Vidovdaneko gertakizunak: Sarajevoko atentatua

Goian Gavrilo Princip (Iturria: rus-vopros.livejournal.com)1914ko Vidovdan egunean gertatutakoa, agian historiako atentaturik ezagunena dugu. Egun horretan, Gavrilo Princip (Гаврило Принцип) serbiar abertzaleak Franz Ferdinand austrohungariar artxidukea, Austrohungariar tronuaren oinordekoa hil egin baitzuen. Princip Bosnia Gaztea (Mlada Bosna) erakundeko kidea zen (talde hau serbiar guztiak askatu eta Estatu batean biltzeko “Esku Beltza” (Crna Ruka)  edo “Batasuna ala Hil” (Ujedinjenje ili Smrt) deitutako talde aktibistarekin lotuta zegoen. (Esku Beltza ez zen Bosniara mugatutako talde bat, Bosnia Gaztea zen bezala). Bosnia Gaztearen ideologia Serbia Handiaren eta Jugoslaviar bateratasunaren artekoa zen (orduan bi proiektuak ez ziren elkarrengandik hain urruti ikusten, izan ere, Austria-Hungariak okupatutako lurretan, hego-eslaviarren askatasunaren alde zeuden askok Serbia eredutzat zuten, Estatu askea zelakotz). Bata ala bestea izan, egia da serbobosniarrez gain, bosniar-kroaziarrak zein musulmanak bazeudela (talde konspiratzaileko kide bat, Muhamed Mehmedbašić, musulmana zen). Bestalde, Bosnia Gazteko kideak, nolabaiteko iraultza-zaletasun erromantikoak eraginduta zeuden, anarkismoa zein sozialismoa iturri ideologiakoak ziren talde honetako kideentzat. Petar Kočić (Петар Кочић) idazle ezkertiar serbobosniarra zen Bosnia Gaztearen erreferente ideologiko nagusia. Bestalde, gure Ivo Andrić, idazle gaztea zela, Bosnia Gazteko militantea zen, baina ez zen atentatua egin zuen komandoko parte izan.
Egia esan, atentatu honetan kasualitate pila egon ziren. Ez zen Esku Beltzak prestatu zuen lehen atentatua. Esku Beltzaren 1901an sortu zen, eta bere sonazko leehn ekintza 1903an egin zuen, Serbiako estatu kolpea ematen lagundu zuenean. Estatu kolpe horretan Aleksandar I Obrenović (Александар I Обреновић) erregea eta Draga Mašin (Драга Машин) erregina hilik suertatu ziren (beste zeinbait politikarien artean). Estatu kolpe hau obrenovićtarren dinastia austrohungariarrekiko hurbilekoegia eta ustelegia omen zelako eman zuten, ordez karadjordjevićtarren dinastia, askoz ere abertzaleagoa, ezarri zuten Petar I Karadjordjević (Петар I Карађорђевић) erregearen pean. 1908an Montenegroko errege Nikola Petrović-Njegoš (Никола Петровић-Његош) hiltzen saiatu ziren, honek “serbiar Estatuen arteko batasuna” bultzatzen omen ez zuelako. 1910ean Bogdan Zerajić (Богдан Зерајић) nazionalista serbobosniarra Marijan Varešanin jenerala, Bosniako gobernadorea hiltzen saiatu zen, lortu gabe. Principek esan zuen gerora beretzat Zerajić eredu bat izan zela.

Goian Gavrilo Princip (Iturria: rus-vopros.livejournal.com)Principek artxidukea tirokatzen duen uneari buruzko margo bat (Iturria: revistadeletras.net)

Bere aldetik, Gavrilo Princip gazteak aurreko urteetan serbiar indar boluntario batzuetan izena eman nahi izan zuen (1912an eta 1913an Balkanetako Gudak gertatu ziren, lehena turkiarren kontra eta bigarrena bulgariarren kontra). Hala ere, ez zen onartua izan “txikiegia” eta “ahulegia” zelako. Hori dela eta Bosnia Gaztean sartzeko hainbat saiakera egin zituen, azkenean 1914an onartu izan zelarik.

