Vidovdaneko gertakizunak: Kosovoko borroka

Kosovoko borroka eman zen Kosovo Pojle-n eraikitako Gazimestan (Heroien Tokia) monumentua, Aleksander Deroko artistak 1953an eraikia. Berau apaintzen Lazar printzearen irudia eta Serbiako bandera ditugu (Iturria: arielzellman.wordpress.com).

Vidovdan egunari buruz argitaratu genuen lehengo postean jada esan genuen Vidovdan eguna serbiar herriarentzat, historikoki klabeak izan diren gertakizuneai lotuta dagoela. Gertakizun hauen serie bat argitaratuko dugu. Gaur, Kosovoko Borroka azalduko dugu.

Dudarik gabe, Vidovdaneko gertakizunik handiena Kosovoko borroka da. Egun honetan, serbiar eta turkiar armada Kosovo Polje deitutako tokian (Косово Поље, Kosovoko zelaia) batu egin ziren. Serbiar tradizio epikoaren arabera, turkiarrek serbiarrak garaitu zituzten eta honela serbiarrek euren independentzia galdu zuten. Beraz, hondamendi nazionalaren eguna da hau. Borroka honetan, bai Lazar Hrebeljanović (Лазар Хребељановић) serbiar tsarra zein Murat I sultana hil ziren, azken hau Miloš Obilić (Милош Обилић) serbiar gudariak hil zuen.

Mitoak mito dira, eta mito nazional orotan gertatu bezala, gauza asko ez dira egia edota handizkatuta daude. Egia da serbiar armadarentzat hondamendi handia izan zela, bere noblezia osoa hil egin baitzen (baita ere Lazarren bederatzi koinatuak, Jugović anaiak). Egia da baita ere serbiar armadak, 20.000 bat mila gizon zituenak, bi aldiz handiagoa zen etsai baten kontra borrokatu behar zuela. Hala ere, beste gauza batzuk handizkatuta daude, adibidez ez dago argi Lazar tsarra benetan tsarra zenik, abesti folklorikoetan horrela azaltzen bada ere, edota serbiar jauntxo edo buruzagi guztiek erabateko lidertzat  zutenik. Gaurko historialarien arabera, printze bat baino ez zen; hori bai, serbiar subiranoetan boteretsuena, baina gehiago zen “parekoen artean lehena”, “denen artean gainetik zegoena” baino. Lazar tsar egitearen atzean agian serbiar Estatu bateratua irudikatzeko nahia dago: XIV mende erdian egon zen Stefan Uroš Nemanjić tsarraren Serbiar Inperioa, baina 1389rako ez zen existitzen. Beraz ezin dezakegu esan garai honetan serbiarrak Estatu bakar bat zutenik edota Estatu bateratu gisa joan zirenik borroka honetara, serbiar Estatu asko existitzen ziren; adibidez, Lazar buru zuen erresuma Serbia Moraviarra izenez ezagutzen da, Morava ibaia zelako lurraldearen bizkarrezur. Borroka horretan, Lazarrekin batera, Vuk Branković (Вук Бранковић) eta Vlatko Vuković (Влатко Вуковић) jaunak zeuden, bakoitzak bere tropekiko zuzendaritza zuelarik, eta Bosniako Trvtko I Kotromanić erregeak ere tropak bidali zituen.
Kosovoko borrokari buruzko margo bat. (Iturria: prokupac.rs)

Serbiarrak ez ziren beste tropa batzuk ere bazeuden, hungariarrak eta kroaziarrak esaterako, eta albaniarrik ote bazegoen zalantzan dago. Hori dela eta, serbiar ikuspuntuaren kontrako irakurketen arabera, ezin da “serbiar armadaz” hitz egin, baizik eta “koalizio kristau nazioanitz” batez. Horrek egi punturen bat badu ere, ez da ahaztu behar armada honen tropen gehiengoa serbiarra zela eta buruzagiak serbiarrak zirela, serbiar Estatuen defentsan borrokatuz (ia guda batetan ere ez, ez da existitzen 100% nazionala den armadarik, are gutxiago Erdia Aroan nazio kontzeptua oraindik nahiko iluna eta finkatu gabea zenean). Beraz “serbiar alderdiaz” edo “serbiar armadaz” hitzegitea legitimoa da.

