Срећан Видовдан!! Vidovdan zoriontsua!!

Gaur, Ekainaren 28an, Serbiar Egun Nazionala da, Vidovdan (Видовдан), hau da, Vito Deunaren eguna. Egun hau serbiar gizarte osoak eta baita Serbiar Eliza Ortodoxoak (Српска православна црква; Sprska Pravoslavna Crkva) euren egun nagusitzat hartzen dute (nahiz eta paradoxikoki, ez Serbian ez Republika Srpskan -Bosniako Errepublika Serbiarra- jaiegun ez den). Vidovdan egunean gertatu zen (serbiar abertzaletasunaren ustez) Serbiaren historiako egunik garrantzitsuena, Kosovoko borrokaldia hain zuzen ere (1389ko ekainaren 28an), non Turkiar Inperioak serbiarrak garaitu zituen eta Serbiaren hondamendia hasi zen turkiarren menpean. Borrokaldi horrek serbiarrak euren aberria defendatzera joan ziren Murat I sultan otomandarrak zuzendutako armada askoz ere handiagoaren kontra, Lazar Hrebeljanović (Лазар Хребељановић) Tsarrak zuzendurik eta galdu egin zuten; beraz aberriaren aldeko herriaren martirioa islatzen du borroka honek. Konparazioa egiteko, euskaldunontzat Amaiurreko borrokaldia edota Gernikako bonbardaketaren bezalakoa da; nahiz eta serbiarren artean askoz ere predikamendu handiagoa izan (praktikoki, serbiarren Aberri Eguna da). Serbiar Elizak, bere aldetik, sakrifizioaren kontzeptu kristauarekin lotzen du, martirioarekin: Serbiar Eliza Ortodoxoak bere herriari askotan edo “herri martiri” deitzen dio (hemen nabarmendu behar da, antzinako egutegi ortodoxoaren arabera, Vidovdan eguna ekainaren 15 izango zela, eguntegi hori 13 egun atzerago bait zihoan. Eliza Katolikoaren santu-egutegian, Vitus Deunaren eguna ekainaren 15 da).

Uroš Predić margolariak Kosovoko borrokaldiari buruz pintatutako margo-lan ezaguna, “Kosovoko anderea” (Kosovka devojka, Косовка девојка). Hilzorian dagoen gudaria Pavle Orlović da. Orlovićek emakumeari kosovoko borrokaldian gertatutako emaitza, serbiarren porrota kontatzen dio eta baita bere senargai Milan Toplica gudariaren heriotza. Iturria: 1389blog.com.

Vidovdan eguna Bulgarian ere ospatzen da, Bulgariar Eliza Ortodoxoak ere gurtza-egun bezala bait du, nahiz eta bertan hain garrantzitsua ez den (bulgarieraz Видов Ден edo Vidov Den deitzen da eguna); ez dago herri kontzientziari hain loturik Bulgaria Mendebaldeko  Xopi (Шопи) azpi-etniaren artean izan ezik.

Baina zergatik da hain garrantzitsua Vidovdan eguna serbiarrentzat? Egia esan, Vidovdaneko kultua Kosovoko borrokaldia baino askoz ere zaharragoa da. Kultu hori, kultu kristauak  paganismotik hartutako kontzeptu bat da (ia kultu kristau oro bezala), hain zuzen ere, Vid edota Svetovid jainkotasun paganoarengandik. Vid jainkotasun paganoa, badirudi bizitzaren zikloarekin lotuta dagoela, Vesna Marjanović Belgradoko Etnografia Museoan lan egiten duen serbiar antropologoak dioskunez. Egun horretan, antzinako sinesmenen arabera, bizitzaren zikloa hasten da. Beraz, modu horretan, Viden kultua oparotasunarekin lotuta ere egonen da. Kristautasunak, kultu hori Vito (Vitus) santuan bihurtu du (santu honen gurtza ekialdeko Zatiketa Handia gertatu aurretik hasi zen, beraz bai ortodoxoek zein katolikoek euren santutzat dute). Oraindik baserritar munduan halako tradizioak mantentzen dira puntu batetaraino (hirietan soilik nazioarekin konektatuta dagoen jai bat da jadanik). Gure Ivo Andrićek bere “Zubi bat drina ibaiaren gainean” liburuan narratzen duen arabera “Vidovdan egunean, serbiarrak jaigiroan elkartu eta kolo dantzatzen dute” (kolo serbiar dantza tradizionala da, talde batek zirkuluan dantzatzen duena).