Ez dago ezta oso argi ere, Belgraden zeuden Esku Beltzaren buruzagiek Bosnia Gaztearekin eta zehazki konplota exekutatu zutenekin nolako harremanak izan zituzten. Esku Beltza taldearen sortzailea eta dinamizatzaileak, Dragutin Dimitrijević “Apis” (Драгутин Димитријевић “Апис”) koronelak Franz Ferdinand hiltzeko planen bat buruan zuen, baina badirudi azkenean damutu egin zela horrek Serbia eta Austriaren arteko guda piztu zezakeelako (edo Franz Ferdinand gabe, Oskar Potiorek Bosniako gobernadorea helburu posibleago bezala ikusten zutelako, Esku Beltzak Potiorek hiltzeko planak ere bazituen eta). Esku Beltzaren eta Bosnia Gaztearen arteko lotura Danilo Ilić (Данило Илић) zen, Esku Beltzaren Sarajevoko adarraren burua. Antolakuntzen arteko harreman-sare nahaspilatsu honetan, ez dago zehatz-mehatz jakiterik Ilić eta Dimitrijevićen arteko koordinazio zenbaterainokoa zenik, eta bakoitzak nolako erantzukizuna zuenik atentatuaren prestaketan. Kontua da, Ilićek Bosnia Gazteko hiru militante erreklutatu zituela hauek atentatua egiteko taldea prestatu zezaten eta Serbiatik Bosnia okupatura armak eraman zitzaten. Gazte hauek Gavrilo Princip, Nedeljko Čabrinović (Недељко Чабриновић) eta Trifko Grabež (Трифко Грабеж) izan ziren. Hiru hauek, Belgraden Vojislav Tankosić (Војислав Танкосић) militarrarekin (Esku Beltzekoa kidea berau, 1912 eta 1913 uteko gudetan gerrillari bezala ibilitakoa) entrenamendua jaso ostean, izan ziren armak kontrabandoan Sarajevora pasatu zituztenak eta kide berriak erreklutatu zituztenak (tartean, lehen aipatutako Muhamed Mehmedbašić, zein orduko Bosniako gobernadore Oskar Potiorek mariskala hiltzeko planetan zebilen, baina Ilićek bertan behera uzteko esan zion, jo-puntu berri bat zegoela eta). Armak Sarajevora pasatzeko laguntza Herriaren Defentsa talde nazionalistak (Narodna Odbrana; Народна Одбрана) eman zuen, edo behintzat talde honetako kide batzuek (talde hau Serbiatik kanpoko (hau da, Inperioek okupatutako lurretako) serbiarren interesak defendatzeko, eta azken finean hauen independentzia eta Serbiara bat egiteko sortutako taldea zen; talde propagandista eta aktibista zen, baina ez armatua). Esan bezala, ez dago argi Dimitrijevićen papera zein izan zen, historialariak banatuta daude. Batzuen ustez operazioaren “burmuina” izan zen, beste batzuen arabera, onetsi egin zuen baina antolakuntzaren zehaztasunetan parte hartu gabe, hirugarren batzuen ustez alde batera jarri zen, ez oztopatu ez bultzatuz.