Kosovoko borrokaldia, turkiarrek Serbian sartzeko eginiko saiakera hutsal batzuen osteko beste saiakera baten ondorioa zen. Zuzenean saiatu ordez, Muratek, askoz ere tropa kopuru handia zuela ohartarazita, hegoaldetik erasotzea erabaki zuten. Hori dela eta Priština inguruan ezarri ziren Muraten tropak ekainaren 14 arte (egutegi zaharraren arabera, hau da batailaren bezpera). Kontutan izan behar dugu orduan Kosovo zela serbiar lurren erdigunea, hor zeudela serbiarren monastegi eta gotorleku gehienak, eta baita ere Serbiako Eliza Ortodoxoaren egoitza nagusia, Pec hirian. Bestalde, Lazarren tropak Niš hirian ezarriko ziren, Morava ibaiaren bestaldean. Ekainaren 15ean hasiko zen borrokaldia; ez dago argi nola hasi zen, baina badirudi turkiar arkulariek geziak jaurti zituztela serbiar zalditeriaren kontra (borroka honetako gertakizun asko ilunpean daude eta zaila omen da denak berreraikitzen).

Hasieran, serbiarren zalditeriak turkiar ezkerreko flankoa txikitu zuen. Baina Muraten seme Bajezid ez zen kokildu eta aurrera jo zuen, serbiar tropak, askoz ere gutxiago zirenak, suntsituz. Orduan Lazar tsarra atxilotua eta hila izan zen, baina ez dago oso argi zein zirkunstantzietan hil zen. Kondairek esaten dutenaren arabera, hortaz enteratuta, Miloš Obilić gudaria Murat sultanaren kanpalekura joan zen, traizio itxurak eginez. Muraten aurrera eraman zutenean, labana atera eta hil egin zuen turkiar sultana (honen zaintzakoek era berean Obilić hil zutelarik). Beraz Obilić eta Lazar tsarra ditugu epopeia honen heroiak. Hala ere, Obilićen ekintza heroikoak ez zuen emaitza praktikorik izan, Murat bere seme Bajezidek ordeztu bait zuen, honek turkiarren konkistak handitu zituen.

Obilićen pasadizu honek egiatik asko du, baina baita ere mitotik. Badirudi gertatutakoa egin izan zela, baina zalantzan jartzen da nork egin zuen edota Miloš Obilićik izan bazen ere. Izan ere, Trvtko I Bosniako erregeak, Firenzeko kantzilerrari urrian idatzi zion gutun batetan aipatu zion Murat sultana borrokan hila izan zela serbiar gudari batek ezpataz jo ostean (ez zuen esan hiltzailearen izenik). Lazarren emazte Milica Nemanjić printzesak (Милица Немањић) idatzitako poema epikoetan ere ez da agertzen Milošen aipamenik. Garaiko turkiar iturriak ere bat datoz “kristau batek”, “bizkorki jokatuz” Murat sultana hil zuela esaterakoan, eta greziar iturriek ere bat egiten dute; baina hauek ere ez dute izenik aipatzen. Lehen aldiz 1497an serbiar historialari eta borrokalari Konstantin Mihajlovićek aipatzen du hiltzailea “Miloš Kobica” izena jarriz. Milošen herri-tradizio lirikoa, esloveniar monje katoliko batek, Benedikt Kuripešić izenekoak eman zuen argitara 1530an, Balkanetan zehar egin zituen bidaiak liburu batean azaldu zituenean. Kuripešić Kosovon ere egon zen, eta hango serbiarren arteko usadioetan eta herri-kulturan heroiarengatiko zegoen miresmena azaldu zuen (“Miloš Kobilović” gisa aipatzen zuen). Milošen abizenaren hainbat bertsio zabaldu ziren mendeetan, “Obilijević”, “Kobiljančić” eta hasieran ezagunena, “Kobilić”. Badirudi, “Obilić” bertsioa erabiltzen lehena, Pavle Julinac izan zen, 1756ean. Baina mito nazional erromantiko gisa zabaldu zuena, Petar II Petrović-Njegoš (Петар Петровић-Његош) izan zen, Montenegroko erregea. Petar II erregea izateaz gain Serbiar Eliza Ortodoxoaren Cetinje hirikoko gotzaina ere bazen, eta garaiko idazle garrantzitsu bat: filosofoa eta poeta. Bere 1847ko poema ezagunean, “Mendiaren koroa” (Gorski vijenac, Горски Вијенац) Miloš Obilić aipatzen du eta serbiarren arteko mito nazional izatera ere goratzen du. Herri abesti zein poema ezberdinetan, Miloš forma ezberdinetan agertzen da; batzuetan bizkor bezala, beste batzuetan erraldoi gisa, herensuge gisa agertarazi duenik ere badago.