Vidovdan egunean, vidovčiča izeneko belarra da protagonistetako bat, belar mota hau egun honetako gurtza egiteko erabiltzen bait da (propietate magikoak zituela zioen tradizioak, batez ere begiak sendatzeko, Radost Ivanova antropologo bulgariarrak dioenez). Zenbait tokitan, vidovčiča  tradizioa maitasunarekin lotuta dago, begiak bikotea topatzeko sendatu behar omen direla eta (Iturria: Serbiar hiztegi mitologikoa, 1970). Toki batzuetan, adibidez Montenegron eta Herzegovinan suak pizten dira lastoarekin (hemen Joan Deunaren egunean egiten den bezalaxe). Beste tradizio batzuk udako solstizioarekin lotzen dute eguna (hemen ere, Joan Deunaren egunarekin lotzen da), Vidovdan egunean goizean goiz jaikitzen denak eta eguzkia ezkutatzen ikusten duena zoriontsu izanen dela diote esapideek. Radost Ivanovaren arabera, baserriko pentsaera mitologikoan askotan gertatzen den bezala, Vidovdaneko usadio asko ez dira soilik egun honetara mugatzen, eguzkiarekin lotuta dauden beste egun batzuetan, adibidez, neguko solstizioaren inguruko egunetan ere errepikatu daitezke.

XIX mendean, serbiar herri berpizkundea eman zenean (Europako herri zanpatuen loraldia izan zen, sentimendu abertzaleak piztu zirenekoa), tradizio abertzale erromantikoaren arabera, Kosovoko Borrokaldiaren gurtzak garrantzia hartu zuen. Izan ere, serbiar abesti epikoetan, batez ere gusla sokazko instrumentu tradizionalarekin jotzen ziren abestietan, beti azaldu izan dira serbiar heroi zaharrak, Lazar eta Kosovoko borroka, galdutako askatasunaren ikur gisa. Kosovoko borrokaren mitoak Vidovdaneko mitoarekin bat egiten dute, adibidez Vidovdan egunean errekak gorritu egiten direla esaten zen, borroka hartan hildako serbiar borrokalarien isuritako odola omendenez gero. Baina XIX mendean izango da oroitzapenak oroitzapen soil izateari utziko ziotenean eta herria dinamizatzeko mito bihurtu zirenekoa. Hala, Vidovdan, masazko jaia bihurtuko da, masazko jai abertzalea. XIX mendean hasi ziren Serbiar Matxinada Handiak: lehena 1804an piztuko zen eta 1813n bukatuko zen porrotarekin (burua Karadjordje edo zirilikoz Карађорђе zen, hau da “Gorka-Djordje Beltza”, zeinek Karadjordjević dinastiari hasiera emango zion). Bigarrena, 1815ean hasiko zen eta 1817an garaipenarekin bukatuko zen, orduan turkiarrek Serbiar Printzerria aintzatetsi behar izan zuten Turkiar Inperio barruko subjektu autonomo bezala, burujabetasun handiarekin. Matxinadako buru Miloš Obrenović (Милош Обреновић) ezarriko zen printze gisa; eta hor hasiko zen, independentzia lortzeko borroka diplomatikoa, autonomia gero eta handiago eginez, helburua 1878an lortu zelarik, Serbiako Erresuma aldarrikatu izan zenean Milan IV Obrenović erregearen pean. Errege hau izan zen 1889an, Kosovoko Borrokaren 500 urteurrenean, Vidovdan serbiar egun nazional gisa ezarri izan zuena. Hala iraungo zuen ahalik eta Jugoslavia sozialistaren etorreran jaiegun ofizial bezala ezabatua izanen zen arte; Jugoslavia sozialistak tradizio berri bat zurkaiztea zuen helburu, eta langileen borrokarekin edota partisandarren gudarekin lotuago zeuden jaiak ezarri ziren jaiegun gisa. Gaur egin ere, ez da jaiegun ofizial bezala berreskuratu (ofizialki, laneguna da).