Garai hartan, batez ere atentatuaren osteko austriar ultimatuma zela eta, Esku Beltza, zein Bosnia Gaztea Serbiako gobernuari lotuta edo Serbiako gobernuak babestuta omen zeudela zabaldu zen, eta atentatua Belgradeko Gobernuak prestatu zuela esatera ere iritsi ziren batzuek. Askotan, hiru erakundeak, Bosnia Gaztea, Herriaren Defentsa eta Esku Beltza nahasi egiten dira, denak egitura bakarra izango bailiran; eta hau “Serbiako gobernuaren menpeko erakundea” edota  “Serbiatik zuzendutakoa” izango balitz gisan. Oraindik ere, historiako testuliburu askotan arinkeria handiegiz agertzen da “atentatua Belgraden prestatu zen” edota “serbiar gobernua talde nazionalista honen ekintzen erantzule zen” bezalako esaldiak. Badirudi halako bertsioa hasiera batean Austriatik zabaldu zela I Mundu Gudaren hasieraren errudun gisa Serbia ager zedin. Egia da Esku Beltzaren antolatzaileak Serbiako Estatuko funtzionarioak zirela, baina horrek ez du esan nahi Serbiako Gobernuaren zuzentarauak edota aginduak jarraitzen zituen talde bat zenik. Esku Beltza zerbitzu sekretuetako bazterreko agente batzuek, militar nazionalista batzuek eta Inperioek okupatutako lurretan bizi ziren iraultzaile-ekintzaile erromantiko batzuek sortutako talde konspirazionista zen, zelula klandestinoez osatua, ez gobernuak sortutako agentzia bat. Gainera, orduan Gobernuan zegoen Nikola Pašić (Никола Пашић) lehen ministroa Esku Beltzaren ekintzen kontrakoa zen. Pašić, nazionalista sutsua zena eta gaztetan errebelde erromantikoa ere izan zena, mesfidati zen militar anbiziodun batzuek politikan eragina izatearekiko; gainera demokraziaren defendatzaile irmoa zen, eta autoritarismoaren arazoa ikus zezakeen bertan. Gaur egun, Sarajevoko atentatua serioski ikertu duten historialari gehienek Pašićek eta Serbiako Gobernuak atentatuaren prestakuntzan zerikusirik izan ez zutela ondorioztatzen dute. Hala ere, ez dago argi Pašićen jokabidea zein izan zen: batzuen arabera ez zekien ezer, beste batzuen arabera “zerbait gertatuko” zela entzun zuen, hirugarren batzuen arabera, bazekien zer gertatuko zen, baina Esku Beltzak instituzio ofizialetan izan zezakeen eraginaren beldurrez edo, hirugarren diplomatikoen bitartez ohartarazten saiatu zen. Azken bertsio hau Serbia (edo Serbiar Estatua) erruduntzeko erabili ozan ohi da, bertako Estatu-gizonek elkar babesten zutelaren inpresioa emateko edota Esku Beltza Serbiako Estatuaren barrenean benetan agintzen zuenaren irudia emateko (euren kabuz Esku Beltza gelditzeko ezgai ziren Pašić eta Gobernu ahul batzuen irudia emateko). Egia da, Vienan Serbiaren enbaxadore zen Jovan Jovanovićek (Јован Јовановић) susmoren bat komunikatu ziola Austrohungariar Inperioko Leon Bisinski Kanpo Arazoetarako Ministrariari, baina ez du ematen Pašićen izenean hitz egiten zuenik, ezta ezer konkreturik azaldu zionik, soilik “Franz Ferdinand Bosniako serbiarren artean gorrotatua zela” eta “agian, bi Estatuon arteko harremanak kalte ditzazkeen zerbait gerta daitekeela”. Bisinskik, gainera, oharrok ez zituen serioski hartu.

Atentatuaren beste aldean Franz Ferdinand artxidukea dugu. Baina nor zen Franz Ferdinand eta zergatik aukeratu zuten bera? Franz Ferdinand berez ez zegoen enperadore izateko ondorengotza jarraigoaren lehen lerroan. Beraz, austriar noble bati zegokion karrera normala egin zuen: heziketa elitista eta armada, non jeneral kargua lortuko zuen. Baina 1889an, tronuaren oinordekoa izan behar zuen Rudolf lehengusuak (Franz Joseph I enperadorearen semeak) bere buruaz beste egin zuen. Orduan, tronuaren oinordekotzan lehena Franz Ferdinanden aita Karl Ludwig zen (Franz Josephen anaia), baina honek laster tronuaren oinordekotza eskubideak bere semeari utzi zizkion.

Fraz Ferdinand artxidukea. (Iturria: umt.edu)

Franz Ferdinand eta Franz Josephen arteko harremanak ez ziren oso onak; ezkontzatik hasita. Franz Ferdinand Sophia Chotek izeneko txekiar aristokrata batekin ezkondu zen, baina aristokrata hau ez zen goi-mailakoa (chotektarrak ez ziren errege-familiakoak ez puntako nobleziakoak). Austriar Errege etxeak ez zuen ondo ikusi ezkontza hori eta Franz Josephek ezkontza morganatikoa izan zedila agindu zuen (ezkontza horren seme-alabak oinordekotza jarraigotik at geratuko ziren). Bestalde Sophia Chotekek ezin izango zuen sekula Austriako Gorteko beste emakumeen adinako tratamendurik izan, ez eta bere senarrarekin batera agertu publikoki baldin eta armadaren ekitaldiak izango ez balira (berez Sarajevokoa armada ekitaldi baten barruko bisitaldia izan zen). Ematen du Sarajevorako bisita Franz Ferdinanden profila sendotzeko modu bat izan zela.