Eta traidorerik gabeko epopeiarik egon ezin daitekeenez, istorio honek badu ere bai bere “gaiztoa”. Kasu honetan Vuk Branković (Вук Бранковић) serbiar noblea da, garai hartako Serbiako pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat (Hego Serbian zuen bere jaurgoa). Vuk Brankovićen izena borrokaldi honi buruzko herri kanta guztietan madarikatua agertzen da. Ustezko traizio horren oinarria, borrokalditik ihes egin omen zuela da, hain juxtu serbiarrak irabazten zeudenean Lazar tsarra bakarrik utziz. Vukek turkiarrekin bere jaurgoa errespetatuko zutenaren truke borrokaldia utziko zuela itundu omen zuen, hala serbiar noblerik garrantzitsuena bihurtzeko; eta egia da borrokaldi honen ostean Vuk Branković atera zela serbiar jaunik indartsuena bezala. Hala ere, historialarien arabera, ez zen hainbesterainoko traiziorik egon. Izan ere, Vukek behin Lazar atxilotua izan zenean eta serbiarrak galtzen zeudenean erabaki zuen bere gizonen bizitza salbatzea, odol gehiago isuri ordez. Kontutan izan behar dugu, nahiz eta Lazar Hrebeljanović serbiar buruzagirik boteretsuena izan, ez zegoela guztiz argi beste buruzagiek zenbaterainoko basailotza zor ziotenik. Eta egia da baita ere, batailaren ostean, turkiarrek serbiar jaunak menpeko egin nahi zituztenean (burujabetza maila bat onartzearen truke); Vuk Branković izan zela ezezkoa eman zuen bakarra, turkiarren ondoan beste borrokaldi batzuetan parte hartzeari uko eginez, beste batzuek, Marko Kraljević (Марко Краљевић) edo Stefan Lazarević (Стефан Лазаревић) Lazarren semeak baiezkoa eman zuten bitartean (Vuk Branković azkenean turkiarrek erasotu eta kartzelan sartu zuten, turkiar galeretan hil zelarik).

Goitik behera: Lazar printzea (Iturria: biznis-portal.rs), Miloš Obilić (Iturria: heroesofserbia.com) eta Murat sultana (Iturria: brevesdehistoria.blogspot.com).

Vuken eta Milošen arteko antagonismoa, antza denez, aurretik zetorren, bi gizonek euren arteko ezinikusi handia omen zuten, Lazarren begikoa izateko. Antagonismoa hau askotan kutsu erlijiosoz janzten da. Izan ere, kondairak dioenez, borrokaren bezperako afarian, Lazarrek esan omen zuen bere gizonetako batek borrokan zehar traizioa egingo ziola (Jesukristoren azken afariarekin dauden paralelismoak begi-bistakoak dira), eta Miloš aipatu zuen “lehenik fidela eta gero infidela”. Milošek ordea, berak halakorik sekula eginen ez zuela erantzun zuen, eta froga bezala biharamunean turkiar sultana hilko zuela borrokaldian. Aldi berean “traidorea zure ondoan eserita duzu, Vuk Branković da!” hots egin zion, baina Lazarrek ez zion sinetsi. Halako pasadizoa erlijio-tradizioarekin lotuta dago; Lazarrek Vukengan sinestearren (“ontasunean sinestearren”) guda galdu zuela esanaz. Erlijioarekin lotuta beste hainbat kondaira daude; batek adibidez, borrokaren bezperako gauean, zeruko uso mezulari batek (Elias Deuna zen, kondairaren arabera) Lazar bisitatu zuela eta “erresuma zerutarra edo lurtarra” aukeratzen eman ziola: “Lurtarra aukeratzen baduzu, eraso itzazu orain turkiarrak, garaituko bait duzu. Zerutiarra aukeratzen baduzu, egin ezazu otoitz eta eraiki ezazu eliza bat Kosovon, borrokaldian zu eta zuren gudari guztiak hilko bait dira”. Lazarrek erresuma zerutiarra aukeratu omen zuen, eta borrokaldia galdu zuen. Honekin nobleziaren bertutea azaldu nahi du kondairak, traizioz gauez erasotzea baino nahiago izan zutela gizalegez jokatu eta hurrengo egunean aurrez-aurre topo egin, gauean beharrizan erlijiosoak bete zituztelarik.

