazedoniar herria” deitzerik bertako herria (greziartzat jotzen zuen izen hori) ezta ere bandera (Filipo antzinako mazedoniar-greziar erregearen ikurra zeramana). Bestalde Mazedoniako Estatu berriak egindako zenbait adierazpen maximalista (Filipo eta Alexander antzinako erregeen eta euren ondarearen greziartasuna ukatuz, edota Mazedonia osoa (baita Ipar Greziako Egeo-Mazedonia ere) batzeko asmoa erakutsiz) ez zuten arazoa konpontzen lagundu. 1995ean heldu ziren adostasun partzial batera, Mazedoniak bandera eta izena aldatzearen truka: “Mazedoniako Aintzin Errepublika Jugoslaviarra” deitu behar zen herrialdea. Bulgaria ordea, Mazedoniaren independentzia onartu zuen lehen herrialdeetako bat izan zen, baina ildo maximalista horretan zenbait keinu egin ditu ere bai (adibidez, ofizialki mazedoniera bulgarieraren aldaera dela esan, edota mazedoniar hiritar denei bulgariar pasaportea eskaini, edo historia amankomuna sustatu) zeintzuek bi herrialdeen arteko tirabirak eragiten dituzten (Mazedoniako Estatuaren diskurtsu ofizialean, gaur egun, iragan bulgariar oro ukatu eta estali egiten da). 1913ko Bukaresteko Bakeak itzali gabe utzitako garrek zarata eragiten dute oraindik.

Oxandabaratz

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s