Ideologikoki, Franz Ferdinand ez zen ubikatzeko erraza. Askok bere izaera kontserbakorra eta katolikoa aipatu izan dute, Austria-Hungariako Estatuaren egitura kontserbakorrak mantentzearen aldekoa. Beste batzuek, egitura horiek kontserbatzeko, “goitikako erreformen beharra” aipatzen zuenez bere izaera erreformista azpimarratzen dute. Izaera erreformista hau behetikako erreformen bitartez beharrean, goitikako erreformen aldekoa zen, beraz ikusi beharko litzateke herriaren parte-hartze eta bizi kalitateari dagokionez zein mailataraino irits zitezkeen (hein batean, asmo hauek Alemaniako Bismarckenekin konparatzeko tentazioa dago, baina Bismarck XIX mende bukaerako europar politikaririk garrantzitsuena izan zen Franz Ferdinandek inoiz agindu ez zuen bitartean). Adibidez, Inperio austrohungariarrak “Munduko potentzia handi bezala” jokatzea nahi zuen eta ez “Portugal eta Belgika bezalako ipotx tamainako Estatuen tankera”. Inperio habsburgotarrak ez zuen koloniarik, beraz ez zuen Weltpolitik-ik (“mundu mailako politikarik”) egiten, Europara mugatzen zen bere eragina. Franz Ferdinandek hori “zuzendu beharreko akats” gisa ikusten zuen eta politika kolonialista aktiboago baten aldekoa zen, hori zela eta, adibidez Txinan zeuden nazioarteko indarren koalizioan parte hartzea proposatu zuen.

Guri orain interesatzen zaigun arloan, Franz Ferdinandek Austrohungariar Inperioaren administrazio eta autonomi egitura erreformatzeko ikuspuntuak zituen. Franz Ferdinanden ikuspegiaren arabera, Inperio horretan nazio eta nazionalitate anitz zeuden eta denak integratu behar ziren Estatuan, orduan bik (austriar germaniarrek eta hungariarrek) zituzten Estatuaren nazio “titularitza” eskubideak, eta horrek ezinegona sortzen zuen (gehiago hungariarren menpeko aldean austriarren menpekoan baino, hungariarrak administrazio arloa zentralistagoak ziren eta). Franz Ferdinanden proiektuaren arabera (horretarako Aurel Popovici etnia errumaniarreko irakaslearen ikerketak erabili zituen), Inperioa federalizatu egin behar zen, hamahiru bat Estatu federal sortuz. Proiektu honek aldekoka eta kontrakoak zituen, azken hauen artean hungariarrak zeuden, hungariarrek lurrak eta eragina galduko zutelako hau gauzatzen bazen (garaiko kroniken arabera, Armadako hungariar soldaduak poztu egin ziren atentatua gertatu zenean). Bestalde, Balkanei dagokienez, esloveniarrei eta kroaziarrei autonomia askoz ere handiagoa ematearen aldekoa zen Franz Ferdinand: adibidez, Kroaziaren bi zatiak batzearen eta subjektu bakar bat egitearen aldekoa (ordura arte, Dalmazia austriar zatian zegoen, gainontzeko Kroazia hungariar zatian). Baina serbiarrekiko jarrera ez zen hain goxoa izan. Franz Ferdinandek, nahiz eta Austriako beste politikari asko baino irakurriagoa izan, hauen iritzi serbofoboak partekatzen zituen hein batetan eta Serbia eta serbiarrak arrisku bezala ikusteko joera zuen. Adibidez, bere plan federalistetan, Kroaziako zein Bosniako autonomiak kroaziarren edota musulmanengan oinarrituko ziratekeen, serbiarrak modu batetan edo bestean eragin gabe utziz. Serbiar eta jugoslaviar nazionalistek arrisku bat ikusten zuten artxiduke honengan, jugoslaviar herrien batasuna galarazteko ezpala izan ziratekeelako bere planak. Gavrilo Princip berak epaiketan esan zuen Franz Ferdinand jomuga bezala ezartzea, “tirania baten ordezkaria” izateaz gain, “bere asmo politikoak guretzat oso arriskutsuak zirelako” izan zela. Bestalde, atentatuaren ostean Sarajevon bertako serbiarren kontrako istiluak gertatu ziren, askotan bertako musulman edo kroaziarrak parte zirela. Gure Ivo Andrićek bere “Zubi bat Drinaren gainean” edota “Andereñoa” elaberrietan horren berri ematen du.