Serbiar sinesmen-tradizioaren arabera, Vidovdan egunean beti gauza arraroak gertatu izan ohi dira. Egia baden edo ez, guk ez dakigu; baina bada egia egun honetan, askotan, serbiar herria bidegurutzean jarri duten gertakari asko gertatu izan direla. Hona hemen horietako batzuk

Hona hemen Lazar Hrebeljanović tsarrak Kosovoko borrokaldira deitzeko erabili zituen hitzak:

Serbieraz alfabeto zirilikoz: Ко је Србин и српскога рода / и од српске крви и колена / а не дош’о на бој на Косово /не имао од срца порода /ни мушкога ни девојачкога! / Од руке му ништа не родило / рујно вино ни пшеница бела! / Рђом капо док му је колена!

Serbieraz alfabeto latindarrez: Ko je Srbin i srpskoga roda / i od srpske krvi i kolena / a ne doš’o na boj na Kosovo / ne imao od srca poroda / ni muškoga ni devojačkoga! / Od ruke mu ništa ne rodilo / rujno vino ni pšenica bela! / Rđom kapo dok mu je kolena!

Euskarazko itzulpena:
Serbiarra izatez, serbiarra jaiotzez,
serbiar odol eta leinukoa izanik,
eta Kosovora borrokara ez datorrenak,
ez dezala sekula bihotzez ekarri kumerik izanen,
ez semerik ez alabarik!
Bere eskuek ukitzen denetik ez dadila ezer ere jario,
Ez ardo beltzik ez irin zuririk!
Eta hiltzean ere lotsaz josi dezala bere leinua!

(Oharra: jatorrizkoan, “gari zuria” esaten da “irin zuria” baino. Hemen “gari” kontzeptua, zentzu metaforikoan zuriarekin ez denez lotzen, “irin zuria” nahiago izan dut erabili).

Hona hemen Vidovdan abestia, Gordana Lazarević abeslariak abestua, eta honen hitzak. Gozatu!!

Serbieraz alfabeto zirilikoz: У небо гледам пролазе Векови /сецања давних једини лекови. / Куд год да кренем Теби се врацам поново /Ко даје свој Отме из моје дусе Косово / Видовдан / К’о вечни пламен или нашим срцима / Косовског боја остаје истина. / Куд год да кренем Теби се врацам поново /Ко даје свој Отме из моје дусе Косово / Видовдан / Опрости Боже све наше грехове / Јунаштвом даруј кћери и синове. / Куд год да кренем Теби се врацам поново /Ко даје свој Отме из моје дусе Косово.

Serbieraz alfabeto latindarrez: U nebo gledam prolaze vekovi / Sećanja davnih jedini lekovi. /Kud god da krenem Tebi se vraćam ponovo / Ko da mi otme iz moje duše Kosovo / Vidovdan / K’o večni plamen u našim srcima / Kosovskog boja Ostaje istina. / Kud god da krenem Tebi se vraćam ponovo. / Ko da mi otme iz moje duše Kosovo / Vidovdan / Oprosti Bože sve naše grehove / Junaštvom daruj kćeri i sinove. / Kud god da krenem Tebi se vraćam ponovo. / Ko da mi otme iz moje duše Kosovo

Euskarara itzulpena:
Zerura so, mendeak igarotzen ikusten
Oroitzapen txarrak honela dira leuntzen
Edonora ere, beti atzera itzultzen nago
Inork ezin dit barrenetik kendu Kosovo
Vidovdan
Gure bihotzetan betiereko sugarra bailitzan
Kosovoko borrokakirauten du benetan
Edonora ere, beti atzera itzultzen nago
Inork ezin dit barrenetik kendu Kosovo
Vidovdan
Jauna, gaizki egina barkatu ezazu
Gure seme-alabeak ausardiz jantzi itzazu
Edonora ere, beti atzera itzultzen nago
Inork ezin dit barrenetik kendu Kosovo

(Oharra : serbieraz, jatorrikoan, «barrenetik kendu» baino «arimatik atera» dio literalki. Nik nahiago izan dut euskaraz beste adiera hori erabili).

Oxandabaratz

(Eskerrak eman nahi dizkiogu Milica Panić andereari post honetan laguntzearren)

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s