Miloš Obilić Murat hiltzen. (Iturria: my.opera.com)

Azkenik, historialarik borrokaldiaren emaitza bera ere zalantzan jartzen dute. Izan ere, bi armadak izan ziren suntsituak, nahiz eta egia izan luzarora horrek serbiar aldeari kalte gehiago egin (turkiarrek gizon gehiago baitzituzten erreserban). Halere ezin da porrot borobil batez mintzatu (borrokaldiaren lehenengo kronikek ere ez dute alde baten garaipenaz hitzegiten, borroka odoltsuaz baizik, eta “serbiar ozta-oztako garaipenaz” hitz egin zuenik ere bazegoen), baina egia da galtzailerik egotekotan, horiek serbiarrak izango ziratekeela; gudariak galdu ezean, euren buruzagirik karismatikoena eta abilena ere galdu bait zuten. Beraz, serbiar historian, mugarritzat hartzen den data dugu 1389ko ekainaren 28koa, izan ere, Serbiak XIV mendean izan zuen handitasuna berreskuratzeko bidea moztuta geratu bait zen. Serbia Moraviarraren Estatua (Lazarren erresuma) desagertu egin zen, eta ordez, Turkiar Inperioaren orbitako (burujabe baina loturekin) Serbiako Despoterria sortu zen, Lazarren familiako Lazarević familiaren pean. Porrot handiaren kultua eta Lazarren kultua biak batera sortu ziren, eta Kosovoko borrokaldia amaitu eta berehala sortu zen. Ematen du Lazarren emazte Milicak eta bere ondorengoek hasi zutela mito hori, Lazarren garrantzia azpimarratzeko eta beraz, Stefan Lazarević semearen zilegiztasuna sendotzeko. Milica, Estatu-anderea izanez gain, idazlea ere bazen, eta borrokaldi honi zein Lazarri buruz poemak idatzi zituen: “Ama baten otoitza” eta “Nire Alarguntzaren Ezkontidea”. Bestalde Elizak ere parte hartu izan zuen Lazarren kultuan, 1390 edo 1391ean Lazarren gorpua Ravanicako monastegira eraman zuten, non serbiar agintari zibil zein erlijioso garrantzitsuenek hartu zuten parte; Lazar saindu eginez (Milica bera, Serbiako Despoterriko agintari behin-behineko izan ondoren, abadesa sartuko zen konbentu batean). Bestalde, orduko Serbiar Eliza Ortodoxoko patriarka Danilo IIIk “Lazar Printziari buruzko narrazioak” idatzi zituen. Hala ere, idatzirik famatuena Jefremija mojarena izango zen, “Lazar Printzearen Enkomienda”.

Serbiako Despoterria oso estatu ahula izan zen eta Lazarević  agintari ezberdinek turkiarren eta hungariarren arteko oreka diplomatikoan zinbili-zanbala ibili beharra izan zuten Estatuari jarraikortasun bat emateko. Bai Milica, zein Stefan zein honen ondorengo Djuradj batzuen zein besteen artean aritu ziren (Lazar eta Milicaren alaba bat, Stefanen ahizpa, Olivera Lazarević (Оливера Лазаревић), Bajezid sultanarekin ezkonduko zen). Azkenik turkiarrek XV mende erdialdera Serbiako Despoterria erasotzea erabaki zuten. 1450rako Serbia ia osoa turkiarren esku zegoen, eta 1456an Belgrad eta bertako gotorleku Kalemegdan eraso zuten. Lehen eraso hori, János Hunaydi errege hungariarraren laguntzaz gelditzerik egon zen (1456 urteko garaipenaren omenez Aita Santuak hamabietan kanpaiak jotzeko dekretua eman zuen), baina hiru urte gerago etorri zen bigarren erasoa ez zen gelditzerik egon eta turkiarrek Belgrad hartu zuten. Honela, serbiar lur guztiak geratu ziren turkiarren menpe.

Mitoak mito, kondairak kondaira eta gertakizunak gertakizun; zalantzarik gabe gelditzen da serbiar herriarentzako tragedia bat izan zela heroismoa eta heriotza bilbatzen dituen egun honetan gertatutakoa.

Oxandabaratz

Advertisements

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s