Beraz, gauzak honela zeudela iritsi zen 1914ko Vidovdan eguna. Goizekoan iritsi ziren Franz Ferdinand eta bere emazte Sophia Chotek Sarajevora. Goizeko hamarretan Sarajevoko kaleetan barna ibiltzen hasi zen komitiba, geltokitik Udalera bidean, non alkatearen harrera jaso behar zuten. Harrera-publikoaren tartean zeuden komandoko kideak ekiteko prest. Ekiten lehena Nedeljko Čabrinović izan zen, komitiba bere ondotik pasatzerakoan bonba bat bota zuen. Baina ez zuen asmatu, bonbak kotxearen kontra errebotatu bait zuen eta metro batzuk atzerago lehertu zen, hiru bizkartzain eta hogei bat ikusle zaurituz.. Kale egin ostean Čabrinović bere burua hiltzen saiatu zen, zianuro kapsula bat irentsiz eta Miljacka ibaira bere burua botaz. Baina ez zuen ez batean ez bestean lortu: zianuroa epez pasatua zegoen eta ez zion eraginik egin eta Miljackan barrena hamabi zentimetro sakoneko ura zegoen. Poliziak atxilotu baino lehen, ikusleek Čabrinović jipoitu egin zuten. Kotxeak Udalerako bidean abiadura handitu egin zuen eta beste komandokideek ez zuten ezer egiteko aukerarik izan. Porrot sentsazioa handitu zen euren artean eta disolbatu egin ziren

Bonba-jaurtiketa zela eta, segurtasun arrazoiengatik, bisitaldiaren programa murriztu egin zuten agintariek: alkatearen eta artxidukearen hitzaldiarekin bat, erietxera zaurituei bisita egitera joango ziren, eta gero itzuli egingo ziren. Bere hitzaldian, Franz Ferdinandek “atentatuak kale eginagatik Sarajevoko herriak agertu zuen poztasunak bera ere poztu” zuela aipatu zuen. Oskar Potiorek Bosniako gobernariak bidez aldatzea erabaki zuen, atentatuak saihesteko, baina ordena katean huts bat egon zela eta, Leopold Lojka gidariari ez zitzaion ordena behar bezala komunikatu, eta aurrera jarraitu zuen lehengo bidetik (Sarajevoko kale nagusitik). Miljacka ibaia zeharkatzen duen dagoen Latindar Zubira heltzerakoan han inguruan zegoen janari denda baten edo taberna baten barrutik ikusi egin zuen. Goizeko hamaikak laurden gutxi ziren (ez da egia Čabrinovićen saiakerak porrot egin ostean Princip parrandan joan, mozkortu eta mozkortuta zegoela tiro egin zuela dioen bertsioa, beste gauza batzuen artean mozkortzeko denborarik ere eman ez ziolako). Bitartean, Lojka bide okerrean zihoanaz konturatu eta maniobrak egiten hasi zen Latindar Zubiaren parean. Princip metro t’erdira hurbildu eta bi tiro egin zituen. Lehenak Franz Ferdinand jo zuen eta bigarrenak Sophia Chotek. Biak erietxerako bidean hil ziren. (Epaiketan Principek esan zuen bere helburua ez zela izan Chotek hiltzea Oskar Potiorek gobernaria baino).

Sarajevoko Latindar Zubia eta Miljacka ibaia (Iturria: histoiresordinaires.fr)

Atentatua gertatu eta berehala, komando honetako kideak gehienak, zein Esku Beltzeko, Herriaren defentsako eta Bosnia Gazteko hainbat aktibista atxilotu egin zituzten (baten batek,  adibidez Muhamed Mehmedbašićek Montenegrora ihes egitea lortu zuen). Epaiketa Urrian izan zen. Principek bere helburuak esan zituen. “Ni, jugoslaviar abertzale bat naiz, eta edozein bide erabiltzeko prest nago hego-eslaviarren askatasuna eta batasuna Estatu batean lortzeko; berdin zait zein Estatu mota den, baina Austriatik aske izan behar du”. Taldekide gehienek esan zuten atentatua euren iniziatibaz prestatu zutela, ez beste edozein gobernuren enkarguz (justifikazio ideologikoak erabili zituzten). Hala ere, epaileak tematuta zeuden serbiar Estatuaren erruduntasunarekin eta epaian Serbiako Erresumaren ardura eta erantzukizuna aipatzen zuten (Serbiaren kontrako guda deklarazioa egina zegoen jada, beraz, guda hori justifikatu beharra zegoen). Azkenean, Urriaren 28an atera zen epaia eta hogei eta bost  akusatutatik bosti heriotz zigorra ezarri zitzaien; bost horietatik biri gero zigorra kommutatu egin zitzaien. Exekutatutako hiruren artean Danilo Ilić egon zen. Bestalde, Princip, Čabrinović eta Grabež gazteegiak zirenez eta legez helduen zigor berbera ezarri ahal ez zitzaienez, 20 urtetako kartzela zigorra jaso zuten. Hirurak austriar ziegetan hilko ziren, ahuldadeak eta tuberkulosiak jota. Epaitua izan zirenen artean, arrakastatsuena Vaso Čubrilović (Васо Чубриловић) izan zen, komandoko kidea zena, hamasei urtetara zigortua. Čubrilović aliatuen garaipenarekin atera zen kartzelatik, eta irakasle karrera egin zuen Belgradeko Unibertsitateko Filosofia fakultatean. Jugoslavia sozialistaren garaian Basoen Ministro ere izan zen. 1990an hil zen Belgraden (gertakari honetan parte hartu zutenetan hiltzen azkena izan zen).

Belgradeko Esku Beltzeko kideak ere ez ziren askoz hobeto atera. 1917ean serbiar gobernua eta armada erbestean, Tesalonikan zeuden bitartean, serbiar agintariek Esku Beltzeko liderren kontrako epaiketa hasi zuten (Esku Beltzeko kideez gain, epaituen artean Muhamed Mehmedbašić zegoen, hau Serbiara pasatu bait zen borrokatzera eta atxilotua izan bait zen). Epaiketa honetan egiazko eta gezurrezko salaketak nahasten ziren (adibidez, Serbiako Gobernuaren kontrako Estatu-kolpea eman nahi zutela). Badirudi epaiketa politikoa izan zela. Atzean, egon zitezkeen motiboak, Austria-Hungariak bere kabuz bakea sinatzeko zurrumurruak zabaltzen ari zirela eta honi keinu bat egitea izan zitekeen; edota Pašić lehen ministroak Esku Beltzaren eraginarekin bukatzea. Tesalonikako epaiketa deituriko horretan, zazpi laguni heriotza zigorra ezarri zieten, baina kommutazioen ostea, hiru bakarrik exekutatu zituzten, tartean Dragutin Dimitrijević “Apis”. Mehmedbašićek hamabost urtetako kartzela zigorra jaso zuen, baina guda irabazi ostean, 1919an, askatu egingo zuten. 1943an, Bigarren Mundu Gudan, kroaziar faxista kolaborazionistek erail zuten. Vojislav Tankosić (Belgraden taldekideak atentaturako entrenatu zituena) ez zen epaitua izan, 1915ean borrokaldi batean hil egin zelako.

Atentatu honen ondoren etorri zena denok ezagutzen dugu. Hala ere, ez zen guztiz egokia izango Lehen Mundu Guda atentatua zela eta hasi zenik. Lehen Mundu Guda hasteko beste hainbat arrazoi zeuden, eta honen hastapena emateko logika (arma lasterketa, inperialismoa, blokeetan lerrokatzea) martxan zegoen atentatua gertatu baino askozaz aurretik. Izan ere, Austria-Hungariak aspaldi zuen Serbiaren kontra egiteko asmoa, batez ere 1903an karadjordjevićtarrak eta Herri Alderdi Erradikala (Pašićen alderdia) boterera igo zirenetik, hauen politika nazionalista zela eta. 1906an adibidez, Austria-Hungariak boikot komertzial bat hasi zuen Serbiaren kontra. Hala hasi zen “Arantzelen Guda”, edo Serbian ezagutzen zen bezala, “Txerrikiaren Guda” (Serbiaren esportazio gehienak txerriki-jana zirelako). Austriaren zigor hauek Serbia beste herrialde batzuekin ekonomi harremanetan hasi zelako izan ziren, austriarrekiko dependentzia mugatuz; baina honek erakusten du zein puntutarainokoa zen ordura arte Serbiaren de facto dependentzia Austrohungariar Inperioarekiko, eta azken honek zer nolako borondatea zuen Serbia menpeko egiteko. 1908an Austria-Hungariak Bosniarekiko zuen “mandatua” (1878ean Turkiarengatik okupatu zuten lurra) efektibo egin zuen eta Bosnia anexionatu zuen, serbiarren protesten artean. Izan ere Austriak Itsaso Mediterraneora eta batez ere Tesalonikako portura bide egin nahi zuen eta Serbia oztopo zen eurentzat, beraz Serbia menperatzeko asmoa aspaldi zegoen (bestalde Bulgariarekiko lotura zehatzak garatezn hasi zen Austria, eta 1913an Serbia eta Bulgaria gudan izan ziren).

Esan beharra dago atentatua ez zela Serbian gertatu (beraz, serbiar polizia ez zen erruduna), ez zutela serbiar herritarrek egin, baizik eta austrohungariar herritarrek, eta are gutxiago Serbiar Gobernuak. Beraz zer dela eta halako ultimatuma Serbiaren kontra? Garai hortako europar Estatu guztien eta guda nazionalista guztien sutsu zen Leninek (zeinek I Mundu Gudan guda inperialista guda iraultzailea bihurtzeko lan politikoa egiten zuen) Serbiaren kontrako eskusartzea “Serbiaren kontrako lapurreta eta espoliazio kanpaina” besterik ez zela esan zuen. Izan ere, Serbiaren kontrako ultimatuma (baldintza nahiko onartezinak) zituena, Austriak ez zuen ez berehala “berotasunean”, “erantzun” bezala bidali, ez eta Urrian, epaiaren ostean (Serbia erruduna izango balitz, berau frogatu ostean. Hilabete bat tardatu zuten, ekintza militar batetarako Alemaniaren babesa ziurtatu ostean (eta hasiera batetatik zeuden Serbiaren kontrako interbentzio zuzena eskatzen zutenak). 1914an, Vidovdaneko atentatua gertatu aurretik jada bazeuden austriar eta alemaniar diplomatikoak Serbiari buruz zuten “kezkari nola aurre egin” eztabaidatzen. Beste alde batetik Serbiak hasieratik erakutsi zuen Belgraden errunik bazegoen hauek ikertzeko eta zigortzeko nahia. Beraz, atentatuarekin zerikusi baino, aspaldi zegoen Serbiaren kontrako iritzi eta dinamika batekin. Serbiaren kontrako erasoarekin, Serbia faktore politiko bezala desegin nahi zen, kasurik okerrenean Serbia osoa konkistatuz, eta kasurik leunenean beste Austrohungariar Inperioaren menpeko jugoslaviarren eredu gisa akabatzea. Bestalde, Alemaniako agintariek Serbiari buruz austrohungariarren ikuspegia partekatzen zuten, eta “babes osoa” eskaini zioten Serbierekiko krisian Austrohungariar Inperioari “honek Europan guda handi bat pizten badu ere” (Alemaniak ez zuen uste Errusia eta Frantzia guda handi batetarako prest zeudenik edota Estatu txiki baten alde hain gogor jokatuko zutenik. Bestalde Errusia (eslaviar ortodoxoa, azken finean) gudan bakarrik sartzen bazen, garaipen erraza ikusten zuten). Uztailaren hasieran ziurtatu zuen Austriak Alemaniaren babes militarra eta Uztailaren bukaeran izan zen ultimatumaren bidalketa. Are, esan beharra dago austrohungariar politikari denak ez zeudela eraso honekin ados, adibidez István Tisza lehen ministroak diplomaziarako bidea erabiltzeko dei egin zuen. Ez zioten jaramonik egin. Erabakia hartua zegoen ultimatuma bidali baino lehen. Bestalde austriar diplomatikoek alemaniarrei esan zieten bezala “ultimatum hau praktikoki onartezina izan dadin egiteko idatziko dugu”. Serbiak ez zuen ezta hitz egiteko aukerarik izan ere, jada erruduntzat joa zen.

Ultimatuma uztailaren 23an izan zen bidalia, erantzuteko uztailaren 25 arte emanez. Hamar puntu zituen, horietako batzuk Serbiaren independentzia eta duintasuna kaltetzen zutenak: Austriar Poliziari krimena ikertzeko Serbian barrena ibiltzeko baimena, hezkuntzaren eta barne politikaren inguruko gaiak, austrohungariar Gobernuak markatutako funtzionarioen kaleratzea edo atxiloketa eta abar. Ultimatum honi buruz, Winston Churchill, orduan britainiar diplomatikoa zenak, zera esan zuen: “Ultimatum hau mota honetako inoiz idatziko dokumenturik lotsabakoena da”. Wilhelm Alemaniako erregeak zera esan zuen: “Hori (Serbia Estatu independente gisa desagertzea) oso ona izango litzateke. Serbia ez da europar erako nazio bat, lapur koadrila bat baino”. Beste potentziek Austriaren gainean egin zuten presioak (ultimatuma erretiratzeko edo epe luzeagoa emateko) ez zuten emaitzarik izan. Beste alde batetik, Frantziak eta Errusiak, Serbiaren aliatuak biak, Serbiari ultimatuma edota punturik gehienak onartzeko galdegin zioten, Austria gudara joango ez zelakoan edota geroago baldintzak ber-negoziatu ahal zitezkelakoan (egia esan, bi Estatuek ez zuten uste Alemaniaren kontrako guda egin zezaketenik).

Bi potentzien babes efektibo falta ikusita Serbiak baldintza guztiak onartzea erabaki zuen, seigarrena izan ezik (baldintza horrek Austriar polizia Serbian sartzea galdatzen zuen). Pašić lehen ministroa, bera nor zelarik joan zen erantzuna austriar enbaxadoreari eskuan ematera. Austriar enbaxadorea maletak egiten topatu zuen, ez zuen uste erantzunik egongo zenik. Serbian uztailaren 24an armada mobilizatzeko agindua eman zuen, guda hasten bazen. Uztailan 28an Austriak guda deklaratu zion Serbiari. Eta I Mundu Guda hasi zen.

Gavrilo Principen monumentu zaharra (goian) eta berria (behean). (Iturria: Wikipedia)

Principen oinordekotza historikoa gorabeheratsua izan zen (bere ideologia serbiartasunaren eta jugoslaviartasunaren artean zegoenez, errelato ezberdinek goratu zein kondenatu dute bere memoria). Gudan zehar, Gavrilo Principen familiaren etxea suntsitua izan zen. 1918an Serbiak guda irabazi zuenean eta Jugoslavia sortua zenean, Princip serbiar zein jugoslaviar abertzaletasunaren heroi bezala ikusia izan zen, bere etxea berreraikia izan zen, eta museo bihurtu zuten. 1941ean Alemaniak berriz Jugoslavia inbaditzerakoan, Sarajevo Kroaziako Estatu kolaborazionistan sartua izan zen. Hala, kroaziar faxistek (ustašek) Principen etxea berriz suntsitu zuten, hauek serbiartasun ororen aurkakoak bait ziren. Jugoslavia sozialistaren garaian, Princip Jugoslaviaren heroi bezala ikusia izango zen, jugoslaviarren askatasunaren, anaitasunaren eta batasunaren ikus gisa; eta ez soilik nazionalista gisa, baizik eta “aurrerakoi” gisa ere bai, eta bere ekintza inperialismoaren kontrako ekintza legitimo gisa. Principen etxea berreraikia izan zen turismorako bisitetarako, eta berari dedikatutako beste museo bat eraiki zen hirian. Tiro egin zuen tokian monumentu bat eraiki zuren serbieraz, alfabeto zirilikoz, bere ekintza goratzen zuen testu batekin eta bere urratsen irudiarekin. Jugoslaviako gudan zehar, Sarajevo kontrolatzen zuten tropa bosnakiar musulmanek monumentu hau eta Principen etxea (hirugarren aldiz) suntsitu zuten. Princip jada ez zen jugoslaviar guztien batasunaren era anaitasunaren ikur bat, serbiarren ikur bat baino. Gaur egungo Bosnia independentean ez da Principen etxea berreraiki. Monumentua zegoen tokian beste plaka bat ezarri dute, non lehengo gorazarreko testua askoz ere testu aseptikoago batez ordeztua izan den. Hizkuntza bitan dago testua orain, ingelesez eta serbokroazieraz, latindar alfabetoa erabiliz oraingoan. Gavrilo Principen Museoa, Habsburgo dinastiaren urteen menpeko historiaren museoa bezala berrireki dute.

Oxandabaratz

Advertisements

2 thoughts on “Vidovdaneko gertakizunak: Sarajevoko atentatua

  1. Pingback: Drina Zubia Kultur Elkartea

  2. Pingback: Serbofobiak darrai, orain Diario Vascon | Drina Zubia Kultur Elkartea

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s